Kirolak 2007-11-25 10:37

Barrika Piragua Taldearen berri ematen du bitakora berri batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Piraguismoak gero eta zale gehiago ditu. Maria Ahedo (argazkian) mundu hau ezagutzen hasi den 12 urteko gaztea da. Kirol honetarako duen grinak bitakora berri bat sortzera eraman du, "Mi piragua" izenekoa. Honetan bere esperientziak azaltzen ditu, parte hartu dituen estropadez informatzen du eta hainbat argazki ikusteko aukera ere badago. Piraguaz hitzegiteaz gain, bere bigarren zaletasunaz ere mintzatzen da, surfa. Sartu bere bitakoram eta ezagutu zuzenean! Ondokoa da Maria Ahedo bitakoraren helbidea: www.mipiragua.blogspot.com
  Kultura 2007-11-19 16:57

Idoia Somoza sopranoak abestuko du larunbatean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da, nazioarte mailak. Gauzak horrela, larunbaterako, musika klasiko kontzertua antolatu du Barrikako Udalak. Idoia Somoza sopranoak (argazkian) hari hirukoteaz lagunduta abestuko du, herriko eleizan, 12:00etan. Kantu eta Pianoan tituludunak Alemaniako Institut for Vocal Research izenekoan egin zituen ikasketak, Andrej Orlowitz baritonoarekin. Gainera, opera-errepertorioa landu zuen Elsebeth Broderssen piano-jotzailearekin. Hainbat hobekuntza ikastaro egin ditu eta Alemanian egon zen denboraldian kontzertu anitz eskeini zituen.
  Jendartea 2007-11-05 14:27

Auzitegi Gorenak berretsi egin du Hermanen aurkako zigorra Aintzane Garai hiltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak Mikel Herman Belaustegigoitiaren aurkako 32 urte t'erdiko kartzela zigorra berretsi egin du, 2005eko urriaren 14an Hermanek Aintzane Garai gazte barrikoztarra hil eta bortxatu zuela onartuz, gaur "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenaren arabera. Bizkaiko komunikabidearen aburuz, egun Basaurin dagoen presoa beste espetxe batera lekuz aldatuko dute epaia Bizkaiko Auzitegira heldu ostean, hemendik egun batzuetara. Era berean, "El Correo Español"ek aipatzen ez dituen iturri judizialak aintzat hartuta, Mikel Hermanek gutxienez 16 urte eman beharko lituzke espetxean, hirugarren graduan ateratzeko aukera izan baino lehen. Hermanen abokatuek Bilboko Auzitegiko Seigarren Atalak erabakitakoaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten, besteak beste Garai eta Hermanen arteko sexu harremanak neskaren onarpenarekin egin zirela argudiatuz. Gorenak, baina, ez du horrelakorik onartu eta Bizkaiko Auzitegiak ezarritako espetxe zigorra, Barrikatik edo Garai familiarengandik 46 urteko urruntze-agindua eta 540.000 euroko kalte-ordaina berretsi ditu. Dena den, litekeena da Herman kaudimengabea deklaratzea. Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrera jotzeko aukera ere badauka. Argazkian, Yolanda Lopez, Aintzane zenaren ama, David Garai, seme zaharrena eta Jose Mari Ezpeleta Barrikako alkate ohia, prentsaurreko batean.
  Jendartea 2007-11-02 19:51

Barrikan 14 emakumek parte hartu dute autodefentsa ikastaroan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 25ean izango den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako aktibitateen barruan, urriaren 26an eta 27an emakumeentzako doako autodefentsa ikastaroa burutu zen Barrikan, udaletxean dagoen liburutegi zaharreko lokalean hain zuzen ere. Holako trebakuntza 19 urtez eman duen Maitena Monroy irakaslearen gidaritzapean, bi egun horietan zehar, agresioen aurrean emakumeek ditugun baliapideak zeintzuk diren ikasi zuten adin desberdinetako 14 parte-hartzailek. "Alde fisikoaz aparte (teknika fisikoak ezagutzeko) alde teoriko interesgarria ere izan zuen tailer honek: inguruan gertatzen diren agresioak zeintzuk diren ikusteko, agresio mota desberdinak sailkatzeko, aztertzeko eta ekiditeko bideak jorratzeko", adierazi dute udal iturrek. Tailerrean egondako andreen balorazioa guztiz positiboa izan denez, datorren urteari begira ikastaroa errepikatzea aztertzen ari dira.
  Kirolak 2007-10-26 22:53

Padel erakustaldia egingo dute bihar Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Barrikako Abaroa Tenis Taldeak denboraldi berriari eman dio hasiera kirol berri bati helduz, padela hain zuzen. Asteburuetako arrakasta dela eta eta eskola-ligan parte hartuko duten taldeen aurkezpenarekin lotuta, larunbat honetan, hilaren 27an, irakasleen arteko padel erakustaldi bat antolatu du klubak. Horrela, bihar, hainbat ekitaldi izango dira: 15:00etan "winer" jokoak egingo dituzte. Geroago, Abaroa taldeak hitzaldi bat eskainiko du jokalarien gurasoentzat. Horretan, ligaz informatzeaz gain, partidetan, berain seme-alabei zelako balio etikoak helarazi behar dizkioten eta bestelako aholkuak jasoko dituzte. Padel partida 16:00etatik aurrera izando da. Horren ostean askaria eskainiko da. Ekimen guztiak Barrikako tenis-pisteetan izango dira. Argazkian, Barrikako tenis klubeko hainbat jokalari entrenatzen.
  Jendartea 2007-10-23 14:09

Barrikan bertan nahi du medikua PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 1ean mediku berri batek bere jarduera hasi zuen Plentziako osasun zentroan, arratsaldeko ordutegian (13:00tik 20:00etara), dagoeneko lanean diharduten beste bi osagileekin batera, plentziarrak eta barrikoztarrak artatzeko. PSE-EEk, ordea, sendagilea "Barrikan bertan eta bizilagun guztientzat" izatea eskatu du eta horri buruz galdetuko dio, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Gabriel Inclan Osasun sailburuari. Idoia Mendia sozialisten bozeramaile barrikoztarra eta Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak adierazitakoaren arabera, urriaren 1etik "Barrikako biztanleen % 90i" jakinarazi zaie beraien OTI txartelak Plentziako osasun zentroko sendagile bati transferitu dizkiotela. "Mediku horrek adierazi du ez dela joango kontsulta ematera Barrikako Udalak Osakidetzako sendagile batek eta erizain batek Barrikako pazienteei arreta emateko ezarrita daukan kontsultategi txikira", ohartarazi duenez.
  Kultura 2007-09-27 20:44

Bihar bukatuko da epea Barrikako abentura anitzeko irteeran izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, ostirala, izango dute barrikoztarrek azken eguna Barrikako Udal Kultur Arloak datorren urriaren 6rako antolatu duen herriko familientzako abentura anitzeko irteeran izena emateko. "Familitxango" deitu duten ekimen horrek hainbat jarduera bilduko ditu, hala nola, eskalada, arku-tiro eta zeharbidea kanoaz. Ekintza guztiak Gorlizko Troka Abentura enpresaren bitartez egingo dira. Txangoa goizeko 10:15ean hasiko da, arratsaldeko 14:00etan bukatzeko. Izen ematea eta ordainketa Barrikako Kultur Zentroan egin daiteke bihar bertan. Era berean argibide gehiago eskatzeko 946 775 163 telefonora deitu daiteke.
  Kirolak 2007-09-27 14:34

Bihar jokatuko dute Barrikako tenis txapelketako emakumeen finala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 5ean eman zitzaion hasiera Barrikako VII. Tenis Irekiari eta, hamar jardunaldiren ostean, joan den asteburuan jokatu ziren finalak, gizonezkoen artekoak behintzat. Izan ere, emakumezkoen mailan ezin izan zen finala egin larunbatean, eguraldi kaskarra egin zuelako. Horregatik, partida ostiral honetan, hilak 28, jokatuko dute, 17:00etan, eguraldiak uzten badu oraingoan. Gainera, finalaurrekoei erreparatuta norgehiagoka interesgarria izango delakoan daude antolatzaileek. Azken aurreko fasean, Donostiako Maider Martinek Leire Martinezi irabazi zion, 6/2-6/1, eta Kantabriako Natalia Martinezek 6/4-6/2 emaitzarekin lortu zuen garaipena. Guztira 60 jokalarik, neska zein mutil, parte hartu dute txapelketan. Argazkian, igandean banatu zituzten mutilen sariak Juan Jose Ezpeleta alkateak eta Maria Esther Etxegarai Kultur eta Kirol zinegotziak.
  Kirolak 2007-09-18 18:19

Barrikako Tenis Irekian 60 jokalari dabiltza lehian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Jaon den larunbatean, irailak 15, hasi zen Barrikako Tenis Irekia, eta igande honetan bukatuko da finalekin. Txapelketan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Santanderreko 60 jokalariek parte hartzen ari dira. Horrenbestez, faboritoen artean dira Josu Ortiz de Zarate, gizonezkoetan eta Leire eta Natalia Martinez, emakumezkoetan, antolatzaileek adierazi dutenez. Hala ere, ezin ahaztu Barrikako Tenis Klubeko etorkizuneko jokalariak: Leire Alberdi, besteak beste. “Taldeako onena da eta horrexegatik itxaropen guztiak jarri ditugu Leirerengan”, azaldu du Alberto Vidal klubeko entrenatzaileak. Iratxe Diaz jokalari bikaina ikusteko aukera ere badago lehiaketan, Euskal Autonomia Erkidegoko irabazlea izan ondoren, eskola kategorian, federatuetara egin du salto azken horrek. Argazkian, Barrikako Tenis Klubeko hainbat jokalari entrenatzen.
  Kultura 2007-07-03 20:47

Uztailaren 13ra bitartean hainbat jarduera izango dituzte ume eta guraso barrikoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo hasi ziren Barrikako Udalak herriko txikientzat antolatu dituen ekitaldiak, udako oporraldian daudela aprobetxatuz, Udatxiki egitasmoaren baitan. Lehen ekitaldia herrian bertan eginiko oinezko txangoa izan zen. Gaur, berriz, Getxoko Abra Aquarium bisitatuko dute; eta Plentzia eta Bermeora ere irteerak egingo dituzte hurrengo egunetan. Uztailaren 13ra bitartean, 3 eta 7 urte arteko umeei zuendutako ekintzak izango dira guztiak,. Orotara, 18 haurrek izango dute aukera irteerak, jolasak eta tailerrak egiteko. Deigarria da sukaldaritzan aritzeko izango duten aukera, baita euren gurasoekin hainbat jarduera egitekoa ere. Herriko umeen eta familien arteko loturak sendotzea da euskaraz burutuko den ekimen honen helburu nagusia, udal iturrien arabera. Argazkian, mutiko bat margotzen.
  Jendartea 2007-06-19 21:22

Aintzane Garai hiltzeagatik Mikel Hermani jarritako zigorra errekurritu du defentsak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mikel Herman Belaustegigoitiaren abokatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusian errekurritu dituzte Aintzane Garai bortxatu eta hil zuelakoan akusatuari ezarritako 32 urte t'erdiko kartzela zigorra, Barrikatik edo Garai familiarengandik 46 urteko urruntze-agindua eta 540.000 euroko kalte-ordaina. Horretarako defentsak ia agortu du alegazioak egiteko epemuga. Epaiketan, Ertzaintzak egindako ikerketako hainbat urrats jarri zuen zalantzapean defentsak. Gainera, Mikel Hermanek ezeztatu zuen hasierako deklarazioa eta Ertzaintzaren aldetik tratu txarrak jasan zituela adierazi zuen epaiketan zehar. Bere aldetik, Aintzane Garairen familiak erabaki zuen epaiari errekurtsorik ez jartzea, nahiz eta ados ez egon, baina defentsak jarritakoari aurre egingo diote. Argazkian, Yolanda Lopez, Aintzane zenaren ama, David Garai, seme zaharrena eta Jose Mari Ezpeleta Barrikako alkate ohia, prentsaurreko batean.
  Kultura 2007-06-18 21:47

Su ikuskizunak eta rock and roll soinuek girotuko dute San Juan gaua Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urteroko kanpo margo lehiaketak eman zien hasiera atzo Barrikako San Juan jaiei eta datorren asteburuan jarraituko dute ospakizunek. Horrenbestez, Haitzama taldeak girotuko du ostiral gaua, aurretik sardinekin sabela bete eta sagardoarekin zintzurra ondo buzti ostean, noski. Tartean, su artifizialak izango dira. Larunbatean, goizean goizetik edukiko dute zerekin gozatu txikiek: jolasak, puzgarriak, txu-txu trena, ludoteka, pailazoak... San Juan bezperako sua, berriz, argi eta soinu ikuskizun batekin jantzi dute, Valladolideko Kull de Sac taldearen (argazkian) eskutik, hain zuzen. Eta txokolatea dastatu bitartean, rock festibalari emango zaio hasiera: Con un paso en el blues (blues), The killministers (70eko hamarkadako musika) eta A morir (80eko hamarkadako musika) taldeak izango dira taulagainean, 23:30etik aurrera. Igandean, azkenik, ohiko nekazaritza eta artisautza azoka eta sukalki lehiaketa izango dira.
  Kultura 2007-06-15 11:22

Kanpoko margo lehiaketa egingo dute igandean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri San Juan jaietako egitarauaren barruan, XIX. Kanpoko Margo Lehiaketa deitu du ekainaren 17rako Barrikako Udalak. Nahi duen edonork parte hartu ahal izango du horretan, adin-mugarik ez baitago (kategoria ezberdinak bai). Gaiari dagokionez, Barrikari buruzkoak izan beharko dira lanak, udalerritik bertatik begiratuta. Parte hartzaileek nahi beste margo aurkeztu ahal izango dituzte, baina bakoitzeko lan bakarra sarituko da. Margotzeko erabiltzen diren ohiko teknikak erabiliko dira askatasun osoz eta euskarria bastidoredun ohiala izango da. Lanak atari zabalean egin beharko dira, horretarako emandako denboran. hau da, 9:00etatik 17:30ak arte. Ordu horretan itxi egingo da lanak emateko epea. Azkenik, ekainaren 24an emango dituzte ezagutzera irabazleen izenak, San Juan jaietako beste lehiaketetako sariekin batera. Margoak herriko plazan egongo dira ikusgai egun horretan. Argazkian, mutiko bat margotzen.
  Jendartea 2007-05-25 20:49

Aintzane Garairen senideek ez dute epaia errekurrituko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Garai familiak ez du errekurrituko pasa den astean Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Aintzane Garai bortxatu eta labankadaz hiltzeagatik Mikel Herman gazte barrikoztarraren bikotekide ohiari 32 urte t'erdiko kartzela zigorra ezarri zion epaia. Gaur goizean, Barrikako udaletxean egindako prentsaurrekoan Yolanda Lopez Aintzane zenaren amak esan du 32 urte ez zaiola "nahikoa" iruditzen, baina errekurtsoa aurkeztuz gero ere, Hermanek zigorra osorik beteko ez lukeelakoan dagoela. Lopezek ez du zalantzan jarri epaile eta abokatuen lana eta zuzenean egungo "legeak bigunegiak direla" iritzi dio. Gainera, gogoratu du familiaren bizimodua guztiz baldintzatuta gelditu dela hilketaren ostean eta berriro ere min handia sortu ziela epaiketan Mikel Herman etengabe barrezka ikusteak. Azaldu duenez, Hermanen ama haiekin jarri zen harremanetan idatzi baten bidez, barkamena eskatzeko eta besarkadak bidaltzeko. Alabaina, ez zioten erantzun, "haiengandik ez dudalako ezer behar. Ez dut barkatzen, ezta ahaztu ere. Alaba behar nuen, besterik ez". Azkenik, gogoan izan ditu bere egoeratik pasatu diren amak, haietariko batzuekin harremanetan dagoela, eta dena dela askorekin konparatuz bera "pribilegiatua" dela gaineratu du Lopezek, bere alaba aurkitu, gertatutako ezagutu eta hiltzailea epaitu dutelako. Aintzane zenaren amarekin batera agertu dira David Garai, seme zaharrena eta Jose Mari Ezpeleta Barrikako alkatea.
  Politika 2007-05-24 20:53

Donostian esan diote agur Barrikako alkateari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den larunbatean, maiatzak 19, Donostiara egin zuten txangoa Barrikatik. Aurtengo parte hartzeak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, udal iturrien arabera: "herriko zein eskualde osoko 125 parte lagunek ederto ibili ziren Donostiako alde zaharretik eta bertako akuarioa bisitatzen", prentsa ohar bidez azaldu dutenez. Horren ostean, Oiartzungo hotel batean bazkaldu zuten. Bai bazkarian, bai bazkalostekoan, trikitilariek eraginda, jai giro euskaldun polita sortu zen bertan. Halabaina, orain dela 25 urte antolatzen hasi zen urteroko irteera horren aurtengo edizioa "berezia" izan zen; horren bultzatzaile Jose Mari Ezpeleta alkateak politikari agur esango baitio. Hori dela eta, txangoaren amaieran bertaratutakoek, omenaldi gisa, "Agur Jauna " abestu zioten omenaldi gisa, bertaratutakoek. Argazkian, Ezpeleta Aintzane Garairen senideekin 2005eko azaroaren 4an emandako prentsaurrekoan. Hain zuzen, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Mikel Hermani 32 urteko espetxe zigorra ezarri eta gero, bihar eguerdiko ekitaldian, Yolanda Lopez eraildako neska barrikoztarraren amari babesa ematea izango da egungo alkatearen azken ekitaldi publikoa.
  Jendartea 2007-05-16 18:11

32 urteko kartzela zigorra ezarri diote Mikel Hermani Aintzane Garai hiltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Lurralde Auzitegiak atzo sumarioko alderdiei jakinarazi zien epaian publiko egin duenez, Mikel Herman Aintzane Garairen senargai ohia 2005eko urriaren 15ean 26 urteko neska barrizkotarra bortxatu eta hil zuela frogatutzat eman du epaileak. Bakion egindako bi delitu horiengatik 32 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Hermani. Horretaz gain, Garai familiarengana ez hurbiltzeko agindua ezarri dio auzitegiak, 40 urtez. Era berean, Aintzaneren gurasoei 300.000 euro eta anaia-arrebei diru-kopuru txikiago bat ordaintzera behartu du. David anaiak, Garai familiaren bozeramailea, argi esan du familiak ez duerla epaia gustuko baina oraindik ez dutela errekurrituko duten ala ez erabaki. Senideek eta Barrikako Udalak 47 urteko kartzela zigorra eskatu zuten. Argazkian, Garairen senideek 2005eko azaroaren 4an emandako prentsaurrekoaren artxiboko irudia, jasotako laguntza eskertuz.
  Kultura 2007-05-10 22:29

"Otsoen kontuak" gaztetxoentzako ipuin kontaketa izango da larunbatean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Etzi, larunbata, "Otsoen kontuak" ikuskizun euskalduna emango du Barrikako udaletxean Durangoko Alaitz Muro ipuin kontalari ezagunak. Agurtzane Villate marrazkilariaren laguntza izango duela, Murok otsoen hainbat istorioa azalduko du. Izan ere, jakin badakigu guztiok otsoek, ipuinetako gizaki gaiztoak izanda, umeak bildurtu egiten dituztela baina gurasoek trankil egon daitezke, Alaitz Murok eta Agurtzane Villatek ekarriko dituzten otsoak ipuinetan giltzapean daude eta ezin dute koxka egin. Hitzordua gozieko 12etan izango da.
  Jendartea 2007-04-25 23:09

Garairen bikotekide ohia presionatu izana gezurtatu dute atxilotu zuten ertzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Duela bi urte Aintzane Garai 26 urteko barrikoztarra ustez bortxatu eta hil zuen Mikel H.B. gaztearen kontrako epaiketaren bigarren saioa izan da asteazken honetakoa Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Atzo kontrakoa esan bazuen ere, gaur akusatua presionatu izana ukatu dute bera atxilotu zuten ertzainek. 20 bat polizia agentek deklaratu dute eta guztiek ezeztatu dute Garairen bikotekide ohiak atzo esandakoa. hasieran hilketa bere gain hartu izana zuritzeko: ertzainek azaldu dute M.H.B. hasieratik izan zela susmagarri, eraildako neskatoarekin izan zuen hitzordua estaltzen saiatu zelako. Neskatoaren gorpua agertu eta gero, bikotekide ohia atxilotu zuten eta, gorpuari oraindik autopsioa egin ez bazioten ere, egin zizkion zauriak argi eta garbi azaldu zituela esan dute. Argazkian, ikurrina haga erdian eta xingola beltzarekin Barrikako udaletxean, Garairen gorpua agertu eta berehala.
  Jendartea 2007-04-24 19:14

Aintzane Garai hil izana ukatu du bikotekide ohiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur hasi da Bilboko Lurralde Auzitegian duela bi urte Aintzane Garai 26 urteko barrikoztarra ustez bortxatu eta hil zuen Mikel H.B. gaztearen kontrako epaiketa eta ostegunera arte luzatuko da. Bikotekide ohiak neskatoa hil zuela aitortu zuen atxiloketa unean, baina gaurko saioan zerikusirik duenik ukatu du, "poliziak bere emaztea auzian nahastearekin mehatxatu zuela" argudiatuz. Hala ere, 2005eko urriaren 14an, Garai desagertu zen egunean, harekin egon zela onartu du ustezko hiltzaileak: "ezkondu zela eta, hortaz, harremana amaitu nahi zuela esateko" geratu zirela esan du. Eztabaida egin zutela eta ostean neskatoak haren autoan alde egin zuela deklaratu du akusatuak. Abokatuak dio gaztea une txarra pairatzen ari zela garai hartan. Antza, lanean arazoak zituen, senideei ezin zien aitortu norekin ezkondu zen (prostituzioan jarduten zen) eta adoptatua zela jakin berri zuen. Egun hartan, kokaina kontsumitu eta alkohola edan zuela ziurtatu du abokatuak. Argazkian, Garairen senideek 2005eko azaroaren 4an emandako prentsaurrekoaren artxiboko irudia, jasotako laguntza eskertuz.
  Jendartea 2007-03-07 20:09

Umeentzako jolas eta ipuin kontaketa ez sexistak antolatu dituzte larunbaterako Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Martxoaren 8tik 17ra bitartean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko jarduerak antolatu ditu Barrikako Udalak. Bihar bertan "La Meva Mare" izenburuko antzezlana eskainiko du Bego Klown konpainiak. 18:00etan hasiko da saioa eta horren ostean kafe-tertulia izango da. Martxoaren 10ean, larunbatarekin, berriz, umeentzako ginkana ez sexista eta ipuin kontaketa (Kandelen Argipean taldekoekin) egongo dira 11:15etik aurrera. Jarduera horrek "parekotasunaren bidean, gurasoen eta hezitzaileen lana sustatzeko asmoa du", udal iturriek zehaztutakoaren arabera. Azkenik, hilaren 17an, "Andra helduak eta elikadura" hitzaldia emango du Esti Olabarrietak, 12:00etatik aurrera. Ekitaldi guztiak udaletxean izango dira, liburutegi zaharrean. Argazkian, hainbat neska-mutil.

Nabarmenak

Zorion agurrak