Hezkuntza 2008-05-21 18:06

Iluntzeko 8etan campuseko atxiloketak salatzeko kontzentrazioa egingo dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioa eta Erandioko campusean atzo izandako istiluetan hiru gazte izan ziren atxilotuak eta gaur bertan aurkeztu du horien aurkako salaketa EHUk, "desordena publikoa eta txikizioak eragitea" egotzita. Hain zuzen ere, atxiloketa horiek eta "azkenaldian EHUk bizi duen jazarpen poliziala" salatzeko, elkarretaratzea deitu dute iluntzeko 8etarako, Sopelako hainbat herritarrek. Kontzentrazioa 20:00etan izango. P.B. sopeloztarra da atzo Ertzaintzak atxilotuetako lagunetatik bat. Herrikideek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, gaur eguerdian askatu dute gaztea. "Jipoitu eta zauritu ere egin zuten", salatu dutenez. Bitartean, campusean 120 bat ikasle bildu dira gaur (argazkian / Gaztesarea) atzoko gertakariak salatzeko; baita horien errudun Errentoretza jo ere. Istiluen argazkiak ikusteko sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-20 20:43

Etziko hauteskundeak baldintzatu nahi izatea egotzi die "erasotzaileei" EHUko errektoreak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arratsaldez, 16:30ean emandako prentsaurrekoaren bitartez egin du, Leioa eta Erandioko campusean goizean gertatutako istiluen irakurketa, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak. Azaldutakoaren arabera, Klaustroko bilera bertan behera utzi eta ordu erdi beranduago, "ehun eta hogei pertsona inguru Errektoretzako sarrerara joan eta eraikineko beheko solairuan indarrez sartu dira. Istilu bortitzak egon dira, kristalak eta hainbat unibertsitate altzari apurtu dituzte. Berrogeita hamar pertsona inguru oldar sartu dira eta pasaeran aurkitutako guztia txikitu dute. Unibertsitateak erasoari kontra egiteko segurtasun tresna erabili du baina erasoaren hasieratik Ertzaintzari parte hartzeko eskatu diot. Campusean bertan zeuden eta apenas minutu eta erdi barru gertakizunen tokira etorri eta erasotzaileak sakabanatu dituzte. Ertzaintzak hiru atxiloketa egin ditu". Hain zuzen ere, osteguneko Errektoretzarako hauteskundeekin lotu ditu istiluak Perez Iglesiasek: "gaurko gertakizunei azken egunotan pertsona zehatz batzuei egindako mehatxua eta indarkeria batzen zaizkie, batez ere ikasleei, etzi euren boto eskubideari uko egitea baita lortu nahi dena", azaldu duenez. Bihar bertan salaketa jarriko du EHUk. Klaustroko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-20 20:02

EHUren "jarrera errepresiboa" salatu du PATek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaurko egunean Leioa eta Erandioko campusean jazotako istilu larriak azken hilabeteetan EHUk hartu duen "norabide errepresiboaren azken katebegia besterik ez da", Presoen Aldeko Taldeen (PAT) iritziz. "Perez UPVko errektoregai bakarraren jarrera beste behin ere agerian gelditu da: errepresioaren eta ikasleon kriminalizazioaren bitartez, ikasleon hitza isilaraztea beste helbururik ez du. Eta horretarako ez du inolako erreparorik ikasleak egurtzeko orduan", gaineratu dutenez. Hartara, "kolore ezberdineko txakurrek unibertsitatetik alde egiteko" exijitu eta, ostegun honetako (maiatzak 22) Errektoretzarako hauteskundeen harira, Perez Iglesiasi "ostikoa emateko" IAk deitutako abstentzio aktiboaren aldeko deia luzatu die EHUko ikasle, irakasle eta langile guztiei PATek. Istiluen argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-20 19:30

Istiluen errua errektoreari egotzi dio IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ikasle Abertzaleek Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreari egotzi diote gaur Leioa eta Erandioko campusean gertatutako istiluen errua, "errektoregoko ateak itxi" dizkielako. "Ekimen mobilizatzaile, parte hartzaile eta baketsua izan nahi zuena, hots, errektoregora ehunka ikasle sartu eta Iñakori (Perez Iglesias) mezu bat helaraztea, istilu gune bilakatu dute. Honen ondorioz, errektoretzako atea bertan behera erortzeaz gain hainbat ikasle zauritu (2 ospitalizatuak) eta hiru atxilotu izan dira. Gertatutakoaren erantzukizun osoa UPVrena eta bere gidari den Juan Ignacio Perezena da, ez soilik bere zaintzapeko guarden jarrera oldarkorragatik, ez eta, polizia autonomikoaren eskuartze merkeagatik, baizik eta hiru urte luzez ikasleon hitzari muzin egin eta beronen indarrezko isilarazteak ikasleon artean eragindako egonezin eta haserreagatik", adierazi dute zabaldutako prentsa oharraren bitartez. Prentsaurreko eta manifestazioaren argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-20 19:04

Istilu larriak izan dira Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegun honetako (maiatzak 22) hauteskundeetarako programa aurkeztu behar zuen gaur, Leioa eta Erandioko campuseko areto nagusian, egungo EHUko errektore eta hautagai bakarra Juan Ignacio Perez Iglesiasek. Hala ere, 10:00etako bigarren deialdian quorum nahikoa egon ez eta bertan behera utzi behar izan dute Klaustroko batzarra. Ordu horretarako, prentsaurrekoa deitua zuten Ikasle Abertzaleek, kafetegi nagusi parean, "Bologna Prozesua gelditzeko", abstentziorako deia egiteko asmoz. Horretaz gain, urtarrilaren 30ean izandako istiluetan Ertzaintzak identifikatutako hamar ikasleetatik seik epaitegiko deia jaso dutela salatu du IAk. Agerraldia bukatuta, manifestazioan abiatu dira dozenaka ikasle errektoregora bidean, "Geurea da hitza! Bologna gelditu beharko duzue!" lelopeko pankarta atzean. Bada, bertara helduta, kristalezko ateak apurtuz, eraikin barrura sartu dira. Barruan zeuden segurtasun guardiak, berriz, agudo oldartu zaizkie. Behin, Brigara Mugikorreko dozena bat ertzain baino gehiago bertan zirela, hiru gazte atxilotuak eraman dituzte. Istiluen argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Hezkuntza 2008-05-19 21:46

Leioako bost ikastetxetako ikasleak alkate eta zinegotziekin batuko dira bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri San Bartolome, Txomin Aresti-Mendibile, Lamiako, Artatza eta Altzaga ikastetxeetako ikasleek, Leioako Udalak klima aldaketaren aurrean izandako jarrera eta egindako ekintzak aztertuko dituzte bihar, Gizarte-Hezkuntzako Foroan. Batzar hori goizeko 10etan hasiko da udaletxeko Osoko Bilkura gelan eta bertan, ikasleez gain udal ordezkariak ere izango dira, tartean Eneko Arruebarrena alkatea (argazkian), Txus Bilbao, Ingurumen Saileko arduraduna eta Daniel Herrera Hezkuntza Saileko zinegotzia. Aipatu bilkuran ikasleek Agenda 21en barruan egindako ingurugiro azterketa aurkeztuko dute eta euren proposamen zein eskariak helaraziko dizkiete tokiko mandatariei. Alde biek euren iritziak plazaratu ostean klima aldaketaren kontrako irtenbideak eta ekintza berriak aurrera ateratzeko eztabaidari ekingo diote.
  Hezkuntza 2008-05-13 15:59

Gazteek azterketak presta ditzaten ikastokiak zabaldu ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ikasturtearen amaierako azterketak prestatu ahal izateko eta, data hauetan ohitura denez, datorren ekainaren 24ra arte 506 ikasteko-toki eskainiko ditu aurten Getxoko Kultur Etxeak, udal liburutegietan eta Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugeniako eta Getxoko probalekuko aretoetan. Lan egunetan irekiera ordua zabaldu egingo da eta asteburuetarako ordutegi berezia ezarri ere. Gainera, maiatzaren 24tik ekainaren 27ra bitartean Juan Bautista Zabala eta Romo ikastetxeek eta Julio Caro Baroja institutuak, Getxo I bezala ezaguna, beren ikasgelak eskola ordutegitik kanpo ere zabalduko dituzte, astean zehar 17:00etatik 22:00etara eta asteburuetan 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Argazkian, lau hormen artean ikasi nahi duenak aukera izango badu ere, oraindik orain beste era batez ikastea nahiago dutenak badaude, Ikasle Abertzaleek iaz antolatutako Eskola Ibiltarian parte hartu zuten neska hauek bezala / Theklan.
  Hezkuntza 2008-05-08 21:01

Ikerketara bost milioi euro bideratuko ditu EHUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur, maiatzak 7, ikertzaileen prestakuntzarako 2,5 milioi euroko laguntzak onartu ditu EHUko Gobernu Kontseiluak. Batetik, doktorego programen bidez unibertsitate titulua dutenen prestakuntza sustatu nahi dute. Bestetik, jakintza zientifikoaren edozein arlotan doktorego tesiak egitea bultzatuko dute, doktoratu aurreko bekak emanez eta praktikaldiko kontratuen bidez. Hartara, laguntzak beka berriak emateko izango dira, baita aurreko deialdietako bekak berritzeko ere, betiere bekadun horiek aurkeztutako txostenek ebaluazioa gainditu badute, EHUko iturriek adierazi dutenez. Halaber, dirua emango diete praktikaldiko lan kontratua egiteko bi urtean beka jaso eta Ikasketa Aurreratuen Diploma lortu dutenei. Dirulaguntza berri hauei batu behar zaio Gobernu Kontseiluak apirileko bileran onartutako 2,5 milioi euroko inbertsioa, ikertzaileei zuzendutako hiru deialdi aurrera eramateko. Zehazki, 900.000 euro emango dituzte doktoreak espezializatu eta horiek unibertsitateko ikerketa-taldeetan sar daitezen, kontratazioa sustatuta; 600.000 euro ikertzaileen joan-etorriak finantzatu eta ikerketaren emaitzak hedatzeko; eta, azkenik, milioi bat euro EHUko ikerketa taldeentzat. Argazkian, besteak beste, Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile-talde honek Aldaietako nekropoliaren (Araba) historia biologikoa berregiten ari da, antzinako ADNa aztertuz.
  Hezkuntza 2008-04-29 23:29

Lanuzteak eta bizikleta martxa egingo dituzte bihar eskualdeko ikasleek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kosta eta Erandioko ikasleek protesta egun garrantzitsua izango dute bihar, asteazkena, hilak 30. Izan ere, aurten Europako Goi Hezkuntza Esparrua osatzeko Bologna Prozesua eta ikasleen eskubideak eta betebeharrak arautu behar dituen Eusko Autonomi Erkidegoaren dekretuaren aurka eramandako borrokari segida emanez, bihar eguerdirako lanuzteak deitu dituzte ikastetxeetan. Hortaz, zentroetako irakasleek agindutakoa ikasi beharrean bizikleta martxa –bizikletadia deitu dutena–, manifestazioa eta ekitaldi politikoa eramango dituzte aurrera. Ikastetxeetatik irtenda, ikasle txirrinduzaleak erritmo lasaian ibili eta Algortan batuko dira, arratsaldeko 1etan, eskualdeko hiriburutik manifestazioa egiteko. Ordu erdi beranduago, berriz, ekitaldi politikoa izango dute Txiki eta Otaegi plazan "non ikastetxe bakoitzeko Ikasle Abertzaleetako taldeek egindako borroka eta ikasleriaren arazoen berri emango duten", eskualdeko IAk jakinarazi duenez. Protestari alde ludikoa jartzeari begira, ekitaldiaren ostean herri bazkaria eta ikastetxeen arteko olinpiadak egingo dituzte. Argazkian, biharko egunerako kartela.
  Hezkuntza 2008-04-23 18:11

Kolonbiako komunitate irratiez arituko dira bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegun honetan, apirilak 24, Euskadi-Kolonbia Elkarlanean sentsibilizazio jardunaldia egingo dute Leioa eta Erandioko campusean. Euskadiko Elkarbidea gobernuz kanpoko erakundeak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak eta EHUko Garapenerako Lankidetza Bulegoak antolatu dute ekimena. Horren helburua "hiritargo kritikoa ahalbidetzen dituzten komunikazio esperientzia ezohikoak aurkeztea da", unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. Hitzaldietan Kolonbiako komunitate irratietan lan egiten duten kazetariek parte hartuko dute. "Kazetari horiek komunikazioa erabiltzen dute gizartea aldatu eta hezteko, baita bake eta elkarbizitza kultura sustatzeko ere", gaineratu dute. Parte hartzaileen artean izango dira Ivan Dario Chachin Latinamerika eta Karibe (AMAR ALC) Komunitate-Irratien Munduko Elkarteko prestakuntza arduraduna eta Gladys Herrera, hezkuntza komunikazioan jantzia. Biak kolonbiarrak eta jardunaldiaren dinamizatzaileak dira. Saioa 10:00etatik 14:00etara izango da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko gradu aretoan. Argazkian, Radios Ciudadanas-La Bocana irratia.
  Hezkuntza 2008-04-22 16:25

Euskal Unibertsora joateko autobusa jarriko du etzi Leioako campuseko EHBEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioa eta Erandioko campuseko Euskal Herriak Bere Eskola taldeak autobusa prestatu du etzi, osteguna, Euskal Unibertsitatea aldarrikatzeko eta eraikitzeko asmoz Gasteizen antolatuko den IV. Euskal Unibertso eskola-jaialdira joan ahal izateko. Era horretan, pasa den astean campusean burututako euskal Unibertso Txikiari segida emango diote. EHBEko taldeak jakinarazi duenez, campus horretako ikasleek ez ezik Bilboko zentroetakoek ere izango dute aukera autobusa hartzeko, horretarako honako posta elektronikoan aurretik izena emanez gero: uni-leioa[abildua]euskaleskola.org. Autobusa 7:45etik abiatuko da Bilboko Termibus geltokitik eta Gasteizetik 20:45ean bueltatuko da. EHBEtik gogoratu duenez, Euskal Unibertsoren aurtengo hitzordua, ordea, aldarrikapenetik haratago doa, UEUren 35 urteko lanaren ondoren eta egindako lanaren ondorioz, baitira "hilabete batzuk Euskal Unibertsitatearen Sustapen Taldeak euskal unibertsitatea bideragarria izan dadin eman beharreko pausuak diseinatzen ari dela". Bestalde, egungo unibertsitateen egoera larru gorritzeko asmoz abiatutako "Campusak biluztu" film laburren lehiaketarako lanak bidaltzeko gaur da azken eguna, lan guztiak etzi Gasteizen ikusi ahal izango direla. Argazkian, Euskal Unibertsoaren aurkezpena / EHBE.
  Hezkuntza 2008-04-21 23:51

Ignacio Perez Iglesias eta Antonio Vera dira EHUko Errektoretzarako hautagaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Errektoretzarako hauteskundeetan hautagai izateko izena emateko epea bukatuta, bi dira aurkeztu direnak: egungo errektore Ignacio Perez Iglesias (argazkian) eta, zurrumurruak gora behera, hautagaitza azken egunean ofizial egin duen Antonio Vera. 2004an Perez Iglesiasek irabazi zituen EHU hauteskundeak. Iñaki Antiguedad izan zuen lehiakide bigarren itzulian. Vera, berriz, Aljebra Matematiketan katedraduna da. Irakasleen soldata osagarrien gaineko kudeaketarekiko desadostasuna nabarmendu du hark, irakasleen artean egonezin handia eragin duelakoan. Antiguedadek aurtengo bozetan ez parte hartzea erabaki du, nahiz eta eztabaidarako tartea zabaldu nahi duen. Bi hautagai baino ez direnez aurkeztu, maiatzaren 22ko hauteskundeetan boto gehien jasotzen dituena izango da EHUko hurrengo errektorea, bigarren itzulirik jokatu gabe. 50.000 ikaslek izango dute botoa emateko aukera, 4.500 irakaslek eta 1.500 langilek.
  Hezkuntza 2008-04-17 20:49

Euskalduntze eta praktiketako "arazoak" konponduko dituen konbenioa eskatu dute Medikuntzako 200 ikaslek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Medikuntzan dabiltzan unibertsitarioen "baldintza penagarriak" salatzeko asmoz, aste honetan 200 sinaduratik gora bildu ditu Leioa eta Erandioko campuseko fakultate horretako ikasle asanbladak. Gaur, berriz, Agustin Martinez Ibarguen Medikuntza eta Odontologiako dekanoarekin bildu dira, "benetako konpromezu sendoak eskatzeko". "Betiko moduan aitzaki merkeak jaso ditugu", adierazi dute asanbladakideek. "Hala ere, gure eskubide urraketak jarraitzen duen bitartean ikasleok ez dugu etsiko", gaineratu dutenez. Hain zuzen ere, ospitaleetan eta osasun zentroetan egin ohi diren bigarren zikloko ikasketak arautu beharko lituzkeen EHU eta Osakidetzaren arteko "hitzarmenik ezak" eragin du ikasleon ezinegona. "Badira hilabete batzuk konbenio honen diseinuan zabiltzatela Dekanotza, Errektoretza eta Osasun Saila. "Borradorea egin duzue jada, baina badirudi ez duzuela asmo handirik gai honen inguruko eztabaidarik sortzeko, eta sekretismoz jositako gaia bihurtu duzue, ikasleriaren eskuhartzea alde batera utziz", aurpegiratu diote Martinezi. Izan ere, unibertsitariek ez dute "edozelako hitzarmena" nahi. Hartara, "konbenioaren egungo edukietaz eta negoziazio egoeraz informatuta egotea" eta "horrek ikasleriaren benetako arazoak konpondu ditzala" eskatu diote Medikuntza eta Odontologiako dekanoari; "euskalduntzearekin eta praktikekin ikasleok pairatzen ditugun eskubide urraketak amaitu daitezen neurriak bertan jasotzen direla". Argazkian, Medikuntza fakultatea.
  Hezkuntza 2008-04-09 16:42

Campuseko 12 lizentziatu berrik beren prestakuntza osatuko dute Europako enpresetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hamalau kide oraindik aukeratzeke daudela, Ander Serrano Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu berria dena, Erandio eta Leioako campuseko beste 11 zein EHUko beste zentroetako beste 9 tituludun berrik Europako enpresetan osatuko dute beraien prestakuntza EPEZ (Enpresen Praktikak Europan Zehar) programak eskaintzen dituen praktikei esker. Gaur goizean aurkeztu dute Sarrikon EPEZ programaren bigarren edizioa. Berau EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak bultzatzen du, BBK-Gaztelanbidean Fundazioaren laguntzarekin, eta Leonardo da Vinci Agentziaren mugikortasun programak laguntzeko deialdian sartzen da. Beren lehen lan eskarmentua gure herrialdeaz kanpoko Europako enpresetan izan nahi duten gazteentzat da programa. Aurten, aukeratutako gazteek Europar Batasuneko zazpi hiriko enpresetan egingo dituzte praktikak: Praga (Txekia), Lyon (Frantzia), Padua eta Venezia (Italia), Lisboa (Portugal) eta Derry eta Dublin (Irlanda). Argazkian, goian, Ander Serrano eta EPEZeko beste bost kide, eta behean, EHUko eta Gaztelanbideaneko ordezkariak.
  Hezkuntza 2008-04-08 14:44

Arartekoa eta "Publico" egunkariaren zuzendaria izango dira bihar campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iñigo Lamarca Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Arartekoak eta Nacho Escolar "Publico" egunkari espainiarraren zuzendariak EHUko Erandio eta Leioako campusean hitz egingo dute bihar, asteazkena. Unibertsitateko prentsa bulegoak jakinarazi duenez, Iñigo Lamarca Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Gradu Aretoan arituko da, goizeko 12etan, “El Ararteko y la calidad de la democracia” gaztelaniazko hitzaldia eskaintzeko. Ordu erdi beranduago hasiko da Nacho Escolar "Publico" egunkariaren zuzendariak emango duen hitzaldia. Escolarrek “La integracion en las redacciones” izango du hizpide liburutegi nagusiko hitzaldi aretoan eskainiko duen berbaldian. Ekimen biak Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ekitaldi osagarrien programaren barruan kokatzen dira. Argazkian, Iñigo Lamarca Arartekoa / Ilga.org