Hezkuntza 2008-08-07 21:00

Irailaren amaieran hasiko dira Algortako haur eskola berrirako lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren amaieran hasiko dira Algortako San Inazio herri ikastetxeko haur eskola egiteko lanak, Getxoko Udalaren Hezkuntza Arloak aditzera eman duenez. Era horretako instalazioetan aditua den arkitektura enpresa batek prestatutako proiektuan aldaketa tekniko txiki batzuk egin eta gero, laster aginduko dira aipatu lanak, lehiaketa publikoaren bitartez. Aldaketa horiek eskolan izango diren umeen erabateko segurtasuna bermatzeko egin dira, tokiko iturrien esanetan. Lanen aurrekontua, guztira, 500.000 eurotik gorakoa da. Hezkuntza Arlotik bertatik zehaztu dutenez, lanak datorren urteko maiatza aldera amai litezke eta, hortaz, haur eskolak 2009-2010 ikasturterako zabalduko lituzke ateak.
  Hezkuntza 2008-07-14 21:26

Unai Silvanek irabazi du Biomedikuntza arloko Mikroargazkigintza lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Unai Silvanen “Cuello de botella” irudiak irabazi du Biomedikuntza arloko Mikroargazkigintzako I lehiaketa. Lehiaketa EHUren Ikerkuntzarako Zerbitzu Nagusiak (SGIker-ek) antolatu du, Biomedikuntzako Mikroskopia Analitikoa eta Bereizmen Handikoaren zerbitzuak, hain zuzen ere. Lehiaketaren helburua, Biomedikuntzan, mikroskopia optikoaren eta elektronikoaren arloan, EHUn lortutako emaitzak hedatzea da. 72 irudi aurkeztu dira lehiaketara, 14 sail eta ikerketa-zentrotatik bidaliak. Epaimahaiak irudiaren begi-inpaktua, zailtasun teknikoa eta emaitzaren garrantzia azpimarratu ditu. Ekortze-mikroskopia elektronikoz atera da irudia, eta arratoi baten barrabilaren barneko hodi bihurgunetsuak ikus daitezke. Irudia lortzeko korrosio moldeen teknika erabili da, azkar polimerizatzen den erretxina bat injektatzean datzana. Ondoren, inguruko ehuna kenduta, tubulu seminiferoen barnealdearen molde bat geratzen da. Egileak, Unai Silvanek, arestian bukatu du doktoregoa EHUko Biologia Zelular eta Histologia sailean.
  Hezkuntza 2008-06-11 21:21

Perez Iglesiasek ez du EHUko hauteskundeetan parte hartuko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EHUko Gobernu Kontseiluak errektorea aukeratzeko hauteskundeen egutegia onartu du gaur. Lehen bozketa abenduaren 4an izango da. Hala ere, Juan Ignacio Perez Iglesias ez da berriro aurkeztuko, egun jarduneko errektorea denak batzarraren ostean emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Maiatzaren 22an egindako hauteskundeetan, hautagai bakarra izanda ere, Perez Iglesiasek ez zuen bere kudeaketaren azterketa gainditu, boto eman zutenen artean, eta botoa estamentuen arabera moldatu ostean, %54,6k ezetza eman zion. Hala ere, agudo zabaldu ziren berriro aurkeztuko zela zioten zurrumurruek, berak galduz gero berriro aurkeztuko ez zela adierazi arren.
  Hezkuntza 2008-06-10 21:04

Ikasleen erdiak Leioako campusean egingo ditu selektibitateko azterketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 7.607 ikaslek asteazken honetan, ekainak 11, hasiko dituzte hautaproba azterketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Iaz bezala, selektibitatea euskaraz egiten duten ikasleak (4.152 / %54,58), gaztelaniaz egingo dutenak (3.455 / %45,42) baino gehiago dira aurten, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Azterketak arratsaldeko lauetan hasiko dira. Lehendabizi, Gaztelania eta Literatura proba egin beharko dute, eta gero Historia eta Filosofia; 19:00ak bitartean. Ostegunean, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 19:00ak arte, Batxilergoan egindako espezialitateko nahitaezko eta hautazkoen probak izango dira. Azkenik, ostiralean, 10:00etatik aurrera, Euskara eta Literatura azterketa izango da, eta gero aukeratutako atzerriko hizkuntzakoa (ingelesa, frantsesa edo alemana). Aipaturiko 7.607 ikasleak 39 epaimahaitan egongo dira banatuak: 5 Araban, non 1.009 ikasle (437 euskaraz) aurkeztuko diren; 13 Gipuzkoan, non 2.794 ikaslek (1.904k euskaraz) egingo duten azterketa, eta 21 Bizkaian, non 3.804 ikasle (1.811 euskaraz) aurkeztuko diren selektibitatera. Gogoratu, biharko eta ostiralerako lanuzteak deituak daudela Bizkaibusen, Eskuinaldetik EHUra doazen autoobusetan, besteak beste.
  Hezkuntza 2008-06-09 16:02

San Nikolas ikastolaren jaia ospatu dute ehunaka ume, gazte, irakasle eta gurasok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ekainaren 25 eta 26an gurasoen egunekin batera ikasturtea amaituko dute San Nikolas ikastolako irakasle eta ikasleek, guraso askoren bizitza zeharo aldatuz hilabete batzuetan. Baina hori heldu bitartean, asteburu honetan guztiek batera ondo pasatzeko beta izan dute, ikastolak ostiralean eta larunbatean prestaturiko jaialdia dela medio. Ehunaka lagun izan dira, beraz, tailer, jolas, herri kirol, askari, omenaldi, kalejira, kontzertu, karaoke, pailazo, antzerki eta dantza saioetan. Ikastola, edo hobeto esanda, horren hazia, 1963an sortu zuten bederatzi familik 12 ikasle Begoña Abaitua andereñoarengan fidatu zituztenean, gela batean eskolak euskaraz eman zitzaien. Egun, mila ikasletik gora ditu. Argazkian, ume bat bere zapata berreskuratu nahian, larunbatean egindako kalejiran. Argazki gehiago hemen topa daiteke.
  Hezkuntza 2008-06-08 13:17

Perez Iglesiasek asteazkenean argituko du EHUko hauteskundeetara aurkeztuko den berriro

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Maiatzaren 22ko hauteskundeen aurretik, galduz gero berriro aurkeztuko ez zela adierazi zuen Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko jarduneko errektoreak. Abendura begira, baina, ez du baiezkorik, ezta ezezkorik ere eman oraindik aurreko hauteskundeetako galtzaileak. Perez Iglesiasek "El Pais" egunkariak gaur argitaratutako elkarrizketan adierazi duenez, "unibertsitate erakundeetatik kanpo ez dut gai horren garrantzitsuen gaineko adierazpenik egiten. Datorren asteazkenean Gobernu Kontseiluko batzarra dugu. Orduan argituko dut nire asmoa zein den. Erabakia hartuta daukat guztiz".
  Hezkuntza 2008-06-02 23:03

Dagoeneko EHUko Esperientzia Geletan izena eman daiteke

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ekainaren 13ra bitartean egongo da zabalik Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Esperientzia Geletan izena emateko epea. Bertan, Giza Zientzietako titulua ematen zaie parte hartzaileei, eta matrikulatzeko ez da inolako titulaziorik eduki behar. Matrikulatzeko baldintza bakarrak bi dira: 55 urtetik gora edukitzea, batetik; eta erretiratua, horren parekoa edo etxeko andre ala gizona izatea, bestetik. Titululazioa lortzeko lau ikasturte bete behar dira, eta honelako gaiak lantzen dituzte: Historia Unibertsala, Artearen Historia, Gaur Egungo Egoera Sozial eta Kulturalak, Geografia eta Ekologia eta Euskal Kultura. Gainera, hautazko ikasgai ugari ere eskaintzen dira, hala nola, Informatika, Europako Batasuna, Zuzenbidea eta zenbait hizkuntza. Izena eman nahi dutenek Bilboko Zazpi Kaleetako EHU-BBK etxera (Banco de España, 2) jo beharko dute, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:30era. Bestalde, ikastaroetan barrena eta beroriek gainditzeko ez da inongo azterketarik egin behar, baina bai eskoletara joan eta bertan modu aktiboan parte hartu. Eskola guztiak goizez ematen dira, EHU-BBK etxean. Argazkian, hainbat edadetu eskolak hartzen EHUn / Alberto Durana.
  Hezkuntza 2008-05-30 20:46

Europan praktikak egiteko aukera eskainiko die tituludun gazteei EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak EPEZ II (Enpresetan Praktikak Europan Zehar) programaren ezohiko deialdia antolatu du. Lehenengo esperientzia profesionala eskuratu nahi duten tituludun gazteei zuzenduta dago eta BBKren Gaztelanbidean Fundazioaren laguntza du egitasmoak, EHUko iturriek prentsa ohar bidez azaldu dutenez. Aukeratutako titulatu gazteek praktika profesionalak egingo dituzte Alemanian, Frantzian, Italian, Portugalen, Erresuma Batuan eta Txekiar Errepublikan, 14 asteko egonaldietan, 2008ko urria eta 2009ko otsaila bitartean. Informazio gehiago nahi izanez gero, 946 013 679 telefono zenbakira deitu daiteke edota mezu bat bidali enplegubizkaia[a bildua]ehu.es helbidera. Argazkian, hiru ikasle praktiketan EHUn.
  Hezkuntza 2008-05-29 21:42

"Biokimikaren oinarriak" argitaratu du EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Biokimika ikasketarako funtsezkoa den "Biokimikaren oinarriak" esku-liburua euskarara itzuli eta argitaratu berri du. Ekimen hori unibertsitatea aurrera eramaten ari den Euskara Zuzendari Planaren barruan gauzatu dute. Albert Lehninger zena, David Nelson eta Michael Cox jatorrizko lanaren egileak dira eta testu akademiko honen itzulpen lanetan parte hartu dutenak, berriz, Juan Cruz Igerabide, hizkuntzaren gainbegiratze-arduraduna, Jesus Maria Txurruka eta Mertxe Martinez, zientziaren inguruko gaien arduradunak izan dira. "Biokimikaren oinarriak" 1993an argitaratutako "Principles of Biochemistry" liburuaren itzulpena da, Nelson eta Coxek 1970an Lehningerrek lehen aldiz kaleratu zuen "Biochemistry" lanaren eguneraketa, alegia. Argazkian, Juan Ignacio Perez Iglesias jarduneko errektoreak egin du aurkezpena gaur Bilbon.
  Hezkuntza 2008-05-23 00:10

EHBE: "gaurko UPVko Errektoretza hauteskundeen emaitzen aurrean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur errektoretzarako hauteskundeak egon dira UPVn. Bertan hautagai bakarra aurkeztu da, Juan Ignacio Perez, orain arte errektore izandako bera. Egun osoan zehar sistema feudal batean oinarritutako hauteskundeak egon dira, demokraziaren kontzeptu arraro batean oinarritua. Hauek dira, antza, Unibertsitate komunitate osoak bere iritzia emateko duen momenturik gorena, baina argi dago hau ez dela hitza ematea, baizik eta tramite burokratiko bat. Unibertsitatearen gehiengoak hala ulertu du, oraindik ere datu definitiboak ez ditugun arren, hauteskunde hauetan unibertsitarioen gehiengoak bere bozka ez duela eman esan daiteke.
  Hezkuntza 2008-05-22 23:31

Juan Ignacio Perez Iglesiasenak egin du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Juan Ignacio Perez Iglesias ez da izango datozen lau urteotako EHUren errektore berria. Gaur, unibertsitatean ospatu diren hauteskundeetako hautagai bakarra izan bada ere, ez du bere kudeaketaren azterketa gainditu, boto eman dutenen artean, eta botoa estamentuen arabera moldatu ostean, %54,6k ezetza eman diolako. Boto errealean ere galdu egin du: 2.652k bere aurka bozkatu du eta soilik 2.243 bere alde. Beste 766k zuri bozkatu dute. Guztira, 5.661 unibertsitarioek baino ez dute botoa eman, erroldaren (54.701) %10,3, alegia. Izan ere, 100 ikasletik 3 baino ez dira hurbildu hautestontzietara. Perez Iglesiasek onartu du porrota "handia" izan dela eta uko egin dio dagoeneko irekiko den hauteskunde prozesu berrian berriz aurkezteari. Hortaz laster errektore ohia izango denak irakasle izatera bueltatuko dela argitu du. Klaustrorako hauteskundeen emaitzak bihar ezagutaraziko ditu unibertsitateak. Leioako campusari dagokionez, Ertzaintzak ikasleen aurka ekitea izan da hauteskunde egunean azpimarratzekoa.
  Hezkuntza 2008-05-22 19:46

"Abstentzioaren bidez" errektoreari "mespretxua" adieraztera deitu dute ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak bizitza unibertsitarioan goizean egindako esku hartzea eta abstentzioa eskatzen zuen kalejira bat moztu eta bertako bost ikasle identifikatu izana salatu dute dozenaka ikaslek campuseko kafetegi nagusiaren aurrean. Bertan egindako prentsaurrekoan izan dira identifikatutakoak eta horien izenean Oihana Etxebarrieta mintzatu da (mp4). Ertzaintzak "Iñako Perez errektorearen aginduz" jokatu duela nabarmendu du Etxebarrietak: "onartezina da". Kexu agertu dira ikasleak "demokratikoak" izan nahi diren "hauteskunde hauetan ikasleon hitza nola isilarazi nahi duten" ikustean: "Bologna gure hitzaren gainetik inposatuz, segurtasun indarrek gu jipoituz, euskara baztertuz, azken batean ikasle mugimendua osoa kriminalizatuz... eta hau da Iñakok hurrengo lau urteotarako eskaintzen digun argazkia: errepresioa, inposaketa eta eskubideen zapalketa. Horregatik deia egin dute "abstentzioaren bidez, Iñako eta bere asmoei gure mespretxua adierazteko". Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-22 18:23

Zaintzapeko estamentuzko demokraziaren erakustaldia egin du gaur EHUk Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hautestontziak ia hutsik, Ertzaintzako Brigada Higikorrak egindako zabaltze handia, abstentzioaren aldeko kalejira gelditu eta bertako bost ikasle identifikatu izana izan da goizean Leioa eta Erandioko campusak eman duena. Izan ere, bertan, EHU osoan bezala, erabakitzen da gaur unibertsitateko errektore Juan Ignacio Perez Iglesiasek jarraituko duen eta irakasle eta langileen ordezkariak Klaustroan zeintzuk izango diren. Goizeko 10etan, Ertzaintzak campuseko sarrerak eta Deltako zinpeko guardiek hautesgelak hartuta izan dituztela, estamentu bakoitzerako hautestontzi elektronikoak ireki dira fakultate eta eskola guztietan. Parte hartzea eskasa izaten ari da, batez ere erroldako gehiengo osoa osatzen duen baina boto haztatuaren %20 baino ez duen ikaslegoaren artean. Bestalde, atzo 30 pertsona kontzentratu ziren Sopelan unibertsitatean atxilotutakoei babesa eman eta EHUren "jarrera errepresiboa" salatzeko. Gaurko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-21 22:49

Hauteskunde eguna da biharkoa EHUn

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Quorum falta dela eta bertan behera utzitako Klaustroko batzarra eta istilu eta atxiloketak eman zioten bukaera atzo hasieratik aldrebestutako EHUko hauteskunde kanpainari. Tartean izan dira unibertsitate langileen ezinegona, hainbat sindikaturen kritika eta katedradun zenbaitzuen "ezetzarako" aldarria. Eta gertuago Ikasle Abertzaleen (IA), Presoen Aldeko Taldeen (PAT) eta Segi gazte erakundearen abstentzio aktiborako deia. Gauzak horrela, ez dirudi egungo errektore eta hautagai bakarra Juan Ignacio Perez Iglesias (argazkian) erraz izango duenik karguan jarraitzea. Behin baino gehiagotan adierazi gainera, ez aukeratzekotan ez dela berriro aurkeztuko. Hauteslekuak 10:00etatik 19:00etara egongo dira irekita. Irakasleek eta ikasleek kasuan kasuko ikastegian eman behar dute botoa, eta administrazio eta zerbitzuetako langileek campusetako errektoreordetzetan. Errektorea aukeratzeko botoa elektronikoa izango da (Demotek sistema) eta horrek "arindu egingo du botoak zenbatzeko lana eta behin-behineko emaitzak bizkorrago aldarrikatuko dira", EHUko iturrien arabera.
  Hezkuntza 2008-05-21 18:13

Azterketak prestatzeko campuseko ikasgelak asteburuetan ere zabalduko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Unibertsitateko ikasleek azterketa garaia osoan zehar probak prestatzeko leku egokia izan dezaten maiatzaren 31tik ekainaren 29ra Leioa eta Erandioko campuseko hainbat gela asteburuetan ere zabalduko dituzte. EHUk jakinarazi duenez, zabalduko diren zentroak Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasgelategia eta liburutegi nagusia izango dira. Zentro horiek ordutegi honen arabera zabalduko dira: goizeko 9etatik 13:00etara liburutegia erabili ahal izango da eta ordu horretatik aurrera, 19:30ak arte, fakultatea. Guztira, campusean 850 bat ikasteko toki izango dira asteburu guztietan. Bilbon ere, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eraikin nagusiko beheko solairuko gelak eta Ingeniaritza Eskolako ikasgelak irekiko dira, maiatzaren 24tik aurrera, guztira 1.150 leku eskainiz. Bestalde, Getxo udalerrian ere ekimen antzekoa aurkeztu dute berriki. Argazkian, lau hormen artean ikasi nahi duenak aukera izango badu ere, oraindik orain beste era batez ikastea nahiago dutenak badaude, Ikasle Abertzaleek iaz antolatutako Eskola Ibiltarian parte hartu zuten neska hauek bezala / Theklan.