James Brown akorduan izango du aurtengo Blues Jaialdiak

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 8a, 10:15

Getxoko XXVIII. Blues Jaialdiak gorazarre egingo dio uztailaren 14tik 16ra bitartean James Browni (Barnwell, Hego Kalifornia, AEB, 1933-Atlanta, Georgia, AEB 2006). Soul, rock, eta, batez ere, funk abeslari, musikari eta ekoizle estatubatuarra funk-estiloaren sortzaileen artean du aditu askok.

Hil zenetik urte amaieran 10 urte beteko direla-eta, AEBko eta hemengo blueslariek osatutako egitaraua prestatu du Getxo&Bluesek, hura gogoratzeko eta haren ekarpena eskertzeko.

Amerikako Estatu Batuetako Sugaray Raford artistak zabalduko du blues jaialdia, hilaren 14an, egunena, 20:00etan. Getxoko Kultur Etxeak azaldu duenez, “eskola zaharreko abeslaria da; Muddy Waters, Otis Redding eta Teddy Pendergrass ditu eragin nagusiak, eta The Mannish Boys talde ezagunaren ahots nagusia da”. Egun berean oholtzakide izango du Travellin’ Brothers talde leioaztarra. Sarrerak, 8 euroan daude.

Bigarren egunean, hilaren 15ean, The JB’s Original James Brown Band taldearen txanda izango da, 21:00etatik aurrera. “Talde horretan urte askoan nazioarteko biretan soularen aitabitxiarekin jardun ziren artista batzuk bildu, eta berriro itzuli dira Brownen ondare aberatsa ezagutzera emateko”, Kultur Etxearen esanetan. Horregaz batera izango da Martha High; 15 euroan salgai dago kontzertu horretarako sarrera.

Amaitzeko, “blues, jazz, rock, funk, soul eta rap doinuak batzen dituen New York Blues onenaren adierazgarria” den Bronx auzoan jaiotako Popa Chubbyren bandak joko du. Emanaldia hilaren 16an izango da, 21:00etan ipini dute hitzordua, eta sarrera 10 euroan dago.

Kontzertu nagusi horiek denak Algortako Bihotz Alai plazan izango dira, eta sarrerak daborduko salgai daude: Kutxabanken orotarako kutxazainetan, horren webgunean eta Algortako kultur etxean (tel.: 944 914 080).
Horiez gainera, Algortako The Piper’s Irish Puben doako saio bi izango dira: hilaren 15ean, Iker Piris & Blas Picon bikoteak eskainiko du zuzenekoa; eta hilaren 16an, Bocinegro taldeak. Emanaldi horiek biak 23:00etan hasiko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun