Ekonomia 2009-05-20 18:38

Ostiralean egingo dute elkarretaratzea Getxoko udal langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalean ordezkaritza duten ELA, UGT, CCOO, LAB, SVP eta ErNE sindikatuek ostiral honetarako ere deitu dute elkarretaratzea, udaletxe aurrean. Behin-behinean dauden 150 langileekin "jolasten" ari dela aurpegiratzen diote EAJko Gobernu Taldeari. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, pertsona horiei ekainaren 30ean bukatuko zaie kontratua eta erakundeak ez die "inolako erantzunik eman". Argitu dutenez, 150 beharginak ez dira kasu isolatu bat, Udaleko %35eko langileak baino gehiago aldi baterako kontratua dutelako, eta "gehiegikeriatzat" jo dute beharginen egoera. Hori dela eta, astelehenean hasi ziren mobilizazioekin. Maiatzari dagokionez, 22an, 25ean, 27an eta 29an egingo dituzte kontzentrazioak, udaletxe aurrean, 10:00etatik 10:30era bitartean. Azken egun horretan izango da hilabete honetako udal osoko bilkura. Argazkian, Imanol Landa alkatea.
  Ekonomia 2009-05-19 12:36

Kaleratzeen aurkako protesta egin dute gaur Indrako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken kaleratzeak eta langileen artean sortutako ezegonkortasuna salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur goizean Indrako langileek. Enpresak Erandioko Axpe industrialdean duen egoitza aurrean burutu dute protesta, goizeko 8etan, eta bertan 100 bat langilek hartu du parte. CCOO, UGT eta ELA sindikatuek salatu dutenez, nahiz eta enpresak "Lana Erregularizatzeko Espedienteak (LEE) egiten ez duenik esan arren, kaleratzeak aurrera eramaten ditu tantaka". Mobilizazioak apirilaren bukaeran abiatu zituzten Barakaldoko Beurkoko lantegian eta Axpekoan izandako kaleratzeak direla eta. Baina, langileek aitortzen dutenez, arazoak ez ziren orduan hasi, 2005eko martxoan baizik. Orduan, Indrak Azertia enpresa erosi zuen eta handik aurrera "Bizkaia lurralderik kaltetuena izan da", sindikatuen ustez: "Azertiako lantaldea 400 profesionalek baino gehiago osatzen zuten eta egun 300era ez da heltzen, Indrak aurretik zituen langileak barne". Urtarriletik enpresak 16 langile bota ditu, haietariko lau azken egunotan. "Demaseko kaleratzeak ekiditeko, enpresak %0ko soldata igoerak eskaini dizkigu, baina horrek ez ditu kaleratze zehatzak baztertzen" adierazi diote UKBERRI.NETi ELAko kideek.
  Ekonomia 2009-05-18 21:46

Auzolana oinarri grebaorokorra.info ekimena aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Komunikazio proiektu ezberdinetako kide eta blogariek grebaorokorra.info ekimena aurkeztu dute, gaur goizean, Bilboko Kalderapeko kulturgunean. Maiatzaren 21eko greba orokorra indartzeko asmoz eta parte hartzea oinarri izanik, Euskal Herriko txoko ezberdinetako bideo, irudi eta kronikak bildu eta zabalduko dituzte ostegun honetan. Tresna ezberdinak baliatuko dituzte horretarako, Twitter, Flickr, Youtube, mugikorren bidez jasotako irudiak zuzenean webgunean emititzeko tresna... baita egunerako espresuki sortutako herri telebista bat ere. Hau dena, beraien hitzetan (mp3), "XXI. mendeko greba orokor bati erantzuteko" asmoz / Gaztesarea.
  Ekonomia 2009-05-14 20:45

Krisialdia eta langileen erresistentziari buruzko hitzaldia emango dute astelehenean Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Crisis economica y resistencia obrera" hitzaldia antolatu dute datorren astelehenerako, hilak 18, Itzubaltzeta / Romoko gaztetxean. Aipatu ekimena Ekonomi Zientzia eta Autogestioaren Institutuak (EZAI-ICEA) antolatu du, eta arratsaldeko 7:30ean burutuko da. Hizlaria Endika Alabort Bilboko EZAIren partaidea izango da eta gaur egun pairatzen ari garen krisia aztertuko du, horren jatorriak eta ondorioak azalduz, teoria ekonomiko ezberdinak aurkeztuz. Ostean, instituzio sozial ezberdinek emandako erantzunak erakutsiko dira eta amaitzeko, EZAIk egindako proposamenak aurkeztuko dira. Gainera, institutuak argitaratutako koaderno didaktikoen lehenengo zenbakia (pdf) aurkeztuko dute. Liburua, Endika Alabortekin batera, Luis Buendia, Gaspar Fuster, Mario Obispo y Lluis Rodriguez-ek idatzi dute. Bertan nazioarteko krisialdiak zelan eragiten duen Espainian azaltzen dute. Argazkian, 2007ko maiatzaren lehenean Algortan egindako manifestazioa.
  Ekonomia 2009-05-14 20:34

EHUko langileen prestakuntzari buruz ariko dira bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Prestakuntza Plan Nagusia osatzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatea. "Planean unibertsitatearen erronka berriei egokitzeko zer prestakuntza mota behar izango duten langileek zehaztuko da", EHUko iturriek adierazi dutenez. Horregatik, ostiral honetan, maiatzak 15, topaketa bat antolatu dute administrazio eta zerbitzuetako langileen prestakuntza beharrez hausnartzeko eta Valentziako Unibertsitate Politekniko, Madrilgo Complutenseko, Sevillako eta Bartzelonako unibertsitateetan garatutako esperientziak ezagutzeko. Jardunaldi hori Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoan egingo da, 9:30etatik aurrera. Argazkian, Iñaki Goirizelaia errektoreak zabalduko du batzarra.
  Ekonomia 2009-05-13 22:33

Behin-behineko 150 langilerekin "jolastea" leporatu diote Getxoko Udalari sindikatuek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalean ordezkaritza duten ELA, UGT, CCOO, LAB, SVP eta ErNE sindikatuek behin-behinean dauden 150 langileekin "jolasten" ari dela aurpegiratu diote gaur EAJko Gobernu Taldeari. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, pertsona horiei ekainaren 30ean bukatuko zaie kontratua eta erakundeak ez die "inolako erantzunik eman". Argitu dutenez, 150 beharginak ez dira kasu isolatu bat, Udaleko %35eko langileak baino gehiago aldi baterako kontratua dutelako, eta "gehiegikeriatzat" jo dute beharginen egoera. Hori dela eta, mobilizazioak iragarri dituzte. Lehenengoa datorren astelehenean, maiatzak 18, izango da. Ekimenetan lan taldea bere osotasunean mantentzea defendatuko dute "hemen inor ez dagoelako soberan, are gehiago langileak falta dira". Gainera, behin-behineko langile postuetatik zeintzuk izan beharko lirateke behin-betikoak ezagutzeko txosten bat eskatu dio kanpoko enpresa bati Getxoko Udalak, sindikatuek jakinarazi dutenez: "ikerketa hori urtarriletik badu Udalak eta inork ez gehiago. Eta gainera, isilpean erabiltzen ari dira, ezkutu pean lan taldearen murrizketarekin amaituko duen enplegu plangintza burutzeko. Edonork dakienean, aldiz, dagoen lan kargarako lan talde hori urriegia izango dela". Argazkian, Imanol Landa alkatea.
  Ekonomia 2009-05-13 21:14

Leioako Udalak elkartasuna adierazi die Vicrilako langileei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Udalbatzak aho batez onartu du, azken osoko bilkuran, Vidriería y Cristalería de Lamiako S.A. (Vicrila) enpresako langileei "elkartasunik zintzoena" helaraztea. Halaber, "egoera ahalik eta lasterren arrakastaz gainditzea" opa diete tokiko erakundeak ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiek. "Salmentak %35 jaitsi" direla argudiatuta, hasieran sei hilabetean, maiatzetik azarora, ixtea pentsatu zuen Lamiakoko Vicrila enpresak. Azkenean, ordea, zortzi hilabeteko enplegua erregulatzeko dosierra aurkeztu du. Berezko lanaldiaren %40ri eragingo dio dosierrak, hau da, orotara 96 lanegun egingo dituzte langileek langabezian. 372 laguni eragiten die neurriak. Ildo berean, ez dute alde baterako beharginik kontratatuko. Orain astebete enpresak berak zabaldutako prentsa oharraren arabera, enpresa batzordeak eta langileen %87k onartu dute enplegua erregulatzeko dosierra. Argazkian, Vicrila barrutik / © Mi historia en Bilbo.
  Ekonomia 2009-05-13 17:34

UKBERRI.NETeko langileek bat egin dute maiatzaren 21eko greba orokorrarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egunkari digital honetan lan egiten duten beharginek bat egingo dute datorren maiatzaren 21ean Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako grebarekin. Langileen batzarrean hori adostu ondoren, horrela komunikatu diote UKBERRI.NETen argitaratzailea den UKBERRI Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartearen zuzendaritzari. Beharginen arabera, "behin betiko krisialdian bizitzen den euskarazko prentsaren langileok ongi dakigu zer den behin behinekotasunean bizitzea. Horregatik, ez gaude prest etekin sozialik gabeko etekin ekonomiko hutsaren izenean enpresariek, banku-gizonek, gobernuek, nazioarteko enpresek, politikariek eta enparauek sortutako ezberdintasunak, txirotasuna, asimilazioa, diglosia, krisialdia, etnozidioa ordaintzeko. Euskarak eta langileek ez dute horrelakorik ordaindu behar. Izan ere, krisialdi garaiotan da inoiz baino gehiago lagundu egin behar zaien unea". Horregatik, UKBERRI.NETeko kazetariek datorren maiatzaren 21ean ez dute normaltasunez lan egingo eta greba orokorrari buruzko informazioa baino ez dute emango, komunikabide honetan bertan zein Koska irratiaren eta Grebaorokorra.info sareko ekimenaren bidez. Gure irakurleek ulertuko dutelakoan gaude. UKBERRI.NET
  Ekonomia 2009-05-13 17:00

Enpresa txikiei datuak babesten lagundu nahi die Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak enpresa kudeaketa hobetzeko hainbat trebakuntza mintegi antolatu ditu datorren asterako. Trebakuntza hau udalerriko enpresa txiki eta ertainei (etee) zuzenduta dago, eta horien artean, bereziki mikroetee-ei. Ekimenak Espainiako Datuen Babeserako Lege Organikoaren (DBLO) berri emateko balio izango du eta Getxo Adaptaren pogramaren barruan kokatzen da, era berean, Europako Gizarte Fondoak diruz lagundutako Valora proiektuaren barruan dagoena. Ikastaro horiek urrian abiatu zituen Getxoko Behargintza Enplegu eta Ekonomia Garapenerako Zentroak. Eskaintza espainolez baino ez zen izan orduan, orain bezala. Horrela, maiatzaren 19an eta 20an, 09:30etatik 13:30era, Algortako Villamonte kultur etxean datuak babesteari buruzko lege organikoaren inguruan mintegia eskainiko da. Horren helburua da datuak babesteari buruz indarrean dagoen araudia eta enpresak lege horri egokitzeko prozedura bertoko mikroenpresen artean ezagutzera ematea.
  Ekonomia 2009-05-11 16:43

Gizonezko bat hil da lan istripuan Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri J.R.L. 58 urteko behargina hil zen pasa den ostegunean Algortako eraikin batean, lan istripu baten ondorioz. Ezbeharra Sarrikobaso kaleko etxe batean jazo zen, goizeko 12:45ak aldera. LAB sindikatuak zabaldu duenez, istripua "ez traumatikoa" izan zen. J.R.L.-k Bilboko Sastec enpresarentzat egiten zuen lan. Sastecen arloak etxetresnak saldu eta konpontzea zein aire girotze sistemen mantenua dira. Sarrikobasoko ezbeharra aurtengo Euskal Herriko 27. lan heriotza da, eskualdeko hirugarrena, gainera. Aurretik, bi leioaztar hil ziren pasa den hilabetean. J.G.R 43 urteko igeltseroa, apirilaren 16an zendu zen Bilboko Barrainkua kaleko obra batean. A.G. soldadorea, berriz, apirilaren 29an hil zen Gurutzetako ospitalean, martxoaren 26an produktu kimiko batzuk eztanda egitean pairatu zuen lan istripu baten ondorioz. Ezbeharra Kantabriako Gajano herrian izan zen. Bi leioaztarrak azpikontraten langileak ziren. Argazkian, A.G.-ren heriotza salatzeko kontzentrazioa / Koska irratia.
  Ekonomia 2009-05-07 20:51

Leioako Udalak krisiari buruzko hitzaldia egiteko lekua ukatu izana salatu du LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Orain egun batzuk, gaur arratsaldean krisiari buruzko hitzaldia emateko baimena eskatu zuten, Leioako udal erregistroan, LAB sindikatuko ordezkariek. Hitzaldia Errekalde plazako nagusien etxean izan behar zen, "hitzaldi eta ekitaldiak antolatzeko, udalerrian dagoen doako azpiegitura publiko bakarrenetarikoa baita", gaur emandako prentsaurrekoan aipatu dutenez. Baina, "bere ohiko jarrera arbitrarioari jarraiki, hitzaldiaren antolatzaileak eta gaiak gustuko ez zituenez", udal azpiegitura erabiltzeko baimena ukatu zuen Eneko Arruebarrena alkateak, Leioako udaletxeko LABek salatu duenez. Hori dela eta, "herritarren iritzi eta parte hartzearen beldur izatea" egotzi diote udal mandatariari. Lan erakunde abertzaleko kideek Arruebarrena alkateari gogoratu diotenez, "Udalhitz hitzarmenaren 149. artikuluak ordezkari sindikaloi gure jarduerarako udal aretoak erabiltzeko eskubidea” aitortu egiten digu, eta beraz, bera alkatea dela, horrek ez dio eskubiderik ematen hitzarmenaren gainetik nahi duena arbitrarioki erabakitzeko". Debekua debeku 19:30ean egingo dute hitzaldia Kurkudi herriko tabernan. Argazkian, udaletxe aurrean eman dute prentsaurrekoa LABeko kideek.
  Ekonomia 2009-05-04 18:10

Behargin leioaztar baten heriotza salatuko dute iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Lan istripu gehiagorik ez!" lelopean, A.G. izeneko behargina zenari azken agurra emango diote gaur 20:00etan Boulevardean auzokide leioaztarrek. Izan ere, langilea pasa den apirilaren 29an hil zen Gurutzetako ospitalean, martxoaren 26an pairatu zuen lan istripu baten ondorioz. Ezbeharra Kantabriako Gajano herrian izan zen, Dynasol enpresan. Bertan, A.G. zein Pontevedrako M.L. beharginek Nervion Montaje y Mantenimiento azpikontrataren bidez egiten zuten lan. Biak produktu kimikoen ontzi bat konpontzen ari ziren, berau soldatuz. Ontziak eztanda egin zuen eta %40 eta %50eko erredurak, ubeldurak eta zauri larriak eragin zizkien. Lehenengo arreta medikoa Santanderreko Valdecilla ospitalean jaso ostean, Gurutzetara bideratu zituzten, behar zituzten ebakuntzak egin eta tratamendua jarraitzeko. Dena den, hori ez zen nahikoa izan A.G.-rentzat, pasa den asteazkenean hil zena. Beste langileak ospitalean darrai. LAB sindikatuak salatu duenez, dagoeneko Euskal Herriko 25 langile hil dira aurten, haietatik bi leioaztarrak. Hori dela eta auzokideek greba orokorreko deiarekin bat egin dute. Argazkian, A.G. hiru astetan hil den bigarren langile leioaztarra da, apirilaren 21ean J.G.R igeltsero leioaztarraren heriotza salatu baitzuten / Koska irratia.
  Ekonomia 2009-04-29 21:28

Hildako beharginak gogoratu ditu LABek Lan Osasunaren Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herrian aurten daramagun hilabeteetan hil diren 21 beharginak izan zituen hizpide atzo eguerdian LAB sindikatuak. Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren karietara, Tamarises eta Igeretxe hotelen artean egindako protestan 62 langile batu ziren "Euren krisia, geure osasunaren kontura" lelo peko elkarretaratzean. Algortan, baina Neguriri begira, lan-jantzi gorria soinean eta hildakoen izena paparrean erakutsi zuten sindikalistek. Izan ere, Iratxe Azkue LABeko kideak salatu zuenez (mp3), behin-behinekotasuna, azpikontratazioa eta oro har lan baldintza "kaxkarrak" eta enpresarien "diru-gosea" dira heriotzen sorburua. Hori dela eta, harreman ekonomikoetan aldaketa sakona eskatu zuen eta baita hori bultzatzeko maiatzaren 21eko greba orokorrerako deia egin ere. Tartean, maiatzaren 4an eta 14an autokarabanak egingo ditu LABek industrialdeetan eta herrietan, hurrenez hurren. Arratsalderako, berriz, Getxoko ezker abertzaleak deitua zuen kontzentrazioa Telletxe plazan. Hainbat lagunek parte hartu zuten protestan. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Ekonomia 2009-04-27 20:48

Lan Osasunaren Egunaren aldarrikapenekin bat egin du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den ostiralean egindako osoko bilkuran, apirilaren 28ko Lan Osasunaren Nazioarteko Egunari buruzko proposamena onartu zuen aho batez Sopelako Udalbatzak. Ezker abertzaleak aurkeztutako mozioari onespena eman zioten alderdi politiko guztiek. Egun horretan, hau da, bihar bertan, lan segurtasuna eta osasuna ekarri nahi dira gogora. Langileen segurtasuna bermatzea "oinarrizkotzat" jotzen du Sopelako Udalbatzak eta "segurtasunari bideratutako gastu osoa inbertsioa" dela deritzo, tokiko iturriek aipatu dutenez. Gauzak horrela, "lan osasuna eskubide eta lehentasuntzat" hartzearen alde azaldu ziren. Onartutako adierazpenaren arabera, lan arriskuen prebentziorako legedia betetzen ez duten enpresak ez kontratatzeko konpromisoa hartzen du Sopelako Udalak. Bestalde, lan istripu larria gertatzekotan tokiko erakundeak jarriko ditu hori aztertzeko beharrezkoak diren baliabideak. Azkenik, Udala apirilaren 28an egingo diren deialdiei batuko zaie eta egun horretan aldarrikatu nahi dena gogora ekarriko du. Argazkian, aurreko udal batzar bat Sopelan.
  Ekonomia 2009-04-27 20:26

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, bi elkarretaratze izango dira bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astearte honetan, apirilaren 28an, den Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kostako langileak mobilizatzera deitu ditu LAB sindikatuak. Gauzak horrela, eguerdiko 12:30ean, Ereagako kaian, Tamarises eta Igeretxe hotelen ondoan egingo dute elkarretaratzea, "Euren krisia gure osasunaren kontura!" lelopean. Arratsalderako, berriz, Getxoko ezker abertzaleak jarri du hitzordua, 19:30ean, Telletxe plazan. Horretaz gain, gaur izan den udal batzarrerako, mozioa aurkeztu dute hautetsi independentistek. "Apartheid politikoaren ondorioz,
proposamena osoko bilkuraren ondorengo galde eskeak egiteko txandan egin dugu", salatu dutenez. Argazkian, apirilaren 21ean J.G.R igeltsero leioaztarraren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten Leioako Boulevardean. Horren zuzeneko jarraipena (mp3) egin zuen Koska irratiko "Koskaberri albistegia"k. / Koska irratia.