Kultura 2005-09-22 12:07

Sabin Gaztañaga euskaltzale erandioztarra omenduko dute larunbatean Sondikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtero legez, aurten bere omenaldia egingo deutso Txorierriko AEK-k Sabin Gaztañaga Koordinakundeko Bizkaiko arduradun izandakoari. Zapatu honetarako deialdia egin dabe Txorierriko AEKko kideek Sabinen lagun eta euskaltzale guztiei. Datorren zapatuan, hilak 24, eguerdiko 12:30etan, omenaldia eskainiko zaio Sabin Gaztañagari Sondikako kanposantuan. Bertan agurra dantzatu eta lore-eskaintza egingo da. Bertsoak eta gero AEKko kideek prestatutako lagun arteko luntxa izango da.
  Kultura 2005-09-16 15:44

Alderdiaren barruan euskararen erabilera bultzatzeko "Esaidazu Euskaraz" kanpaina jarriko du martxan EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren irailaren 25ean, EAJko Alderdi Eguna, alegia, abiatuko du Euzko Alderdi Jeltzaleak "Esaidazu Euskaraz" izeneko kanpaina. Ekimen horren helburuak dira alderdi barruan euskararen erabilera bultzatzea, "hau da, euskaldunek euskaldunekin euskaraz hitz egin dezatela", eta euskaldun kopurua alderdi barruan haztea: "erdaldunak ere animatu nahi ditugu euskara ikas dezaten eta euskaraz bizi daitezen". Era berean, alderdiko "Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana" onartzeko lagungarria izango delakoan dago EAJ.
  Kultura 2005-09-16 11:49

Gaur hasi eta asteburu osoan luzatuko dira Lutxanako jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral honetan, 19:00etan, Lutxana Arraun Elkarteko kideen ardura izango da Erandioko auzo horretako jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzea. Ordu erdi beranduago, berriz, ohiko zinta lasterketa egingo dute. Eta 20:07an (ordu bitxia benetan!) jolasak egongo dira tabernetan zehar, fanfarrearen doinuek alaituta. Gauerdian, dantzaldia egongo da Kimu taldearen eskutik non Sum magoak ere parte hartuko duen. Amaitzeko, txokolatada egingo dute 6:17an. Larunbat eta igandean ere aukera aparta izango dute Lutxanara hurbiltzen direnek bertoko jaiez gozatzeko. Anitzak dira antolatu dituzten ekitaldiak: bazkari herrikoiak; umeentzako jolasak; mus, mozorro, tortilla... txapelketak, eta beste jarduera ugari. Argazkian, Lutxanako arraunlariak.
  Jendartea 2005-09-15 14:51

Udazkenean hasiko dira Astrabuduako saihesbideko bigarren zatia egiten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astrabuduako saihesbideko (II fasea) enkante prozesuari hasiera eman dio Bizkaiko Foru Aldundiak. Aurrekontua 6,62 miloi eurokoa da. Lanak, seguru asko, datorren udazkenean hasiko dira, eta horiek burutzeko epea 24 hilabetekoa izango da, udal iturriek jakinarazitakoaren arabera. Azpiegitura honen helburua Erandioko auzo honetan trafikoa arintzea, eta era berean, Avanzada eta itsasadarreko errepidea lotuz, ordezko bidea egitea da. Gainera, Udondoko eta Lamiakoko industrialdeetarako sarbideak ere egingo dituzte. Argazkian, saihesbideko lehenengo zatia egiteko Mezo kalean egindako lanak.
  Jendartea 2005-09-04 16:35

Milaka fededun igo dira Unbera Andra Mariari erregutzera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Milaka pertsona, hamar mila antolatzaileen arabera, igo ziren atzo arratsaldean Unbera 1978tik urtero ospatzen den prozesioan. 17:00etan hasitako bidea Felisa Sistiaga zenaren etxeraino heldu zen, bertan arrosarioa errezatzeko eta ondoko iturburutik sendagarria omen den ura edateko. Goizean ere hainbat jendek hartu zuen parte Unbeko Andra Mariaren ikonoaren aurrean egindako mezan. Felisa Sistiagak Ama Birjina agertzen zitzaiola zioen eta bere esanetan lehenengo aldia 1941eko martzoaren 25ean izan zen eta azkena 1988ko abenduaren 8an, tartean 1969ko uztailaren 20an Ama Birjinak berari sagaratutako kapera egitea eskatu omen zuena. Sistiaga 1990an hil zen, eta Ines Arrieta Sistiaga bere alabak Unbeko Andra Maria gurtzeko ardura hartu du bere gain, Getxon egoitza duen eta fededunen diru-laguntzen bidez sostengatzen den Felisa Sistiaga Unbeko igarlearen familiarekiko kolaboratzaileen elkartearen bidez.
  Kultura 2005-09-04 15:21

Enekuriko jaiek azken txanpa biziko dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hirugarren eta azken eguna da gaur Enekuriko Jaietan. Altxatzeko arazoak ekiditeko ohiko diana eta kalejira burutu dira goizeko 9:00etan, baina 11:00ak arte ez dira hasi eguneko ekitaldiak gaztetxoentzako tortilla lehiaketarekin. Ordu bat beranduago zendutako auzokideen oroimenez meza nagusia izan da eta elizako ekitaldiaren ondoren Erandioko Musika Banda kontzertuan hasi da 13:00etan. Kontzertu erdian nagusiek aitzaki galanta izango dute aulkitik altxatzeko, izan ere, 13:30ean mokadua jateko hitzordua daukate auzoko jubilatu guztiek. Jaien amaiera, berriz, arratsaldean izango da publiko gazteago batekin, umeentzako jolasek eta txokolatadak emango baitiete amaiera Enekuriko 2005eko jaiei.
  Jendartea 2005-08-31 15:24

Sutearen ondorioz Enekuriko errepidea itxi behar izan zuten bart

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sute handia piztu zen atzo gauean Asuako industrialdean kokatutako Lanak enpresan, Erandion. Ondorioz, Enekuritik jaisteko errepidea (Bi-3705) eta bertatik igarotzen den Euskotreneko katenaria moztu behar izan zituen Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Dena den, sua kontrolpean izan aurretik, berriro ireki zuten bidea.
  Kultura 2005-08-25 20:35

Erandioko erraldoi eta kilikien konpartsak 20 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri San Agustin jaiekin batera, urteurrena bete du kiliki eta erraldoien konpartsa erandioztarrak. Aukera horretaz baliatuz eta Bizkaiko hainbat erraldoi konpartsek utzitako gauzei esker, Erandioko Udalaren Kultur Arloak konpartsa horri buruzko erakusketa zabaldu zuen atzo bertan udaletxeko beheko solairuan. Erakusketan 1814. urtetik honako hainbat argazki, idazki, erraldoi eta kiliki ikus daitezke irailaren 4ra arte.
  Kultura 2005-08-25 20:15

San Agustin jai euskaldunak gozatzeko egitaraua osatu du Berbotsek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uda bor-bor dagoela, hona hemen Erandioko San Agustin jaiak (abuztuaren 25ean, eguena, hasita, abuztuaren 29an, astelehena, amaituta); aurten ere, euskaltzaleen partehartzea ezinbestekoa izango da gure herria gero eta euskaldunago egiteko. Hauxe duzue proposatzen dizuegun plana: abuztuaren 25ean, eguena, Berbots-bazkaria. “La plaza” tabernako arkupean egingo dugu beti lez; bertan apuntatzeko zerrenda izango da: hantxe ere, goizeko 11:00etan gelditu gara den-dena prestatzeko. Ahaztu barik 13:00etan plazan txupinazoa izango dela. Arratsaldean, “La Plaza” tabernan 20:00etan hasita, tabernaz-taberna herri osoan Kantagunea ibiliko da.
  Kultura 2005-08-25 16:22

Erandioztarrek hasiera eman diete jaiei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguerdiko ordubata aldera pregoia irakurri ostean zeru odeitsurantz botatako txupinarekin batera hasi dira Erandioko herrigunea osatzen duen Altzaga auzoko jaiak. Udaletxe plazan bertaratutakoek txanpaina artean ospatu dute jaien abiapuntua. Galdu egin dutenek bigarren aukera daukate arratsaldeko 17:00etan, ordu horretan baita umeentzako propio egindako txupinazoa. Eguerdian zehar erraldoi eta kilikiek girotu dituzte kaleak Asdrubal fanfarreak lagunduta. Arratsaldean, koadrilen jaitsiera, antzerkia, kantagunea eta sagardotegi ibiltariaren txanda izango da. Gaua Hakker orkrestrak irekiko du. Irudian, iazko jaietako une bat (argazkia Erandio@Homekoa da).
  Jendartea 2005-08-23 15:09

Pertsona bat hil da Erandion motor istripu batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Motor-gidari bat hil zen atzo Erandion goizeko 6:30ak aldera, trafiko istripuz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Ezbeharra BI-737 errepidean, Asuarako norabidean, izan zen, Ertzaintzak emandako informazioaren arabera. Errepide hori Erandioko Goikoatik Asuako biribilgunera arte itxita izan zuen Ertzaintzak bi orduz, hildakoaren gorpua epailearen baimenarekin eraman zuten arte.
  Kultura 2005-08-13 22:10

Erandio Goikoa Andramariko jaiak eta Goi-Alderen 40. urteurrena ospatzen ari da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arratsaldeko 17:00etan eman diete hasiera Andramariko Jaiei. Txupinazoaren ostean Ardoa Barrura fanfarriak ireki du ohiko kalejira. 19:00etatik, berriz, 40 urte bete dituen Goi-Alde Dantza taldea eta Lantziegoko Iradier Salaberri taldea dantza erakustaldia burutzen ari dira. 22:00etan Goi-Aldek bere 40. urteurrena ospatzeko prestatutako herri-afariaren ordua izango da, beti ere aurretik txartela erosi bada. Gaua 00:00etan hasiko da Amaiur taldeak eskainiko duen rock-erromeriaz. Bihar, besteak beste, baserriko produktuen azoka, sokatira probak eta Briganthya taldearen kontzertua ikusteko aukera izango da. Astelehenean, Goi-Alderen belaunaldi guztiak batuko dira dantzan, ondoren herri bazkaria izango da eta arratsaldean erromeriaz gozatu ahal izango da. (Argazkian, Goi-Alde dantza taldeko aspaldiko irudia).
  Politika 2005-07-19 12:12

Hainbat gazteren babespean hartu du Aiboa Casaresek 'Haika-Segi auziko' epaia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaztesareak zabaldutakoaren arabera, atzo goizean joan zen Aiboa Casares Astrabuduako gazte auziperatua Erandioko Bake Epaitegira, "Haika-Segi auziko" epaiaren bila. Hori dela eta, Uribe Kosta eskualdeko 20 gaztek elkarretaratzea burutu zuten epaitegiaren aurrean, "Sententzia honek zuek beste nazka ematen digu. Gurekin jai duzue!" lelopean, aipatu auzia "iruzurra baino ez" dela salatzeko. "Azken aldi honetan, euskal gazteriaren aurkako kriminalizazio eta errepresioaren aurrean, euskal gazteok estatu zapaltzaileei gogor erantzun diegu, hartara gogora dezatela aurrean izango gaituztela borrokan gogor eta tinko erantzunez!", adierazi zuten gazteek.
  Jendartea 2005-07-13 12:11

Motor-gidaria zauritu zen atzo goizean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pronostiko erreserbatuko zauriak jaso zituen atzo goizean 24 urteko mutil batek, gidatzen ari zen ziklomotorrak albotik Renault Megane autoa jo zuenean, biak ala biak Getxorako norabidean zihoazenean. Ezbeharra 11:00ak aldeta izan zen, C-6311 errepidean, itsasadarreko bidea ezizenez ezaguna den zatian. Istripuaren ondorioz, Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten motor-gidaria, Bilboko J.E.F. gaztea.
  Kultura 2005-06-21 12:36

Erandioko toponimia Madrilen eta Salamancan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen bat sinatu zuten atzo (ekainak 20) toponimia ikertzeko eta arautzeko. Erandioko toponimia finkatu, arautu eta normalizatzeko udaletxeko artxiboaz gain, Bizkaikoak, Madrilekoak eta Salamancakoak ere arakatuko dira. Udalaren izenean, Mikel Arieta-Araunabeña alkateak eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu zuten (argazkian ezkerretik eskuinera / erabili.com). Hitzarmen horren xedea honako hauxe da: Erandioko toponimoak eta herriko ageriko hizkuntza-paisajea normalizatzea.
  Jendartea 2005-06-21 12:18

Erandioko gaztea hil da Loiun izandako auto istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko gazte bat hil zen atzo goizean (ekainak 20), Loiuko sarreran, istripuz. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 25 urteko gizonezkoak zeraman autoaren kontrola galdu, errepidetik atera eta farol bat jo zuen. Goizeko 6:11n gertatu zen istripua, N-633 errepidean, Loiu parean. Suhiltzaileek atera zuten autotik, eta orduan konturatu ziren, hilda zegoela.
  Politika 2005-06-20 19:19

Baliteke Aiboa Casares espetxera bueltatzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi urte eta erdi eta hiru urte eta erdi arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak 'Haika-Segi auzian' epaitutako 28 gazteetarik 24ri. Zehazki, gazte horiek "legez kontrako elkarteko buruzagi edo kide" direla dio epaiak, baina, era berean, Jarrai, Haika eta Segi ez direla "erakunde terroristak" ebatzi du, "ETAren helburuekin bat egin arren" ez dutelako inoiz armarik erabili. Epaituei ezarri dizkieten zigorrak Fiskaltzak eskatutakoak baino nabarmen txikiagoak dira. Gainera, epaituetako lau absolbitu egin ditu tribunalak. Aiboa Casares astrabuduarrari dagokionez, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diote, eta hainbat hedabidek zigortu gehienak berehala libre geratuko direla adierazi arren, behin behineko espetxealdia (lau urte) bete baitute jada; Casaresen kasuan ez dago hain argi, Arantza Zulueta defentsako abokatuak UKBERRIri egindako adierazpenetatik ondorioztatu daitekeenez. "Epaia behin betikoa izan arte, ez da inor espetxera bueltatu beharko. Gainera, Espainako Auzitegi Gorenak du azken hitza defentsak aurkeztuko dituen errekurtsoen gainean, eta horren arabera izango da guztia", azaldu du Zuluetak. Kontua da, gazte astrabuduarrak hiru urte, hilabete bat eta hainbat aste egin dituela espetxean, epaileak ezarritako zigorra baino gutxiago alegia. (Argazkian, Casaresi maiatzaren 7an egin zioten ongi etorria).
  Jendartea 2005-06-17 12:40

Emakume bat bigarren solairutik bota egin da bere bikotekideak ez jipoitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur, goizeko ordubata aldera, S.C.S.Y 37 urtetako gizonezkoa atxilotu du Ertzaintzak Erandioko tartanga kalean, bere bikotekidea kolpatu duelakoan. Emakumea ospitale batera eraman dute, bere senarrak jipoitzera zihoanean balkoitik bere burua botatzearen ondorioz hanketan zauri larriak zituela. Ertzainak auzokideek deituta bertaratu direnean kalean botata aurkitu dute emakumea. Anbulantzia eskatu ostean, poliziak bigarren pisura igo dira eta bertan mozkortuta zegoen S.C.S.Y. atxilotu dute. Ertzaintzak jakinarazi duenagatik, bigarren aldia da S.C.S.Y. atxilotzen dutela, baina ez dute zehaztu lehenengo atxiloketaren arrazoia zein izan zen. Atxilotua epailaren aurretik pasatzeko zain dago, ertzain-etxean.
  Jendartea 2005-06-15 23:00

Egoera larrian daudenentzako etxebizitzak behingoz sortzeko eskatu dio Udal Gobernuari Erandioko Ezker Batuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Natalia Rodriguez (argazkian) Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotzi bakarrak EAJk osatzen duen Erandioko Udal Gobernuari egoera larriak pairatzen dituztenentzako etxebizitzak sortzeko zegoen hitzarmena Udal Batzarrera eramatea eskatu dio. Ezkerreko alderdiak prentsa oharrean azaldu duenez, iragan den maiatzaren 13an alderdi guztiek, aho batez, onartu zuten komisioan etxebizitza horiek martxan jartzea. Bertan, etxebizitza ezaren eraginez, etxe gatazka larriengatik, gertaerengatik zein baldintza sozioekonomiko eskasak izatearen ondorioz egoera larrian egon litezkeen pertsonei ostatua emateko.
  Jendartea 2005-06-03 11:46

Bost lagun zauritu ziren atzo Erandion izandako auto-istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzaren iturriek jakinarazitakoaren arabera, 15:40 inguruan lau autok elkar jo zuten Erandion eta, ondorioz, bost lagun zauritu ziren. Bizkaiko ospitaleetara eraman behar izan zituzten guztiak osatuak izateko. Polizia iturriek gaineratu dutenez, istripua izan den lekutik auto ugari pasatzen dira egunero. Bi karril moztu behar izan zituzten eta ondorioz, auto ilara luzeak sortu ziren Txorierriko korridorean; Erandiotik Derio bitartean, hain zuzen ere.

Nabarmenak

Zorion agurrak