GetxoBiziren bizikleta maileguak %74 handitu ziren iaz

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 26a, 12:51
GetxoBizi erabiltzeko gune berria zabaldu dute Negurin, Gernika parkearen ondoan. © GETXOKO UDALA.

GetxoBizi bizikletak maileguan emateko eta modu seguruan aparkatzeko udal zerbitzuaren erabilera nabarmen hasi zen 2016an, Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Guztira, 2.954 mailegu eman ziren iaz, hau da, 2015ean baino %74 gehiago. Hartara, bataz beste, 87 bizikleta-mailegu eman ziren eguneko 2016an.

Zerbitzua 2009ko maiatzean hasi zuten, eta 2016ko akabura arte, 189.328 mailegu eman dira, Emaús Bilbao SCIS-ek eskainitako datuen arabera; GetxoBiziren kudeaketaz arduratzen den gizarte-erakundea da hori. Abonatuen kopuruari dagokionez, 1.923 izan ziren iaz bai bizikleta publikoaren mailegu-zerbitzua bai bizikleta pribatua modu seguruan aparkatzeko Aparka sistema erabili zituzten lagunak. Beste 906 lagunek noizean behin erabili zuten GetxoBizi.

2016ko balantze hori dela eta, José Luis Landa Ingurumen zinegotziak honakoa uste du: "GetxoBizi nabarmen ugaritu da erabilerari dagokionez, orain bizikleta publikoak beti daudelako babestuta eta egoera ezin hobean. Eta berritzailea den aparkamendu seguruari dagokionez, gero eta pertsona gehiago dira beren bizikletak –elektrikoak barne- aparka sisteman utzi edo gordetzen dutenak, zerbitzuarekin fidatzen direlako".

Sistema horrek, hain zuzen ere, daborduko Aparka gune berri bat dauka, hamahirugarrena, Txopoeta etorbidean, Gernika parkearen ondoan, Negurin. Guztira 179 dira eskaintzen diren aparkalekuak udalerri osoan. Iaz aparkaldiaren denbora zabaldu zuen, ordu batetik seira, eta aurten hamar ordura zabaldu da denbora hori. Horrez gainera, europar patente eta "Aparka" marka lortu ditu.

Aparka 2016ko hasieran ezarri zen Getxon, hiriko txirrindularitzari irtenbide integral bat emateko, eta era berean, udalerrian baztertzeko arriskuan dauden pertsonei lan egiteko aukera bat eskaintzeko. Landak gogoratu duenez, "segurua ez ezik, sistema praktikoa eta iraunkorra da, ingurumenarekin errespetutsua dena; intermodala ere bada, ekipamendu berean bizikleta publikoaren mailegu zerbitzua eta bizikleta pribatua seguru aparkatzeko sistema elkartzeko gaitasuna baitu. Erabiltzeko erraza, modularra, malgua eta mugikorra da, eta eskarira molda daiteke behar den tokian".

Erakartze- eta argibide-kanpaina

Zerbitzuaren erabilera nabarmen hazi bada ere, Udalak erabiltzaileak erakartzeko eta zerbitzuren berri emateko kanpaina bultzatuko du; eta bi talde dira kanpaina horren hartzaileak: GetxoBizi ezagutu edo erabiltzen ez duten Getxoko bizilagunak eta udalerrian bizi ez baina zerbitzua sarri edo noizean behin erabil zezaketen pertsonak. "Erabiltzaile berriak geureganatu nahi ditugu, zerbitzuaren abantaila, kostu eta ezaugarriak zabalduz. Jakinarazi nahi diegu norberaren bizikleta modu seguruan aparkatu ahal dutela eta bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu Getxon, garraiobide bezala", adierazi du zinegotzi getxotarrak.

Hori dela eta, maiatzean kale-antzerkiko saioak egingo dira GetxoBizi ezagutzera eman eta erabiltzaile berriak erakartzeko. 5 minutuko antzezpenak izango dira, Utopíaneko antzerki eskolako ikasleek eskainiko dituztenak, eta udalerriko aparka estazio jendetsuenen inguruetan egingo dira. Halaber, Getxo Kirolakekin lankidetzan, bizikletaren erabilera bultzatuko da udal kiroldegietako bezeroen artean. 

Kale-antzerkia: (© GETXOKO UDALA)

Gogoratu bestalde, zerbitzuaren tarifak, ordenantza fiskal batean ezarrita daudenak, honako hauek dira: bizikleta publikoaren alokairurako urteko bonua, 10 euro; Eguneko bonua (aldian behingoa), 2 euro; eta bizikleta pribatua aparkatzeko urteko bonua, 20 euro.

Alta emateko bi era daude: www.getxobizi.com webgunearen bidez edo 900.840.345 telefono zenbakira deituta (erabiltzailearentzako doako arreta).

GetxoBizi zerbitzua 07:00etatik 22:00ak arte dago zabalik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun