Martxoak 8 Uribe Kostan

Parekidetasuneranzko pauso zehatzak ematea adostu du Erandioko Udalak

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 7a, 10:15
Elkarretaratze feminista Altzagan, artxiboko irudian.

Martxoaren 8ko adierazpena onartu du aurten ere Erandioko Udalbatzak, Eudelena berea eginez. Zortzi puntuak gehiago zehazteko eskatu du EH Bilduk.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harirako adierazpena onartu zuen Erandioko Udalbatzak pasa den otsailaren 25ean. Eudelen testuan, oinarrizko zortzi puntu markatu dituzte, Udalak konpromiso zehatzak gara ditzan. Honako hauek dira: demokrazia izan dadin, "emakumeek eta gizonek parte-hartze berdina izan dezaten erabakiak hartzeko prozesuetan"; parekidetasuna "agenda politikoaren erdigunean» egotea; «berdintasunaren aldeko konpromiso formal bat" hartzea, "Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna Lortzeko Europako Gutuna" sinatuz; berdintasuna "sustatzeko neurri politiko konkretuak" hartzea "eta horren inplementaziorako beharrezkoak diren finantza eta giza baliabideak eskaini ditzatela"; emakumeek "pairatzen jarraitzen duten indarkeria salatzea"; "genero-indarkeria prebenitzeko eta horren biktimak babesteko eta laguntzeko politika eta lege bateratuak»"eskatzea; "gerra eta jazarpenetik ihes eginda" iristen diren emakume eta umeen "behar espezifikoak" kontuan hartzea; eta "maila globalean elkarlanean aritzeko borondatea" erakustea.

Deklarazioa EAJ, Ganemos, PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz onartu zen, EH Bildu abstenitu egin baitzen. Independentistek baliatu gura izan zuten eztabaida berdintasun-teknikari baten lanpostua, ikerketa-beka bat eta bestelako konpromiso zehatzago batzuk onar zitezen. Halere, euren proposamena baztertu zuten EAJ, PSE-EE eta PPk. Egokiñe Angulo EAJren eledunaren ustez, onartutako testuan «pausoz pauso goazela adierazten da".

Eudelen adierazpena, Erandioko Udalbatzak onartua

Udalerri eta Eskualdeetako Gobernuek bat egin dute Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren alde, Europan eta Munduan

Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluko (CCRE-CEMR) Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasuna Tokiko Bizitzan Sustatzeko Batzorde Iraunkorrak adierazi du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna funtsezko eskubidea eta oinarrizko balioa dela demokraziarentzat. Tokiko eta eskualdeetako gobernuak herritarrengandik gertuen dauden esferak dira, eta, hortaz, esku-hartzerako maila garrantzitsuak dira oraindik ere dirauten desberdintasunei aurre egiteko eta emakumeen eskubideak Europan eta mundu osoan sustatzeko.

Emakumeen Nazioarteko Egun honetan, 2016ko martxoaren 8an, tokiko eta eskualdeetako gobernuen ordezkariak helburu hauen inguruan elkartu dira:

  • Gogoratzea demokrazia ezin eraiki daitekeela emakumerik gabe, eta, horrenbestez, beharrezkoak diren neurriak hartu behar direla, maila guztietan –tokikoa, eskualdekoa, estatukoa eta Europakoa-, emakumeek eta gizonek parte-hartze berdina izan dezaten erabakiak hartzeko prozesuetan;
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gure balioen eta europar gizarteen oinarrizko elementua dela bermatu dezatela eskatzea estatuetako gobernuei eta Europako instituzioei; beraz, elementu horrek agenda politikoaren erdigunean egon behar du, eta politika eta lege garrantzitsu guztietan txertatu behar da;
  • Berdintasunaren aldeko konpromiso formal bat hartu dezatela eskatzea Europako hiri eta eskualde guztiei, CCRE-CEMRk 2006an plazaratu eta dagoeneko 1.500 hiri eta eskualdek baino gehiagok sinatu duten Tokiko Bizitzan Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna Lortzeko Europako Gutuna sinatzearen bidez;
  • Berdintasuna eskualde eta toki mailan sustatzeko neurri politiko konkretuak hartu ditzatela eskatzea Gutunaren sinatzaileei, CCRE-CEMRk Behatoki1  honen bidez eskura jartzen dituen tresnak erabiliz, estatu bakoitzean tokiko eta eskualdeetako gobernuei ematen zaizkien botereen arabera; eta horren inplementaziorako beharrezkoak diren finantza eta giza baliabideak eskaini ditzatela.
  • Emakumeek XXI. mendean pairatzen jarraitzen duten indarkeria salatzea: bizitza pribatuan zein publikoan emakumeen aurka zuzentzen den indarkeria forma guztiei aurre egin behar zaie eta ezabatu egin behar dira, honako forma hauek barne sartuta: emakumeen trafikoa, sexu-esplotazioa, etxeko indarkeria eta giza eskubideak urratzen dituzten gainerako ekintza guztiak;
  • Genero-indarkeria prebenitzeko eta horren biktimak babesteko eta laguntzeko politika eta lege bateratuak sortu ditzatela eskatzea estatuetako gobernuei eta EBko instituzioei. Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta haren aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (Istanbulgo Hitzarmena) berretsi dezatela eskatzea gobernu nazionalei;
  • Kontuan hartzea gerra eta jazarpenetik ihes eginda gure hiri eta udalerrietara iristen diren errefuxiatuen artean dauden emakume eta haurren behar espezifikoak; beharrezko harrera eta arreta ziurtatzea, eta era guztietako indarkeria eta diskriminazioa eragoztea;
  • Maila globalean elkarlanean aritzeko borondatea erakutsi dezatela, Nazio Batuen Erakundearen 2030eko Agendaren 5 Helburuak lortzeari begira, horrek xedetzat hartzen baitu emakumeen aurkako diskriminazio forma guztiak ezabatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun