Gazteok 2012-10-19 20:50

Hausnarketa eguna ekimenez bete dute Itzubaltzetako gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Bihar, larunbata, hilak 20, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeen gogoeta edo hausnarketa eguna izango da, alderdi politikoen megafoniarik gabeko egun lasaia, alegia. Bada, Itzubaltzetako Gazte Asanbladako neska-mutilek ez dute egun hori ohea, sofa edota kontsolari lotuta eman nahi eta proposamen bikoitza egin diete herriko eta inguruko gazte eta koadrilei. Goizean, mendi txango erraza egingo dute, Itzubaltzetako gaztetxetik 451 metroko garaian dagoen Santurtzi eta Zierbenako Serantes mendateko tontorreraino. Horretarako, goizeko 10etan jarri dute hitzordua gazte zentro sozialean eta gosea ez pasatzeko janari haina eramatea aholkatu dute. Halere, norbait gosez geldituz gero, errebantxa izango du arratsean. Izan ere, Tortilla Txapelketa egingo dute 19:00etatik aurrera Itzubaltzeta gaztetxean. Antolatzaileek patatak, arrautzak, olioa eta kipula emango dizkiete parte-hartzaileei eta gazteek horiek eta etxetik ekarritako tresnak erabiliz, 21:30ean aurkeztu beharko dituzte tortillak. izen-emateak bi euro kostatuko du eta lehenengo hiru plater hoberenek sariren bat eskuratuko dute. Argazkian, pasa den hilabetean gaztetxeko zortzigarren urtemuga ospatu zuten Itzubaltzeta / Romoko gazteek / © Itzubaltzeta gaztetxea.

  Gazteok 2012-09-18 21:34

Itzubaltzeta gaztetxeak zortzigarren urtemuga ospatzeari ekingo dio gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Datorren irailaren 30an, zortzi urte beteko dira ehunka gaztek Errekagane kalean utzita zegoen ebanisterian sartu eta egungo Itzubaltzeta gaztetxea okupatu zutenetik. Aurretik zeukaten izen bereko gaztetxea Ertzaintzak indarrez hustu eta Getxoko Udalak eraitsi eta hiru egunera egin zuten okupazioa. Egun, oraingo gaztetxeak berdin amaituko ez duela ezin dute ziurtatu gazteek. Izan ere, iazko abenduaren 14an Gobela ibaian lanak egiteko proposamena onartu zuen Getxoko Uholdeen Batzordeak eta proposamen horren arabera ubidea gaztetxerantz zabalduko dute. Egun horretan bertan Udalak eta gaztetxeko kideen arteko elkarrizketak abiatu zituztela iragarri zuen Imanol Landa Getxoko alkateak, azpiegitura mantentzeko asmoz. Halere, hamar hilabete geroago, Gazteria Arloak eta Itzubaltzetaren Lagunak herri eta kultur plataformak ez dute oraingoz akordiorik lortu. Gaztetxearen etorkizuna bulegoetan eta kalean erabakitzen den bitartean, sei eguneko egitarau zabala prestatu dute Itzubaltzetako neska-mutilek, zortzigarren urteurrena ospatu eta hamaika gehiago bete nahi dituztela aldarrikatzeko. Argazkian, urtemugako egitarauaren aurkezpena / © Itzubaltzeta gaztetxea.

  Kultura 2012-05-11 20:15

Herri azoka egingo dute bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren ekimenez, bihar, larunbatarekin, herri azoka hartuko du Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazak. Bertan, goizeko 10etatik arratsaldeko 3etara, Uribe Kostako hainbat sortzailek eta elkartek artisau-produktu eta eskulanak erakutsiko dituzte. Besteak beste, eskualdean ekoiztutako esnea, garagardoa, taloak, sagardoa, ogia, arrautzak eta oro har baserriko produktuak dastagai izango dira. Baina nekazaritzako gaiez gain, arropa eta kultur produktuak ere ere eskuragai izango dira. Esate baterako, Itzubaltzeta gaztetxeak hainbat talderen CDak aurkeztuko ditu eta Eztabaida guneak eta Justuri irratiak liburuak paratuko dituzte haien stand-etan. Argazkian, Itzubaltzetako hainbat gazte herriko gaztetxearen 7. urteurrenean, pasa den urrian.

  Gazteok 2012-04-02 14:19

Itzubaltzetako gaztetxean bigarren aldiz lapurtu dute hiru hilabetetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Pasa den ostiraleko gauean, greba orokorraren osteko gauean, Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean lapurreta burutu zuten hainbat ezezagunek. Gazte zentro okupatuak greba deialdiarekin bat egin eta ateak itxi izanaz baliatu ziren lapurrak, hainbat diru era lasaiagoan eramateko. Bertako gazte asanbladak jakinarazi duenez, ebasketa gauerditik aurrera jaso zuten. Sartzeko, eraikina eta trenbidea banatzen dituen korridoretik sartu eta gaztetxeko leiho metaliko bat eta horma zati bat kolpeka apurtu zuten gaizkileek. Itzubaltzetako Gazte Asanbladak irmoki salatu du izandako erasoa, eta gogoratu du gaztetxea "herritik herriarentzat gogoz eta ilusioz eraikitako gazteon etxea" dela, "autogestioaz eta asanbladen bitartez aurrera eramaten" dutena. Gainera, azpimarratu dutenez, denbora tarte txikian pairatzen duten bigarren lapurreta da. Lehenengoa abenduaren 18 eta 19ren arteko gauean eman zen. Orduan, gaztetxearen, jai batzordearen eta Etxeraten dirua zein ordenagailu bat lapurtu zieten. Argazkian, apurtutako leihoa / cc-by Itzubaltzetako Gazte Asanblada.

  Gazteok 2012-03-22 11:12

Itzubaltzeta gaztetxean edo Brankan izena eman daiteke Gazte Martxaren aldeko biharko bertso afarirako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Euskal Herri luze eta zabalean bezala, Uribe Kosta eta Erandion ere jarduera ugari izaten ari dira egunotan Gazte Martxa aurkezteko asmoz. Jalgi Hadi Garaipenera dinamikaren baitan, apirilaren 6tik 7ra Saratik Lesakarako bidea egingo dute neska-mutil independentistek, "herri honen aldarrikapenak ahoz aho, eskuz esku eta pausuz pausu zabalduz". Apirilaren 8an, berriz, Iruñean izango dira, Aberri Egunean. Uribe Kosta aldera etorriz, ostiral honetan, hilak 23, bertso afaria egingo dute Itzubaltzeta / Romon. Tokiko gazte independentistek antolatuta, 19:30ean abiatuko dira Branka herri tabernatik, triki-poteoa egiteko. Ondoren, 21:30ean, ekitaldia izango da Txorimalo gaztetxean eta, horren ostean, bertso-afaria Gorka Ostolaza "Potxis" eta Eneko Abasolo "Abarkas"-ekin. Azken horretarako Brankan edo gaztetxean izena eman (7 euro) beharko da. Argazkian, joan den ostegunean aurkeztu zuten Gazte Martxaren egitaraua Lesakan / © Jalgi Hadi Garaipenera.

  Gazteok 2011-12-25 20:48

Itzubaltzetako gaztetxean lapurtu egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean lapurreta burutu dute hainbat ezezagunek. Bertako gazte asanbladak jakinarazi duenez, pasa den igande eta astelehen arteko gauean gertatu zen ebasketa. Lapurrek zentro sozialeko barraren dirua, 400 bat euro, zenbait kirol-jertse eta materiala, herriko jai batzordearen metxeroak eta sosak, presoen senideak laguntzeko lapikoa eta gaztetxeko erabiltzaile baten ordenagailua eraman zituzten. Dirudienez gaizkileak teilatutik sartzen saiatu ziren baina ez zuten lortu. Ondoren, bigarren solairuan zama-lanak egiteko erabiltzen den leihoa ireki, bertan dagoen hesia bortxatu eta hortik barneratu ziren. Itzubaltzetako Gazte Asanbladak irmoki salatu du izandako erasoa, eta gogoratu du eramandako ia guztia herritarren mesederako baliabideak zirela. Argazkian, gazte zentroaren diru kutxa.

  Gazteok 2011-12-05 13:22

Obrak gertu direlakoan gaurko deitu dute batzarra Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Imanol Landa Getxoko alkateak Uraldietako Informazio Batzorde Bereziaren batzar berria deitu du abenduaren 14rako, asteazkena, Gobela ibaiaren inguruko problematikari buruzko hainbat gairi heltzeko. Batzarrera Uraren Euskal Erakundeko (URA) ordezkariak ere izango dira. Hitzordua Santa Klara etxean, Algortako Foruak kaleko 6. zenbakian jarri dute, 17:30ean. Udal iturriek zehaztu dutenez, lau dira batzarreko gai-ordena osatuko duten gaiak, horien artean Errekagane eta Artatza arteko lanen gaineko informazioa emango dela. Hain zuzen ere, hori jakinda, gaurko deitu du batzarra Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak elkarteak, obra horien ondorioz, Itzubaltzeta / Romoko zentro sozial autogestionatuaren "etorkizuna jokoan" egon daitekeelako. 18:00etan batuko dira gaztetxean bertan. Argazkian, azaroaren hasieran eratu zuten gaztetxearen aldeko plataforma Itzubaltzetan.

  Gazteok 2011-11-18 20:42

Ekimenez beteko du asteburua Itzubaltzeta gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta / Romoko gaztetxeak makina bat ekintza prestatu ditu gaurko eta biharko. Gaur, iluntzeko 8etan, ostiral herrikoia abiatuko du Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeak. Besteak beste, pasa diren jaietako bideoak eta koadrilen playback-en emanaldia izango dira ikusgai. Horrekin batera, argazki trueke eta jaia egingo dituzte. Horrekin batera izango da zer jan eta zer edan, txitxi-burruntzia eta mojitoa prestatu baitituzte. Bihar, larunbata, ordea, Nagiak koadrilak makro olinpiadak antolatu ditu, gaztetxeko kideen laguntzarekin. Hitzordua herriko frontoian jarri dute eguerdian. Ondoren, "Itzubaltzetako altxorraren bila" arituko dira herrian zehar, txikiteo musikatuan jarduna bukatzeko. Argazkian, Nagiak koadrilaren goitibehera Itzubaltzeta / Romoko jaietako krono-eskaladan.

  Gazteok 2011-11-03 21:30

Gaztetxearen aldeko plataforma eratu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta / Romoko 30 bat auzokide eta elkarteetako kidek Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak (IGL) kultur eta herri plataforma aurkeztu dute gaur eguerdian. Plataforma jaio berriaren xedea Itzubaltzeta gaztetxeak herriari egiten dizkion giza eta kultur ekarpenak mantentzea da. Horretarako, gazte zentroa balizko eraiste batez defendatu nahi dute. Izan ere, eraikina arauz kanpo dagoenez, Getxoko Udalak inguruan egitekoak diren Gobela ibaiko lanak gaztetxea botatzeko baliatu nahi dituela salatu dute Amaia Arbeloa eta Iker Marcos IGLko eledunek. Ildo horretan, lanak egin ahal izateko "gaztetxeak parking-a, ortua, merenderoa eta iturria galtzearekin" bat datoz plataformako kideak, "baina badakigu lan horiek bideratzeko ez dela gaztetxea bota behar eta are gutxiago ondoan bizi den amamaren etxea. Gainera, egungo krisi ekonomikoan gaztetxea erosteko milioi bat euro gehi eraisteak balio izango lukeena xahutzeari ez diogu ondo irizten", azaldu dutenez (mp3).

  Gazteok 2011-10-14 00:08

Batzar irekia egingo du bihar Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak plataformak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Itzubaltzeta / Romoko gaztetxeari babesa ematea xede duen Itzubaltzeta Gaztetxearen Lagunak herri kolektiboa bihar, ostirala, bilduko da gaztetxean bertan, arratsaldeko 8etan. Partaideek zabaldu dutenez, ekimena irekia da eta, bertan, zentro sozialaren egungo egoera aztertuko dute. Izan ere, pasa den abenduan, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Uraren Euskal Agentziak (URA) Gobela ibaian ekin dion proiekturako lurrak desjabetzeko, bi milioi euroko kreditua bideratzea onartu zuen Getxoko Udalbatzak. Gainera, lanen datorren faseak Errekagane kalea hartuko du, gaztetxea dagoen tokia. Plataformak lanak babesten ditu baina ez du uste berez gaztetxean eragina izan beharko luketenik. Haien ustez, Gobelako lanak "aitzakiatzat" erabiltzen ari dira EAJ, PP eta PSE-EE, gaztetxea eraistea lortzeari begira. Plataforma martxoan sortu zuten. Argazkian, pasa den astean ospatu zen Itzubaltzeta zentroaren zazpigarren urteurrena.