Aratusteak Uribe Kostan

Erandion ere ostatuek ordutegi bereziak izango dituzte Aratusteetan

Iker Rincon Moreno 2015ko ots. 13a, 16:30
Inauteri kalejira Altzagako Jado kalean. © Erandioko Udala

Getxo udalerrian bezala, Erandion ere denbora gehiago izango da asteburuan nork besteei mozorroa erakusteko. Izan ere, ohiko topaguneak diren kafetegiek, tabernek, pubek eta bestelako ostatuek ordutegi berezia izango dute, Erandioko Udalak beren-beregi agindutako dekretuari jarraiki. Aste Santuan ere ordutegi berberak aplikatuko dituzte.

"Herritarrek orokorrean atsedena izateko duten eskubidea aintzat" hartuta, honako hauek izango dira otsailaren 13 eta 14ko, gaur eta bihar, zein apirilaren 1etik 5erako gauetan ixteko ordutegiak:

• 1.go taldeko ostatuak: txurro-dendak eta dastalekuak: 01:30ean.

• 2. taldeko ostatuak: kafetegiak eta tabernak: 03:30ean.

• 3. taldeko ostatuak: pubak eta klubak: 05:00etan.

• 4. taldeko ostatuak: diskotekak: 07:00etan.

Dekretu berean, Joseba Goikouria alkateak gogoratu du aipatu ordutegiak bete ezean Udalak ordutegien gaineko akta egin eta, "bidezkoa izanez gero, zigor espedientea irekiko" duela. Era berean, azpimarratu du "erabat" galarazita dagoela taberna, kafetegi, jatetxe, eta antzeko lokaletan kanpoaldean musika aparailurik jartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun