Hondakin organikoetarako edukiontzi marroia ezartzen hasi dira Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 23a, 16:55
Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, bosgarren edukiontzia zabaltzeko txartelagaz. © GETXOKO UDALA.

Getxoko Udalak bosgarren edukiontzia edo gai organikoak batzeko edukiontzi marroia ezartzeko bidea hasi du. Gainera, informazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat egingo dute, haren erabilera-modua, zein hondakin utz daitezkeen eta zein onura dakartzan ezagutarazteko.

Bosgarren edukiontzia sukaldean edo lorategian sortzen diren hondakin biologikoak edo landare jatorriko zarama organikoa birziklatzeko erabiltzen da, Udalak azaldu duenez. Haren helburua da hondakin organiko horien gaikako bilketa handitzea.

Udalaren erronkaren arabera, hondakin guztien bilketaren %50 izan beharko da 2022an, gutxienez, Europako zuzentarauari erantzuteko. "Bakarrik lortuko dugu hori hondakin organikoaren gaikako bilketa ezarriz. Gai organikoak sortzen diren hondakin guztien %35 dira. Horregatik, oso garrantzitsua da behar bezala tratatzea, gure ingurunean daukaten eragina saihesteko, eta aberastasuna eta enpleguak sortzeko. Hondakin horiek baliabide garrantzitsua dira eta, horrenbestez, aintzat hartu behar ditugu; izan ere, horiekin konposta sortzen da, gero lorezaintzan eta nekazaritzan erabiltzeko. Horrez gainera, gure hondakinen zati handi baten balorazio energetikoaren bidezko tratamendua murrizten dugu, berriro gure ekonomian sartuz balio handiagoarekin; ondorioz, erdiesten dugu Getxok jauzi bat egitea lehen lerrora, gure planetarentzat garapen ekonomiko jasangarri bat lortzeko helburuari dagokionez", adierazi du Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak.

Hasiera batean, ehun bat edukiontzi jarriko dira gai organikoak birziklatzeko txartela eskatu duten auzokoei dagozkien eremuetan, eta gero, pixkanaka-pixkanaka, herritarrak birziklapen sistema horregaz bat egiten doazen neurrian, gehitzen joango dira, dauden 422 edukiontzi-guneetara heldu arte. Edukiontzi berriak ezartzearen ondorioz, hasteko ez dira aurreikusitako 60 aparkalekuak baino gehiago desagertuko. 

Euskarriak

Kanpainaren euskarri nagusia eskatzen duten pertsona guztiei birziklatzeko kitak banatzea da. Kit horiek honako elementu hauez osatuta daude: edukiontzia irekitzeko txartel edo giltza elektroniko bat (edukiontzia zabalduko da giltza estalkiaren gainean jartzean); ontzi aireztatua edo hormetan zuloak dituena, gai organikoak etxean biltzeko; 50 poltsa biodegradagarriren biribilki bat (ezin da plastikozko poltsarik erabili), eta, hori amaitutakoan, poltsak saltegietan eta merkataritza-gune handietan erosi ahalko dira; eta edukiontzi horretan zein hondakin birzikla daitezkeen adierazten duen iman bat.

Gainera, liburuxka bat banatuko dute, edukiontzi marroian birziklatu beharreko gaiei eta hori erabiltzeko moduari buruzko informazioa ematen duena. Halaber, atarietan kartel batzuk jarriko dira, gai organikoak biltzera bultzatzen dutenak, eta irratian iragarki laburrak emango dira.

Utzi ahal diren materialak eta onurak

Garbikerrek, Bizkaiko ingurumen politika betearazteaz arduratzen den Foru Aldundiko sozietate publikoak, zehazten du zein diren utzi beharreko materialak. Horrela, edukiontzi marroian honako hauek utzi ahalko dira: fruten, barazkien, lekaleen eta ortuarien hondakin gordinak edo kozinatuak; fruten hezurrak, oskolak eta fruitu lehorrak, haziak eta zerealak; ogia, opilak eta galletak; sukaldeko papera eta paperezko ezpainzapiak (olio hondakinik gabeak), kafe hondarrak, infusio poltsatxoak eta botiletako kortxoak. Gainera, lore eta landare hondarrak, hosto lehorrak, belarra eta inausketa hondar txikiak eta baratzeetakoak utz daitezke. Garrantzitsua da bestelako hondakinik ez uztea, ondoko tratamendua modu zuzenean egitea galaraziko lukeelako.

Bosgarren edukiontziak hainbat ingurumen, ekonomia eta osasun abantaila dituela jakinarazi dute: balorizazio energetikoaren amaierako tratamendu batera bidaltzen diren hondakinak murrizteaz gainera, baliabide berri bat sortzea ere ahalbidetzen du, berdeguneetan berrerabili daitekeen lehengai bat. Balioa handitu dakiokeen gai organikoa modu zehatzean tratatzen bada, karbono dioxidoaren isuriak gutxitzen dira atmosferan, zerbitzuko karbonoaren aztarna hobetzen da eta berriro erabil daitezke produktua berriro sartuz.

Zelan egin zerbitzuko kide eta kita eskuratzea

Zerbitzu berri hori erabili nahi duten pertsona guztiek (ostalaritzako sektorea barne) horretan alta har dezakete 944 644 380 telefono-zenbakiaren bidez, www.getxo.info-citi.es webgunean edo aurrez aurre, Hiritarren Arreta Bulegoetan (HAB), hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun