Jendartea 2007-10-30 23:01

Uribe Kostako udaltzainak ere metroa zaintzen arituko dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Metro Bilbaok eta trenbideak zeharkatzen dituen hamaika udalerriek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, "garraiobide horretan edozer ezbehar, gorabehera edo istilurik denean zelan jardun arautzeko". Akordio hau udalerri bakoitzeko udaltzaingoaren eskumen eta berezitasunetara egokitu da, eta "metroko instalazioetako segurtasunari beste bultzada bat" emango dio, metroko iturrien arabera. Hain zuzen, ekainean Ertzaintzarekin lortutako hitzarmenarekin lotu dute. Gauzak horrela, Barakaldo, Berango, Bilbao, Erandio, Etxebarri, Getxo, Leioa, Plentzia, Portugalete, Sestao eta Sopelako udaltzainek, "ahal duten neurrian, eta behar denean", metroaren sarbideetan eta inguruetan, zein geltoki barruan gerta litezkeen istiluetan esku hartzeko aukera izango dute. Argazkian, Getxo udalerriko udaltzain bat Algortan.
  Jendartea 2007-10-30 22:10

Dagoeneko karneta kenduta zeukan gidaria atxilotu dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaltzaingoak 27 urteko M.A.D.A. gizonezkoa atxilotu zuen joan zen ostiral gauean Algortan, aurretik zuen zigorra haustea egotzita. Udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, Telletxe kalean atzeman zuten gidaria udaltzainek, identifikatu zutenean, beraren kontra ibilgailuak eta ziklomotorrak gidatzeko eskubidea kentzeko bi zigor zeudelako, bata urte bat eta zortzi hilabeterako da eta bestea urte beterako. Aurten gainera, beste hiru bider atxilotu eta epailearen esku utzi dute, Udaltzaingoaren arabera, edari alkoholikoen eraginpean gidatzea egotzita; eta udaltzainek beste bost bider gehiagotan ere beraren kontrako salaketa administratiboa jarri dute, gidatzeko baimenik gabe gidatzeagatik, horietariko batean gainera, trafiko istripu batekin zerikusia izan zuela, dio tokiko poliziak.
  Jendartea 2007-10-30 21:50

Merkatariei gabon argiak ordainduko dizkie Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 4tik urtarrilaren 7ra arte egongo dira piztuta aurten gabon argiak Getxo udalerrian, Imanol Landa alkateak aurreratu duenez. Gainera, aurten, aurreko agintari Iñaki Zarraoarekin gertatu ez bezala, Udalak jarriko du horiengatik jarri beharreko diru guztia, Getxo Enpresa eta Merkataritza (GEEM) elkartearekin adostutako hitzarmenari esker. GEEM bera arduratuko da merkatalguneetako argiez. Guztira, merkatalguneei emango zaien laguntza eta herriko gainontzeko lekuetan ipiniko diren apaingarriak kontuan hartuta, 120.000 euro emango ditu tokiko erakundeak: "Udalak ahalegin handia egin du, hortaz", Landaren hitzetan, "Getxon Eguberritan merkatal jarduerari bultzada emateko". “Merkatal jarduera hobeto garatzeko testuinguru egoki bat osatzearen eta Gabonetan guztion aldetik kontsumo zentzuzko eta arduratsuagoa izateko mezua zabaltzearen arteko oreka bilatzen saiatu gara”, azaldu du. Maite Ibarbengoetxea GEEMeko presidenteak, bere aldetik, elkartearen eta udal agintarien artean izandako "lankidetza giro aparta" nabarmendu du, enpresei laguntza berria ematea ahalbidetu duela “udalerriko bizitzaren alderdi garrantzitsu bat direlako”.
  Jendartea 2007-10-30 19:45

Urtarriletik aurrera ziklomotor eta motorren zaratak ekiditeko neurriak gogortuko dituzte Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak ziklomotor eta motorren zaratak ekiditeko beste kanpaina bat egingo du urtea amaitu baino lehen, Imanol Landaa alkateak iragarritakoaren arabera. Gainera, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, hiru urte baino gehiago duten mota horretako ibilgailuek "azterketa tekniko berezi bat" egin beharko dute: araudia betetzen ez duten ziklomotorren eta motozikleten jabeei gidabaimena kendu eta ez ohiko azterketa berri bat egitera behartuko dituzte udaltzainek. Landaren iritziz, “elementuren bat era okerrean eramaten duten ibilgailuen portzentaia ez da oso handia, baina txarto ibiltzen direnek eragozpenak eragiten dituzte”. Joan den irailaren 17tik urriaren 21era bitartean bururutako azken prebentzio kanpainan arakatutako 323 ziklomotorren eta motozikleten %90,40, hau da, 292 era zuzenean zihoazen eta 31k okerren bat zuten. Azken horietatik 21k ihes tutuan zuten okerra eta 10ek agiriren bat faltan, derrigorrezko Asegurua edo gidatzeko baimena, besteak beste. Argazkian, zarata egiteko manipulatutako motor bat / Pepe Mendoza.
  Jendartea 2007-10-27 16:10

Neguko ordutegia dela eta, ordubete atzeratuko da ordua gaur gauean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur, larunbata, eta bihar bitarteko gauean, ordubete atzeratu beharko dira ordulariak (03:00etan 02:00etara atzeratu behar ditugu), Europako Batasunak ordu-aldaketaren inguruan onartutako araudiak horrela aginduta. Gauzak horrela, udako ordutegia agurtu eta negukoa hartuko dugu hemendik ordu batzuetara. Energiaren kontsumoari ahalik eta etekin onena ateratzeko hartutako erabakia da. Hain justu, ordu-aldaketa arautzea erabaki zuen EBk 1981ean eta estatu kide guztiek bete behar dute agindua. Argazkia: Esmas.com.
  Jendartea 2007-10-25 20:29

Erandio eta Sopela ONCE erakundearen txarteletan agertuko dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bere garaian Areetako itsas pasealekuarekin egin bezala, ONCE Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalak Erandio eta Sopelako irudi bana erabiliko du bere zozketa txarteletan. Datorren azaroaren 22an eta 27an, ONCEren bost milioi kupoik eramango dute Erandioko Andra Mari elizaren eta Sopelako surflarien irudiak, hurrenez hurren. Bi txartel horiek ONCEk hilaren 31n abiatuko duen Euskal Herriko 14 herriren irudi-bildumako parte dira. Bestelako herriak honako hauek izango dira: Laudio, Azpeitia, Beasain, Lasarte-Oria, Pasaia, Tolosa, Zarautz, Zumarraga, Azkoitia, Arrigorriaga, Bermeo eta Trapagaran. Kupoi bakoitzeko 50 serie aterako dituzte 00000 zenbakitik 99.999ra, guztira bost milioi txartel. Irudian, Cristino Burgoa ONCEko Euskadiko ordezkaria eta Iñaki Zarroa Getxoko alkate ohia Getxoren omenez egin zen itsuen kupoiaren aurkezpenean.
  Jendartea 2007-10-25 20:09

Artea merkataritzagunea hustu dute larrialdi-simulakro batean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Leioako Artea merkataritzagunea hustu zuten atzo hainbat erakundek antolatutako larrialdi-simulakroan. Aurretik adostatutako gidoiari jarraikiz, Gurutze Gorriko, Osakidetzako eta Leioako Artatza suhiltzaileen parkeko dozenaka lagunek parte hartu zuten atzo Arteako sute-simulakroan. Suhiltzaileek eta osasun zerbitzuetako langileek merkataritzagunetik bezeroak eta beharginak atera zituzten jatetxe gunean hasitako balizko sutea zela eta. Larrialdi-operazioa minutu gutxitan burutu zuten eta hasi zenetik ordu erdira dena normaltasunera bueltatu zen.
  Jendartea 2007-10-25 18:40

Bi urtez luzatu dute bizikleten doako mailegua Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Getxoko Udalak hitzarmena sinatu berri dute, udalerri barruan joan-etorriak egiteko, bizikletaren erabilera sustatzeko asmoz. Hartara, tokiko erakundeak beharrezko baliabideak jarriko ditu sentsibilizazio ekimenak abian jartzeko. Bestetik, EEEk 140.000 euro emango ditu horiek aurrera eramateko. Ekintzen artean, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean zabalik egon den bizikleten doako mailegu zerbitzua hurrengo bi urtetan ere eskaintzeko erabakiaren berri eman du, gaurko prentsaurrekoan, Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak. “Udalak bizikletaren erabileraren aldeko apostua egin nahi du abantaia ugari dituelako, tartean ohitura osasuntsuagoak bultzatzen dituelako, ez duelako zaratarik sortzen, toki gutxi hartzen duelako eta merkea delako”, azaldu du tokiko arduradunak. Datozen bi urteei begira, bizikleten kopurua 50ra handitzea aztertzen ari dira, baita horiek hartu eta uzteko hirugarren toki bat jartzea ere. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Keltse Eiguren alkateordea mailegatutako bizikleten gainean / Getxo.net.
  Jendartea 2007-10-24 19:14

Zergak eta tasak %2 igotzea erabaki du Urdulizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak 2008. urtera begirako Ordenantza Fiskalak onartu zituen iraileko ohiko udalbatzan. Osoko bilkura horretan, aurreko urtearen aldean, zerga eta tasetan %2ko igoera egitea erabaki zuen tokiko erakundeak. Zifra hori Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoera baino zazpi hamarren beherago dago, KPIa %2,7koa izan da eta. Udalak Ordenantza Fiskalen egokitzapena KPIa baino baxuagoa izatea erabaki du, "familien ekonomietan ahal danik eta eragin txikiena izan dezan". Izan be, "familiek nabarmen igartzen dabe, esate baterako, Euriborraren igoera, beste gauza batzuen artean", udal iturriek adierazi dutenez. Beste alde batetik, udalbatzak Aiztabi plazaren erabarritze lanen proiektua eta baldintzak onartu zituen. Lan horien esleipena laster egingo da. Argazkian, Urduliz urrunetik ikusia.
  Jendartea 2007-10-23 16:48

Ke-multzo handiak alarma piztu du Telletxen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Kezka, izua eta harridura zabaldu dira gaur eguerdian Algortako Telletxe kalearen inguruetan, 5. zenbakiaren gainean, teilatuan, ke-multzo handi eta beltz bat zabaldu denean. 12:10ak aldera hasi da gertaera eta handik minutu batzuetara ertzainak, udaltzainak eta suhiltzaileak bertaratu dira balizko sua amatatzeko asmoz, baina etxeak, bertako galeria eta teilatua miatu ostean ez dute surik aurkitu. Dena dela, auzokideen arreta guztia bereganatu dute. Juan Carlos Robledo Algorta Filateliako arduradunak UKBERRI.NETi adierazi dionez, arazoa etxaldeko kalefakzioaren galdara piztean sortu da, aspaldi ez baitzen pizten eta ke beltz "pilo bat" sortu baitu. Hori ikustean, "monjak ikaratu egin dira" eta Santisima Trinidad ikastetxeko arduradunek suhiltzaileei deitu diete, Robledoren arabera. Galdarak zerbitzua ematen die 76 etxebizitzari eta "potentzia handia" dauka. Argazkian, suhiltzaile bi teilatura igotzen.
  Jendartea 2007-10-23 14:09

Barrikan bertan nahi du medikua PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 1ean mediku berri batek bere jarduera hasi zuen Plentziako osasun zentroan, arratsaldeko ordutegian (13:00tik 20:00etara), dagoeneko lanean diharduten beste bi osagileekin batera, plentziarrak eta barrikoztarrak artatzeko. PSE-EEk, ordea, sendagilea "Barrikan bertan eta bizilagun guztientzat" izatea eskatu du eta horri buruz galdetuko dio, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Gabriel Inclan Osasun sailburuari. Idoia Mendia sozialisten bozeramaile barrikoztarra eta Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak adierazitakoaren arabera, urriaren 1etik "Barrikako biztanleen % 90i" jakinarazi zaie beraien OTI txartelak Plentziako osasun zentroko sendagile bati transferitu dizkiotela. "Mediku horrek adierazi du ez dela joango kontsulta ematera Barrikako Udalak Osakidetzako sendagile batek eta erizain batek Barrikako pazienteei arreta emateko ezarrita daukan kontsultategi txikira", ohartarazi duenez.
  Jendartea 2007-10-19 21:45

Tasa eta zergak bere horretan utziko ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Oposizioko alderdien babesa jaso ezean, tasa eta zergak bere horretan (KPIren igoera barik) utziko ditu 2008an Getxoko Udalak, Iñaki Zarraoa alkate zela %86an igotako zaramaren gainekoa tartean. Erabakia PP, PSE-EE, Hirukide familia ugarien federazioa eta Getxo Enpresa eta Merkataritza (GEEM) erakundeekin elkartu ostean hartu dute, Imanol Landa alkateak gaur adierazitakoaren arabera, aipatu bi alderdi politikoek edozein akordio hartzeko "jarrera itxia" agertu dutela deitoratu badu ere. “Tasa eta zergen gainean Gobernu Taldearen proposamena zein den ere ez dute jakin nahi izan, eta Fadurako igerilekuetan sartzeko ordaindu beharreko euro bateko tasa kentzeari dagokinez, urriko udalbatza aurretik ez dute inolako negoziaziorik ireki nahi izan”, azaldu du tokiko agintariak. Gobernu taldea azken hori ezeztatzeko prest dago, kendu ala ez, aipatu osoko bilkuran erabaki beharko badute ere.
  Jendartea 2007-10-19 20:43

Getxoko Udalak bidezko merkataritza bultzatzea eskatu du Ezker Batuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko "Ezker Batua-Berdeak udal taldeak", Getxoko Udalak erosketa publikoetan irizpide etikoak bultzatzeari buruzko mozioa aurkeztu du gaur zortzi egingo den Udalbatzan eztabaidatzeko asmoz. Getxo Gorria bitakoran zabaldu dutenez, legealdi honetan aurkeztu duten lehenengo mozioa da. Testuan, bide batez, ez dute inolako aipamenik egiten koaliziokidea den Aralarri buruz. EBk gogoratzen du administrazio publikoek elkarlan eta garapen proiektuetan egindako lana eta Getxoko Udalari "beste urrats bat gehiago" ematen dio bidezko merkataritza eta etikan oinarritutako erosketa publikoa direla medio. Izan ere, alderdi horren aburuz, nazioarteko merkataritza sareek erabiltzen duten Hegoko ekoizleen aurkako diskriminazioak saihesten dute horiek beren kabuz bizi ahal izatea laguntzen menpe egon beharrean. Argazkian, Iñaki Urkiza zinegotzia.
  Jendartea 2007-10-19 15:09

Gizonezkoek sexismoari aurre egiteko tailerra antolatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak “Gizonok sexismoari aurre egiten. Guk ere badaukagu zer esanik” izeneko tailerra antolatu du, hain zuzen ere gai horietan sakondu nahi duten udalerriko gizonezkoentzako prestakuntza eta hausnarketarako tailerra. Tailerra datorren azaroaren 8an hasiko da eta bere helburu nagusiak dira eredu maskulino tradizionala eztabaidatzea eta eredu horrek, hala gizonezko nola emakumezkoentzat, dituen ondorioak aztertzea, gizonezkoek sexismoaren barruan eta sexismoari aurre egiterakoan duten zereginari buruz hausnartzea eta harreman berdintsuagoak, bai euren artean eta baita emakumeekiko ere, nahi dituzten gizonen arteko elkartrukaketarako esparrua eskaintzea. Argazkian, Valentzian egindako antzeko tailer baten partaideak.
  Jendartea 2007-10-18 19:38

Lekualdatuen eta ahaztutako gerrakoen errealitate gordina ekarri dute eskualdera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur aurkeztu eta igandera arte, urriak 21, lekualdatuen hil ala biziko egoerari buruzko “Zure bizitzaren 15 minutu gurea ulertzeko” izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Algortako San Nikolas plazan. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak erakusketa honen bidez bisitariei 15 minututan misioko lehen egunean taldeko “langile baten azalean” jartzeko aukera ematen die eta larrialdienetan sor daitezkeen egoerak bizitzeko ere. Bestalde, Plentziako Goñi Portal kultur etxean "Crisis Olvidadas: Vidas Ignoradas" izeneko argazki-erakusketa ikus daiteke urriaren 30era arte. Kasu honetan, Mugarik Gabeko Medikuek hedabideetan eta politikarien agendetan ia lekurik ez daukaten gatazka eta gaixotasunen lekukotasuna eman nahi izan dute. Argazkietan, Somalia, Txetxenia, Kongoko Errepublika Demokratikoa edota Chagas-en gaixotasuna agertzen dira. Argazkian, MGMko Alma Saavedra eta Imanol Landa Getxoko alkatea lekualdatuen kanpamendu baten sarrerako irudi baten ondoan.