Galeako lursailengatik Udalak egindako desjabetza berretsi du Auzitegi Gorenak

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 27a, 17:54
Imanol Landa Getxoko alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak eman dute epaiaren berri. © GETXOKO UDALA.

Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat eman du Getxoko Udalaren jarduna Galeako lurren desjabetze-prozesuan. Hala jakinarazi du joan den martxoaren 3an ebatzitako epaian. Imanol Landa alkateak baieztatu duenez, "auzi honi amaiera ematen zaio eta finka hauek, Getxoko leku oso esanguratsuan daudenak, euren jatorrizko jabearengana itzuliko dira behin betiko: Getxoko herriaren eskuetara". Lursail horiek Galeako gotorlekuaren, itsaslabarraren goiko aldearen, pasealekuaren eta hilerriaren artean kokatuta daude, eta horien desjabetzea 2011n bukatu zen.

Auzitegi Gorenak behin betiko berretsi du Getxoko Udalak egindako desjabetze-prozesuaren amaiera; gainera, errekurtsoa jarri zuten jabeak kostuak ordaintzera ere zigortu ditu.

Alkateak adierazi duenez, auzi horiek sortzeko arrazoia izan da finka horien jabeak ez zeudela ados desjabetze-prozesu horretan aipatutako lurrei Udalak lehen instantzian emandako balorazioagaz ezta desjabetze-epaimahaiak bigarren instantzian emandako balorazioagaz ere. Udal iturriek azaldu dutenaren arabera, balorazio hori egiterakoan Udalak kontuan izan zuen lurrok landa izaerakoak direla; jabeek, ordea, eskatu zuten lurrok lur urbanizagarri gisa balora zitezela, bertan eraikitzeko aukerak zeudelakoan.

Lursail horien izaeraren inguruko iritzi kontrajarrien ondorioz, Udalak desjabetze-prozesuan denera 263.000 euro ordaindu zituen 3 finken 48.771,9 metro koadroengatik (3 finka horiek azalera bera daukate: 16.257,30 metro koadro). Desjabetze-epaimahaiak balorazio hori onartu zuen, baina jabeek auzitegien aurrean aurkaratu eta hiru finkak desjabetzeagatik 12 milioi euro ordaintzeko eskatu zuten (4.157.960,18 euro finka bakoitzeko).

Beraz, Justiziako Auzitegi Nagusiak, lehenengo auzialdian, eta Auzitegi Gorenak orain, epai banagaz abalatu dute Getxoko Udalaren jarduna.

Imanol Landa alkatearen adierazpenak (© GETXOKO UDALA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun