Sanblas-hariak lotzeko eguna

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 3a, 12:43

Urteroko ohiturari jarraituz, Blas Deuna Eguna ospatuko dute barrikoztarrek otsailaren 3an. Aurton, gainera, udalerriko jaiegun ofiziala izango da. Hala, egitarau polita prestatu dute gaurko: goizean meza nagusia izan da Andra Mari Elizan (Elexalden). Horren ostean, hamaiketakoaren txan­da heldu da, trikiti-doinuak lagun.

Arrastian, berriz, trikitiaren, karameluen eta pastelen ordua helduko da, Elorduy Egoitzan, 17:30etik aurrera. Zelan ez, egunean zehar, San Blaseko hariak edo kordelak eta erroskillak erosteko aukera egongo da elizara doan bidean egongo diren postutxoetan.

Otsailaren 3an ohikoa da elizara hurreratzea bedeinkatutako opilak eta koloretako sanblas-hariak erosten edo bedeinkatzen. Ohituren arabera, kordelek sama babesten dute neguko hotzeritik. Horretarako, bedeinkatutako lokarria samaren bueltan lotuta eroan behar da zortzi egunean, eta bederatzigarrenean erre. Diotenez, hori da urte osoan katarrorik ez izateko modurik onena.

Ohituraren jatorria

Kondairaren arabera, sendatze miragarriengatik egin zen ezagun Blas Sebasteko apezpikua; pertsonak zein animaliak osatzen zituen. Behin, eztarrian arrain-hezur bat trabatuta itotzen zebilen ume bat sendatu ei zuen, eskuak bere lepoan ipini eta gero. Bestalde, gaixo zeuden animaliak ere hurreratzen ei zitzaizkion osa zitzan; baina, otoitz egin bitartean, ez zioten trabarik egiten. Horren guztiaren ondorioz ohikoa edo ohitura ei da santu horri eztarria babes dezala eskatzea urtero, otsailaren 3an; hala, bedeinkatutako hariak saman zintzilikatu, urte osoan katarroetatik babesteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun