Jendartea 2008-03-08 19:49

Izen-ematea zabalik dute udan saharar umeak hartu nahi dituzten familia gorliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalak Güerako kanpamenduarekin 2001ean egindako adiskidetzearen ondorioz, abian dira zenbait proiektu, eta horietako bat “Oporrak bakean” deritzona da. Proiektu horren bidez, aukera eman nahi zaie Saharako umeei udako hilabeteetan (uztailaren 7tik irailaren 7ra, gutxi gora behera) familia gorliztarrekin bizi daitezen. Hori dela eta, seme-alabak eduki eta udan 7 eta 12 urte bitarteko ume sahararrak etxean hartu ahal dituzten familiei dei egin diete izena emateko. “Haurrok basamortu idorretik ateratzea da asmoa, uda sasoian 50 gradoko tenperaturara ere iristen baita termometroa Sahara aldean”, adierazi dute udal arduradunek. Apirilaren 10ra arte dago izena emateko aukera. Argazkian, Saharako ume eta euskal elkartasun elkarteko kide batzuk orain bi urteko udan Loiuko aireportuan Aminetu Haidar giza eskubideen ekintzalaria itxaroten / Saharatik.com.
  Jendartea 2008-03-08 19:38

Hilaren 14ra arte dute gorliztarrek haurrentzako masaje tailerrean izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Haurrentzako masaje tailerra eskainiko dute Gorlizen, martxoaren 29tik apirilaren 26ra bitarteko larunbatetan, 2 eta 10 hilabete arteko umetxoak dituzten gurasoei zuzendua. Guztira, bost saio izango dira, 11:00etatik 12:30era, Eloisa Artaza kaleko 3. zenbakiko erakusketa aretoan egingo dituztenak. Udal iturri gorliztarrek nabarmendu dutenez, erdaraz izango dira eskolak. Interesatuek 946 774 000 telefono zenbakira deituz eska dezakete informazio gehiago. Horrenbestez, hilaren 14ra arte egongo da zabalik izena emateko epea, gehienez 10 familientzako tokia baino ez dela egongo. Gorlizen erroldatutakoek 40 euro ordaindu beharko dituzte; kanpotarrek, berriz, horren bikoitza.
  Iritzia 2008-03-04 17:05

Jabi Zabala: "zu non bizi zaren? Ondotxo dakite alderdiek"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lehengoan etxera etorri zitzaidan EAJk bidalitako propaganda gutun hau. Edo hobeto publizitatea esan beharko dugu? Ez dakit. Egia esan, aspertuta nengoen publizitate banatzaileek tinbrea jo eta erantzutean “propaganda” zela entzuteaz, gero postontzia zabaltzean Lourdeserako txangoen, MediaMarkten edo audifonoen publizitatea aurkitzeko. Baina akaso hauteskundeetako propagandak gehiago du publizitate komertzialetik… Tira, ez da hori gaur hemen plazaratu nahi dudan gaia. “Zu, non bizi zara?” galdetzen du gutunak, galdera tontoa inondik inora. Izan ere gutunean bertan datorren datua baita, nire izen-abizenak eta helbidea. Datu berberak datoz (aurkeztu ahal izan diren) gainontzeko alderdien gutunetan. Eta horrek zer pentsatua eman dit. Argazkia: Jabi Zabala. Erabilpena: cc lizentzia honen arabera.
  Kultura 2008-02-05 16:17

Gorliz irratiko ateak nahi duen orori zabaldu dizkiote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorliz irratia Uribe Kosta Irratiko partaideek zabaldu dutenez, irrati hori FMko 107.8an entzuteaz gain, bertan parte hartzeko aukera ere eskaini diete Uribe Kosta eta Mungialdeko biztanle guztiei. Izan ere, "Batu Gorliz Irratira" lelopean, irratiaren mundua ezagutu nahi, esatari edo kontrol lanak ikasi gura, irratia sostengatzen duen elkartean laguntzeko prest egon edota nahi duen eran eta nahi duenean irratsaioa egiteko asmoa duen lagun orori bidea erraztu eta Gorliz Irratira hurbil dadin lagundu nahi diote. Horretarako, 946 774 575 telefonora deitu edo gorlizirratia@gorlizirratia.com posta elektronikora idatzi baino ez da egin beharko. Argazkian, udan egiten den "Volumen Brutal" saioko Papis esataria.
  Kultura 2008-01-31 21:14

Mielotxinek bisitatuko du larunbatean Gorliz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herrietan bezala, eskola-umeak, irakasleak, zuzendariak, aita-amak... hartuko dituzte ostiral honetan, goizez, Gorlizko kaleak, euren mozorroak erakutsiz ikastetxeko desfilea egiteko. Hain zuzen ere, hori izango da asteartera bitartean luzatuko diren inauteriei hasiera emango dien ekitaldia. Hartara, larunbaterako ere jarduera ugari antolatu ditu Gorlizko Kultur Etxeak: haurrentzako puzgarriak, trikitilariak, Orabai perkusio musika taldearen kalejira... Horretaz gain, ohitura bilakatu den zita ere badute etzi gorliztarrek. Euren txokotik mugitu gabe Nafarroa aldera egingo dute bidaia txki zein nagusiek, Aratz dantza taldekoen eskutik: aurten ere Lantzeko inauteriak antzeztuko dituzte. Horrenbestez, Mielotxinek (erraldoia), Zaldikok, Ziripotek (lodikotea), perretzaileek eta txatxoek hartuko dute Gorlizko kale nagusia, zarataka eta dantza eginez, 17:30etik aurrera. Ondoren, txokolatea banatuko dute. Argazkian, Mielotxin Lantzeko kaleetan barrena.
  Jendartea 2008-01-16 23:10

Dagoeneko sahararrentzako jakiak batzen hasi dira Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du Gorlizko Udalak, "Piztu itxaropena" leloari helduz. Horrenbestez, elikagaiak (azukrea, atuna oliotan, dilistak eta arroza) eta higiene-gaiak (konpresak) batzen hasi dira jada. Horiek urtarrilaren 31ra arte eraman ahal izango dira kultur etxera (Ibarrena etxea, Krutzeta kalea 5), edo udaletxeko bulegoetara (beheko solairuko harrera gelan). Diruz lagundu nahi dutenek, berriz, ondoko Euskadiko Kutxaren kontu zenbakian egin dezakete: 3035-0080-94-0800054177. 2001eko martxoan Saharako Güera herriarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 30 urteetan, Aljeriako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkia: Saharar Errepublika Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 30. urteurrenarekin bat eginez, bandera sahararra jaso zuten ikurrinarekin batera Gorlizko udaletxean, 2006ko otsailaren 27an.
  Jendartea 2008-01-12 20:37

Irudi korporatibo berridun kamisetak jarri dituzte salgai Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalak artikulu berriak atera ditu salgai jartzeko: aterki urdinak udalerriko armarriarekin eta kamiseta berdeak erakundeko irudi korporatibo berriarekin, 12 eta 10 eurotan, hurrenez hurren. Bestalde, etxerik etxe egindako banaketaren ondoren, tokiko erakundeak argitaratutako egutegia eskuratu nahi duten guztiek, udaletxean eta kultur etxean jaso ahal izango dute. Udalbatzak azaroaren 15eko bilkuran onetsi zuen erakunde‑irudi berria, Gorlizko "nortasuna islatu asmoz, gaur egungo ikonografia erakargarria erabiliz". Orduan, Emma Calzada alkateak azaldutakoaren arabera, "Udalak eta bere barruko sailek erabiliko duten marka Gorlizko logotipoa izango da, eta erakunde komunikazioaren euskarrietan aplikatuko da. Horrek ez du esan nahi, hala ere, udal armarria erabiltzeari utziko zaionik, behar den guztietan erabiliko da eta". Argazkian, Gorlizko udaletxearen irudia logotipo berria ezkerrean duela.
  Ekonomia 2008-01-12 19:40

Kultur Etxerako lan poltsa sortu du Gorlizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kultur Etxerako lan poltsa eratu duela jakinarazi die herritarrei tokiko webgunearen bitartez Gorlizko Udalak. Interesa duten guztiek euren eskabidea aurkeztu egin beharko dute urtarrilaren 31a baino lehen, Krutzeta kaleko 5. zenbakian. Lan poltsak arlo hauek jasotzen ditu: administrazio laguntzailea, animatzaile soziokulturala eta liburutegiko laguntzailea. Eskabidearekin batera derrigorrez aurkeztu beharko da curriculuma, eskabidea aurkeztu den arloan lagun horrek daukan eskarmentua azaldu, udal iturriek zehaztu dutenez. Aipatutako datatik aurrera balio barik geratuko dira aurreko zerrendak. Argazkian, Krutzeta kaleko 5. zenbakian dago Gorlizko kultur etxea.
  Jendartea 2007-12-26 20:24

Andra edadetu bat hil da Gorlizen auto batek harrapatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 77 urteko emakume bat hil egin zen astelehenean, hilak 24, Gorlizen, auto batek harrapatuta. Ertzaintzaren arabera, zorigaiztoko ezbeharra arratsaldeko 2:10ak aldera gertatu zen BI-3157 errepidean, Gorlizetik igarotzen den tartean. Une horretan, Rover 214 turismo batek G.A.A. Bilboko 77 urteko emakumea harrapatu zen. Istripuan jasotako zauri larriak direla eta, biktima hil egin da. Ertzaintzak dagokion ikerketa hasi du zoritxarreko ezbehar hori zergatik jazo den argitzeko. Egun berean, 12:30ak aldera, bi turismok, Ford Fiesta batek eta Toyota Corolla batek, aurrez jo zuten elkar Eibarren, N-634 errepidean. Suhiltzaileek M.Z.G. 68 urteko emakumea askatu behar izan zuten bidaiatzen zuen ibilgailutik eta, ondoren, Mendaroko Ospitalera eraman zuten. Argazkian, artxiboko irudi bat / Bambino.
  Jendartea 2007-12-13 16:18

Gabonetako maratoia egingo du asteburu honetan Gorliz irratiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gabonak gertu direla, eta ohiturari eutsiz, 25 orduz jarraian emitituko du asteburu honetan Gorliz irratiak (FM 107.8). Larunbatean, abenduak 15, eguerdian emango zaio hasiera irratsaioari, hurrengo egunean, 13:00etan amaitzeko. Denbora guzti horretan, irratiko 946 774 575 telefonora deitzeko aukera izango dute entzuleek. Parte-hartzaile guztiek, soilik deitzeagatik, opariren bat izango dute eta beste opari hauek irabazteko zozketan sartuko dira: gabonetako otzara, bi pertsonentzako asteburua, mountainbike bat eta hoteletarako bonoen txeke-liburuxka. Behin baino ezin izango da deitu, hedabideko arduradunek ohartarazi dutenez. Argazkian, orain dela bi urteko gabon-otzara.
  Jendartea 2007-12-07 20:52

Txakurren gorotzak kalean uzten dituzten jabeek zigorra jazo dezaketela ohartarazi du Gorlizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Herritarren elkarbizitzarako arauak errespetatu eta euren animalien gorotzak batu ditzatela eskatu die txakurren jabeei, bando baten bitartez, Gorlizko Udalak. "Txakurren jabeak dira abereon portaeraren arduradunak. Hori dela‑eta, Udalak dei egin nahi die horiei, herritarren elkarbizitzako arauak errespeta ditzaten. Horrenbestez, interesatuei gogorarazi nahi diet, bada, Animaliak Eduki eta Babesteko Udal Ordenantzak agindutakoa bete egin behar dela, eta bereziki gorotzen gaia aipatzen duten ataletan xedatutakoa", adierazi du udal agirian Enma Calzada alkateak. Ildo horretan, gogoratu du guztiz debekatuta dagoela txakurren kakak kalean uztea eta horrek "zehapen-espedientea irekitzea" ekar dezakeela ohartarazi du udal agintariak.
  Jendartea 2007-12-07 13:12

Etxeko ura aurreztea sustatzen dabiltza Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Ura: gaur aurreztuz, bihar izango zaitut" lelopean, abenduan kanpaina berri bat hasi du Gorlizko Udalak. Enma Calzada alkateak azaldutakoaren arabera, bi bide izango ditu ekimenak: batetik, herritarren sentikortasuna garatu nahi dute; eta bestetik, Gorlizko merkatarien lankidetza nahi dute, adibidez ostalari eta iturginena. Kanpainaren helburua uraren erabilera murriztea da, "ura baliabide natural eta mugatua delako". Hori lortzeko iturrien jarioa murriztekoak (argazkian) eta egunero ura aurrezteko gida bat banatuko dira herritar eta parte hartzen duten ostalari eta saltzaileen artean. Ekimenean parte hartzen duten denda guztiei pegatina bat emango zaie eta sentsibilizazio hitzaldia ere burutuko da. Dagoeneko kartelak jartzen eta informazioa banatzen hasi dira.
  Kultura 2007-12-04 23:24

Toponimia jasotzeko beka jarri du martxan Gorlizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalak gaur jarri du martxan udalerriko toponimoak jaso eta finkatzeko helburu izango duen beka. Ikerketa lana Euskaltzaindiko Onomastika sailarekin batera burutuko da eta urte batean egin beharko da gehienez jota, trukean 18.000 euroko jasoko duela beka eskuratzen duen pertsona edo lan taldeak. Eskatzaileak Euskal Filologia edo Historia ikasketetan lizentziatuak izan edo azkeneko kurtsoan egon behar dira eta eskabideak Gorlizko Udal Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko ditzute. Memoria eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea gaur zabaldu egin da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako oinarriak direla medio, eta 30 egunez egongo da zabalik. Interesatuek gaiari buruz esperientzia handirik izango ez balute Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren laguntza eta argibideak jasoko lituzkete. Zehaztasun gehiago Gorlizko Udaletxean, Gorlizko Kultur Etxean eta Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan galdetu daitezke. Argazkian, Emma Calzada Gorlizko alkatea.
  Jendartea 2007-12-04 21:42

Sahara itsas-txakurra Gorliztik Ingalaterra eraman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sahara itsas-txakurra gaur goizean lekuz aldatu dute, Gorlizko Fauna Basatiaren Suspertze Zentrotik Ingalaterrako Kornualles eskualdean dagoen Gweek Itsas-Txakurrentzako Nazio Aterpera. BIzkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, itsas-txakurraren osasun egoera bermatzeko, operatiboa "neurri egokiekin eta kontu handienarekin" egin dute Gorlizko eta Gweek-eko zentroen adituek eta Nekazaritza eta Arrantza Foru Arloko kideek. Goizeko 8:30ean Sahara Santaderreko porturako bidean jarri dute, bere erosotasuna ziurtatzeko egokitutako kajoi batean. Santanderretik zuzenean abiatu da Kornuallesera. Foru Aldundiko iturriek zehaztu dutenez, Saharak zailtasunak ditu bere kabuz bizitzeko eta horregatik aritu ziren Gweek bezalako zentro batera eramateko, bertan "baldintzarik onenak" baitaude. Sahara azaroaren 11an agertu zen Ondarroan eta azalean zeraman txipagatik identifikatu zuten. Osatu arte Gorlizko zentroan izan da.
  Kirolak 2007-11-25 14:02

Diru laguntza izango dute Sopelako igerilekuetara joaten diren gorliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizen, oraingoz, ur kirolak praktikatzeko instalaziorik ez dagoenez, Udalak diru laguntza emango die Sopelako kiroldegiko instalazioetan izena ematen duten auzokoei. Horrela, herritarren artean kirol jarduerak sustatu nahi dituzte, tokiko agintariek adierazi dutenez. "Diru laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko da zenbatekoa den Sopelako eta elkartutako udaletako erabiltzaileek ordaintzen duten kuota, kopuru horri kenduta Gorlizko erabiltzaileentzat finkatuko dena; eta bien arteko alde hori izango da ordaindu beharrekoa", azaldu dute. Hauexek dira ordainduko diren kontzeptuak: izena emateagatiko kuotak, bazkide kuotak eta igeriketa ikastaroak.
  Ekonomia 2007-11-15 23:24

Gorlizko erietxeko zuzendaritzak "greba oztopatzen" saiatu dela salatu du LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Txaro Martinez LAB sindikatuko ordezkariaren esanetan, 8:00ak eta 11:00ak bitartean deitutako lanuzteak "jarraipen zabalarekin" hasi dira, "espero genuen bezala". Martinezen arabera, Eusko Jaurlaritzak gaurko ezarritako gutxieneko langileez aparte, hain zuzen, Gurutzetako eta Galdakaoko ospitaleetan, "zerbitzuetako asko itxita egon dira" eta Txagorritxu Gasteizko zentroan "inor ez da lanean egon, ez kanpo kontsultetan, ezta laborategian ere". Hala ere, LABek deitoratu egin du "zenbait zentrotako zuzendaritzak greba oztopatzen saiatu" direla txanda-aldaketa batzuk saihestuta, "San Eloy eta Gorlizko zentroetan (argazkian), kasu". ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek iragarri dute elkarlanean jarraituko dutela eta Osakidetzako zuzendaritzak "orain arte agertu duen negoziaziorako borondate hutsari eusten badio" protestekin aurrera egingo dutela aurreratu dute.
  Kultura 2007-11-08 20:16

Bihar hasita poesia eta musika errezitalak egingo dira azaroko ostiraletan Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udal Liburutegiak poesia eta musika errezitaldien lehenengo topaketak antolatu ditu, azaroaren 9tik 30era bitartean. Saioak ostiralero izango dira Gorlizko erakustaretoan, iluntzeko 8etatik aurrera. Sartzea musutruk izango da eta, gainera, errezitala amaitu ostean mokadutxo bat eskainiko zaie bertan bildutakoei. Gauzak horrela, bihar dugu lehendabiziko ekitaldia: horretan Iñaki Urrutia bakarrizketa egilea izango da protagonista. Eta ondorengo ostiraletan etorriko dira Bizkaiko Artisten Elkartea, Idatzi-Irakurri literatur elkartea eta Pablo Neruda kulturgune txiletarraren saioak (hilak 16); Orphenica Lyra taldearen eskutik, piano doinuez lagundutako poesia errezitaldia, "De memorias y saudades" izanburupean (hilak 23); eta Juan Ramon Mankusoren emanaldia (hilak 30). Informazino gehiago behar izanez gero, 946 774 000 telefono zenbakira deitu edo liburutegia[abildua]gorliz.net helbidera idaztea besterik ez dago.
  Jendartea 2007-09-18 21:07

Mugak badira ere udalbatzarretan zinegotziei galdetzeko aukera izango dute gorliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalbatzako kideren bati gaderaren bat egin nahi dioten gorliztar guztiek inprimakia (pdf) bete eta, osoko bilkura egin aurreko hilaren 30a baino lehen, udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztuz egin ahal izango dute. Halabaina, mugak izango ditu herritarren eta udalbatzaren arteko komunikazio bide berriak: kontsulta egin zaion udalkideak erantzun gabe utzi ahal izango du galdera, udal iturriek jakinarazi dutenez. Horretaz gain, itauna egin duen herritarrak ez du zinegotziari erreplika egiteko aukerarik izango. Kontsulta kopuruari dagokionez, bilkura bakoitzean gehienez bost galderei erantzungo diote eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi kontsulta egin ahal izango ditu. Gorlizko Udalak argi utzi du "herrirako interesa duten galderak baino ez" dituztela erantzungo; ohiko osoko bilkuretan bakarrik gainera. Argazkian, Gorlizko udaletxea.
  Jendartea 2007-09-18 20:40

Gorlizko itsasargia mundu osotik "ibiliko" da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Correosek Gorlizko Itsasargia irudi duen zigilua argitaratu du berriki, Espainiar estatu mailako itsasargiei buruzko oroipen bilduma baten barruan. Bilduma horretan beste bost zigilu daude, guztira milioi erdi ale argitaratuz. "Herria promozionatzeko modu ona izanik, mundu osoko filatelia zaleek Gorliz ezagutzeko aukera izango dute", adierazi dute tokiko agintariek. Gorlizko zigilua, grabatua eta bertikala da, 28,8 x 40,9 milimetrokoa, eta bildumako garestiena: 2,43 eurotan salgai egongo baita. Correosek itsasargiei buruzko zigilu sorta egitea erabaki du horrelako eraikuntzek mendeetan izan duten garrantziagatik. Argazkian, horrelako itxura du Gorlizko zigiluak.
  Jendartea 2007-09-06 21:15

Hiru pertsona atxilotu dituzte Gorlizen hondartzan motxila bat lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu zituen atzo arratsaldean Gorlizko hondartzan, barrualdean zenbait gauza zituen motxila bat ostu izana egotzita. Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioen arabera, lapurreta arratsaldeko bostak aldera gertatu zen Astondo Gorlizko hondartzan. Lekuko batzuen ahotan jarritako adierazpenetan oinarrituta Ertzaintzak dio hiru gizonezkok motxila hartu zutela eta komun publikoetara joan zirela. Apur bat geroago irten ziren handik, baina motxilarik gabe. Handik minutu batzuetara aurkitu eta atxilotu zituzten gertaera horren berri izan zuten ertzainek.

Nabarmenak

Zorion agurrak