Amaia abeslari ezagunaren kontzertua izango da uztailaren 2an Ereaga hondartzan

Uztailaren 2an, zapatuan, Amaia abeslari ezagunaren emanaldia izango da Ereaga hondartzako aparkalekuan. Bertan Cuando no sé quién soy bere azken laneko kantuak eskainiko ditu 23:00etatik aurrera, eta saiorako sarrera doakoa izango da. Nafarroako artista Nazioarteko Jazzaldiaren 45. edizioa dela-eta arituko da, eta emanaldi horren bitartez, antolatzaileek publiko gaztea erakartzeko bidea zabaldu gura dute, generoari lotuta ez dauden artisten eskutik.

Operación Triunfo-ren bederatzigarren edizioan garaile atera eta Eurovision-en parte hartu ondoren, Amaiak (Iruñea, 1993) bere debuteko albuma kaleratu zuen 2019an. Pero no pasa nada izenburupean, indie eta pop klasikokoaren doinuak uztartzen dituen lana aurkeztu zuen, 90eko eta 2000ko hamarkadetako hainbat talderen eta egungo artisten eraginak biltzen dituena.

Hiru urte geroago kaleratu du bere bigarren lana: Cuando no sé quién soy. Horretan, erraz identifikatzeko moduko emozioak lantzen dituzten hamar gai biltzen ditu. Amodiozko, gaitzespenezko, zalantzazko eta nostalgiazko abestien bilduma da, eta artistak bere burua bilatzen jarraitzen du, baina bere nortasun nahastezinaren ezaugarriak alde batera utzi gabe.

Irakurle agurgarria:

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda. Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz edo beheko botoiari sakatuz.


Izan zaitez HIRUKAlagun