Elkarrizketak

J. C. Baroja BHI-ko ikasleak: "Atzerriko gazteen errealitatea ezagutzeko aukera hobezina da"

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 29a, 10:59
Azaroan Alemaniako ikasleak gurean hartu ostean, 20 neska-mutil Alemaniara joango dira martxoan.

Algortako Julio Caro Baroja BHIko 20 ikasle Alemaniara joango dira martxoan "Erasmus +" proiektuan parte hartzera. Horren helburua da, ingelesa lantzeko baliagarria izateaz gainera, beste herrialde bateko gazteen errealitatea ezagutzeko aukera «ezin hobea» eskaintzen duela, hala uste dute antolatzaileek, "ez da elkartruke soila".

Zer da «Erasmus +» egitasmoa?

Europa osoko proiektu bat da, ikastetxeak nazioartekotze-bidean jarri eta Europa osorako zentro bat sortzea helburu duena.

Zenbat urte daroatzazue egitasmo hori lantzen institutuan?

Duela hogei urte inguru "Comenius Proiektua" jarri zen martxan, gaur egungo "Erasmus +" izenekoaren aurrekaria dena, alegia. J. C. Baroja BHI "Comenius Proiektuan" hainbat urte aritu ostean, joan den ikasturtean jaio zen "Erasmus +", eta horretan ere buru belarri ari gara lanean.

Azaroan, Alemaniako ikasleak etorri ziren gurera, zelakoa izan zen esperientzia hori?

Oso aberasgarria izan da beste herrialde bateko ikasleekin elkarlanean aritu ahal izatea. Ikasturte honetan, hezkuntza-sistemaren eta lan-merkatuaren arteko harremana, gazteen enplegurako aukerak eta langabeziaren arrazoiak aztertzen ari gara.

Zenbat egun egon ziren?

Zortzi egun egon ziren gurean ikasle alemaniarrak, eta tarte horretan bertoko hezkuntza-sistema ezagutzeko aukera izan zuten. Horretarako, jarduera desberdinak egin genituen gure udalerriko erakunde publiko desberdinak bisitatuz, besteak beste, Fadurako Lanbide Heziketako Institutua (oso harrera ona izan genuen bertako irakasleen aldetik), Getxoko udaletxea...

Orain, martxoan, bertoko ikasleak Alemaniara joango dira. Zer aurreikusi dute egitea bertan?

Gure helburua lanbide-heziketarekin zerikusia duten lanbideak ezagutzea da. Aldi berean, hezkuntzak eta enpresa-munduak zer-nolako lotura duten aztertu gura dugu.

Zergatik Alemaniara?

Zortzi herrialdek hartzen dute parte: Norvegia, Hungaria, Frantzia, Polonia, Espainia, Grezia, Alemania eta Euskal Herria. Hala, proiektuan hainbat aldagai kontuan izaten dira herrialdea aukeratzerako orduan: hizkuntza, balizko datak, ikasle kopurua... Alemaniaren baldintzak bat zetozenez geureekin, bat egin genuen eurekin, horregatik gure ikasleak Garbsen herrira joango dira, bisita bueltatuz.

Ikasleak gogotsu daude horretarako?

Gure ikasleen familiek etxean hartu zituzten Alemaniako ikasleak. Oraingoan, gureak dira alemaniarren etxeetan ostatu hartuko dutenak. Ilusio handia dute bidaiarekin. Batetik, in situ gura dutelako proiektuan lanean jarraitu, eta, bestetik, harreman estua sortu delako gure ikasleen eta hangoen artean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun