Jendartea 2005-12-14 23:04

Eskola-porrota arintzeko ahaleginetan jarraituko dute Astrabuduako Inazio Aldekoa ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bultzatzen egitasmoak lehenengo urtean lortu dituen emaitza onak ikusita, sendotzeko eta finantza baliabide handiagoz hornitzeko erabakia hartu du Erandioko Udalak. Bereziki lehen hezkuntzako azken bi ikasturteetako eta bigarren hezkuntzako lehen bietako neska-mutilei zuzenduta dago ekimena eta hezkuntza ziklo horiek ematen dituzten Astrabuduako Inazio Aldekoa ikastetxea (argazkian) osatzen duten bi zentroek parte hartuko dute horretan. Deustuko Unibertsitateko Pedagogia Sailak koordinatzen du Bultzatzen egitasmoa.
  Kultura 2005-12-03 23:17

Bordatxu gazte txokoa ia egunero zabalduko dute gabonetako oporraldian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandion Euskaraz Berbotsek abian jarritako gazte txokoa astean zehar ere zabalduko da gabonetan hainbat ekintza eta tailer burutzeko, Bordatxu gazte txokoaren talde eragileak gaur arratsaldean jakinarazi duenez. Zehazki, Bordatxu abenduaren 27tik urtarrilaren 4ra egunero zabalduko da, Gabon zahar eta urte berri egunak izan ezik. Era berean, dagoeneko 80 gazte egin dira bertako bazkide eta astebururo 45-60 bat gaztek toperaino betetzen dute san Jeronimo 14ko gazte txokoa, Ianire Morales Goenetxea bertako koordinatzaileak aitortu digunez: "nahiz eta beti guztiak ez etorri, lokala txiki geratu zaigu". Agian horregatik bazkideek eskatu dute jada lokala egun gehiagotan zabaltzea. Talde eragilea, berriz, kontua aztertzen ari bada ere oraindik ez du erabakirik hartu: "datorren urteari begira aztertzen hasi gara". Azkenik, gazte txokoan egiten den euskararen erabilpenaz harro agertu da Morales: "batzutan baten bati esan behar diozu euskaraz egiteko, baina bestela oso ondo doa. Kalean egiten ez dutenek edo ikastolan egiten ez dutenek hemen egiten dute euskaraz".
  Kultura 2005-11-30 23:28

Inauterietarako kartel lehiaketa deitu du Erandioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren urteko Inauteriak iragartzeko kartela zein izango den erabakitzeko lehiaketa antolatu du du Erandioko Udaleko Kultura, Gazteria eta Kirol Arloak. Nahi duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute horretan, betiere argitaratu gabeko kartelak aurkezten badituzte, udal arduradunek jakinarazi dutenez. Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ditzake gehienez. Zentzuzkoa denez, Inauteriak izango dira kartel lehiaketa honetako gaia eta, bereziki, honako hauek baloratuko dira: originaltasuna, Erandioko herriarekin zerikusia izatea eta kalitate artistikoa eta teknikoa. Lanak udaletxeko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailean (9:00-14:00), Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean (9:00-21:00) edo Altzagako udal liburutegiann (11:00-14:00 eta 15:45-19:00) aurkeztu daitezke 2006ko urtarrilaren 10era arte. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euro jasoko ditu.
  Jendartea 2005-11-30 22:57

Datorren urteko udazkenean hasiko dira Altzaga erriberako pasealekua egiten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itsasadar ertza oinezkoen gune bilakatuko da, Altzaga parean. ARN enpresaren instalazioetatik gaur egungo ontziralekuraino, 300 metro luzerako pasealekua egitea aurreikusten dute eta datorren urteko udazkenean hasiko omen dira eraikitze lanak. 1.800.000 euroko aurrekontua duen proiektua Erandioko Udala, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Bilboko Portu Agintaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Navacel enpresak finantzatuko dute. Argazkian, Erandiotik Barakaldorako joan-etorria egiteko txalupa.
  Politika 2005-11-22 23:43

Miguel Angel Blanco Fundazioaren "En pie de foto" erakusketa Erandiora ekartzea eskatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri PPk Miguel Angel Blanco Fundazioaren En pie de foto erakusketa (argazkian) udalerrira ekartzeko egin duen eskaera hurrengo Erandioko udalbatzarrean premiazko mozio gisa aurkeztuko du, gaur Javier Ruiz Erandioko Alderdi Popularraren Udal Taldeko bozeramaileak iragarri duenez. Alkateak popularren eskaera udalbatzarreko gaien zerrendan sartzeari uko egin diola salatu du Ruizek. Eta horregatik premiazko mozio gisa aurkeztea erabaki dutela gaineratu du. Zinegotziaren arabera, erakusketa hori udalerrira hurbiltzea “terrorismoak sorturiko biktimekiko eta zehatzago Miguel Angel Blanco eta bere familiarekiko elkartasuna, hurbiltasuna eta eskertasunaren erakuspena litzateke".
  Jendartea 2005-11-22 21:47

Emakumeenganako indarkeria arbuiatzeko ekimen ugari antolatu ditu Erandioko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekimen antolatu du Erandioko Udalak datozen egunotarako. Osteguna eta larunbata bitartean, mahai-ingurua, zinema emanaldia eta kontzentrazioa izango dira Erandion eta Astrabuduan, Gizarte Ekintza Arloak jakinarazi duenez. Genero bortxakeriaren kontrako jarrera agertzeko udaletxeko balkoian lazo zuria eskegiko da eta dendariei ikur berbera erabiltzeko deia egin die Udalak.
  Jendartea 2005-11-18 22:00

Erandioko bizilaguna zauritu da Errontegi parean izandako auto-istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Auto-istripua izan da 14:45ak aldera, A-8 autobidean, Barakaldo parean. Kantabriarako noranzkoan zihoazela, kamioi batek eta bi autok alboz albo elkar jo dute, Errontegirako sarrera inguruan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, Erandioko 27 urteko gizonezko bat arin zauritu da eta San Eloy ospitalera eraman dute. Ezbeharraren eraginez, bidearen zati bat itxita geratu da, eta auto-ilara luzeak sortu dira Kantabriarako noranzkoan. Arratsaldeko laurak aldera, errepidea guztiz ireki dute, eta, ordu erdi geroago, zirkulazioa bere horretara itzuli da.
  Jendartea 2005-11-09 22:00

Nazioarte mailan "bizitzeko komunitate egoki" izendatu dute Erandio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ekainean, 2005 LivComAward (The International Awards for Livable Communities) sarietarako bere burua aurkeztu zuen Erandioko Udalak. Tokiko erkidegoei zuzenduta, ingurumenaren kudeaketan eta bizitzeko komunitate egokien sorreran zentratuta dagoen munduko bakarra da. Guztira, 200 komunitate baino gehiago aurkeztu ziren finalista izateko. A Coruñan azaroaren 3tik 7ra bitartean lehiatu diren 40 bat udalerrien artean, Erandio izan da irabazlea 20.000 eta 75.000 biztanleen arteko sailean, "herritarrentzat gero eta bizigarriagoa den ingurua lortzeko egin duen lanagatik". "Sari hau lortzeak Erandio nazioarteko bizitzeko komunitate egoki baten eredu bihurtu dela esan nahi du", Mikel Arieta-araunabeña alkateak adierazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, lehiaketaren bitartez, "bizigarritasunari eta bizi-kalitateari dagokienez, nazioartean lortutako aintzatespena" goraipatu du udal agintariak. LivComAwards ekimena 1997an jarri zen abian, eta Nazio Batuen Ingurumen Egitasmoaren barruan dago. Argazkian, Mikel Arieta-araunabeña Erandioko alkatea eta Alfonso Martinez Cearra Bilbao Metropoli-30 elkarteko zuzendari nagusia, gaur udaletxean, saria eskuan dutela.
  Kultura 2005-10-28 23:38

Bordatxu gazte-txokoari harrera ona eman diote Erandioko gaztetxoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Tantaz tanta eta apur bat urduri, Erandioko hainbat kuadrila –batez ere, neskez osatutakoak– hurbildu dira gaur 17:00etan lehenengo aldiz ateak zabaldu dituen Bordatxu gazte-txokora, etxeetara bidalitako eskuorriei zein kale eta ikastetxeetan paratutako kartelei kasu eginez. Bertaratutako gazteak Berbots Erandion Euskaraz! taldeak egokitutako lokal txukunarekin topatu dira: txoko moduko egongela barnealdean eta komikiteka, zibertxokoa, liburutegia eta tailerretarako lekua duen aretoa kanpoaldean. Horrez gain, komuna eta dena antolatzeko bulego txiki bat ere badira bertan. Gaztetxoek Bordatxuren proiektua diseinatu eta berau aurrera eramateaz arduratuko diren bost neskak ezagutzeko aukera izan dute. Begiraleen arteko koordinazioa eramaten duen Janire Morales Goenetxearen aburuz "euskara ekintzen bidez sartu nahi dugu, baina zaila izango da, gazteak kaleko txiparekin baitatoz eta kalean kuadrilek gazteleraz egiten dute egun". Bestalde, Moralesek "dena eginda ez ematen" saiatuko direla azpimarratu du, izan ere neska-mutilek "badaukate asko aportatzeko ekimen honi".
  Kultura 2005-10-27 20:19

Ostiralean Bordatxu gazte-txokoa jarriko da martxan Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 28tik aurrera Erandioko nerabeek aisialdirako aukera berria izango dute. Izan ere, ostiralean 17:00etan irekiko ditu ateak lehenengo aldiz Bordatxu izeneko gazte-txokoak, Keli taldeak girotuta. Ehun bat metro koadroko lokala Erandio Bekoako San Jeronimo kalean dago eta Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak alokatu du herriko gaztetxoek erabil dezaten lagunekin egoteko, musika entzuteko, irakurtzeko, sarean nabigatzeko, mahai jokoetan aritzeko zein gogoko dituzten tailerretan aritzeko. Era berean, gazteek horrela nahi izanez gero, irteerak antolatzeko aukera aurreikusi dute Berbotsekoek. Lokala asteburuero egongo da zabalik, ostiral zein larunbatetan, arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, 12tik 16 urtera bitarteko gazteentzat, eta baldintza bakarra jarri du euskara taldeak: bertan erabiliko den hizkuntza euskara izatea. Bestalde, Bordatxu dinamizatzeko ardura Berbotseko Janire Morales Goenetxeak izango du, baina hainbat gazte dagoeneko prest agertu dira laguntzeko.
  Ekonomia 2005-10-27 15:25

"Diru-sarrerei eusteko" %4 igoko dituzte zergak eta tasak Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren urteko tasa eta zergetan, bataz beste, %4ko igoera onartu zuen, joan den astearteko osoko bilkuran, Erandioko udalbatzak (argazkian); tokiko gobernua osatzen duten EAJ eta EA taldeetako ordezkarien botoei esker. PSE-EE eta Ezker Batuko kideak, berriz, abstenitu egin ziren eta PPk ezezkoa eman zuen. 2005eko amaierarako aurrikusitako Kontsumorako Prezioen Indizearen pareko igoerak "udal diru-sarrerei eustea" ahalbidetuko duela adierazi zuen Joseba Goikuria Ogasun zinegotziak. Bestalde, Juan Otermin sozialisten bozeramaleak "zarama bilketaren kostuari buruzko informazio nahikorik ez" izatea argudiatu zuen Gobernu Batzordearen proposamenarekin bat ez etortzeko. Javier Ruiz popularren ordezkariak ere gauza bera adierazi zuen, onartutako hobariak "urritzat" jotzearekin batera, "familia ugariak eta gurasobakarrak bezalako gizarte taldeak kontuan hartzen ez dituztelako".
  Jendartea 2005-10-24 14:53

Hiru lagun zauritu dira Leioako campuserako errepidean hiru autok talka egitean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gizon bi eta emakume bat zauritu dira Erandiotik EHUko Leioako campusera doan BI-647 errepidean, Audi Coupe, Renault Megane eta Opel Astra batek elkar jo dutenean. Ezbeharra goizeko zortziak aldera gertatu da eta, ondorioz, unibertsitatera igotzeko bidea moztuta egon da denbora batez. Hiru zaurituak Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dituzte.
  Jendartea 2005-10-15 15:45

Gizon gazte bat atxilotu dute emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Portugaleteko 25 urteko mutil gazte bat atxilotu dute Erandion kalean zihoan emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik. Atzo goizeko sei eta erdietan gertatu zen eraso saioa: garajera zihoan emakumezko bat, ustezko erasotzaileak bidea moztu zionean. Biktima ihes egiten saiatu zen, baina erasotzaileak harrapatu egin zuen, eta sexu erasoa egiteko saioa egin. Hala ere, andrazkoaren laguntza eske garraisiak tarteko, alde egin zuen erasotzaileak. Ertzaintzak gertakarien berri izan eta lasterrera atxilotu zuen 25 urteko A.R.R., hantxe inguruan.
  Jendartea 2005-10-11 00:05

Bake epailea izateko lehiaketa ireki da Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko bake epaitegiko titularra izateko interesa duen edonork bere burua aurkeztu ahal izango du, bihartik aurrera, elizateko udaletxean dagoen Idazkaritza Sailean. Izan ere, Bizkaiko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu duhorri buruz Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkateak idatzitako iragarkia. Idazkian, kargua lau urterako izango dela eta aurkezteko hainbat betekizun daudela zehazten da. Hasteko, norberaren burua aurkezteko epemuga urriaren 28a izango da eta, horretaz gain, adin gainekoa zein Espainiako Estatuko nazionaletatea izatea beharrezkoa da. Bestalde, iragarkian alkateak zehazten duen moduan "epaile kargua betetzeko legez ezarritako ezgaitasun eta bateraezintasun baldintzak bete behar dituzte interesatuek". Espediente osoa Idazkaritza Sailean jaso daiteke. Argazkian, Erandioko Udaletxea.
  Jendartea 2005-10-06 13:01

Kale izen berriak Erandio Goikoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandio Goikoan eraikitzen ari diren etxebizitza multzo berriari Elexalde auzunea izena ematea erabaki zuen Erandioko udalbatzak, irailaren 29an izandako osoko bilkuran. Aldi berean, Jesus Maria Olague "Txuma" izena eman diote etxebizitza eta merkataritza eta aisialdirako gunearen artean sortu den kale berriari. Bestalde, Andra Mari elizaren inguruan ere zenbaki batzuk aldatu egingo dira, orain Altzaga-Goikoa errepidea ez delako bertaraino iristen.
  Jendartea 2005-10-04 22:32

Sei hilabete emango dituzte Astrabuduako saneamendu-sarea berritzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Ur zikin eta euri urentzako hoditeria eta erregistro-putzuen egoera ezin txarragoa dela ikusita", Astrabuduan saneamendu-sarea berrituko du erabat Erandioko Udalak. Besteak beste, urriko bigarren hamabostaldian hasiko dira lanak eta sei hilabetez luzatuko dira, "beti ere sortu daitezkeen ezbeharrak kontutan izanda", Asier San Nikolas Hirigintza zinegotziak atzo adierazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, saneamendu-sarea horren egoera kaskarrean egotea da, udal arduradunaren hitzetan, "auzotarrek egunero sufritu behar izaten dituzten ixte eta usain txarren iturburua". "Arazo teknikoak ezezik, ingurumenaren gainekoak ere eragiten ditu horrek", San Nikolasek ziurtatu zuenez. Guztira, 435.366 euroko aurrekontua dute lanek. (Argazkia: Astrabuduako ia herrigune osoan izango dute eragina lanek; Etxegorri kalean, besteak beste).
  Kultura 2005-09-30 22:49

Jatorri ezberdinetako astrabuduarrak batuko dira biharko ospakizunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaztela eta Leongo Eskualdeko Zentroak egingo duen kalejirarekin emango zaio hasiera 11:30ean, Astrabuduako Gizarte eta Kultur jaiaren bigarren edizioari. Besteak beste, jatorri ezberdinetako dantzek eta musika doinuek jantzitako giro alaiaz gozatu ahal izango dute egun osoan, Josu Murueta plazan batzen direnek. Izan ere, aipatu zentroak ezezik, strabuduko Merkatarien Elkarteak, Trabudu Dantzari Taldeak, Abots Alai Abesbatzak eta Extremadurako Etxeak ere parte hartzen dute ospakizunaren antolakuntzan.
  Jendartea 2005-09-23 21:26

Mugikortasunari buruzko jarduerak urte osora zabalduko dira Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 16tik 22ra bitartean, Europa osoan ospatu den Mugikortasun Iraunkorraren Astea urte osora zabaltzea erabaki du Erandioko Udalak. Hain zuzen ere, atzo bertan, Autorik Gabeko Eguna ospatuz ekin zion tokiko erakundeak, garapen iraunkorrari buruzko urteko kanpainari. Ekintzak hilero egitea aurreikusten du Udalak eta hitzaldiak, bizikleta ibilaldiak herrian zehar, "Metro-bizikletan", eta bestelako jarduerak gauzatuko ditu hilabete amaieretan. Erandioko Udalak bizikletak jarriko ditu erabiltzaileen eskura jarduera horiek gauzatzeko. Bestalde, herriko elkarteekin ere harremanak izango ditu gai horren inguruko ekintzak garatzeko, jakinarazi dutenez. (Argazkia: Besteak beste, Obieta kalean moztu zuten atzo trafikoa).
  Ekonomia 2005-09-23 21:14

Ia 700 erandioztarrek erabili dute Aholkularitza eta Prestakuntza Zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Behargintzak, Erandioko Udalaren Enplegu Zentroak, 696 pertsonari eskaini dio aholkularitza eta prestakuntza aurtengo lehen seihilekoan. Bekoa ikastetxean daude Behargintzaren bulegoak eta prestakuntza, informazio, orientazio, praktika, bek- eta langile eta enpresen arteko bitartekotza-zerbitzuak eskaintzen ditu. Iaz zerbitzu horiek erabili zituzten 390 pertsonaren jarraipena egin du Erandioko Udalak oraintsu eta, horietatik, 255 pertsona gaur egun lanean ari dira, tokian tokiko erakundeko iturrien arabera. Gainontzekoek prestakuntza amaitu berri dute edo ikasketekin jarraitzen dute.
  Jendartea 2005-09-23 21:01

Haurrek euren eskubideak defendatzearen beharra aldarrikatuko dute bihar Akarlandako Osasun Jaian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Udalak antolatuta, Osasun Jaiaren aurtengo edizioarekin gozatu ahal izango dute larunbat honetan, 10:00etatik 18:30era, Akarlanda parkera hurbiltzen diren guztiek. Udal iturriek jakinarazi dutenez, urteroko ospakizuna haurrei zuzenduta egoten da gehienbat; "Gogoratu, zure eskubideak defendatu eta zabaldu" da biharko aukeratutako leloa. Goizetik aurrera, jolasak, tailerrak, kalejira, Erandio musika banda, dantzak, karaokea, globo aerostatikoa, puzgarriak, eta beste hainbat jarduera egongo dira. Gainera, Akarlandara joan-etorria egiteko autobusak ibiliko dira doan jaia iraun bitartean.

Nabarmenak

Zorion agurrak