AAEAMk hilaren 26rako antolatutako manifestaziora deitu du Saioa Sanchez preso berangoztarrak

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 16a, 12:40
Saioa Sanchez artxiboko irudi batean. © ESPAINIAKO POLIZIA

Saioa Sanchez preso politiko berangoztarrak Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaroaren 26an, zapatuan, Bilbon egingo duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Era berean, mugimendu horretako kideek egindako lana ere goraipatu du, "zuek izan zarete bakarrak inolako bereizketarik gabe barrukoen ahotsari oihartzuna eman eta euskal errepresaliatu politiko guztientzako amnistiaren aldeko borroka kalean pizturik mantendu duzuenok".

"Gure garrasiak dardarazi ditzala Bilboko kaleak"

Jada urtea betetzear da amnistiaren oihuak Bilboko kaleak astindu zituela, eta ordutik hona, aldapa malkartsuago besterik ez zaigu bihurtu. Euskal Herriak daraman dinamikarekin, euskal errepresaliatu politikoen itzuleraren auziak konpondu gabe bere horretan darrai.

Alde batetik, aterabide indibidualen aldeko apustua dago, eta apustu horren baitan dator estatuek exijitzen diguten profila betetzea, askatasunaren truke epaileak markatutako baldintzak onartzea eta gure borrokaren isiltzea berari dagokion zilegitasun osoa kenduz. Hori horrela izanik, ustezko aterabide indibidualek, inorentzat aterabide izatetik urrun, preso politikoen arteko batasunari eraso zuzena egiten diote, “onen” eta “txarren” arteko desberdinketari erraztasunak emanez. Gure aldarrikapenen alde borrokatzea zigortzen duen askatasuna izaera militantea ukatzen digun askatasun faltsua da.

Bestetik, amnistiaren alde borrokatzeak ildo ofiziala ez errespetatzea dakar, eta espainiar estatuan zigortua izateaz gain, jada gure herrian bazterketarako arrazoia bilakatu da. Baina omen, amnistia ez da arazoa, bere alde borrokatzea baizik. Norbaitek sinestarazi nahi al digu borrokarik gabe euskal errepresaliatu politikoei amnistia onartuko digutela?

Amnistiaren Aldeko Mugimendukoei zuzendu zizueten erasoa Parisetik iazko urte amaieran. Gezurra zen baieztapen batean oinarriturik, amnistiaren aldarrikapena EPPK zatikatzeko amua zela esan egin zen. Baina denborak erakutsi du amnistiaren propagandazko dinamiken aurrean, zuek izan zaretela bakarrak inolako bereizketarik gabe barrukoen ahotsari oihartzuna eman eta euskal errepresaliatu politiko guztientzako amnistiaren aldeko borroka kalean pizturik mantendu duzuenok. Zuen borroka gure itolarria apaltzen duen arnasa delako, jarraitu dezala zilegi izaten amnistiaren aldeko borrokak.

Ez garelako gaizkileak, gatazka politiko armatu batean Euskal Herriaren alde ahal genuen hobekien borrokatu ginelako gara euskal errepresaliatu politikoak, eta estatus politikoak eskatzen duen izaera politikoa bermatzen duelako aldarrikatzen dugu gu guztiontzako amnistia.

Horregatik, azaroaren 26an, nik ere zuekin bat egingo dut, erasoak eraso eta egunez egun, gu guztiok etxera itzuli arte amnistiaren garra ez dadin itzali umiltasunez, ilusioz eta indarrez egiten duzuelako lan. Gure garrasiak dardarazi ditzala Bilboko kaleak. Jo ta ke amnistia lortu arte!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun