Gizon bat atxilotu dute Getxon, bikotekidea jotzea leporatuta

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 3a, 14:47

Joan den domekan, apirilaren 30ean, Getxoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen, bikotekidea jo izana egotzita. Iturriek jakinarazi dutenez, 2016ko irailean ikertu zuten gizonezkoa, antzeko arrazoiengatik.

Erasoa 08:30ak aldera jazo zen. Une horretan, udaltzainek dei bat jaso zuten, Itzubaltzeta/Romoko kale batean gizon eta emakume baten eztabaida handi baten berri emateko. Bertaratzerakoan, poliziek emakumea oso urduri topatu ei zuten, eta horrek esan zuen bere bikotekideak jo egin zuela. Emakumea erietxe batera eraman behar izan zuten, kalte arinak artatzeko.

Minutu batzuk geroago, udaltzainek ustezko erasotzailea aurkitu zuten, 39 urteko gizona. Hala, hura atxilotu zuten, emakumearen kontrako indarkeria delitua egotzita.

Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak erasoa gaitzetsi ondoren, gogorarazi du tratu txar fisikoa edo psikikoa jasaten dituzten biktimek Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jo dezaketela, han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete. Eigurenek akordura ekarri du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere jo daitekeela, baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono-zenbakira (900 840 111) eta SOS Deiak zerbitzura (112) ere.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun