Gazteok 2009-04-29 21:25

Gaztetxearen beharra aldarrikatuko dute larunbatean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egun osoko egitaraua antolatu du larunbat honetarako, maiatzak 2, Erandioko Gazte Asanbladak, bi urte egiten dituztela ospatzeko. Joan den astean egindako okupazio sinbolikoarekin "borrokatzeko eta antolatzeko" duten ahalmena erakutsi zutela adierazi dute neska-mutil erandioztarrek. Urteurren eguneko kalejiran ere gaztetxearen beharra aldarrikatuko dute beste behin ere. Azaldu dutenez, "orain, udalaren zein udaltzaingoen jarrerari erantzuna emateko aukera daukagu. Froga diezaiegun, herri honetan gazteok antolatzeko eta borrokatzeko daukagun ahalmena". Erandioko Gazte Asanbladako kideak joan den asteazkenean sartu ziren Altzagako Tartanga kaleko 30. zenbakiko lokal publikora. Hurrengo egunean, ordea, udaltzainak joan zitzaizkien bertatik kanporatzera. Tokiko poliziek agertutako "harrokeria" eta "modu txarrak" salatu zituzten neska-mutilek.
  Gazteok 2009-04-24 16:02

Gaztetxea hustean udaltzainek izandako jarrera salatu du Erandioko Gazte Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Gazte Asanbladako kideek salatu egin dute atzo gaztetxearen desalojoan Erandioko udaltzainek agertutako "harrokeria" eta "modu txarrak". Atzo gauean Koska irratiko "Koskaberri albistegia"ri egindako adierazpenetan (mp3), gazteek adierazi zuten egunean zehar udaltzainek bi aurpegi oso bestelakoak erakutsi zituztela. Goizean, identifikatu egin zituzten, baina gutxienez tratua zuzena izan zela diote EGAkoek. Arratsaldean, berriz, egun batez gaztetxea izan zen Altzagako Tartanga kaleko 30. zenbakiko lokal publikora hurbildu eta atean zegoen gaztea bultzatuz eta "epailearen agiririk gabe" sartu ziren 10 bat udaltzain. Gazteen arabera, bertan zeudenei okupazioaren erantzukizun guztia sartuko zietela mehatxatu egin zieten tokiko poliziek, une oro "jabeak balira" eta "gu baino gorago egongo balira" bezala ibili zirenak. Gauzak horrela, atzo EGAk egindako bat-bateko asanbladan adostu bezala, gaurko deituta zegoen kalejira bertan behera utzi dute gazteek, eta Gazte Asanbladaren III. urteurrena ospatzeko lanetan jarraituko dute, gogo handiarekin. Hortaz, maiatzaren 2ko hitzordura deitu dute, bertan Udala eta Udaltzaingoari gazteen erantzuna emateko.
  Gazteok 2009-04-24 12:30

Bihar bere egun handia ospatuko dute Itzubaltzetako koadrilek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken urteotan egin legez, bihar, larunbata, Koadrila Egunaren IV. edizioa ospatuko dute Itzubaltzeta / Romoko koadrilek. Lagun taldeek Erromo eta Pinuetako Jai Batzordearekin batera antolatutako jaialdian, ohiko itzelezko giroaz gain, makina bat jarduera izango dira. Ekitaldia eguerdian abiatuko da suziri jaurtiketa eta eguneko pregoia direla medio. Ohean gozo, gozo "beste bost minutu" eskatzen dutenek, berriz, ordu erdi beranduago agertzeko aukera izango dute, luntxa eta bertso trikipoteorako prest. Dena den, ziur egon tabernaz taberna ibili beharrean, 15:00etan Santa Eugenia plazan egingo den herri bazkarirako propio agertuko dela baten bat baino gehiago. Txartela 12 eurotan hartu ahal izango dute. Otordua izango da une bakarra indarrak batu eta atsedena izateko. Izan ere, dena batu ostean eta jada ohitura bihurtu den koadrilen argazki ofiziala (18:00etan egingo dute) atera ondoren hasiko da benetako jaialdia. Argazkian, Udagorri koadrilako hainbat kide iazko herri bazkarian.
  Gazteok 2009-04-24 11:39

Seigarren Gazte Eguna ospatuko dute bihar Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Herriko saltsan, gazteok martxan" lelopean, larunbat honetan, apirilak 25, ospatuko dute Leioako seigarren Gazte Eguna. Horrenbestez, goizeko 10etan herria esnatu eta, bazkaldu aurretik, "era guztietako jendeari zuzendutako ekintzak" antolatu dituzte, "giroa ziurtatuta egon dadin", Txakurzulo Gazte Asanbladak azaldu duenez. Gauzak horrela, goizeko ekitaldiak Tigre eta anbulatorioko plazetan, eta ondoko intitutuan izango dira eta arratsaldekoak Plaza Gorrian. Eguerdian, herri bazkaria izango da, bazkalondoko sorpresa eta guzti. Oturuntzarako txartelak bihar bertan erosi ahal izango dira, 6 euroren truke. Horrekin batera, seigarren Gazte Eguneko kamiseta eta behin eta berriz erabiltzeko edalontzia jasoko dute bazkarira apuntatzen direnek. Ostean, txoko guztiak alaituko ditu musikaz eta bertsoz lagundutako kalejirak. Iluntzeko zortzi t' erdietako ekitaldiaren ondoren, Rumband Bugui eta Txapelpunk taldeek emango dute kontzertua. Azkenik, erromeria izango da gauerdian, Joxpa taldeak alaituta. Bestalde, aurtengo ediziorako Gazte Egunak beren beregi konposatutako kanta izango du, herriko musikari gazteek egindakoa. Horretaz guztiorretaz luze eta zabal mintzatu ziren Koska irratiko "Gazte uhinak" saioan egindako elkarrizketan (mp3). Argazkian, Leioako 6. Gazte Egunaren kartela.
  Gazteok 2009-04-23 22:07

Erandioko gaztetxea hustu dute udaltzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Gazte Asanbladak gaurko eguerdian iragarri du gaztetxea sortu egin duela "aspaldi erabili barik" dagoen Altzagako Tartanga kaleko 30. zenbakiko lokal publikoan, antzinako CIPEAn". Era berean, gazte asanbladako neska-mutilek ostiral honetan, apirilak 24, metro geltokitik 20:30ean abiatutako kalejira baten ostean ziren herriari gaztetxearen ateak irekitzekoak, baina udaltzainek Tartangako lokaletik atera egin ditu dagoeneko UKBERRI.NETi lekukoek adierazi diotenez. Azken bi urteotan Erandioko Gazte Asanbladak nauteriak, gazte egunak, etxebizitzaren aldeko ekimenak, ikastaroak, kontzertuak eta enparauak antolatu ditu, baina, haien ustez, "gure proiektuekin aurrera jarraitu ahal izateko ezinbestekoa egiten zitzaigun guk gestionatuko dugun leku fisikoa eskuratzea".
  Gazteok 2009-04-23 18:51

Erandiok badauka gaztetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azken bi urte hauetan asko izan dira Erandioko Gazte Asanbladak landu eta ospatu dituenak: inauteriak, gazte egunak, etxebizitzaren aldeko ekimenak, ikastaroak, kontzertuak... "Baina gure proiektuekin aurrera jarraitu ahal izateko ezinbestekoa egiten zitzaigun guk gestionatuko dugun leku fisikoa eskuratzea", neska-mutil erandioztarrek aipatu dutenez. Gauzak horrela, aspaldi erabili barik dagoen Altzagako Tartanga kaleko 30. zenbakiko lokal publikoa, antzinako CIPEA, okupatzea erabaki dute, bertan euren "ilusio eta ametsak egi bihurtzeko". Ostiral honetan, apirilak 24, metro geltokitik 20:30ean abiatutako kalejira batzen ostean, ateak irekiko dizkio herriari Erandioko gaztetxeak. Toki izen hobea edukiko dute, beraz, maiatzaren 2an, larunbatarekin, Erandioko Gazte Asanbladaren bigarren urteurrena ospatzeko. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Gazteok 2009-04-17 18:53

Azken txanpan sartu dira Txorimaloren III. urteurrenaren ekitaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Txorimalo gaztetxearen hirugarren urteurreneko ekitaldiak aurrera doaz. Atzo, aurreneko egunotan ez bezala, gazteek Getxotik Algortara jaitsi zituzten ospakizun ekimenak. Goizean, dozenaka neska-mutilek jolasean aritu ziren Txiki eta Otaegi plazan gaztetxeroek paratutako puzgarri eta tailerretan. Arratsaldean, berriz, zirkoari eman zioten paso, Koblakariren Ukelele jaunari esker. Baina, “Herriaren eguna” bukatzeko film laburren emanaldia ekin zioten gaueko 9etatik aurrera, ikusle falta ez zela zian. Gaur ere izango da zertaz gozatu, Txorimaloko kideek zabaldu dutenez. Arratsaldeko 7etatik aurrera, Manifestajaia egingo dute Txiki eta Otaegi plazatik irtenda. Gaueko 21:00etan antzerkiaren txanda izango da eta ordu bat beranduago, folk jaialdia hasiko da. Tartean, Koska irratiak, Uribe Kostako irrati librea, bi orduko irratsaio berezia eskaini zion pasa den asteartean Algorta eta Getxo herrietan izandako gaztetxeei eta okupazioari orokorrean. Orain, gainera, "Gazte Uhinak" programa berezia (mp3) zuzenean entzuteko jarri dute. Argazkian, hainbat neska-mutil AGAko kideek atzo jarritako puzgarriren batean.
  Gazteok 2009-04-15 20:42

"Borrokari esker" lortutako Txorimalo gaztetxearen III urteurreneko ekitaldiak abiatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pozarren pozez ekin zioten atzo 50 bat lagunek Getxoko Txorimalo gaztetxearen hirugarren urteurreneko ekitaldiak ospatzeari. Algara artean, gainera, Algorta eta Getxoko gazteek okupatutako etxeak pasa den apirilaren 10ean hiru urte bete zituelako gazteriarentzako zentro sozial bezala. Baina, aldi berean, erne agertu ziren Algortako Gazte Asanbladako kideak. Izan ere, irakurritako komunikatuan salatu zutenez, behin eta berriro "errepresioa" zer den nozitu behar izan dute eta horren adibide franko eman zituzten: orain artean hustu, bota edo itxitako gaztetxeak, pintaketa faxistak, bideo-kamera ezkutuak edo oraindik orain Mentxakabarriko kaleratzea dela eta, epaitegietan auziperatuta dauden hainbat lagunak. Era berean, gaztetxearekin lotutako gazteei ezezik hainbat arlotan militantzian jarduteagatik "etxetik urrun" daudenei ere beraien elkartasuna adierazi zieten. Horretaz gain, txupinazoa, bertsolariak, komunikatua eta zorion kanta (mp3), aurreskua, luntxa, traka eta aurreko urteetako bideoen proiekzioez gozatu zuten bertaratutako gazteek. Gaur, berriz, agrolinpiadetan lehiatzen ari dira, ondoren Jon Plazaolaren bakarrizketa entzuteko eta astean zehar ekitaldiek jarraituko dituzte.
  Gazteok 2009-04-14 18:06

Aurten ere atzerrian ingelesa ikasteko aukera emango diete Sopelako 25 gazteri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Udalak 2009ko Ingeles Topaketetan izena emateko epea zabalik dauka jada. Egitasmoa 14 urteko gazteei zuzenduta dago, 1995ean jaiotakoak, eta gutxienez urtebete dela udalerrian erroldatuak daudela. Partaideek Ingalaterra edo Irlandako -zehaztu gabe dago oraindik- familia batekin bizitzeko aukera izango dute, uztaileko lehenengo hiru asteetan, ingelesa ikasteko asmoz. Ordaindu beharreko mila euroek ikastaroa bera, garraioa (joan etorria hegazkinez eta bertoko ikastetxera egin beharko liratekeen bidaiak), asegurua, gazteen ardurapean egongo diren begiraleak eta, gutxienez, hiru irteera barne hartzen dute. Inskripzio orria (pdf) betetzeko epea apirilaren 24ra arte luzatuko da. Hala ere, gehien jota 25 neska-mutilek baino ezin izango dute parte hartu, tokiko iturrien arabera. Horietatik bostek beka jasotzeko aukera edukiko dute, beharrezko agiriak aurkeztuz gero, horiek sosik ordaindu beharko ez dutela. Parte hartu nahi duten pertsonen kopurua edo beka eskatzen dutenarena aipatutakoa baino handiagoa izango balitz, berriz, notario aurreko zozketa egingo litzateke, hilaren 27an. Argazkian, Londresko Big-Ben erlojua.
  Gazteok 2009-04-14 14:38

Gaur hasiko dira Txorimalo gaztetxearen hirugarren urteurrena ospatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko apirilaren 10ean okupatu zuten Getxoko Txorimalo gaztetxeak hiru urte bete ditu jada. Hori dela eta, astearte honetan hasi eta apirilaren 18ra bitartean, ekitaldi ugari izango dira bertan. Arratsaldeko zazpietan egingo dute, gaur, urteurrenaren hasiera ekitaldia; txupinazoa, aurreskua, traka, bertsolariak eta bideo emanaldia izango direla. Algortako Gazte Asanbladak (AGA) dioenez, "hiru urte ez dira egunero betetzen". "Oztopo guztien gainetik, Algortako gazteen ametsak aurrera darrai", gaineratu dutenez. Izan ere, hiru urte hauetan, "traba eta oztopo ugariri" egin behar izan diete aurre Txorimaloko neska-mutilek, "kamara ezkutuak, lapurretak eta jazarpen poliziala" tartean izan direla. "Hala ere, gaztetxeak gogotsu ekiten dio bideari, zirikatzen eta errealitatea egunero eraldatzen", azpimarratu dutenez.
  Gazteok 2009-04-10 23:33

Milaka gazte lotu dira Gazte Martxara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bidean aurkitutako oztopoei zein eguraldi txarrari aurre eginez gazte martxari ekin diote gaur eguerdian Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako gazteak. Gaztesareak jakinarazi duenez, "motxilak bete beteta, gogotsu independentziaren aldeko aldarria lau haizetara zabalduko dute hiru egunetan zehar Amaiurtik hasi eta Donibane Garazira arte". Goizeko 9ak aldera iritsi dira lehen gazteak. Goiz iritsitakoek Poliziaren kontrolik pasa behar izan ez badute ere, Bizkaia zein Arabatik etorritako hainbat autobus izan dira poliziaren kontroletan geldituta egon behar izan dutenak. Bitartean, ehunka motxila eta anorakdun gazte hurbilduz joan dira Amaiurrera, bertako kaleak kolorez jantziz. Txistulariak eta Txantreatik etorritako joaldunak izan dira giroa alaitzen gazteek hamaiketakoa hartzen zuten bitartean. Hiru egunetan, Gaztesarea.net-ek jarraipen berezia egingo du, Irauli Uhinak irratsaioa eta Euskal Irratiekin batera. Eskualdean, Koska irratiak hiru irratsaio berezi eskainiko ditu FMko 108.0 dialean. Gaur eta bihar arratsaldeko 20:00etan eta igandean, Aberri Egunean, 15:00etan. Argazkia: Gaztesarea.net.
  Gazteok 2009-04-08 16:23

Gazteen independentziarako bidean partekatutako alokairua proposatu du EGAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandion huts dauden etxebizitzak alokairuan jarri eta bakoitzean hiruna gazte hartuz udalerriko gazteek gurasoengandik independentzia eskuratzeko duten arazoa konponduko litzatekeela zabaldu du Erandioko Gazte Asanbladak. Izan ere, etxebizitza eskubideaz sano kezkatuta daude erandioztarrak, inguruan "egoera larriak" bizi direla jakinda. Gainera, "oinarrizko eskubidea" den etxebizitza duina eskuratzea are zailagoa da, "ia ezinezkoa", gazte langileentzat. Hori dela eta, etxebizitza eskubidearen aldeko dinamikan murgildu dira azken garaian gazte asanbladako kideak. Informazioa bildu, kale inkesta egin, bideoa kaleratu, kartoizko etxeak barreiatu, eta 1.000 etxe hutsen, 800 euroko ohiko alokairuen eta etxebizitza erosteko metro koadroko 4.000 euroen zenbakiak bazter guztietan jarri dituzte EGAko gazteek. Orain, egindako lan guztiaren ondorioz, egoera konpontzeko proposamena egin eta Udalaren esku hartzea eskatu dute.
  Gazteok 2009-04-07 20:32

Patinaje ikastaroa antolatu dute Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maiatzaren 9tik ekainaren 27ra arteko larunbatetan, patinatzen ikasteko aukera egongo da Gorlizko kiroldegian, bertoko Gazte Informazio Gunearen eskutik. Adinaren araberako hiru ordutegi izango dira: 12:00etatik 13:00etara, 4 eta 7 urte bitarteko neska-mutilei emango diete ikastaroa; 13:00etatik 14:00etara, 8 eta 11 urte bitartekoei; eta azkenik, 12:00etatik 14:00etara, 12 urtetik gorakoei. Horrenbestez, apirilaren 17ra arte egongo da zabalik izena emateko aukera. 11 urte arteko umeek 26 euro ordaindu beharko dituzte, 12 urtetik gorakoek 42 euro; eta 14 eta 30 urte bitarteko gorliztarrek azken horren erdia, 21 euro. Azken bi kasu horietan, DNI edo familia liburuaren fotokopia aurkeztu beharko dute, Gazte Informazio Gunea, Gorlizen erroldatuta ez dauden guztiek. Udal iturriek adierazi dutenez, beharrezkoa da bakoitzak patinak, belaun-babesa eta eskumuturrekoak jartzea. Argazkian, Gorlizen emandako patinaje ikastaroa.
  Gazteok 2009-03-30 22:15

Etxebizitza eskubidearen aldeko ekimena egin dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Gazte Asanbladak udalerriko etxebizitza hutsen kopurua eta Lurralde Zati Planak (LZP) "ekarriko dituen ondorioak" salatu ditu. Horretarako, Sarrikobaso kaleko etxe huts baten fatxadan mural handi bat margotu dute, jabearen baimenarekin, etxebizitza eskubidea aldarrikatuz eta LZPren aurkako jarrera adieraziz. "Larunbat goizean esnatu gara Algortako gazteak eta aspalditik jasaten ari garen etxebizitzaren eta PTParen zapalkuntzak desegin nahi izan ditugu kalera ateraz eta gure eskubideak aldarrikatuz. Era honetan gure etxebizitza eskubidea aldarrikatu dugu eta era berean PTParen aurkako gure jarrera ikustera eman dugu", adierazi dutenez. Argazkian, AGAk egindako pintaketa / Gaztesarea. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Gazteok 2009-03-25 14:59

Gazte martxarako deialdia zabalduz doa eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko gazte independentistek Gazte Martxa egingo dute apirilaren 10etik 12ra, "Lotu independentziara!" lelopean. Egunotan, martxa aurkezten dabiltza eskualdeko hainbat herritan. Horrela, ostiral honetan aurkezpenak egingo dituzte Itzubaltzeta / Romon, Algortan eta Getxon. Algortari dagokionez, arratsaldeko 7etan martxaren aldeko gazte argazkia egingo dute, Txiki eta Otaegi plazan. Ondorengo ekitaldiak, aurkezpena bera eta bertso afaria, Getxoko Txorimalo gaztetxean egingo dute 21:00etatik aurrera. Sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke. Antzeko plana dute Itzubaltzeta / Romon ere. 20:30ean, kalejira musikatua egingo dute Kolas plazatik irtenda. Ordu bat beranduago aurkezpen ekitaldiari eta ekitaldi politikari ekingo diete Itzubaltzeta gaztetxean, jarraian Iratxe Ibarrak eta Ibon Ajuriak abestutako bertso afariaz gozatzeko. Kalejiraren hasierarekin batera "Independentzia!" lelodun kamiseta gorriak banatuko dira bertaratutakoen artean borondatearen truk, eta bertso afariaren prezioa aldiz 7 eurotakoa izango da. Era berean, gaur azken eguna da Gazte Martxa'09ren hamar lagunentzako bonoak erosteko. Hamar laguneko taldeak eginda, bono banak 32 eurotako prezioa dauka, gazteek jakinarazi dutenez. Gaurtik aurrera, berriz, 35 eurotan egongo da salgai bonoa. Azkenik, Amaiaurreraino joateko eta Garazitik bueltan etortzeko autobusa ere antolatu dute itzubaltzetarrek. Horren prezioa 3 eurotakoa izango da. Aurretik, besteak beste, Plentzian eta Erandion (argazkian) aurkeztu dute Gazte Martxa.