Kobre lapurretak ekiditeko sistema jartzen dabil Barrika

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 16a, 12:19
Kobre kable bat, moztuta. TOMAS J. SEPULVEDA

Barrikako Udala sistema berri bat instalatzen dabil herri-argiteriako kobrea lapurtzea galarazteko. Dispositiboa, sare elektrikoaren aginte-zentroetan ipintzen dabiltza. Lapurtzeko ahalegina eginez gero, gailu horrek abisua emango du zuzenean, alarma-sistema baten bidez. Alerta hori kontrol-gune batean jasoko dute, eta atoan aktibatuko du horrelako gertaeretarako ekintza-protokoloa.

Jose Vicente Garcia Casado alkate­ordearen berbetan, “sistema ho­rrek segurtasuna indartuko du, eta saihestuko du udalerrian kableak lapurtzen jarraitzea”. Garciak azpimarratu duenez, ebasketa horiek “Udalari kalte ekonomiko handia” egiten diote.

Azken urte bietan bakarrik, Barrikan 40.000 euro baino gehiago galdu dira sare publikoan ebatsitako kableengatik. Halere, diruak baino gehiago, kezka sortzen dio: “lapurreta horiek gure auzokideen segurtasunean duten eraginak, kaltetutako eremuetan behin-behinean argiztapen barik geratzeagatik”. Pasa den astean hasi ziren sistema berria aginte-zentroetan ipintzen, udalerriko kanpoaldetik hasita. Barrikan ipiniko duten sistema beste udalerri batzuetan ere martxan dago, daborduko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun