Euskarak 365 egun

Iker Goñi: "Urteko egun guztietan ospatzen dugu Euskararen Eguna"

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 2a, 14:29
© GETXOKO UDALA.

Iker, Mikel eta Alaitz Goñi neba-arrebek 9 urte daroatzate GetxoGaso gasolindegiaren zuzendaritzan. Argia Ereiten Euskara Saria jasoko zuten atzo, eguenean.

Argia Ereiten Euskara Saria jasoko duzue. Zelan hartu duzue albistea?

Sariak asko poztu gaitu. Herrian jende askok egiten du euskararen alde, bakoitzak bere esparruan, eta horrexegatik gasolindegiko euskararen aldeko lana aintzat hartzea ohore handia da.

Aitortza hori jasotzen duen lehenengo enpresa zarete...

Ardura handia da. Ez gara perfektuak eta bide luzea dugu oraindik egiteko. Horregatik, bezeroen laguntza behar dugu, haien bultzada eta begi kritikoa ezinbestekoak dira.

Zer-zelako konpromisoak hartu dituzue azkenengo urteotan euskararen erabilera bultzatzeko?

Pixkanaka-pixkanaka ekimen gehiago egiten hasi gara, lan progresiboa egin dugu: langile berriak kontratatzerakoan elebidunak izatea kontutan hartzea; langile elebidunen uniformeetan pegatinak itsastea, bezeroei euskaraz egiteko gonbitea luzatuz; kutxako kartel baten bidez euskaraz egiteko gonbitea egitea, paisaia linguistiko elebiduna, Korrikan kilometro erdi erostea eta parte hartzea…

Baina pausorik nabarmenena, agian, langile euskaldunekin eguneroko lan-kontuetan euskaraz aritzea izan da. Beti ere, euskaraz egiten ez dutenekiko oreka mantenduz.

Enpresaren kartel gehienak elebidunak dituzue gainera...

Kartelak bi hizkuntzatan edukitzen saiatzen gara; ondorioz, lan bikoitza izaten da komunikazioak prestatzea. Ez da beti erreza izaten, batez ere presazko kontuetan.

Azken urteotan Repsolek helarazten dizkigun kartel guztiak elebidunak dira. Laguntza handia jaso dugu Repsolengandik, zorionez bezeroei zuzendutako materialak bi hizkuntzatan bidaltzen dizkigute. Beraiek ere azken urteotan lan nabarmena egin dute hizkuntza biak erabiltzeko.

Garrantzitsua da langileek euskaraz jakitea?

Gure enpresan euskara gaitasun maila desberdinak daude, baina oro har taldekide guztiek jarrera positiboa erakusten diete bezero euskaldunei.

Denok ez dugu euskaraz egiten, baina saria guztiona da. Bezero bat euskaraz hitz egiten datorrenean aurpegi arraroa jartzen ez duenarena; euskara menperatu gabe bezero euskaldunari "Eskerrik asko" esaten dionarena, eta kartel bat gazteleraz soilik dagoela gogorarazten digunarena. Euskararen normaltasuna lortzen denok lagundu dezakegu, horretarako ez dugu EGAren beharrik. Gure lantaldearekin oso pozik gaude, harro sentitzeko moduko taldea daukagu.

Bezeroen artean, zein da jarrera?

Azken bi-hiru urteetan euskara ikaragarri hasi da gure saltokian. Gero eta bezero gehiago etortzen dira euskaraz. Badaude zuzenean euskaraz datozenak eta badaude beste batzuk guri euskaraz entzuteagatik beraiek ere euskarara jotzen dutenak.

Zer da zuentzat euskara?

Azken 9 urteetan hiru neba-arrebok osatu dugu enpresaren zuzendaritza. Euskararekiko sentsibilitatea gurasoengandik jaso dugu eta euskara Geroa Ikastolan ikasi genuen. Sari hau guraso eta ikastolako irakasle eta ikaskideena ere bada, zalantzarik gabe.

Bi arrazoirengatik hasi ginen euskara bultzatzen, batetik bezeroek euskaraz hitz egiteko eskubide osoa dutela sinisten dugulako. Eta bestetik koherenteak izateagatik. Unibertsitate garaian eta plano teorikoan euskararen aldarrikapenen alde egon gara, horregatik egunerokotasunean euskararekiko inplikazioa ahaztea ez zaigu koherentea iruditzen.

Euskararen Eguna ospatuko da zapatuan. Horren harira, ze edo zer berezia egitea aurreikusten duzue?

Euskararen Egunak sinbolikoki badauka bere garrantzia; baina, gure saltokia 365 egunean irekitzen dugunez, hor dago gure erronka, urteko egun guztietan Euskararen Eguna ospatzea.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun