Emakume migratuen prestakuntzarako gunea sortuko dute Erandion

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 24a, 17:00
Ainara Azpiazu Axpik Astrabuduan gidatutako horma-irudi kolektiboa. © ECUADOR ETXEA

Erandioko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak martxan ipiniko du emakume migratuen prestakuntzarako elkargunea, datorren barikutik, hilak 28, eta uztailaren 8ra arte. Udalak zabaldu duenez, talde horren helburua mota denetako proiektuak, esperientziak eta sentimenduak partekatzea izango da.

Emakume migratuek aukera izango dute, batetik, "zailtasunak, dudak eta nostalgiak" partekatzeko eta, bestetik, "pozak eta kemena, eta baita helburuak, ametsak eta esperantza berriak berreraikitzeko bideak ere". Berdintasun teknikariek gogorarazi dutenez, erronka askori egin behar diote aurre, emakume gisa ez ezik, atzerritar eta langile gisa "zailtasun eta oztopo denen gainetik" atera behar baitute. Elkarguneko prestatzailea Cony Carranza Castro izango da.

Ikastaroak bariku honetan aurkeztuko dituzte topaketa informal baten bidez. Hala, azalpenak emateaz gainera askaria ere izango dute Behargintzako egoitzan (Altzagako Desanexio kalea, 4). Saioa 18:00etan hasiko da eta 20:00etara arte luza daiteke. Bitartean, haurtzaindegi zerbitzua egongo da, 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, aurretik eskatuz gero. Prestakuntzaren gainerako saioak leku eta ordu berean izango dira, honako bariku hauetan: maiatzak 12, maiatzak 26, ekainak 9, ekainak 23 eta uztailak 8.

Inskripzioa betetzeko edo argibide gehiago eskatzeko honako kontaktu-bideak erabil daitezke: berdintasuna@erandio.eus eta 944 175 616.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun