Ekonomia 2005-03-03 20:54

ELA, SATSE eta SMEren arabera, Osakidetzako langileen %80k egin du greba Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Osakidetzan gaurko deitutako lanuzteak eragin handia izan duela adierazi dute ELA, Erizaintzako Sindikatua (SATSE) eta Euskadiko Sindikatu Medikoa (SME) langile erakundeek. Eman dituzten datuen arabera, Gurutzetako erietxeko langileen %65ek egin du bat grebarekin, San Eloy ospitaleko %70ek, eta Ezkerraldeko, Enkarterrietako zein Uribe Kostako lehen arretako zentroetan, beharginen %80k. Eskualdeari dagokionez, Sopela, Algorta, Areeta, Astrabudua, Erandioko oinarrizko eremuak itxi dituzte. Jarraipena ikusita antolaturiko greben egutegiarekin jarraitzea erabaki dure. Hain zuzen ere, apirilaren 22an sektore osoan egongo dira lanuzteak. Osakidetzaren zein grebaren kontra dagoen LAB sindikatuaren arabera, ordea, "porrota" izan da.
  Ekonomia 2005-03-02 15:02

Greba egongo da bihar eskualdeko osasun zentroetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Osakidetzako ELA, Erizaintzako Sindikatua (SATSE) eta Euskadiko Sindikatu Medikoa (SME) langile erakundeek otsailaren 17an abiatutako "hitzarmen duin bat" exijitzeko zazpi greba-egunen barruan, ostegun honetan (martxoak 3) izango dira lanuzteak 24 orduz Uribe Kostan. Esan bezala, bihar, Gorlizko erietxeko eta eskualdeko gainontzeko osasun zentroetako langileek daude deituta mobilizazioetara. Apirilaren 22an, berriz, sindikatuek greba orokorra deitu dute sektore osoan, antolaturiko greben egutegia modu horretan bukatuz.
  Ekonomia 2005-03-01 23:06

Langile baten erretiroaren gaineko sententziak eztabaida eragin du Getxoko PP eta Udalaren artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Alkatearen adiskidekeriaren politikak langile batzuek salaketak jartzea eragiten ari direla” gaur goizean Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak egindako adierazpenek berehalako erantzuna izan dute udal arduradunen partetik. Horiek "inolako ekarpenik" egiten ez dutela eta "iraina baino ez" direla kritikatu du Alkatetza Arloak. Langile baten derrigortutako erretiroari buruz, Espainiako Auzitegi Gorenaren 2004ko abenduaren 20ko epaiari dagokionez, hura "legegintzaldi aldaketagatik" eta tokiko erakundearen aldeko ebazpen judizialen ondoren etorri zela arbuiatu diete popularrei.
  Ekonomia 2005-02-28 18:57

Bostehun pertsona baino gehiagok parte hartu zuen Getxo Enpresa eta Merkataritzako iazko ikastaroetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Enpresa eta Merkataritzak 55 ikastaro eman zituen 2004 urtean bere formakuntza plangintzaren barruan, Getxoko enpresaburu eta dendarien elkarteak jakitera eman dituen datuen arabera. “Formakuntza ekintza” horietan 560 pertsona izan ziren, 2003an baino %21 gehiago, guztira 700 ordu baino gehiagoko edukinak barneratu zituztela, aurreko urtean baino %17 gehiago. Ikastaroak enpresa-kudeaketa, teknologia berriak eta informatikari buruzkoak izan ziren eta haietan, Getxo, Leioa, Sopela, Berango, Erandio, Bilbo, Portugalete, Barakaldo, Mungia eta Zamudioko enpresek parte hartu zuten.
  Ekonomia 2005-02-23 19:11

Bertan behera geratu dira metroan deitutako greba deialdiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Biharko, otsailak 24, eta martxoaren 3rako Metro Bilbaon ordezkatuta dauden sindikatuek deitutako lanuzteak bertan behera gelditu dira, ELA, LAB, CCOO, UGT eta CIMek enpresarekin hitzarmen kolektiborako aurre-akordio bat sinatu eta gero. Aipatu sindikatuek "aurrepausu garrantsitzutzat" jo dute gaur sinatutakoa, ekaineko burutuko diren hitzarmen kolektiboko negoziazioei begira. Besteak beste, Vascopress agentziak zabaldu duen arabera, onartutako puntuen artean daude gaur egungo geltokien titularitate sistema mantentzea, langile berriak Metro Bilbaok zuzenean kontratatzea, lan antolakuntzan hobekuntzak sartzea, Sopelako tailerretako lanetan azpikontratazioa ez erabiltzea eta KPIren igoerak onartzea.
  Ekonomia 2005-02-22 16:10

EAEko merkataritza egutegi berria onartu du Eusko Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Goizean burututako Gobernu bileran onartu du Eusko Jaurlaritzak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak proposatutako merkataritza egutegiaren dekretu-proiektua. Proiektuaren arabera, 8 izango dira, gehien jota, ireki ahal izateko jai egunak. Aipatu dekretua merkataritzako langileen eta sindikatuen kritika gogorrekin jaio da eta sektorean dagoeneko lurraldeka aritu dira negoziatzen sindikatuak. Bizkaian, bi dira enpresarioek komertzioak zabalduko dituzten egunak: uztailak 3 eta abenduak 4. Beti ere, sindikatuen jarreraren kontra. Eroskik dagoeneko bere langileei iragarri die ez duela irekiko egun horietan eta, hortaz, agindua betetzen badu, Uribe Kostan Erandioko Carrefour eta Arteako dendak dira bere ateak zabalduko dituzten merkatalgune handi bakarrek.
  Ekonomia 2005-02-16 21:26

Martxoaren 3ra arte ez du eraginik izango eskualdean Osakidetzan deitutako grebak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri ELA, Erizaintzako Sindikatua (SATSE) eta Euskadiko Sindikatu Medikoa (SME) langile erakundeek bihar egingo dute "lau urte negoziaziorik gabe eman ostean, hitzarmen duin bat" exijitzeko Osakidetzan deituta dauden zazpi greba-egunetako lehenengoa, sindikatuetako iturriek jakinarazi diotenez. Hala ere, Uribe Kostan martxoaren 3ra arte ez du eraginik izango, mobilizaziora deitutako bigarren egunean alegia. Ostegun horretan, Gorlizko erietxeko eta eskualdeko gainontzeko osasun zentroetako langileek egingo dituzte lanuzteak. (Argazkian, Gorlizko ospitala)
  Ekonomia 2005-02-14 21:04

Fiturren izandako parte-hartzea "ezin hobetzat" jo du Bizkaia Euskal Kostaldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtarrilaren 26tik 30era bitartean, Madrilen ospatu zen Nazioarteko Turismo Azokan izandako partaidetza "ezin hobetzat" jo du Bizkaia Euskal Kostaldea erakunde turistikoak. Erakundearen sustapenerako eskuorri berria eta www.bizkaiacostavasca.org web orriaren eraberriketa izan dira ardatz nagusiak. Jendearen erantzuna, berriz, profesionalena zein adituak ez direnena, oso ona izan da elkarteko arduradunen hitzetan. (Argazkian, Plentziako irudi bat).
  Ekonomia 2005-02-14 19:39

Gizarteratze enpresetako kudeatzaileak trebatzeko ikastaroa antolatu dute Getxoko Behargintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren otsailaren 25ra arte egongo da zabalik Getxoko Enplegu eta Garapen Ekonomikorako udal Zentruak-Behargintzak, REAS-Euskadiko Gizarteratze Enpresen Sarearekin elkarlanean antolatutako “Gizarteratze Enpresetako Kudeatzailea” deituriko ikastaroan izena emateko epea. Getxo Ekinean egitasmoaren barruan, Getxoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Espainiako Herri Administrazietarako Ministerioaren, Europako Gizarte Fondoaren eta udal erakundearen beraren diru-laguntzen babesarekin aurrera daraman programaren baitan kokatzen da. Ikastarioari buruzko informazio zabala emateko asmoz, hitzaldia antolatu da asteazkenean, otsailaren 16an, goizeko 10:30etan, Algortako Kultur Aretoan (Villamonte).
  Ekonomia 2005-02-13 22:26

Bizkaia Euskal Kostaldeak bere webgunea berritu du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo, Gorliz, Plentzia, Sopela eta Bizkaiko beste bost udal batzen dituen Bizkaia Euskal Kostaldea erakunde turistikoak guztiz eraberritu du www.bizkaiacostavasca.org bere webgunea. Horrela, elkarteak "Interneten bidez sortzen diren informazio eskaerei erantzun eraginkorra eman" eta erakunde berak biltzen dituen "herriek turismo mailan aurkezten dituzten edukinak" berritu nahi du. Bizkaia Euskal Kostaldeak "dituen tokirik garrantzitsuenak era oso erakargarrian aurkeztea", etorkizunak dakartzan erronkei "behar bezala erantzutea" eta "euskal turismoaren abangoardian jarraitu nahi" izatea dira proiektu hori bultzatu duten asmoak. (Argazkian, Plentziako irudi bat).
  Ekonomia 2005-02-13 17:45

Ada aseguratzailearen autoak ez dituzte jasoko garabilariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hasieran hiru aseguru-etxeen kontrako greba egiteko asmoa bazuten ere, azken unean bi konpainia gehiagok negoziazioak onartu dituztenez, Ada aseguratzailearen kontrako protesta martxan jarri dute EAEko garabilari enpresek. Horrela, enpresa horrekin asegurua duten auto-gidariei ez diete zerbitzurik emango garabilariek. Bestelako aseguru-etxeekin akordioetara ailegatu dira edo azken negoziazioetan daude, eta irteera bakoitzeko 34 edo 35 euro kobratuko dituzte garabi zerbitzuaren truke. Halere, datorren urtean berriro negoziatuko dutela iragarri dute garabilariek.
  Ekonomia 2005-02-05 21:41

Getxoko Behargintzaren autoenplegurako orientabide eta informazio zerbitzua emateko kontratua luzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak 2005ko urtean zehar autoenplegura bideratutako orientabide, informazio eta aholkularitza jarduerak burutzeko kontratua luzatu du. Tokiko Gobernu Batzordeak 24.552 euroko diru-kopurua bideratu du udalerriko Enplegu eta Ekonomi Garapenerako-Behargintza Zentruak ematen duen zerbitzura. Getxoko Udalaren baitan enplegu politikei bide eman zien aurreneko programetako bat da eta etorkizunean, gainera, zuzenean kudeatu lezake udal erakundeak berak, Iñaki Zarraoa alkateak aurreratu duen bezala. Zerbitzua datza, batetik, enplegu zentruak eskaintzen dituen gainontzeko zerbitzuekin elkarlanan aritzea, “norberaren ibilbide eta nahiekin bat eginez”, bertara informazio eske datozen pertsonak zuzenki bideratu eta aholkatzeko helburuagaz.
  Ekonomia 2005-02-01 10:45

Kotxeak batzeari ekin diete garabilariek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garabilariek lanuztea alde batera utzi zuten atzo arratsaldean. Lanera bueltatu dira, baina hemendik aste batera autoen bilketa "selektiboari" ekingo diote. Hain zuzen ere, "astebeteren buruan enpresaren batek ez badigu postaz, faxez edo telefonoz erantzun" garabi enpresek ez dituzte batuko aseguru etxe horren autoak, adierazi zuen atzo Joaquin Herrero Abeac-eko presidenteak. Abeacen datuen arabera, 23 aseguru etxeetatik 9k onartu dituzte dagoeneko 12 euroko igoerak kotxeen garraioetan.
  Ekonomia 2005-01-25 19:51

Berangoko bizilaguna zauritu da Getxon lan istripuaren ondorioz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Berangoko auzokidea den 49 urteko I.A.M. gizonezkoa zauritu da gaur goizean Getxo udalerrian lanean ari zela makina bateko palankak burua kolpatu dionean, DYAk jakinarazi duenez. Lan-istripua 10:00ak baino minutu batzuk lehenago gertatu da eta zauritua Areetako osasun-etxera eraman dute lehenik. Ondoren, Bizkaia Industriala Mutualitatera eraman dute, pronostiko erreserbatuko zauriak sendatzeko.
  Ekonomia 2005-01-21 19:51

Garabi enpresek grebari ekin diote berriro gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako gidariek kontuz jardun behar izango dute gaurdanik eta istripurik ez eduki, ez baita izango beraien kotxea jasoko duenik. Eta pixkanaka-pixkanaka baliteke errepideak izorratutako kotxeez loratzea eta arriskutsu bilakatzea. Garabi enpresek adostutako greba gaur 00:00etan hasi da, aseguru etxeekin mantentzen zituzten elkarrizketetatik inolako akordiorik gabe atera ostean.