Aratusteak 2016

Mozorro eta tostada onenaren bila ibiliko dira egunotan gorliztarrak

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 5a, 10:23
Iazko inauterien artxiboko irudia.

Mozorro-jaia ate joka dago Gorlizen, eta gorliztarrek besoak zabalik hartuko dituzte aratusteetarako jantziak. Aurten, 5 eguneko inauteriak izango dira udalerrian, hilaren 5etik 9ra arte, hain zuzen ere. Lehenengo egunean, barikuan, kalejira eta dantzak abiatuko dituzte Eliz plazatik, 19:00etan, eta ondoren, 19:30ean, txokolate beroa banatuko dute Ibarreta plazan.

Hurrengo egunean, zapatuan, gerriondoak astintzeko neska-mutilentzako disko-festa egin eta txokolate beroa emango dute, Ibarreta plazan, 18:00etatik aurrera. Egun osoan talde-argazkiak ateratzeko aukera egongo da Goskoa tabernan. Domekan, berriz, inauterietako tostada gozoenaren bila joko dute gorliztarrek. Horretarako, Inauterietako VII. Tostada Txapelketa antolatu dute, 13:00etatik aurrera, Ibarreta plazan.

Hilaren 8an, astelehenean, munduko inauteriak ezagutzeko aukera izango dute ludotekako neska-mutilek. Izan ere, 11:00etatik 13:00etara gura duten gaztetxoak kultur etxera joan ahal izango dira, mozorrotuta. Amaitzeko, martitzenean, mozorroetako maskarak eta osagarriak egiten ikasteko aukera izango dute ludotekara doazen umeek, kultur etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun