Gazteok 2007-06-12 17:58

Hauteskundeak, prozesua eta etxebizitzaz arituko dira bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, asteazkena, hilak 13, gazte mahai-ingurua antolatuko dute Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan bertako gazteek, Itzubaltzetako Segik berriki estreinatu duen www.fotolog.com/segitzubaltzeta argazki-bitakoran jakinarazi duenez. Tertulia arratsaldeko 20:30ean abiatuko da eta hiru gai nagusi jorratuko dira, besteak beste: pasa diren hauteskundeen balorazioa, gazteek Euskal Herriko prozesu politikoaz ea zer dakiten eta gazteentzako etxebizitza duinaren aldarrikapena. Segik egindako iragarpenean, nabarmendu egin dute mahai-inguruak "berebiziko garrantzia hartu duela azken egunetako gertakarien ondoren". Argazkian, Itzubaltzetako Segik hitzaldia iragartzeko erabilitako irudia / Itzubaltzetako Segi.
  Gazteok 2007-06-06 20:48

Larunbatean bi horma-irudi osatuko dituzte gazteek Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Duela bi urte abiatutako Gazteirudiak programaren bidez egindako irudi fondoa osatzeko, Plastahop izeneko maratoia antolatu du larunbat honetarako, hilak 9, Getxoko Gazteria Zerbitzuak. Aurreko ekitaldietan irudiak lehiaketa baten bitartez bildu dira. Bertan, marrazkiak, argazkiak eta irudi-muntaiak hautatu dituzte. Aurten, Gazteirudiak 2007k 5 eta 30 urte bitarteko gazte getxoztar guztiak gonbidatu ditu maratoian parte hartzera, Algortako San Nikolas plazan lekutuko dituzten bi hormirudietan euren irudiak ipiniz. Erabili ahal izango dituzten materialeak asko dira (graffitia, akrilikoa, collagerako zatiak, argizariak...) eta gaia librea izango da, indarkeriazko irudiak eta mami sexista, arrazista edo baztertzaileak dituztenak ekiditu behar izango direla. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Jardunaren ordu-tartea 11:00etatik 14:00ak artekoa izango da. Amaitutakoan mokadotxoa eskainiko dute eta argazkiak aterako dizkiete "plasta" irudien egileei, euren izena jasoz. Parte hartzen dutenei, aurrerago, horma-irudi osatuaren irudia daukan kamiseta bana emango zaie. Gazteirudien aurreko ekitaldietan bildutako irudietako bat / Getxo.net.
  Gazteok 2007-05-30 23:31

Getxoko PP "gaizkile" gisa agertuz erantzun dio Itzubaltzeta gaztetxeak programa popularrari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri

Udal hauteskunde kanpainaren zehar Getxoko PPk milaka hauteskunde programa zabaldu ditu, orrialde batean Itzubaltzeta gaztetxea eta hainbat musika taldeen lokalaren argazkipean "gure udalerriko delinkuentzia guneak birrinduko ditugu" agindua irakur zitekeela. Itzubaltzeta gaztetxeak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, PPk egindako "zirikatzeari" erantzun egin diote kartel baten bidez. Bertan, segurtasunari buruzko hautes-aginduak eta PPren aurka hainbat esaldi irakur daitezke "nor da hemen gaizkilea? Zuk aukeratzen duzu" testupean. Getxoko hautagai popularrei "milaka hildakoak" eragin dituen Irakeko gerra diru kontuengatik babestea, "ehunaka pertsonen sufrimenduari baino interes politikoari begira" Martxoaren 11ko atentatuaren inguruan "konspirazioaren teoria" sustatzea eta bide errepresiboak baino ez erabiltzea egozten diete. Argazkian, kartelaren zati bat.

  Gazteok 2007-05-10 22:01

Bihar bakeaz eztabaidatzeko foroa abiatuko du Gazte Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Bakearen inguruan eztabaidatzeko foroak" abiatuko ditu bihar Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gazte Kontseiluak (EGK). Hitzordua gazte eragilearen Bilboko bere bulegoan izango da, 18:30ean. Izan ere, gazte erakundeak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, Euskal Herriko lurralde historikoetan bakearen inguruan eztabaidatzeko foro batzuk martxan jarri dira eta Bilbokoa da lehenengoa. Gazte kontseiluak ziurtatutakoaren arabera, ekimen horretan parte hartu nahi duten pertsona gazte guztiek foro hauetara hurbiltzeko aukera izango dute, horretarako bakea@egk.org posta elektronikora edo 943 429 767 edo 943 425 520 telefonoetara deitu baino ez duela egin beharko. Ekimena, gazte talde eta elkarteen zein elkarteratu gabeko gazteei zuzenduta dago. Argazkian, Gernikako Bakearen Museoa.
  Gazteok 2007-05-10 20:43

Maiatzaren 18rako manifestazioa deitu dute Bakion Bizkaiko gaztetxeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Kapitalismo basatiari, proiektu txikitzaileei Stop!" lelopean, Bizkaiko gaztetxe eta gazte asanbladek manifestazioa deitu dute Bakion hilaren 18rako. Pasa den astelehenean, Bilboko Zazpi Kaleetan egindako prentsaurrekoan, gazteek salatu zituzten azken bolada honetan Bizkaian "abian diren proiektu txikitzaileak. Epe oso laburrean Abiadura Handiko Trena eraikitzen hasiko dira Durangaldean. Ez oso berandu, Boroakoa eta gero, Lemoizen Zentral Termikoa inposatuko dute eta Getxoko Andra Marin beharrezkoak ez diren milaka etxebizitza eraikiko dituzte. Seguruenik hauek izango dira ezagunenak diren sarraskiak. Baina honekin batera badaude bestelako proiektu asko: Super Sur, erraustegiak, eraiki nahi dituzte kirol portu guztiak, golf zelaiak, beharrezkoak ez diren saihesbideak eta errepideak, txikitzen ari diren kanterak, eolikoak...". Gazte asanbladek hiru eskakizun egin nahi dituzte manifestazioaren bidez: proiektu txikitzaile oro gelditzea, inposaketa oso etetea eta herritarrek zer behar duten eta zer ez erabaki ahal izatea / Gaztesarea.
  Gazteok 2007-05-10 16:43

Txorimaloko auzia "funtsik gabeko prozedura" da gazteen defentsaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Txorimalo gaztetxeko kideak direlakoan, Pinueta, Algorta eta Getxoko gazte bana deklaratu dute gaur eguerdian Getxoko 5. Instrukzio Epaitegian ondasun higiezinen usurpazio delitu baten ustezko egile gisa. Epailea kanpoan zela, epaitegiko idazkariaren aurrean euskaraz ukatu dituzte salaketak, itzultzaile batek haien hitzak Justizia Administrazioak ofizialtzat hartzen duen hizkuntza bakarrera, gaztelera, bihurtu dituela. Hiru gazteen abokatuak nabarmendu duenez, gaurkoa "funtsik gabeko prozedura da". Izan ere, ertzainek aitortu zutenez, auziperatu guztiak etxetik kanpo ohartarazi zituzten eta hiru gazteak beren kabuz komisaldegira joan zirenean ohartarazpenen zergatia galdetzera "orduan hartu zizkieten datuak". Orain dela egun batzuk deklaratu zuen laugarren gaztearen ofiziozko abokatuak egin bezala, hiru gazteen defentsak kasua artxibatzea eskatuko du. Bestalde, Txorimalo gaztetxeak aurretik epaitegi aurrean kontzentrazioa deitu bazuen ere, atzo egindako asanbladan bertan behera utzi zuten protesta hori. Aldiz, epaitegi barruan zein kanpoan dozena bat ertzain izan dira balizko kontzentrazioaren zain. Era berean, auziperatuen eta haiei elkartasuna adieraztera etorritakoen motorren eta autoen matrikulak hartu dituzte. Argazkian, Txorimalo gaztetxea.
  Gazteok 2007-05-09 22:41

Txorimaloko kideak direlakoan lau gaztek deklaratu beharko dute bihar epaitegian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, osteguna, lau gaztek deklaratu behar izango dute Negurin dagoen Getxoko Justizia Jauregian, Getxoko Txorimalo gaztetxeko kideak izatea leporatuta. Zehatz mehatz, Getxoko 5. Instrukzio Epaitegiak ondasun higiezinen usurpazio delitu baten ustezko egile gisa deitu ditu gazteak bihar eguerdiko 12:30erako. Txorimalo gaztetxeak salatu duenez, deklarazio horrek "gaztetxe mugimenduaren aurkako eraso berri bat" ekartzen du. "Gainera, osteguneko prozeduraren hasierak berehalako desalojoa ekarri dezake" ohartarazi dute. Txorimaloko kideek gogoratu dute biharkoa ez dela "irekita dagoen epaiketa bakarra", izan ere, Algortako Mentxakabarriren inguruan sei gazte daude auziperatuta, haietako batzuk milaka euroko fidantza ordaindu behar izan dutenak eta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izateko arriskuan egon zirenak, horretarako bidea Txorimaloko ustezko kideek izango duten epaile berak eman zuela. Era berean, Burdinola gaztetxeagatik pertsona bat dago epaiketaren zain. Horren aurrean, eta "Txorimalon dagoeneko alarma gorria piztuta" dutela, bihar 12etan kontzentrazioa deitu dute epaitegiaren aurrean. Argazkian, ehunaka gazte parte hartu zuten Txorimalo gaztetxearen urteurreneko manifestazioetariko bat.
  Gazteok 2007-05-08 00:39

Folixa Asturiana ospatuko du Itzubaltzeta gaztetxeak hilaren 26an

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzeta gaztetxeak Folixa Asturianaren III. edizioa burutuko du datorren hilaren 26an, jendarte zentro autogestionatuak gaur jakinarazi duenez. Horretaz gain, hilean zehar burutuko dituen bestelako ekintzen egitaraua ere eskaini du gaztetxeak. Horrela, bihar, maiatzaren 8an, asteartea, 20:00etan Gerra Zibilari buruzko dokumentala eskiniko du POSI alderdiak. Maiatzaren 12an, larunbata, berriz, autogestio jaialdia izango da Alerta, Bosko el Tosko eta Einbiot taldeekin, 20:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, Herri Urratsera joango ez direnentzat “Salvador" film eztabaidatsua proiektatuko dute, 19:30ean. Maiatzaren 18an, ostirala, trikilonjatxikiteoa egingo dute herriko koadrilen lonjaz lonja 20:00etan gaztetxetik abiatuta. Hurrengo egunean, kontzertua izango da, Brokoli Sound System-ekin. Maiatzaren 20an, igandea, 19:30ean “El buen hijo” filma izango du aukera Ibilaldira ez doana. Maiatzaren 25ean, ostirala, 20:00etan, ipuin kontalaria izango da. Maiatzaren 27an, berriz, “Yoyes” proiektatuko dute zinema saioan. Argazkian, Skama La Redek Itzubaltzeta gaztetxean 2005eko jai asturiarrean emandako kontzertuaren irudi bat.
  Gazteok 2007-05-05 06:42

Itzubaltzetako koadrilek egun nagusia ospatuko dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Itzubaltzeta / Romoko koadrilek jarduerez betetako II. Koadrila Eguna ospatuko dute gaur goizetik gauera arte. Izan ere, iaz Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeak antolatutako Egun arrakastatsuari segida eman nahi izan diote aurten herriko koadrilek. Eguna, baina, Itzubaltzeta gaztetxeak apirilean antolatu zuen futbito lehiaketarekin hasiko da goizeko 10etan. Kanporaketetan 20 talde baino gehiago jokatu ostean, Harea, Landerin, Erromoron, Erromoron II, Biotzak, Agureak, Lanbroa eta Kaskamotz taldeek norgehiagoka arituko dira Artatza-Romo ikastetxean trofeoaren bila. II. Koadrila Eguna 12etan hasiko da ofizialki, txupinazoa, hamaiketakoa eta trikitxikiteoa direla medio. 14:30ean, koadrilek pregoia irakurriko dute eta ordu erdi beranduago herri bazkariaz gozatuko dute, Santa Eugenia plazan. Oraindik sarrerarik ez duenak bersalmentan bilatu beharko du 8 eurotan. Bazkal ostean, 6etan, herriko koadrilen argazki ofiziala egingo dute, ondoren jolasetan hasteko. Aurten probak koadrila ezberdinetako kideak nahastuta igaro beharko dituzte. 8etan, berriz, kalejira izango da eta gaueko 10etatik aurrera DJ Gorosek musikatutako jaialdia abiatuko da gaztetxean. Iaz, Koadrila Egunari hainbat debeku ezarri zion Getxoko Udalak. Argazkian, iazko irudi bat / Hairan (Udagorri).
  Gazteok 2007-04-30 18:51

Erandiok ongi etorria egin dio gazte asanbladari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den larunbatean, apirilak 28, egin zuen jendaurreko aurkezpena, Txorierrin, Erandioko Gazte Asanbladak (EGA). Goizetik herri kirolak, trikixa doinuez alaitutako txikiteoa, musika, txalaparta eta bertso bazkaria izan ziren. Harrera ederra izan zuen jaialdiak, 50 bat gazte batuz. Hala ere, Ertzaintza ere izan zen berton: EGAk salatu duenez, bi gazte identifikatu zituen polizia autonomikoak, herrian pankarta informatiboak jartzen ari zirela. Etorkizunari buruz, EGAkoek asmo argiak dauzkate: "taldea kontsolidatzea eta Erandioko jaiei begira zer edo zer antolatzea", Garazi Garziak aurkezpenaren aurretik UKBERRI.NETi azaldutakoaren arabera. Zer edo zer hori, baina, asanbladak erabaki behar izango du: "agian Gazte Eguna egingo dugu, agian bestelakorik, guztion artean ikusiko dugu". Argazkian, aurkezpen egunean, EGAko kide bat ongi etorri pankarta jartzen.
  Gazteok 2007-04-25 20:06

Erandioko Gazte Asanblada aurkeztuko dute larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbatean, hilak 28, duela 4 hilabetetik hona biltzen hasi zen Erandioko Gazte Asanbladaren jendaurreko aurkezpena egingo dute Txorierriko herrian. Garazi Garzia EGAko kideak UKBERRI.NETi jakinarazi dionez, "herrian gazteontzat ezer ez dagoelako" kezkatuta, 15 bat lagunek gazte aisialdiaren inguruan lan egiteko asmoz ekin zioten batzeari gabonetako oporrak aldera. Hortik abiatutako ildoak herriko Inauterietan play back-a eta bestelako ekimen batzuk antolatzera eraman zituen. Egun, erritmoa hartuta astero biltzen dira, ostiralero, laupabost koadrilako kideen parte hartzearekin eta erakunde sortu berrian "ahalik eta koadrila gehien" aritzeko erronka jarri diete beraien buruari. Larunbatean 30 edo 40 pertsona batzea espero dute. Eguna 11etan hasiko dute herri kirolekin. Ordu bat beranduago, triki txikiteoa abiatuko da metroko plazatik, eta arratsaldeko 2etan bertso bazkaria izango da polikiroldegiko ondoko plazan. Ondoren, Abiadura Handiko Trenaren aurka Bilboko Jesusen Bihotz plazatik 17:30ean abiatuko den manifestaziora joateko deia egin dute. Bitartean, gaur eta bihar, bazkarirako txartelak La Plaza tabernan eskura daitezke 5 eurotan. Argazkian, EGAk ez du aintzat hartzen Erandioko Udalak egiten duen gazte politika.
  Gazteok 2007-04-25 19:10

Txorimalo gaztetxearen urteurreneko bideoa sarean jarri du Koska irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hilaren 11tik 14ra ospatu zen Getxoko Txorimalo gaztetxearen lehenengo urteurrenari buruzko irratsaio bereziaren audioak bildu eta Interneten jarri ditu Koska irratiak, FMko 108.0n entzun daitekeen Uribe Kostako irrati librea. Horretarako, urteurrenari amaiera eman zion kontzertuko musikariei egindako elkarrizketak, zuzeneko konexioak, entzuleen deiak, kontzertuko abestiak eta kontzertuaren ostean egindako ekitaldi politikoaren audioak eta irudiak uztartuz ekoiztutako bideoa Youtube.com-en jarri dute. Bideoak hamar minutuko iraupena dauka eta euskaraz dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Argazkian, bideoan bertan agertzen den apirilaren 14an egindako grafitti tailerraren irudi bat.
  Gazteok 2007-04-15 22:27

Getxoko hainbat bizilagunek Txorimaloren lana goraipatu dute urteurrenaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ehunaka eta ehunaka gazte batu ziren atzo Getxoko Txorimalo gaztetxean jarritako karpapean zentro sozial autogestionatu horren lehen urteurrena ospatzeko. Alabaina, gaztetxeak jasotako oparirik onena Aixerrotako hainbat auzokidek egin diotena izan da. Izan ere, inguruko bizilagunek “auzokide okupez osatutako kolektiboari” idatzitako zoriontze gutun unkigarrian, urteurrena zoriontzeaz gain, kultur, giza eta erreibindikazio proiektua, “amets eta asmoekin” jarraitzeko animoak eman zizkieten gaztetxekoei eta “hurrengo belaunaldiari” lekuko hori pasatzeko erronka bota zieten. Bestalde, eta “komuneko bizikidetza errazteko” neurri gisa, eskaera bat egin zioten gaztetxeari: kontzertuak gaueko 11etan edo 12etan bukatzea. Horren guztiorren berri eman zuten Algortako Gazte Asanbladako (AGA) kideek atzoko kontzertuen artean gutuna bera irakurriz. Algortako Konter, Oreretako Pikutara eta Asturiaseko Skama La Rede musika taldeek leporaino bete zuten gaztetxean jarritako karpa 23:45ean bukatu zen kontzertuan. Argazkian, ostiralean egindako "manifestajaia"ren irudi bat.
  Gazteok 2007-04-11 16:18

Getxo udalerriko 500 gazte eta gazte kolektibok ezetza eman diote LZPri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Getxoko gazteok, LZPri ez" izeneko manifestua aurkeztu dute gaur goizean Getxoko Andra Mari elizpean dozenaka gaztek. Idazkian, gazteek Lurralde Zati Planaren proiektu "txikitzailea" onartzen ez dutela esateaz gain, LZP Getxon aurrera eramateko gazteen eta "gazteon etxebizitza beharraz erabilpen mediatikoa" egiten ari dela salatu dute. Gazteek gezurtatu dute LZPak etxebizitza arazoa konponduko duenik eta Etxebidek egindako zozketak eta jarritako baldintzak gaitzetsi dituzte. Aldiz, "Getxon dauden 3.799 etxebizitza hutsen erabilera", alokairu publiko eta soziala eta herri galdeketa proposatu dituzte, Amalurra errespetatzeko bidean. Bestalde, EAJ eta EAri "jarrera txikitzailea, inposatzailea eta espekulatzailea" izatea eta "herria suntsitzen" aritzea leporatu dizkiete, "Ezker Batua talde sasi-ezkertiarraren babesaz". Gainera, laster ekimen berriak abiatuko dituztela iragarri dute. Manifestua udalerriko 450 gazteen, Amarratsak, Algortako Segi, Algortako Gazte Asanblada, SUGA, Etorkizuna Eskaut Taldea, 21 azpiko Getxo Rugby taldea, Herri Norte Taldea, Itzubaltzetako gaztetxea, Koska irratia, Mundurat Sarea, Txorimalo gaztetxea, Karrika konpartsa eta Komandos Azkorri kolektiboen eta 23 gazte kuadrilen babesa jaso du. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.
  Gazteok 2007-04-05 23:52

Lau egunez ospatuko dute Txorimalo gaztetxearen lehenengo urtea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzean geratu dira Sastraka, Kutxitril, Burdinola, Maidagan, Aixerrota, Kulturetxe eta Mentxakabarri, "gazteon etxeak hustu arren, gure ametsak inolaz ere ikutu ezingo dituztenaren adibide zuzena". Eta dagoeneko urtea bete du Txorimalo gaztetxeak, apirilaren 10ean, 40 bat neska-mutilek okupatu zutenetik. Gazteen parte hartzeaz, hamaika izan dira Getxo aldeko gune autogestionatuan egindako ekitaldiak eta bertatik abiatutako "borrokak"; baita, tartean, "proiektua zapuzteko trikimailuak" (argi mozketak, identifikazioak, hustuketak, bideozaintza kamerak...) ere, Txorimalokoek salatu dutenez. Hala ere, ez dute lortu eta, horrenbestez, hilaren 11tik 14ra ospatuko dute Txorimalo gaztetxearen urteurrena. Herritar guztiak gonbidatu dituzte jaialdira, baita eguneroko jardueretan parte hartzera ere. Argazkian, Getxo udalerrian urte betea gainditu duen bigarren gaztetxea da Txorimalo, Itzubaltzetaren atzetik.