Gazteok 2009-01-26 14:16

Palestinari buruz arituko dira igandean Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Otsailaren 1erako, igandea, Palestinari buruzko hitzaldia antolatu du Erandioko Gazte Asanbladak. Arratsaldeko 7etan hasita, Altzagako posta etxe zaharrean izango da ekitaldia. "Aurreko asteetan Gazaren kontra Israelek burututako neurrigabeko erasoa salatu asmoz eta Palestinak egun bizi duen egoeraren erroetara heldu nahian egingo dugu hitzaldia", azaldu dutenez. Besteak beste, Palestinan brigadista egondako Irati Gonzalez gonbidatu dute, gatazkaren jatorriari buruzko azalpena eman dezan, gaur eguneko egoerara heldu arte, "guk, norbanakook zein talde ezberdinek, eskubide urraketa hauen aurrean egin dezakegunaz hausnartzeko", Erandioko Gazte Asanbladak gaineratu duenez. Ostean, galderetarako eta eztabaidarako txanda zabalduko dute. Argazkian, Bizkaiko Palestinar Herriarekiko Elkartasun Plataformak deituta, dozenaka lagunek egin zuten elkarretaratzea, ostiralean, Bilboko udaletxe aurrean / Sare Antifaxista.
  Gazteok 2009-01-12 20:40

"Litroak edan Foru Aldundian" kanpainari ekin dio Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Litroak edan Foru Aldundian" izeneko kanpaina gaur iragarri eta bihar, asteartea, burutuko du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Baina kalimotxo eta garagardo tetra-brik eta botilak beharrean elkarrizketa informala eskainiko dute EGKkoek administrazio publikoen eta aisialdi elkarteen arteko harremanak berriro pensatzeko eta hobetzeko. Gainera, hitzordua goizeko 9:30ean hasiko dute, 13:00ak arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikin nagusitik urrun, Autonomia 44an dagoen Gazteriaren Kontseiluaren egoitzan. EGKren esanetan, “'Litroak egiteko' gutxieneko antolaketa bat behar da (boterako zenbat jarriko den, zer edango den, non geratuko garen, erosketaz nor arduratuko den). Hori dela eta 'Litroak edan Foru Aldundian' izeneko jardunaldia planteatzen dugu: administrazio publikoek eta astialdi hezitzaileari loturiko elkarteen arteko elkarrizketa informala euren arteko harremanak (bir)pentsatzeko. EGK - Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren egoitzan izango da bihar urtarrilaren 13an asteartean goizeko 09:30tatik 13:30era".
  Gazteok 2009-01-12 16:50

Gazteentzako ideia lehiaketa antolatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak “Wanted” izeneko lehiaketa deitu du, ideia edo lan proiektu bat duten 18 eta 30 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta. Interesdunek urtarrilaren 14tik otsailaren 25era bitartean aurkeztu beharko dute egitasmoa. Lagungarri izango den gidoitxoa ere eman beharko dute. Proiektua aurkeztu ondoren, bilera batera deituko dituzte gazteak. Bertan, hainbat arlotako profesional eta adituk egitasmoak hobetzeko proposamenak egingo dituzte, berriro ere landu eta aurkezteko. Diru-sariak 500 eta 8.000 euro artekoak izan daitezke eta, horietatik aparte, bestelako saririk ere egongo da, hala nola, aholkularitza profesionala, orientazioa eta trebakuntza. Deialdi honen oinarriak eta proiektuen gidoitxoa edozein herritarren arretarako bulegotan edo Gazte Informazio Bulegoan eskatu ahal izango dira (azken honetan informazio osoagoa emango dute). Era berean, wanted.getxo.net orrian ere deskargatu daiteke. Argazkian, Algortako Etorbideko 68. zenbakiko Tangora etxean dago Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzua.
  Gazteok 2009-01-10 21:36

Okupando Rom@aren agur kontzertua hartuko du itzubaltzetak gaur zortzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Okupando Rom@ Itzubaltzeta / Romoko punkfolk musika taldeak lau urteren ondoren banatu eta oholtzak uztea erabaki berri du. Aurretik, taldearen abestiak batzen dituen CDa kaleratu du, salmentako dirua Bilboko Erribera kaletik desalojatutako okupen defentsa gastuak ordaintzeko bideratuko dutela. Okupando Rom@k azken agurra emango du urtarrilaren 17an, larunbata, Itzubaltzeta gaztetxean, taldea sortu zen aretoan bertan eta musutruk berriro ere. Izan ere, Itzubaltzeta / Romoko Kaskabilo konpartsak Getxoko bi presoren senideen aldeko jaialdia eskainiko du bertan. Arratsaldeko 8etatik aurrera, Okupando Rom@k kontzertu berezia eskainiko du, gonbidatuez inguratuta. Zortzikoteari bere azken agurra ematen laguntzeko bertan izango dira Puñalada Trapera, Kinkinela, Materia Gris, Izenik Ez, Atadxs a Nada, Amargor eta Ovariosvarios taldeetako kideak. Sarrera hiru eurokoa izango da eta gaztetxearen atean bertan erosi ahal izango da kontzertua hasterakoan. Urtarrilaren 17an ere, baina goizean, berriz, AHTren aurkako nazio manifestaziora joateko autobusa prestatu dute Itzubaltzetako Gazte Asanbladak eta beste taldeek. Izena gaztetxean zein Brankan eman daiteke.

  Gazteok 2009-01-10 20:11

AHTren aurkako nazio manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Datorren larunbatean, urtarrilak 17, nazio manifestazioa izango da Urbinan (Araba), eguerdiko 12etatik aurrera, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta. Arratsalderako, berriz, jaialdia antolatu du AHT Gelditu! Elkarlanarekin batera MusikHerriak, Gasteizko Alde Zaharrean. Gauzak horrela, Itzubaltzeta / Romoko Segik jakinarazi duenez, Ezker Abertzalearen eta Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren elkarlanari esker, autobusa antolatu dute protestara joateko. Goizeko 9:30ean abiatuko da Sabeco paretik. Autobusean tokia hartzeko, Branka herriko tabernan edo gaztetxean dauden zerrendetan izena eman beharra dago, 3 euro ordainduta. Segik adierazi duenez, "gazteok zeresan handia dugulako, Itzubaltzeta / Romoko gazteriari, eta euskal gazte guztiei dei egiten diegu, Urbinan izango den mobilizazioan parte hartzeko. Orain da momentua txikizio basati hau salatzeko, guztion artean geldi dezakegu". Argazkian, AHTren aurkako ekintza Urbinan / Indymedia Bartzelona.
  Gazteok 2009-01-08 20:30

"GAZteak" hilabetekari berritua kaleratu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak "GAZteak" izeneko gazteei zuzenduriko hilabetekari berritua kaleratzen hasi da gaur, herritarren eskura jartzen dituen bere informazio orokorreko aldizkarien zaharberritze lana osatuz. Irudiak eta argazkiak nagusi dira diseinu berrian eta, horrekin batera, "irakurleekin bat datorren idazteko estilo berria" landuko dute, Komunikazio Arloko zinegotzi Josu Loroñok adierazi duenez. Aldizkari berritua "GetxoBerri" barruan sartuta banatuko da, orain arte bezala. Informazio argitalpen berriaren kostua, hartara, asko igoko da, udal iturriek aitortu dutenez. Zenbaki bakoitzeko 1.468.46 euro izatetik 3.789,93 euro izatera pasatuko da. Izan ere, abenduan GetxoBerri berria kaleratzearekin batera, horren ale kopurua bikoiztu egin zuten. Egungo 30.000 aleak udalerri osoan postontziz postontzi banatzen dira eta, lehen ez bezala, koloretan dira guztiz. Argazkian, "GAZteak" berrituaren itxura.
  Gazteok 2009-01-07 14:39

Plentziako lehenengo inauteri tematikoek etxebizitza eskubidea izango dute oinarri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Gazte Asanbladak deituta, abenduaren 30ean gazte herri batzarra egin zuten Uribe Kostako itsas-hiri-bildu horretan. Batetik, gazte asanbladari babesa eman zioten bildutako neska-mutilek, "lanean eta gazteon eskubideen defentsan" jarrai dezan. Bestalde, bi gaien inguruan ados agertu ziren gazteak: jai herrikoien antolaketa eta etxebizitza duinaren aldeko borroka. Hain zuzen ere, bi horiek izango dira eskuartean daukaten ekimenaren ardatzak. Otsailaren 28rako, larunbatarekin, Plentziako lehenengo inauteri tematikoak ospatuko dituzte Jai Alai pilotalekuan, eta etxebizitza eskubidea izango da ospakizunen oinarria. Eguerdiko 12etan hasita, herri poteoa, bazkaria, Euskaraokea, kalejira, kontzertuak eta gaupasa izango dira. Argazkian, gazte herri batzarrean bildutako lagunak / Gaztesarea.
  Gazteok 2009-01-07 11:23

Pintada faxistak agertu dira berriro Txorimalo gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko azken egunetan pintaketa faxista egin zuten ezezagunek Getxo aldeko Txorimalo gaztetxean, bertoko neska-mutilek jakitera eman dutenez. Hala ere, ez da gauza berria. Gutxienez, iaz, birritan jasan zituen mota horretako erasoak gazte zentro sozial autogestionatuak. Uztaila bukaeran, gaztetxetik gertu, Aixerrotako zelaietan ospatzen den Nazioarteko Paella Lehiaketa baino egun batzuk lehen, "Viva España" eta "18 de Julio" leloak margotu zituzten Lurralde Zati Planaren kontrako horma irudiaren gainean. Hain zuzen ere, 1936ko uztailaren 18an gertatu zen, Espainian eta Euskal Herrian, faxisten Altxamendu Nazionala. Otsailaren 20an ere ezezagunak Txorimalora sartu ziren eta areto batean esbastika bat margotu zuten. Argazkian, Txorimalo gaztetxean agerturiko pintaketa faxista (base autonomoen ikurra tartean) eta gainean idatzitako graffitia.
  Gazteok 2008-12-30 22:43

Gabon Zaharrean Afrika beltzean murgilduko da Itzubaltzeta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, asteazkena eta osteguna zein 2008 eta 2009 batuko dituen Gabon Zaharrean, Afrika beltzaren doinuak eta apainketak nagusituko dira Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxean. Goizeko ordu batetik aurrera, bertan izango da M'Benne Botcha Ginea Bissauko etorkinen elkarteak antolatutako afrikar jaialdia. Itzubaltzeta gaztetxeko kideek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, zentro sozialekoek "pozarren" hartu dute etorkin beltzen ekimena, "jende ezberdina eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera ematen baitu". Gainera, M'Benna Botchakoek hurrengo hileotan antolatuko dituzten Euskal Herria eta Ginea Bissauri buruzko Jardunaldiak finantzatzeko erabiliko dute bihar batuko duten dirua. Izan ere, gaztetxeko kideek gogoratu dutenez, "krisialdi ekonomikoen garaietan, arduradunen kapitalistek harrapaketan jarraitu ahal izateko kopla-burukoren bat bilatzen ohi dute, eta hortik datozkigu, maiz, arrazakeria, faxismoa eta enparauak. Horregatik, hobe daukagu aurrea hartu eta langile guztion artean gure kulturen berri eman, ikasi, elkarrekin aritu eta klaseen arteko borrokari ekitea". Argazkian, Ginea Bissauko Bubake irlako herrietako nagusien bilera / Christing O.
  Gazteok 2008-12-24 16:12

"Etxebizitza duin baten aldeko" kanpaldia egingo dute etzi Itzubaltzetako gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzetako Gazte Asanbladak deituta, etxebizitza duinak eskuratzeko, gazteek dituzten azpiegiturako arazoa salatzeko kanpaldia egingo dute herri horretako neska-mutilek etzi ostirala, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan. Arratsaldeko 8etatik aurrera, kanpin-denda edo oihal-etxea eraman, indarkeriarik gabeko erresistentzia dinamikak eta jokoak praktikatu, gazte afariaz gozatu eta loaldia egingo dute, zurrunkek utziz gero. Gazteek urte bat baino gehiago daramate herrian etxebizitza topatzeko dituzten arazoak ezagutarazten. Besteak beste honakoak aipatu dituzte: bertan metro koadroa 4.257 euroko salneurria duela; hipoteka bat kontratatzeak etxearen prezioa bikoizten duela eta, batez bestekoaren arabera, bankuarekiko 26 urteko dependentzia eragiten duela. Hori guztiori, salatu dutenez, Getxo udalerrian 3.500 etxe huts daudenean eta azken urteotan etxebizitza %91 garestitu denean eta soldatak %27 baino ez direnean igo. Horregatik, pasa den urriaren 31n, "Romopoly: espekulazioari stop. Romon bizi nahi dugu!" ekimena abiatu zuten. Argazkian, Algortan ere, hainbat ekimen burutu dituzte gazteentzat etxebizitzak aldarrikatzeko.
  Gazteok 2008-12-18 19:00

Gazte herri batzarra egingo dute Plentzian hilaren 30ean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Gazte Asanbladak deituta, abenduaren 30ean, asteartea, gazte herri batzarra egingo dute Uribe Kostako itsas-hiri-bildu horretan. Plentziako gazte guztiak bildu nahi duen bileran, besteak beste, datorren urteko Aratusteak edo Inauteriak eta herriko jaien antolaketaz hitz egingo da. Horretaz gain, "Gazteak batu, herria aldatu!" izeneko ekimenaz ere mintzatuko dira, baita norberak eraman nahi dituen proposamen eta iradokizunez ere. Batzarra arratsaldeko 7etan egingo dute, Astilleron, udaletxeko atarian. "Gazteak batu, herria aldatu!" ekimena azaroaren 8an udaletxean bertan aurkeztu zuten gazteek. Egindako lana aurkezteko, "eta batez ere gaztetxea aldarrikatzeko, bertan gaztetxe proiektu bat aurkeztu baitzen" baliatu zuten ekitaldia gazteek, haien hitzetan. Udal Gobernuaren "erantzuna lehen bait lehen espero" bazuten ere, "ezezkoa ematekotan gazteak lanean jarraituko dugula argi daukagu, herriko gazteentzat udaletxeak egiten ez dituen ekintzak antolatuz, eta noski, gazteon eskubideak defendatuz" argitu zuten orduan PGAko kideek. Bitartean, etzi, larunbata, 13:00etan Bilboko Zazpi Kaleetako Unamuno plazatik irtengo den AHT eta Supersur delakoaren aurkako kalejirara joateko deia luzatu du PGAk. Argazkian, azaroaren 8ko prentsaurrekoa / PGA.
  Gazteok 2008-12-18 18:44

Etzirako Santurtzin antolatu du kontzertua Eztabaidak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetarako, abenduak 20, kontzertua antolatu du, Santurtziko La Kelo gaztetxean, Eztabaida autoritarismoaren aurkako guneak. Bertan, Nerviosa talde algortarra, 4 Tragos portugaletearrak eta Con el trono de judas iruñearrak joko dute, 20:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, sartzeko ordaindu beharreko 4 euroak Eztabaida autofinantzatzeko izango dira. Algortako Euskal Herria kaleko 17. zenbakian daukaten lokala urriaren 8an inauguratu zuten gazteek, bertan kontrainformazio materialen banaketa, hitzaldiak, debateak, proiekzioak... bezalako ekintzak garatzeko asmoz. Argazkian, Eztabaida gunea.
  Gazteok 2008-12-18 18:16

Rock-and-roll gaua izango da bihar Txorimalo gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostiral honetarako, abenduak 19, rock-and-roll gaua antolatu dute Getxo aldeko Txorimalo gaztetxean. Bertan, Surfin Kaos eta Zaustu zuzenean entzuteko aukera egongo da, 20:30etik aurrera. Sarrera 3 eurotan izango da. Surfin Kaos hirukoteari dagokionez, Koldo Soret taldeko abeslari eta gitarrista denak, David Gil “Gilito” baxu-jotzaileak eta Ibon Etxebeste bateria jotzaileak sortu zuten 2002an. Beste talde batzuetan ibilitakoak ziren aurretik: Soretek Utikan (hard-rock), Euripean Sua (pop-rock), Lau Itzal (rock) eta Mugatik (hardcore) taldeetan parte hartu zuen, Etxebestek Mugatik, Kolore Biziak (punk-rock) eta Gurutze Beltzak (hardcore) taldeetan, eta Gilitok Gurutze Beltzak eta Kolore Biziak tañdeetan. Denbora pasatzeko, elkarrekin jotzen hasi ziren Donostiako Intxaurrondo auzoko Letama gaztetxean, eta berehala jarri zuten martxan Surfin Kaos. 2003an grabatutako maketa aurkezteko 75etik gora kontzertu eskaini zituzten, baita Brasilen bira txiki bat egin ere. Geroztik bi disko kaleratu dituzte: Bizzionbizzi (Oihuka, 2005) eta Tryphyllon (Gaztelupeko Hotsak, 2007). Argazkian, Surfin Kaos taldea / Gaztesarea.
  Gazteok 2008-12-12 13:11

EGIko gazteekin izango da bihar Plentzian Ibarretxe

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euzko Gaztedi EAJren gazte taldeak abenduaren 12tik 14ra bitartean egingo du bere V. Bilera Nagusia. Bertan, uri erakundeetako ordezkariek bilkuran aurkeztuko diren hiru txostenen inguruan eztabaidatuko dute: Emantzipazioa, Politika eta Antolakuntza. Hilabetea eman dute uri erakundeek txostenak eztabaidatzen eta zuzenketak aurkezten. Denbora honetan, bereziki aztertu da emantzipazioaren inguruko txostena; eta, horren barruan, hezkuntza, enplegua eta etxebizitza izan dira sakonen jorratutako gaiak. EGIren V. Bilera Nagusian, Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakaria ere izango da, larunbat honetan, 11:00etatik aurrera, Plentziako aterpetxean. Amaierako ekitaldian, berriz, Iñigo Urkullu EAJren EBBren lehendakariak hartuko du hitza, igandean, 11:00etan, Bilboko Erreprodukzio Museoan egingo den ekitaldi irekian. Argazkian, EGIkoak ikurrina altxatzen 2006ko Alderdi Egunean / EGI.
  Gazteok 2008-11-28 18:50

Etxebizitza duinak pedala sakatuz aldarrikatuko dituzte Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo udalerriko Itzubaltzeta / Romo herrian zehar bizikleta ibilalditxoa egingo dute bertako gazteek, etxebizitza duin baten aldeko kanpainaren ekitaldien barruan. Hitzordua iluntzeko 6:30ean jarri du Itzubaltzetako Gazte Asanblada eta abiapuntua Itzubaltzeta gaztetxean jarri dute. Gazteek urte bat baino gehiago daramate herrian etxebizitza topatzeko dituzten arazoak ezagutarazten. Besteak beste honakoak aipatu dituzte: bertan metro koadroa 4.257 euroko salneurria duela; hipoteka bat kontratatzeak etxearen prezioa bikoizten duela eta, mediaren arabera, bankuarekiko 26 urteko dependentzia eragiten duela. Hori guztiori, salatu dutenez, Getxo udalerrian 3.500 etxe huts daudenean eta azken urteotan etxebizitza %91 garestitu denean eta soldatak %27 baino ez direnean igo. Horregatik, pasa den urriaren 31n, "Romopoly: espekulazioari stop. Erromon bizi nahi dugu!" ekimena abiatu zuten. Argazkian, Algortan ere, hainbat ekimen burutu dituzte gazteentzat etxebizitzak aldarrikatzeko.