Gazteok 2009-03-11 19:56

Gazte Martxa aurkeztuko dute ostiralean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Nafarroako Estatuaren erresistentzia ikurra den Amaiurretik Lizarra-Garazi akordioaren bigarren zatia sinatu zen eta Ipar Euskal Herriko barnealdearen despopulatze adibide garbia den hirira, Donibane Garazi, Gazte Martxa egingo dute apirilaren 10etik 12ra. Baina martxa aurretik ere, lan sendoa dutela egiteko azpimarratu dute Gazte Independentistek. Herriz herri "Independentziaren aldeko dinamika" garatuko dute: "independentziaren alde gazte olatua sortuko dugu, gure herria zapaldu eta ukatzen duten guztiak aurretik eramango dituen olatu gorria". Ildo horretan, ostiral honetan, martxoak 13, Erandion egingo dute Gazte Martxaren aurkezpena. 21:30ean, Altzagako La Plaza tabernatik abiatuko da bertso poteoa. "Etorriko zaretenoi, independentziaren aldeko kamiseta gorria eta motxila bat ekartzera animatzen zaituztegu", gaineratu dute bertoko Gazte Independentistek. Argazkian, urtarrilaren 29an Ibaetako campusean izandako agerraldia / Gaztesarea.
  Gazteok 2009-03-10 17:38

Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua: "7 Katu gaztetxea hustu izanaren aurrean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bilboko 7 Katu gaztetxearen hustearen aurrean, iritzia plazaratu nahi du Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak. Lehenik eta behin, gaztetxe eta espazio autogestionatuek betetzen duten funtzioa goraipatu nahi dugu. Gazteok, gure kabuz, gure beharren arabera eraikitako espazioen beharra dugu. “Helduen boteretik” gure beharrak zeintzuk diren, zer egin behar dugun eta zer egin behar ez dugun etengabean inposatzearekin gogaiturik gaude. Eta zentzu honetan, gazteok gure kabuz espazio propioak eta alternatibak eraikitzen aritzea txalogarri irizten dugu. Bestalde, salatu nahi dugu, gazteon beharrei erantzuteko komunikazio eta parte hartze bideak zabaldu beharrean, gazteon premien neurrira diseinatu politikak bultzatu beharrean, bestelako eginkizunetan dihardutela sarri udal instituzioek. Tristea deritzogu, gazteon beharrei Ertzaintzaren hamaikagarren desalojoaz erantzutea. Argazkian, gaur goizeko itxieran Ertzaintzak "modu bortitzean" lau gazte identifikatu eta "gazte bat kolpatu duela salatu du BOMek / Gaztesarea.net.
  Gazteok 2009-03-10 12:45

7 Katu gaztetxea ixten ari da Polizia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bilboko Zazpi Kaleetako 7Katu gaztetxea husten ari dira une honetan, Gaztesareak zabaldu duenez. Gazte atariaren arabera, Poliziaren presentziaren aurrean, "hainbat lagun bildu dira jada alde zaharrean babesa adierazteko".Oraingoz gazte komunikabideak ez du "informazio handirik" eta jakinarazi dutenez, "denborak aurrera egin ahala informazioa osatzen joango gara". 7Katu gaztetxeak bi urte bete zituen urte bukaeran, eta haren ibilbidean hamaika jarduera, hiru kaleratze, lau okupazio eta "auzoa bizirik mantentzeko hautu sendoa" erakutsi du Gaztesareak gogoratu duenez. Informazio gehiago topatu ahal izango da Gaztesarea.net eta Branka.biz komunikabideetan. Argazkian, hainbat bider hustu du Ertzaintzak 7 Katu gaztetxea, ondoren gazteek berriz ere okupatzeko. Irudian, 2008ko otsailaren 18ko kaleratzea / Euskal Herria Indymedia.
  Gazteok 2009-03-06 19:44

Etxebizitzaren eta emakumeen eskubideen aldeko inauteriak egingo dituzte bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Gazte Asanbladak antolatuta, larunbat honetan, martxoak 7, lehenengo inauteri tematikoak egingo dituzte aipatu Uribe Kostako itsas hiribilduan. Hain zuzen ere, etxebizitza eskubidea aldarrikatzea izango du helburu, 18:30etik aurrera, Plentziako kaleak zeharkatuko dituen kalejirak. Gainera, igandean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna izanik, emakumezkoen egoera salatzeko antzezlana ere prestatu dute 17:15erako. Aldarrikapenak aldarrikapen, txupinazoarekin emango diete hasiera inauteriei, eguerdiko 12:15ean. Ondoren, kalejira egingo dute Batukadagaz, 14:30ean Jai Alai pilotalekuan egingo dute herri bazkarira gosez heltzeko. Bazkalosterako euskaraokea prestatu dute. Eta gaueko 10etatik aurrera, Manifa, Auskalo Non! eta Dj Culok joko dute. Argazkian, inauteriak iragartzeko kartela.
  Gazteok 2009-03-05 14:09

Ume eta gazteentzako Aste Santuko ekimenetan izen-ematea zabaldu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Euskara Zerbitzuak antolatutako Txilinbueltaka eta Gazterpe ekimenen Aste Santurako egonaldietan izen-ematea zabaldu dute. Udal iturriek jakinarazi dutenez, ekimenen helburua "aisialdian euskarazko gune bat izatea da". Ekintzak Nafarroan egingo dira eta Leioan erroldatutako ume euskaldunei zuzenduta daude. Txilinbueltaka programaren barruan, 7 eta 12 urte bitarteko ume leioaztarrentzat egonaldia antolatu da Arantzako aterpetxera. Bestetik, Gazterpe programan 12 eta 16 urte bitartekoentzat Bertizko aterpetxera irtenaldia antolatu du Euskara Zerbitzuak hainbat ekintzekin batera (rafting, piragua...). Irteera biak apirilaren 14tik 17ra izango dira eta bertan parte hartzeko betebehar bakarra gazte hauek leioaztarrak eta euskaldunak izatea da. Argibide gehiagorako eta izen ematea egiteko Euskara Zerbitzuarengana jo daiteke euskarazerbitzua@leioa.net posta elektronikoa edo 946 072 576 telefonoaren bidez. Izena emateko epemuga martxoaren 11a izango da. Argazkian, Getxo udalerrian egiten duten Bapiruke euskarazko aisialdiko umeak magia saio batean adi-adi.
  Gazteok 2009-03-03 21:05

Bertso Udalekuetarako izen ematea zabaldu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Dagoeneko, Bertso Udalekuetarako izen ematea zabaldu egin du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Azken urteotan egin bezala, elkarteak "udaran lagun artean ongi pasatzeko parada bikaina" eskaintzen die 9 eta 18 urte bitarteko haur, nerabe eta gazteei, bertsozaleek antolatutako bost udalekuetan. Bertan, bertso afariak, kantaldiak, txangoak, showak, jolasak, kirolak eta askoz jarduera gehiago izango direla iragarri du, gainera. Izen ematea, atzo zabaldu zuten eta irekita egongo da 174 lekuak amaitu arte, epemuga maiatzaren 5a dela. Udalekuak uztailean eta irailean egingo dituzte bost herri ezberdinetan. Txikienek, 9 eta 12 urte bitartekoak, lau edo sei eguneko bi txanda izango dituzte bertso udalekuetan egoteko. Lehenengoa, Nafarroako Irañeta herrian izango da, uztailaren 16tik 21era, eta bigarrena Arabako Zuhatzan, irailaren 2tik 5era. Hamabi eta 15 urte bitarteko nerabeen kasuan, ordea, 10 egunez gozatu ahal izango dute Bizkaiko Muxikan (uztailaren 18tik 27ra) edota Zuberoako Ligi-Atherein (uztailaren 1etik 10era). Azkenik, 18 urte bitarteko gazteentzat udaleku bakarra dago, Gipuzkoako Getaria herriko Askizu aterpetxean. Bertan, uztailaren 21etik 30era gozatu ahal izango dute bertso munduaz. Argazkian, Xabi Paya izan zen iaz Sopelan egin zen bertso udalekuetako begiraleetariko bat.
  Gazteok 2009-02-23 20:08

Itzubaltzeta gaztetxeari prezioa jarri diote EAJk eta PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Milioi bat euro balio du Itzubaltzeta gaztetxeak, Getxoko PSE-EEren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen arabera. Horrela jakinarazi du Luis Almansak zuzentzen duen alderdiak otsaileko informazio buletinean. "Socialistas de Getxo / Getxoko Sozialistak" aldizkaritxoaren arabera, PSE-EEk Getxoko Udalaren 2009ko aurrekontuetan sartu dituen 37 proposamenen artean jasotzen da "Errekaganeko tailer zaharretako lurren desjabetzea", ondoan 1.000.000 euroko kopurua bideratzea aurreikusten dutela zehaztuta. Itzubaltzeta gaztetxea, Izenik Ez eta beste musika taldeen entsegu-lokala, hainbat garaje, gazte koadrilen lonjak eta bestelako lokalak beraz, 2009an desjabetzeko proiektua dute. URA Eusko Jaurlaritzaren agentziak ureztatzeko gune bezala aurreikusita du Errekagane kaleko zati hori eta eraikinak botatzea jasotzen du Gobela ibairako plangintzaren zirriborroetan. Udal agintariek, berriz, dagoeneko esanda dute bertan eraikitzerik ez dagoenez lurzorua kirol azpiegiturak jartzeko erabiliko dutela. PSE-EEk aurrekontuetan sartutako aldaketa guztiak aldizkarian (pdf) ikus daitezke. Argazkian, Itzubaltzeta gaztetxeko hainbat lagun, 2008ko irailaren 30ean, gazte zentro sozialaren laugarren urteurrenean.

  Gazteok 2009-02-19 18:32

Inauteriak ospatuko dituzte bihar Erandioko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral honetarako, otsailak 20, inauteri jaia prestatu dute Erandioko Gazte Asanbladak (EGA) eta Irrintzi kultur elkarteak. Eta ez nolanahikoa gainera. "Inauteriei begira, munduari bira!" lelotzat hartuz, nazioarteko kutsua eman nahi izan diote biharko ospakizunari neska-mutil erandioztarrek. Gaueko 10:30etik aurrera, marokoar musika izango da entzungai Altzagako azoka zaharrean. Dj Munza ere igoko da agertokira. Horretaz gain, zozketak eta karaokea egin, eta munduko janari eta edariak dastatzeko aukera edukiko dute bertara hurbiltzen direnek. Eta mozorroa, nola ez, munduko edozein herrialdetako jantzia. Argazkian, EGAk antolatutako inauterietako kartela.
  Gazteok 2009-02-17 20:40

Ostegunean independentziara lotzeko gonbitea zabalduko dute Algortan eta campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gazte Independentistek deituta, etzi, osteguna, "Lotu independentziara!" dinamikaren baitako bi jarduera burutuko dituzte Algortan eta Leioa eta Erandioko campusean. Goizeko 12etan, ekitaldi politikoa egingo dute Euskal Herriko Unibertsitatean eta berau bukatzean, manifestaldia egingo dute campusean zehar. Arratsaldean, ordea, Algortako txanda izango da. 19:30etik aurrera, ekitaldia eta manifestazioa egingo dute, Txiki eta Otaegi plazatik abiatuta. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "itotzen gaituen sistema kapitalistaren aurka borrokan jarraitu eta urrats berri bat emateko deia luzatu" nahi izan dute: "independentziara lotzeko urratsa". "Lotu independentziara!" ekimenen artean, besteak beste, honako hauek dira azpimarragarriak: martxoaren 14an Olaztin burutuko duten "Gazte Nafarock" eguna eta apirilaren 10etik 12ra Amaiurretik Donibane Garazira joango den Gazte Martxa. Argazkian, dinamikaren aurkezpena egin zuten Ibaetan pasa den urtarrilaren / Gaztesarea.
  Gazteok 2009-02-11 11:17

Bihar etxebizitzari buruzko hitzaldia emango diete gazteei Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalaren Gazteria Zerbitzuak etxebizitzari buruzko hitzaldi zikloa antolatu du. Gauzak horrela, ostegun honetan, otsailak 12, eta hilaren 17an egingo dituzte saioak Algortako kultur etxean, Villamonten. Biak ala biak 18:00etan hasiko dira. Biharko hitzaldian “Etxebizitza eskuratzeko jakin behar den guztiaz” hitz egingo du Iker San Roman Ayala Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako ordezkariak. Etxebizitza lortzeko moduak aztertuko ditu, erosketa eta alokairu moduez hitz egingo da, bakoitzak dituen abantaila eta desabantailez, erraztasun eta zailtasunez. Batez ere, zalantzak argitzen saiatuko da, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Argazkian, Algortako Etorbideko 68. zenbakiko Tangora etxean dago Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzua.
  Gazteok 2009-02-10 18:38

"Escrito sobre mi piel" liburua aurkeztuko dute etzi Eztabaidan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegun honetarako, otsailak 12, "Escrito sobre mi piel" izenburuko liburuaren aurkezpena antolatu du Eztabaida autoritarismoaren aurkako guneak. Bertan izango da, 19:30etik aurrera, horren egile Iñaki Astoreka. Liburuan bizitzaren zenbait aspektu jorratzen ditu idazleak prosa eta poesia nahastuta. Astorekak berak marraztutako irudiak osatzen dute lana. Algortako Euskal Herria kaleko 17. zenbakian daukaten lokala 2008ko urriaren 8an inauguratu zuten Eztabaidako kideek, bertan kontrainformazio materialen banaketa, hitzaldiak, debateak, proiekzioak... bezalako ekintzak garatzeko asmoz. Argazkian, Eztabaida gunea.
  Gazteok 2009-02-10 18:24

Errepresioaren kontrako kontzertua egingo dute larunbatean Txorimalo gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abokatu eta isunetarako dirua ateratzeko asmoz, errepresioaren kontrako kontzertua antolatu dute, larunbat honetarako, otsailak 14, Getxoko Txorimalo gaztetxean. Bertan joko dute 20:00etatik aurrera Materia Gris eta Itziarren Semeak taldeek. Sarrera 3 eurotan egongo da. Hain zuzen ere, aipatu azken talde horri elkarrizketa egingo diote, gaur iluntzean, Algortako Gazte Asanbladak Koska irratian gaueko 9etatik aurrera egin ohi duen Gazte Uhinak irratsaioan. Itziarren Semeen diskoa ere zozketatuko dute asteroko lehiaketan parte hartzen dutenen artean. Jartzen duten melodia zein filmetakoa den asmatu beharko dute entzuleek. Bitartean, ostiral honetan, hilak 13, "Drogak larru gorritan" izenburuko hitzaldia eskainiko dute Askagintzako kideek, Txorimalon. Solasaldia 18:00etatik aurrera izango da. Argazkian, Itziarren Semeak taldea.
  Gazteok 2009-02-06 19:50

Palestinari buruzko argazki erakusketa antolatu dute Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Otsailaren 15era bitartean, Palestinari buruzko argazki erakusketa izango da ikusgai, Plentziako Izarraitz tabernan. Horretaz gain, hilaren 13rako, ostiralarekin, gai horren gaineko hitzaldia antolatu dute toki berean, Komite Internazionalisten laguntzaz. Solasaldia arratsaldeko 6etatik aurrera izango da. Bi ekitaldiok Plentziako Gazte Asanbladak antolatu ditu. Bitartean, udalerriko neska-mutilek otsailaren 28rako prestatuta zeuzkaten lehenengo inauteri tematikoak, egunez aldatu behar izan dituzte, "antolakuntzarekin zerikusirik ez daukaten arazoak direla medio". Martxoaren 7ra atzeratu dituzte. Data aldaketa dela eta, "baliteke programazioan aldaketak egotea", ohartarazi dutenez. Argazkian, Palestinari buruzko erakusketaren kartela.
  Gazteok 2009-02-02 20:20

Etxebizitzaz, bullying-az eta arrazakeriaz arituko dira Getxoko gazteekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalaren Gazteria Zerbitzuak, otsaila eta ekaina bitartean, 8 eta 30 urte arteko neska-mutikoentzat antolatutako jarduerak eman ditu ezagutzera. Etxebizitzaren inguruko hitzaldiak eta bullying eta arrazakeriari buruzko antzerki-foruma dira, horien artean, berrikuntzarik nagusienak, udal iturriek zehaztu dutenez. Hartara, oraingo honetan, ohiko ikastaro eta lantegiei beste jarduera mota batzuk gehituko zaizkie, euskaraz edo gaztelaniaz egingo direnak, jarduera motaren arabera, eta prezio merkean gainera. Aurrekoetan bezala, entzuteko eta mugitzeko trabak dituzten pertsonen mesedetan neurriak hartu dira. Esan bezala, otsailaren 12an eta 17an, “Etxebizitza bat lortzeko jakin beharreko guztiaz” izenburuko hitzaldi bana emango dute, Algortako Villamonte kaleko kutur etxean, 18:00etan. Eusko Jaurlaritzaren eta BBKren laguntza izan dute horiek antolatzeko. Martxoaren 14an, larunbatarekin, berriz, “Sararen istorioa” hitzaldi-foruma aurkeztuko du Baketik bake eta gatazken lantze etikoaren aldeko zentroak. Eskolan indarkeria eta arrazakeriazko jarrerei aurre egiteko proiektuan oinarritutako ekimena da. Solasaldia Algortako Trinitarias ikastetxean egingo dute, 17:30etik aurrera. Argazkian, Algortako Etorbideko 68. zenbakiko Tangora etxean dago Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzua.
  Gazteok 2009-01-30 13:18

"Lotu independentziara!" lelopean Gazte Martxa izango da apirilaren 10etik 12ra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Nafarroako Estatuaren erresistentzia ikurra den Amaiurretik Lizarra-Garazi akordioaren bigarren zatia sinatu zen eta Ipar Euskal Herriko barnealdearen despopulatze adibide garbia den hirira, Donibane Garazi, Gazte Martxa egingo dute apirilaren 10etik 12ra. Horrela jakinarazi zuten atzo Gazte Independentistek, Ibaetako campusean eginiko agerraldian (mp3). Baina martxa aurretik ere, lan sendoa dutela egiteko azpimarratu zuten, atzotik eta apirilera arte, gazte martxa bitarte. herriz herri "Independentziaren aldeko dinamika" garatuko dutela iragarri baitzuten Gazte Independentistek: "independentziaren alde gazte olatua sortuko dugu, gure herria zapaldu eta ukatzen duten guztiak aurretik eramango dituen olatu gorria". Bide horretan, gazteriari dei egin zioten independentziaren aldeko kamiseta gorriak soinean ipintzera eta, horren aldeko dinamikarekin bat, norberak bere eremutik independentziara lotzera. Argazkian, Ibaetako agerraldia / Gaztesarea.