Kultura 2004-09-23 23:19

Mesedeetako Amaren jaiak Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 24tik 26ra.


Ikusi egitarau osoa agendan
  Kultura 2004-09-23 00:02

Haurrentzako zerbitzuetako euskararen egoera aztertuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Haur Hezkuntza zentroetan, haurtzaindegietan, haurrei zuzendutako zerbitzuetan eta herriko ikastetxeek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jardueretan ematen den euskararen erabilerari buruzko azterketa eta Plan Estrategikoa egingo ditu Getxoko Udalak. Ikerketa lau hilabetetan eramango dute aurrera, 28.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin. Hain zuzen ere, Euskararen Erabileraren Normalizaziorako Plangintzaren barruan dago ekimena, dagoeneko gazte eta kirol taldeetan eta saltokietan burututakoekin batera. Iñaki Zarraoa alkatearen arabera, "oso garrantzitsua da haurrei zuzendutako zerbitzuetan gertatzen ari dena ezagutzea, gaur egun arlo horretan dauden eskaintzak ezagutu eta eredu elebidunen alde egiten duten joeretara egokitzeko".
  Jendartea 2004-09-23 00:02

Emakumeentzako Jabekuntza Eskola jarri dute martxan Getxo udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, Emakumeentzako Jabekuntza Eskola abian jarri du, Ermua eta Basaurirekin batera, Getxoko Udalak. Besteak beste, banaka zein kolektiboki daukaten eragina izateko gaitasunaz jabe daitezen, erabakietan parte hartze handiagoa izateko baliabideen berri emango diete. Azken finean, "emakumezkoei gizartean merezi duten protagonismoa emateko bitartekoak eskaintzen dituen eskola" sortzea da helburua, Iñaki Urkiza Gizarte Ekintza, Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera. Hala ere, hizkuntza aldetik, aipatu behar da ekimenean emango diren ikastaroetako bat baino ez dela euskaraz izango, "Jende aurrean hitz egiteko teknikak" delakoa alegia. Izena emateko urriaren 6ra arte egongo da aukera, Herritarren Arretarako Bulegoetan, 8:00etatik 14:00etara eta Herritar Arreta Gunean 14:00etatik 20:00etara. Ikastaro bakoitzaren hiruhileko bakoitzeko prezioa 3 eurokoa izango da.
  Jendartea 2004-09-23 00:01

Seigarren atxilotua enpresari getxoztarraren emaztearen bahiketarekin lotura duelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den abuztuaren 11an gertatutako bahiketarekin lotura izatea leporatuta, 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuten atzo Kantabriako Guriezo udalerrian. Guztira, sei lagun dira auzi honengatik atzemandakoak. Izan ere, astelehenean hiru gizon eta bi emakume atxilotu zituen Bilbon, Erandion eta Leioan Ertzaintzak; Olga Novo Villar, enpresari getxoztar baten emaztea, bahiketarekin lotura dutelakoan. Senarraren ingurukoak zirela guztiak adierazi zuen polizia autonomikoak. Hala ere, sei horietatik bat aske utzi dute gaur arratsaldean; besteak, aldiz, epailearen esku geratu dira. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atzoko atxiloketarekin, amaitutzat eman dituzte bahiketaren inguruko ikerketak.
  Kirolak 2004-09-22 11:45

Getxoztar eskalatzailea hil da Aragoiko Pirineoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aragoiko Pirineoko Benasque udalerrian, Salenques-Tempestades gailurrera eskalatzen ari zela, amildu eta hil egin zen atzo A.R.P. 24 urteko getxoztarra. Huescan Espainiako Gobernuko Ordezkariordetzak jakinarazi eta hainbat komunikabidek jaso dutenez, beste mendizale batekin zihoala, igotzen zebilen haitzak askatu eta 200 metrotan behera erori zen kirolaria, Salenqueseko glaziarrean amaituz. Segituan hil zen gaztea hartutako kolpe anitzen ondorioz.
  Politika 2004-09-21 23:51

Presoen senideei laguntzak kendu eta dirua "terrorismoaren benetako biktimei" emateko eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herritik kanpo dauden euskal preso politikoen senideek kartzeletara bidaiak ordaindu ahal izateko onartutako 24.000 euroko dirulaguntza ezeztatzeko eskatu dio Udalari Getxoko PPk. "Zarrasteldu" nahi duten diru hori "terrorismoaren benetako biktimak direnei, hots, ETAk eraildako edo mehatxatutako pertsonei eta euren familiarrei" emateko premiazko eskea egin du Marisa Arrue popularren bozeramaleak, "dolu-agerpenak eta bateratzea errazteko asmoz, mehatxuengatik seguruenik betirako herritik kanpo lan egin edota bizitzera joan behar izan dutenen bidaiak ordaintzeko alegia". Hori dela eta, "ETAk hildakoak eta euren familiarrak ahaztuta" dituztela kritikatu eta "urte askotan hiltzaileen senideei laguntzea eta horiek aldarrikapenak egiteko erraztasunak ematea" egotzi dio Iñaki Zaraoak zuzentzen duen udal gobernuari Getxoko PPk.
  Jendartea 2004-09-21 23:49

Bihar ere autorik gabeko guneak jarriko dituzte Algortan eta Areetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Autorik Gabeko Nazioarteko Egunak emango dio amaiera, asteazken honetan, irailaren 16az geroztik Getxo udalerrian egiten ari den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteari. Hori dela eta, pasa den igandean egin bezala, bihar ere aparkatzea eta kotxeak ibiltzea galaraziko da, 8:00ak eta 20:00ak bitartean, Areeta eta Algortako herriguneetan. Hain zuzen ere, Algortako Etorbidea, Telletxe, Juan Bautista Zabala, Torrene, Amesti, Andikoetxe eta Andres Kortina kaleak itxiko dira Algortan; eta Kale Nagusia, Negubide, Aramendi, Zalama, Bidebarrieta, Bidearte, Santa Ana, Adiskidetasuna eta Jolastokieta, Areetan. Zamalanak 10:00ak arte, eta aipatutako kaleetako garajeetatik autoen irteera soilik dago baimenduta. Ildo horretan, autoak kentzeko beharra azpimarratu dute udal arduradunek, horrela ez egitekotan, garabiak eramango dituelako.
  Jendartea 2004-09-20 23:26

Ametsezko Getxori buruzko graffitia egingo dute bihar eskola-umeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gurpil-aulkiak eta itsu-makilak erabiliz, oztopo arkitektonikoek sortzen dituzten arazoak ezagutu dituzte gaur Xake plazara bertaratutakoek

Auto gutxiago lituzkeen udalerri baten inguruan marraztu eta idatz dezaten, haurrentzako tailerra egongo da astearte honetan, Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan antolatutako ekitaldietan. Izan ere, Ametsezko Getxoren Eguna goiburua jarri diote biharko jardunaldiari. Areetako Xake plazan eta Algortako Terretxen guneak egokituko dira, mahai eta aulkiekin, begiraleen eta euren irakasleen laguntzarekin, proposatutako gaiari buruzko marrazki eta idatziak egin ditzaten eskola-umeek. Tailerraren harira, bi graffiti egitea ere proposatuko zaie (bata goizean, eta bestea arratsaldean), 5x1'50 metroko neurria duten egurrezko paneletan.
  Jendartea 2004-09-20 23:22

HIru bainulariei laguntzera zihoala ito egin zen Kantabriako hondartzan hildako getxoztarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbatean, Usgoko hondartzan (Miengo) itota hil zen A.J.M.M. 51 urteko getxoztarra uretatik ezin irteteterik zebiltzan bi gizoni eta emakume bati laguntzera sartu zen itsasora, Kantabrian Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak atzo jakinarazi zuenez. Izan ere, hasiera batean, aipatu erakundeak eta bertako 112 Larrialdi Zerbitzuak adierazitakoaren arabera, hiru horiek izan ziren uretara sartu zirenak hildakoa laguntzera. Miengoko bizilaguna den C.M.P. emakumea, J.A.R.M. palentziarra eta Burgoseko J.R.N.D. larri daude Santanderren dagoen Valdecillako Markesa ospitalean, hasieran bi gizonak Torrelavegako Sierrallanako ospitalera eraman zituzten arren.
  Jendartea 2004-09-17 23:55

Irailaren 19an eta 22an autoa ez erabiltzeko konpromesua eskatuko zaie getxoztarrei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ibilbide berria izango du aurten, Garraio Alternatiboaren Egunaren harira, igandean egingo den bizikleta ibilaldiak

Getxo udalerrian egunotan egiten ari den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan, Hiritarren Konpromisoaren Eguna ospatuko da larunbat honetan. Besteak beste, Autorik Gabeko Eguna dela eta, irailaren 22an kotxea ez erabiltzeko konpromisua eskatuko zaie herritarrei. Bihar bertan banatuko den agiria sinatuz, asteazkenean ez ezik, igandean ere autorik ez hartzeko eta garraiobide publikoak edo bizikleta erabiltzeko hitza ematea eskatuko zaie. Horrekin batera, era arduratsuan gidatzeko konpromisoa hartuko dute gidariek: 90 km/orduko baino gutxiagoko abiaduran, bat-batean azeleratu eta galgatu barik. "Modu horretan erregai gehiago kontsumitu eta CO2 kantitate txikiagoa isurtzea lortzen da, baita gure kale eta errepideak seguruagoak izatea ere", udal arduradunek adierazi dutenez. Urteko beste egunetan ere hartu baino lehen "euren buruari benetan autoa behar duten galdetzera derrigortzen du", gaineratu dutenez. Egun osoan zehar, informazio-orriak banatuko dizkiete auto-gidariei, horien bidez irailaren 19an eta 22an autoa ez erabiltzeko konpromisoa eskatuz.
  Politika 2004-09-17 23:54

Urriaren 1ean epaituko dute Madrilen Albaro Arri preso algortarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Torturak direla medio" beste preso batek sinatutako deklarazioan oinarritzen dira, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan.

Albaro Arri Pascual "Muni" euskal preso politikoa urriaren 1ean epaituko dute Madrilen. Epaiketa 10:30ean egingo da Espainiako Entzutegi Nazionaleko 3. atalean. 1994ko maiatzaren 23an, Madrilen bertan, Espainiako Armadako Francisco Javier de la Llama sargentuaren autoan lehergailua jartzea leporatuta, hilketa-saiakera delituagatik 12 urteko espetxe zigorra eskatzen du algortarrarentzako fiskalak. Hala ere, ostiral honetako oihu@ agerkari elektronikoak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, "torturapean" beste atxilotu batek sinatu zuen deklarazioan oinarritzen dira akusazio hori egiteko, "nahiz eta atxilotu hori epailearen aurrera eraman zutenean hori egia ez zela eta torturaz sinarazi ziotela deklaratu". "Juridikoki poliziaren deklarazio hutsak ez duela baliorik" gogoratu nahi izan dute, "are gutxiago inkomunikazio egoeran eta torturak erabiliz sinarazi denean". Mikel Azurmendi, Kepa Lagina, Mikel Arretxe eta Josu Bravo euskal preso politikoak ere deitu dituzte, lekuko bezala deklara dezaten, epaiketara.
  Jendartea 2004-09-17 23:50

Bidaiarien gurutzuntzietarako kaiaren auzian "larderiatsu" jokatzea egotzi dio Zarraoari Getxoko PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bilboko Portuko Agintaritzak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak herrian bidaiari gurutzuntzietarako kaia egitea adostu dutela esanez, Iñaki Zarraoa alkateak adierazitakoari erantzun zion atzo Luis Almansa Getxoko PSE-EEko bozeramaleak. Udalaren jarrera kritikatu zuen zinegotzi sozialistak, batez ere, Zarraoa bera Abra-Getxo Kirol Portua elkargoaren presidentea den aldetik mantentzen ari dena. "Informatu eta itsas-egitura hori jartzeak udalerrian eduki ditzakeen onura ala arazoak udalbatzan eztabaidatu gabe ekarri nahi du Getxora aipatutako kaia", Almansak adierazi zuenez. Horrekin batera, Santurtzirekin "larderiatsu eta inolako solidaritaterik gabe" jokatzea egokitzi die erakundeei, "gaur egun Ezkerraldeko udalerrian sartzen direlako gurutzuntziek eta, kaia Getxora aldatzeko ezezkoa emateaz gain, akordio horretatik kanpo utzi dutelako Santurtzi".
  Jendartea 2004-09-17 23:50

Maidaganen burututako obren gaineko informazioa eskatu dio Aldundiari PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Maidagan kalean udan burututako obren gaineko informazioa eskatu zion atzo Eusebio Melero Herri Lan eta Garraioen foru diputatuari Jesus Isasi Bizkaiko Batzar Nagusietako PPko ahaldunak. Gogoratu zuenez, 239.956 euroko diruarekin, Goñi eta Ormaza kaleetan igaz egindako obretan ere Maidagan altxatu zuten. Hori dela eta, "premia larririk egon ezean" urtebete beranduago kalea berriro altxatzea "dirua botatzea" litzatekeela adierazi du Isasik. Arrazoiak zeintzuk diren argi dezaten dokumentuak eskatu dizkio Melerori. Baita obren zenbatekoa eta 2003ko eta aurtengo lanak zein enpresek burutu dituzten esateko ere.
  Jendartea 2004-09-17 23:49

Bi gazte atxilotu dituzte Algortan optika batean lapurtzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erakustoki batetik zazpi betaurreko pare lapurtu zizkiotela jakinarazi zion, atzo 19:00ak aldera, Ertzaintzari Algortako optika bateko jabeak. Antza, hiru gizon dendara sartu eta betaurrekoak eraman zituzten irtetean. Bertara hurbildu ziren polizia agenteek ondoko kaleetatik miatu eta, ordu bete beranduago, horietatik bi atseman zituzten Telletxe kalean, metro geltokitik hurbil. 19 eta 23 urteko errumaniarrak dira atxilotutakoak.
  Jendartea 2004-09-16 23:21

Getxoko PPk kontrakoa esan arren, alderdientzako tokia badauka udal webguneak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Herritarrekin harreman zuzenagoa izateko, www.getxo.net web orrialdean alderdi politikoek gune berezi bat eduki dezaten eskatuz, Getxoko PPk egindako adierazpenak "zur eta lur" utzi ditu udal arduradunak. Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, horrelakorik badago aspalditik webgunean. Gainera, gune horretatik, mezuak bidali ahal zaizkie internet bidez "udalbatzan ordezkaritza daukaten alderdi guztiei" eta horien web orrialde ofizialetan sartzeko lotura ere badago. Hain zuzen ere, bi aukera hauek eskatu zituzten espreski popularrek. Getxoko PPk Sopelako udal webgunea jarri zuen adibidetzat. Hala ere, eurek eskatu bezala, honek ez dauka alderdi politikoen web orrialde ofizialekin lotura zuzenik; Getxokoak, ordea, badauka. Haatik, talde bakoitzaren aurkezpena irakurri eta zinegotzi bakoitzarekin harremanetan jartzeko aukera dago Sopelakoan. Getxokoak udalbatzen soinu artxiboak ere eskaintzen ditu.
  Jendartea 2004-09-16 23:21

Barne komunikazioa errazteko, Intranet sarea jarriko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko eta Autonomiadun Erakundeetako (Jesusen Bihotza Udal Egoitza, Andres Isasi Musika Eskola, Fadurako Udal Kiroldegia eta Getxoko Kultur Aretoa) langile eta pertsonen artean komunikazio hobeagoa ahalbidetzeko, Intranet zerbitzua jartzeko lehenengo urratsak ematen hasi da, lehiaketa irekia deituz, udal gobernu batzordeak. "Lanerako eta barne inplikaziorako pauso garrantzitsua izango da, udalaren helburuak lortzeko bidean, baita erakundeak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan ere", Iñaki Zarraoa alkateak azpimarratu duenez. Lanpostu bakoitzerako lan tresna berezituak, Getxoko Udalak egiten dituen agiria korporatiboak, Tokiko Gobernu Batzarraren eta udal osoko bilkuren aktak, alkatetzaren dekretuak edota informatikako tresnak erabiltzeko gida-liburuak eskainiko ditu Intranet sareak. Hain zuzez ere, gaur egun indarrean dagoen Informazio Sistemen Plangintza Estrategikoa ezarri zuen I.Kalitate Planaren helburuetako bat da. Guztira, 75.000 euroko aurrekontua du egitasmoak, eta hiru hilabetetan burutu beharrekoa.
  Jendartea 2004-09-16 23:20

Bide-heziketa tailerretan parte hartuko dute bihar Getxoko eskola-umeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzeko antolatu diren ekitaldien barruan, bide-heziketa tailerretan parte hartuko dute bihar, ostirala, udalerriko eskoletako ikasleek. Horrela, Neska eta Mutilentzako Kale Seguruen Egunean, Getxoko Udalak Faduran daukan zirkuitora egingo dute bisita gazteek, alegiazko errepide eta kaleetan barrena, zirkulazio eta bide-segurtasun funtsezko arauak ikas ditzaten. Halaber, Areetako Xake plazan ere, haurrentzako bide-heziketa tailerra egingo da, 12:00etatik 14:00etara, eta Algortako geltokiko enparantzan, 18:00etatik 20:00etara.
  Kultura 2004-09-16 00:10

Erdi Aroan murgilduko da asteburuan Algorta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 17tik 19ra, aspaldian ahastutako garaietara bueltatuko da, Basagoiti etorbidean barrena, Getxo Antzokiko plazatik Kasinora doan Algortako oinezkoen gunea. Hiru egunetan zehar, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Erdi Aroko ogibideak erakutsiko dituzten tailerrak eta saltokiak beteko dituzte kale-bazterrak. Zapata, jostailuak, oinetakoak zein larru, espartzu, argizari, zur, urre eta beste hainbat gairekin egindako produktuak erosi ez ezik, artisauak lekuan bertan lanean ikusteko aukera ere edukiko dute bertara hurbiltzen direnek. Gainera, herri sukaldaritzak ere bere lekua izango du, bisitariek sabela bete dezaten. Horrekin batera, orduko pertsonaia ugari ibiliko dira inguruan, aktoreek antzeztuta: bufoiak, malabaristak, koplariak, musikariak, magoak, kontalari itsua eta itsumutila, eskaleak, komedianteak, soldaduak, fakirrak... Hainbat antzezpen egingo dituzte horiek, orduko azoketan zegoen giroa eta eguneroko gertaerak erakutsiz. Finean, "jai giroan, iragana bizitzeko aukera ezin hobetzat" jotzen dute Getxoko III. Erdi Aroko Azoka Kultur Etxeko arduradunek.
  Jendartea 2004-09-15 22:44

Kalitate Atmosferikoaren Eguna ospatzen da ostegun honetan Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 22a bitartean ospatzen den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen lehendabiziko jardunaldiaren baitan, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meatze Aurrezpen eta Garapenerako Erakundeak (CADEM) ibilgailuen ihes-gasen doako azterketa egingo du Areetako Xake plazako inguruetan, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Fernando Burzako Getxoko Udaleko Ingurumen zinegotziak aipatu duenez, "ibilgailuen ihes-gasen auzia gero eta kezka haundiagoa eragiten ari da. Etorkizunari begira, epe ertain edo luzera, kutsatzen duenak ordaindu beharko du". Beste alde batetik, zaratak kontrolatuko ditu jardunaldian zehar udalerriko kale nagusietan udal Ingurumen Arloak. Honen gainean, Burzakok esan duenez, "Udalak ardura handia hartu du zarata kutsaduraren gainean, eta zaila bada ere, ahaleginak era horretako kutsadura ahalik eta gehien murriztera bideratuta daude".
  Jendartea 2004-09-15 22:44

Udal webgunean talde politikoekin "linea zuzena" jartzea eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Auzotarrek alderdi politikoekin harremanetan egon daitezen", Udalaren webgunean (http://www.getxo.net) lotura edo linea zuzena jartzea eskatu du Getxoko PPk. Ildo horretan, adibidetzat jarri dute jadanik aukera hori eskaintzen duen Sopelako Udalaren webgunea (http://www.sopelana.com). Horretaz gain, Getxokoan, talde politikoek aurkeztutako azken mozioak eta eskaerak eta bakoitzaren webgune ofizialerako lotura jartzea ere nahi dute. Eduardo Andrade popularren zinegotziak atzo adierazi zuenez, gobernu batzordeak onartzen ez badu, udalbatzan aurkeztuko dute eskaera, "alderdi politikoak webgunean agertzea ukatzeko arrazoi zein den azal diezaien herritar guztiei". Marisa Arrue Getxoko popularren bozeramalearen esanetan, "PPk getxoztarren %33aren babesa eduki arren, batzordeetan parte hartzeko aukera guztiak ukatzen ari zaizkigun une honetan, herritarrekin kontaktuan egoteko aukera bikaina da webgunearena".

Nabarmenak

Zorion agurrak