Gabi Basañez eta beste laurak, absolbituta

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 3a, 12:12
Askapenako bost kideen kontrako epaiketa salatzeko Algortan egindako agerraldia.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Askapenako bost kideak absolbitu egin ditu: Gabi Basañez algortarra, Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin eta Aritz Gamboa. Fiskaltzak 6 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen guztientzat. "Berria" egunkariak zabaldu duenez, epaiketako frogen arabera, "harreman zuzenik ez" dago Askapenaren eta "talde terroristen" artean. Hala, epaileak ez du frogarik aurkitu Askapenako kideek "militantzia bikoitza" egiten zutela esateko.

Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin eta Aritz Gamboa Askapenako kideak absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatzen zuen horientzat, "talde terrorista" bategaz elkarlanean aritzea egotzita. Halere, epaileak ez du halakorik berretsi duen frogarik aurkitu. "Ez dago ETAk Askapenari zuzendutako zuzeneko agindurik, ez eta ere haren erantzun mezurik". Horrez gainera, "militantzia bikoitzik" ez dela egon nabarmendu du sententziak.

Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua "ETAk zuzendutako erakunde multzo bat" dela nabarmendu du 96 orrialdeko epaiak; hala ere, talde armatuaren ideologiak jarraitzen dituzten "beste erakunde batzuk ETArekin lotuak ez daudela" ondorioztatu du.

Dena den, Askapenako kideak "talde terroristekin" zuzeneko harremanik ez bazuten ere, "ETArekin lotutako ezkutuko erakundeekin" zituzten harremanak "nahikoa zantzu" zirela eta, ikerketa abiatzeko nahikoa zela adierazi du epaileak.

Epai osoa irakurtzeko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun