Musika-bandagaz hitzarmena berretsi du Erandioko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 15a, 17:24
Erandioko auzoko jaietan 13 kontzertu emango ditu Erandioko Musika Bandak. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalaren Erandioko Musika Banda musika-elkarteren arteko hitzarmenak beste urtebete iraungo du, udalerrian musika-jarduerak bultzatzeko asmoz.

Hala, eragile biek adostu duten legez, musika-bandak 28 emanaldi egingo ditu aurten udalerrian. Horien arteko 13 auzoetako jaietan izango dira; beste 9 emanaldi kultur eta kirol-ekimenetan izango dira; azkenik, bestelako 6 kontzertu emango dituzte Erandioko Musika Bandako kideek. Gainera, bandak Erandioko Udal Musika Eskolan trebatutako musikariak babestuko ditu, horiei irtenbidea emanez. Erandioko Udalak, bere aldetik, 90.000 euroko diru-laguntza emango dio musika-elkarteari, bandak aurre egin ahal izateko honako gastuei: kideen dietak, material berriak erosi edo hobetu, bekak, Musika Eskolan prestatutako musikariak bandan sartzeak ekar ditzakeen gastuak eta musika-elkartearen partaideak trebatzeko.

Erandioko Udal Musika Eskolak bandari emango dio gai diren ikasle eta interesdunen zerrenda, musika-elkartean gerta daitekeen behin-behineko zein behin betiko edozein hutsune betetzeko, bertako ikasleek irtenbidea izan dezaten, eta bandaren etorkizuna bermatzeko. Horretarako, nahikoa izango da musika-bandak eskaera egitea. Era berean, bandak aukera emango die ikasleei eurakaz entseatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun