Jendartea 2007-11-14 21:11

Hiru orduz egongo dira itxita bihar eskualdeko osasun-etxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehenean, Gabriel Inclanek Eusko Jaurlaritzako Osasun Batzordearen aurrean egindako agerraldia, baretu beharrean, haizeak harrotu baino ez ditu egin. Osasun sailburuaren hitzak "demagogikotzat" jotzeaz gain, ostegun honetarako, azaroak 15, deituta zegoen hiru ordutako lanuzteari eustea erabaki dute ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek. Gauzak horrela, Euskal Autonomi Erkidego osoan bezala, bihar, 8:00etatik 11:00etara bitartean, zerbitzurik ez dute emango Uribe Kostako eta Erandioko osasun-etxeek. Argazkian, martxoan zabaldu zuten osasun-kontsultategi berria, Armintzako Atalaia kaleko 5. zenbakian.
  Jendartea 2007-11-13 20:55

Lamiakoko araztegiaren aurka egiteko eskatu dio Aldundiari Eusko Abertzale Ekintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Batzar Nagusietako Eusko Abertzale Ekintzak (EAE) arauz besteko proposamena aurkeztu du, Bizkaiko Foru Aldundiari Lamiakon aurreikusitako hondakin uren araztegiaren (HUA) proiektuaren aurka ager dadin eskatuz. Alderdi ekintzailearen ustez, "guztiz neurrigabea eta desegokia" da proiektua. Gogoratu dutenez, auzokideek hilabeteak daramate proiektuaren kontrako bere jarrera agertzen, ekimen eta mobilizazioen bitartez. Azkena, larunbat honetan, Leioako artisautza azokan, non kontzentrazioa burutu eta proiektuaren inguruko informazioa zabaldu zuten. Gaur Eneko Arruebarrena alkate leioaztarrak adierazitakoa gezurtatu ere egin dute Rakel Olea eta Ana Ortega EAEko tokiko ordezkariek. Arruebarrenak Lamiakoko HUA txikiagoa izango dela esan du. Ekintzaileek, baina, "herritarrei informazioa ukatu eta eskutatzea" egotzi diete alkate eta udal gobernuari, "aurreproiektua pasadan urteko azarotik eginda baitago". Argazkian, araztegi baten instalazioak.
  Jendartea 2007-11-12 20:52

Ostegunean bost minutuko itzalaldia egitera deitu du Ekologistak Martxan-ek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ostegunerako, azaroak 15, Estatu espainiarreko talde ekologistek, sindikalek eta hiritarrek klima aldaketaren aurka deitutako 5 minututako elektrizitate itzalaldiarekin bat egin eta ekimenera gehitzeko eskaria egin die Ekologistak Martxan-ek Euskal Herriko hiritarrei zein erakundeei. Izan ere, gaur hasi eta larunbatera arte, Valentzian burutzen ari den Nazio Batuen Klima Aldaketa Gobernuaren Arteko Taldearen (IPCC) txostenaren aurkezpenarekin batera, Estatu espainiar osoko gizarte erakundeek zein hiritarrek, ekologistek eta sindikalek "Klima aldaketaren alde berehala martxan" lelopeko itzalaldia deitu dute. Ekimena ostegunean izango da, 20:00ak eta 20:05ak bitartean, eta Ekologistak Martxanek bizilekuetan, lan tokietan eta edozein zentro pribatu zein publikoan kontsumo elektrikoa 5 minututan etetea eskatu du. Ekologisten arabera, ekimena, "instituzioei klima aldaketa saihesteko eta bere eragina gutxitzeko politika egokiak eskatzeko keinu sinbolikoa" da.
  Jendartea 2007-11-12 18:59

Auto gidari bat atxilotu dute asteburuan Leioan edanda gidatzea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 16 gidari atzeman ditu asteburu honetan zirkulazioaren segurtasunaren kontrako ustezko delituak egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera, "guztiak edari alkoholdunen eraginpean gidatzen zebiltzan eta, horietatik erdiak, asteburu honetan izandako zirkulazio ezbeharretan (gehienek ez dute zauriturik eragin) egon dira nahasita". Herenegun (larunbata) bederatzi atxilotze egin zituzten Donostiako, Lasarte-Oriako, Ibarrako, Galdakaoko, Zornotzako, Leioako, Bilboko, Durangoko eta Oiongo errepideetan. Atzo, berriz, (igandea) zazpi lagun atzeman zituzten: Alonsotegin, Barakaldon, Muxikan, Idiazabalen, Tolosan, Oiartzunen eta Zuian. Argazkian, alkoholemia proba.
  Jendartea 2007-11-08 13:16

Trafiko istripu batek auto ilarak eragin ditu Avanzada eta Getxo artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hiru auto eta kamioi batek talka egin dute gaur goizean BI-637 errepidean, Avanzadaren Leioako ibilbidean, Europa Press-ek zabaldu duenez. Istripua, 8:50ak aldera jazo da eta ikusgarria izan arren ez da inor zauritu, Herrizaingo sailaren arabera. Alabaina, eta Ertzaintzak trafikoa bideratzeko lanak egin bitartean, 9:20ak aldera sortutako auto ilara Getxoraino heldu da. Bestalde, pasa den larunbatean beste istripu bat izan zen Sopelan, baina kasu horretan bi pertsona zauritu ziren. Gertaera goizaldeko 4:20ak aldera jazo zen, Loiola Ander Deuna kalean. Honda SH 125 motozikleta bat bidetik atera zen Getxorako noranzkoan zihoala, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik. Ibilgailuko bi bidaiariak lurrera erori ziren eta kaskorik ez zeraman gidariak burezurreko traumatismo bat jasan zuen. Argazkian, auto-istripu baten ohiko irudi bat.
  Jendartea 2007-11-07 20:39

Azaroaren 18ra arte jarri dituzte ikusgai Berangon Anantapurri buruzko argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Vicente Ferrer Fundazioak “Anantapurrekin konprometituak” izeneko erakusketa abiatu zuen atzo Berangoetako kultur etxean. Argazkien bidez, Indian jardunean den garapen integral egitasmoaren berri eman nahi du gobernuz kanpoko erakundeak. Dalits edo "ukitu-ezinen eskualdea" aukeratu eta bere "aldatze-prozesua aurrera eramateko konpromisoa" hartu du fundazioak. Indiako eskualde txiroenetarikoan dago komunitate hori, baina Munduko zonalde txiro eta baztertuenen artean ere. Inaugurazio ekitaldian, egiten duen lana azaldu zuen Irune Pascual Vicente Ferrer Fundazioko EAEko ordezkariak, Beatriz De Lucas proiektu teknikariaren laguntzaz. Eta Izaskun Zubiaur Kultur zinegotzia ere egon zen ekitaldian. Erakusketa azaroaren 18ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Zubiaur eta Pascual atzoko ekitaldian.
  Jendartea 2007-11-06 20:28

Gidatzean telefonoa ez erabiltzeko kanpainari ekin diote Ertzaintzak eta Udaltzaingoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo hasita eta datorren azaroaren 18ra bitartean, Ertzaintzak eta hainbat udalerritako Udaltzaingoek kontrol kanpaina berri bat egingo dute, gidatzean sakelako telefonoaren erabilera kontrolatzeko. Herrizaingo Sailaren arabera "zaintza eta kontzientziazio kanpaina berezi" horren bidez gidatzean sakelakoa deiak egin edo jasotzeko erabilita arreta txikitu eta, beraz, istripua izateko edo eragiteko arriskua handitu egiten dela ohartarazi nahi dute. Izan ere, "ekimen horri esker, gidari askoren ohitura hori gehiago zainduko da eta kontzientziatzeko mezuak ugarituko dira. Mezu horien bidez, telefono mugikorrez hitz egiteak dituen arriskuak azpimarratuko dira". Ertzaintzak zabaldutako datuen harira, gidatzean telefonoz jarduten duenak istripua izateko arriskua bederatzi aldiz handiagoa du, trafiko-seinaleen ia erdiak ez du ikusten eta 120 kilometro orduko abiaduran ehun metro kontrolik gabe egiteko arriskuadauka. Ertzaintzak, ohiko patruila-autoez gain ibilgailu kamuflatuak ere erabiliko ditu kanpainan zehar. Aurtengo urtarrilaren 29tik otsailaren 11ra bitartean egindako azken kanpainan, Ertzaintzak eta Leioako, Getxoko, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udaltzaingoek 489 salaketa egin zituzten. Arau-hauste hauek larritzat hartzen dira eta, 200 euroko zigor ekonomikoaz gainera, gidabaimeneko hiru puntu galtzea dakarte.
  Jendartea 2007-11-06 19:24

Ostiralean bukatuko dituzte Salsidu kalean sarbide mekanikoak jartzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaztelumendi eta Kasune kaleen arteko tartean ostiralera arte jarraituko dira trafiko mozketak, Salsidu etorbidean sarbide mekanikoak jartzeko lanak iraun bitartean. Getxoko Udalaren Hirigintza Arloak atzo ekin zion herrilan hauei eta ostiral honetan, azaroak 9, arratsaldeko 18:30erako bukatzeko asmoa dauka. Izan ere, “sarbide mekanikoak ezartzeko proiektuan dauden obrak” burutzeko, Gaztelumendi eta Kasune kalearen arteko tartean hartune batzuk egin beharra dago eta egunero Salsidu etorbideko tarte horretan trafikoa moztu dute goizeko 9etatik 18:30ak arte. Getxoko Udalak barkamena eskatu die erabiltzaileei, eta aldi berean, bide-seinalei arreta berezia eskaintzea eskatu du. Argazkian, Salsidun jarriko dituzten arrapalak irudikatzen duen muntaia digitala.
  Jendartea 2007-11-05 14:27

Auzitegi Gorenak berretsi egin du Hermanen aurkako zigorra Aintzane Garai hiltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak Mikel Herman Belaustegigoitiaren aurkako 32 urte t'erdiko kartzela zigorra berretsi egin du, 2005eko urriaren 14an Hermanek Aintzane Garai gazte barrikoztarra hil eta bortxatu zuela onartuz, gaur "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenaren arabera. Bizkaiko komunikabidearen aburuz, egun Basaurin dagoen presoa beste espetxe batera lekuz aldatuko dute epaia Bizkaiko Auzitegira heldu ostean, hemendik egun batzuetara. Era berean, "El Correo Español"ek aipatzen ez dituen iturri judizialak aintzat hartuta, Mikel Hermanek gutxienez 16 urte eman beharko lituzke espetxean, hirugarren graduan ateratzeko aukera izan baino lehen. Hermanen abokatuek Bilboko Auzitegiko Seigarren Atalak erabakitakoaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten, besteak beste Garai eta Hermanen arteko sexu harremanak neskaren onarpenarekin egin zirela argudiatuz. Gorenak, baina, ez du horrelakorik onartu eta Bizkaiko Auzitegiak ezarritako espetxe zigorra, Barrikatik edo Garai familiarengandik 46 urteko urruntze-agindua eta 540.000 euroko kalte-ordaina berretsi ditu. Dena den, litekeena da Herman kaudimengabea deklaratzea. Gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrera jotzeko aukera ere badauka. Argazkian, Yolanda Lopez, Aintzane zenaren ama, David Garai, seme zaharrena eta Jose Mari Ezpeleta Barrikako alkate ohia, prentsaurreko batean.
  Jendartea 2007-11-02 19:51

Barrikan 14 emakumek parte hartu dute autodefentsa ikastaroan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 25ean izango den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako aktibitateen barruan, urriaren 26an eta 27an emakumeentzako doako autodefentsa ikastaroa burutu zen Barrikan, udaletxean dagoen liburutegi zaharreko lokalean hain zuzen ere. Holako trebakuntza 19 urtez eman duen Maitena Monroy irakaslearen gidaritzapean, bi egun horietan zehar, agresioen aurrean emakumeek ditugun baliapideak zeintzuk diren ikasi zuten adin desberdinetako 14 parte-hartzailek. "Alde fisikoaz aparte (teknika fisikoak ezagutzeko) alde teoriko interesgarria ere izan zuen tailer honek: inguruan gertatzen diren agresioak zeintzuk diren ikusteko, agresio mota desberdinak sailkatzeko, aztertzeko eta ekiditeko bideak jorratzeko", adierazi dute udal iturrek. Tailerrean egondako andreen balorazioa guztiz positiboa izan denez, datorren urteari begira ikastaroa errepikatzea aztertzen ari dira.
  Jendartea 2007-11-02 19:27

Berdintasun eta iraunkortasunari buruzko jardunaldiak eskainiko dituzte datorren asteburuan Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Uribe Kostaren etorkizuna: berdintasun eta iraunkortasunerako lurraldea" eztabaida tailerra antolatu du azaroaren 9 eta 10erako Mankomunitateak. Ostiraleko jardunaldia 16:30etik 20:30era izango da eta larunbatekoa 10:00etatik 14:00etara, Urdulizko Emakumeen Etxean, lehengo kultur etxea zena (Eleizalde, z/g, elizaren eta Txozna tabernaren ondoan). "Badira jorratu beharreko hainbat gai: mugikortasuna, irisgarritasuna, gune publikoetako segurtasuna, lana eta norberaren zein familiaren bizimodua bateragarri egiteko ahalegina, umeak eta adinekoak zaintzeko ardura konpartitua, ekipamenduak, ingurumena... eta lurralde honetako herritarren eguneroko bizimoduari eragiten dioten beste gai batzuk", azaldu dute tokiko arduradunek. Oraingo honetan, tailerraren bidez, mankomunitateko emakumeen iritziak eta iradokizunak ezagutu nahi dituzte, gaia ikuspegi horretatik aztertzeko. Parte hartu ahal duten emakumeen kopurua mugatua da, eztabaida sakona ziurtatzeko, aurreratu dutenez. Argazkian, Getxo udalerriko jabekuntza eskolaren hastapenak 2004an, Algortako Urgull kaleko antzinako kultur aretoan.
  Jendartea 2007-11-02 13:44

San Nikolas plaza azpian egin nahi dute antzokiko aparkalekua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Antzoki ingurua eta bertoko oinezkoentzako gunea berrantolatu eta San Nikolas plaza azpian aparkalekua egiteko egitasmoa prestatzen ari da Udala, Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aurreratutakoaren arabera. Horrekin batera, Andres Cortina kalean oinezkoei lehentasuna emateko lanak, aurreko gobernu taldeak 305.000 euroko aurrekontuarekin onartutakoak, Getxo Antzoki berria egiteko eta Getxo Antzokia eta San Nikolas plazak birgaitzeko proiektuen barruan sartuko dira. Arregiren hitzetan, Andres Cortinako obren %30tik gorakoan eragina zuen gune horretarako aurreikusitako proiektu nagusiak “eta, hortaz, egindako lanaren gainean berriro lan egin beharra zekarren". "Kale hori hobetzeko auzotarren eskariak zeintzuk diren dakigun arren, uste dugu askoz arazo gutxiago eragingo dugula behin eta era koordinatuan jarduten badugu”, gaineratu du. Argazkian, aurreko udal agintariak eta arkitektoak Getxo Antzoki berriaren maketa alboan / Getxo.net.
  Jendartea 2007-11-02 13:43

Saltzekoak ziren 43 auto kendu dituzte kaleetatik aurten Getxoko udaltzainek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtarrila eta iraila bitartean, 43 auto Getxo udalerriko kaleetatik kendu eta udal gordailura eraman dituzte, merkatal jardueraren gaineko Euskal Autonomi Erkidegoko legea urratzea egotzita. Ibilgailuak karrikan salgai jartzeagatik beste horrenbeste zigor espediente bideratu ditu tokiko erakundeak horien jabeen aurka. 2006an 44 izan ziren kaleetatik kendutako autoak arrazoi berberagatik, eta, azkenik, 24 laguni isuna jarri zieten, Keltse Eiguren Udalburutza zinegotziak emandako datuen arabera. Multak 1.502 euro artekoak izan, baina udalerrian ipini diren gehienak 300 bat eurokoak izan dira. “Getxoztar guztion eta gurera kanpotik datozenen onerako”, herriko kaleetan autoen salmenta galarazteko neurriak bultzatzen jarraitzeko borondatea aitortu du Eigurenek. Argazkian, Arriluzerako bidean salgai jarritako bi ibilgailu.
  Jendartea 2007-10-31 20:18

Larrialdi kasuan Ibaizabalen ura edateko erabiltzea onartu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ibaizabalen ura giza kontsumorako erabili ahal izango da hemendik aurrera lehorte kasuetan, atzo Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Batzar Nagusiak erabaki zuenez. Ibon Areso erakunde horren presidenteak gaur Radio Euskadiri azaldu dionez, ponpaketa lanak Bolueta inguruan egingo lituzkete, baina ur horiek normalean erabiltzen dituztenek baino beharra handiago sortuko lukete: "ur horrek tratamendu berezia behar du, Zadorrako urtegitik ekarritako urak baino sakonagoa". Ibaizabalen urak erabiltzea 1967an zabaldutako aukera izan bada ere, orain arte ezinezkoa izan da hori egitea, ura oso kutsatuta baitzegoen. Dena den, momentuz, lehorte kasuetan edota bestelako larrialdietan baino ez da aurreikusten ur horien giza kontsumorako erabiltzea. Argazkia: Saski Naski.
  Jendartea 2007-10-30 23:13

Leioako campuseko ikastegi eta kiroldegiaren arteko pasabidea errotik atera du kamioi batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Istripu ikusgarria izan da arratsalde honetan EHUren Erandio eta Leioako campusean. Kamioi batek kiroldegia eta ikastegiak lotzen dituen zubia bota du, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Ezbeharra 18:00ak inguruan gertatu da BI-647 errepidean, Erandion. Pasabidea errepidean gurutzatuta geratu da, kamioiaren kabinaren eta atoiaren artean jarrita. Antza, atoia goian zuela pasatu da zubiaren azpitik eta pasabidean lotuta geratu da. Istripuaren ondorioz, kamioilaria, arin zauritu da eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute. Alandabe, beste ezbehar handiagorik ez da gertatu, une honetan autorik ez baitzebilen pasabide azpiko errepidetik, ezta jenderik zubi gainetik ere. Zirkulazioa bi noranzkoetan eten behar izan dute eta horrek trafiko-arazoak eragin ditu. Argazkian, Erandio eta Leioako campuserako sarrera nagusia.