Jendartea 2008-01-24 19:48

Getxoko udal aurrekontuen gaineko proposamena egin dio PPri EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Imanol Landa Getxoko alkateak gaur goizean aurreratu du Gobernu Taldeak 2008rako Udal Aurrekontuak negoziatzeko proposamena bidali diola PPri. Agintariak adierazi du popularren erantzuna "laster heltzea espero" dutela, "horrela udalerriko kontuetan adostasuna lortzeko elkarrizketa prozesuari ekiteko". Landak azaldutakoaren arabera, aipatu gaia eztabaidatzeko asmoz oposizioko alderdiekin izan zituzten lehenengo hartu emanetan, "PSE-EEk ezetz borobila eman eta PPk onartezina zen promosamena egin zigun. Hortaz, negoziazio prozesua ixtea erabaki genuen. Horren ostean, euren proposamena alde batera utzi eta berriro hartu emanei ekiteko prest zeudela adierazi ziguten". Gauzak horrela, aurrekontuetarako proposamen zehatza aurkeztu dio Marisa Arrue buru duen alderdiari EAJk, "horren gainean eztabaidatzen hasteko". Alkatearen hitzetan, "gu beti agertu gara aurrekontuak negoziatzeko prest". Argazkian, Landa eta Arrue aurrez aurre aurrekoak alkatetza hartu zuen egunean.
  Jendartea 2008-01-24 18:44

“Gobernu ona” aztertzeko aukeratu dute Getxo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udala tokiko administrazioen “gobernu ona” ziurtatzeko sistema berri baten aplikaziorako aukeratu dute, udal iturriek jakinarazi dutenez. Ekimena, IWA 4 izenekoa, International Standard Asociation-ek (ISO) bultzatu du. Horrenbestez, otsailaren 11, 12 eta 13an, hiru pertsonako lantalde batek udal arduradun ezberdinak elkarrizketatuko ditu, udalerriaren egoera baloratzeko, IWA4 deritzon sistema honen gutxieneko 39 adierazleak kontutan hartuta. Adierazleok lau multzotan sailkatzen dira, gaiaren arabera: gobernu onerako garapen instituzionala, ekonomi garapen iraunkorra, gizarte garapen eraginkorra eta ingurumen garapen iraunkorra. Imanol Landa alkatea oso pozik agertu da “esperientzia honetan parte hartzeko aukeratuak izan garelako” eta, ekimena, “Udala garatzen ari den kudeaketaren bikaintasuneko ardatz estrategikoarekin bat egiten duela” gehitu du. Argazkian, Iñaki Zarraoa aurreko alkatea zilarrezko Q-a jasotzen, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren eskutik.
  Jendartea 2008-01-23 20:49

Algortara ere helduko da Munduko Gizarte Foroa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehenean hasi eta larunbatera arte luzatuko den Ekintza Globalerako Astearen (pdf) barruan, elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, urtarrilak 25, Algortako Getxo Antzokian, ELA sindikatuak. Kontzentrazioa 12:00etan egingo dute, "Beste eredu baten alde: gizarte eskubideak, gizarte laguntzak!" lelopean. Aurretik, "Zaindua izateko eskubidea" lelopeko mintegia egingo dute bertan, 10:00etan, zainketak behar dituzten lagunentzako sistema publiko eta unibertsala aldarrikatzeko asmoz. Lan erakunde abertzalearekin batera, besteak beste, CCOO, LAB, EHNE, EILAS, ESK, Bizkaiko emakumeen asanblada, Ekologistak Martxan eta Ikasle Abertzaleek antolatu dute neoliberalismoaren aurkako mobilizazio astea, aurtengo Munduko Gizarte Foroarekin bat eginez. Argazkian, ELAko kideak 2005eko otsailaren 20an erreferendumean bozkatuko zen Europako Batasuneko Itun Konstituzionalari ezetza emateko eskatzen algortarrei.
  Jendartea 2008-01-21 19:08

Neguriko "kantina" herritarrek erabiltzeko nahi du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Kantina" ezizenez ezaguna, Neguriko tren geltoki zaharreko eraikinera deitu ditu gaur goizean kazetariak Getxoko PPk, "metroa udalerrira heldu zenetik, horrek jasan duen erabateko utzikeria tokian bertan erakusteko". Egun itxita, ateak eta leihoak adreiluz eta zementoz estalita dituen etxea "herritarrentzako gunea jartzeko, kultur ekintzetarako, batzarrak egiteko edota ikasteko toki egokia" izan daitekeela uste dute popularrek. "Agian ordenagailu batzuk jarrita, inguruan arratsadero ibiltzen diren neska-mutilek euren aisialdia hobeto aprobetxatzea lortuko dugu", adierazi du Eduardo Andrade zinegotziak. "Neguriko bihotzean dago eraikina, metrorako sarrera eta ikastetxeetarako autobusen geralekua bertan dituela. Alboko plazatxoan aita-amak ere ibiltzen dira seme-alabekin", gaineratu duenez. Argazkian, PPko hainbat zinegotzi "kantina" aurrean dutela.
  Jendartea 2008-01-21 18:34

Paulino Mendibil kaleko antenak emititu dezala galarazteko agindua badagoela dio Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Yoigo telefonia enpresak Areetako Paulino Mendibil kalean "legez kanpoko" antena jartzen jarraitzen duela eta, kexu ugari izan dira azkenaldian, Antena Ez elkarteko kideenak eta Getxoko PPrenak, besteak beste. Horren aurrean, Udalak horri emititzen ez uzteko dekretua kaleratu duela eta horren berri urtarrilaren 3an eman zuela adierazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. "Une honetan, Espainiako Industria Ministerioak antena emititzen ari den noiz egiaztatuko zain gaude, hori geldiarazteko agindua baitago", tokiko arduradunaren hitzetan. Madrilgo gobernuak laster telefonia mugikorrak eragiten dituen igorpenak neurtzeko sentsore bi udalerrian ipiniko dituela jakinarazteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Arregik. Alabaina, zinegotziak gogoratutakoaren arabera, "Industria Ministerioa bera da antenak jarri eta horien funtzionamendurako baimena ematen duena, Getxoko Udalak obretarako baimena baino ez du ematen". Argazkian, hilaren 4ean Paulino Mendibil kaleko antenari hartutako irudia, Antena Ez elkartearen hitzetan. Bi langile ikusten dira bertan.
  Jendartea 2008-01-21 16:07

Tatiele de Sousaren erailketa salatuko dute iluntzean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Emakumeon aurkako indarkeriari aurre egitea denon ardura da! Erailketa gehiagorik ez!" lelotzat hartuz, kontzentrazioa antolatu du gaur arratsaldeko 7:30erako, Telletxe plazan, Algortako Bilgune Feministak. Mobilizazio horrekin ostiral goizaldean (urtarrilak 18), Iruñeko Arrosadia auzoan gertatutako erailketa salatu nahi dute. Udaltzainek Gelbentzu karrikan aurkitu zuten hilda 20 urteko Tatiele de Sousa brasildarra, seigarren zenbakiko laugarren solairuko etxebizitza batean, eta ustez emakumearen bikotekideak hil zuen. Lepoa moztuta zeukan biktimak, eta ustezko erasotzailea bera gertaeraren ondoren, etxeko leihotik salto eginda, bere buruaz beste egiten saiatu zela esan zuten udaltzainek. Bilgune Feministaren ustez, "guztiok erantzun beharreko kontu bat da, guztion inplikazioa beharrezkoa da". Hartara, herritar guztiak deitu dituzte iluntzeko kontzentrazioan parte hartzera. Argazkian, azaroaren 25ean, Algortako Bilgune Feministak deituta, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egindako elkarretaratzea.
  Jendartea 2008-01-18 19:03

Ibaizabal itsasadarrean barrena ibiliko da aurten Ekoeskola

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Otsailaren 12tik martxoaren 8ra bitartean izango dira aurten Ekoeskola jardunaldiak, Ekologistak Martxan taldeak eta Bizizaleak Ingurumen Dokumentazio Zentruak antolatuta. Ekimenaren helburua "pertsona eta kolektiboen artean ingurumen arazoekiko sentsibilizazioa zabaltzea" izanik, informazio eta trebakuntzako hitzaldi teorikoez gain, irteerak ere antolatu dituzte. Horrenbestez, otsailaren 23an, Ibaizabal itsasadarrean barrena egingo dute txangoa, autobusez. Hain zuzen ere, Alejandro Cearreta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) geologia irakasleak izango du paraje horrek ingurumenari dagokionez izandako bilakaerari buruzko argidiak emateko ardura. Ekoeskola 2008an izena emateko urtarrilaren 21etik otsailaren 8ra egongo da zabalik. Horretarako ondoko eskuorrian (pdf) agertzen den fitxa bere beharko dute parte hartu nahi dutenek eta Ekologistak Martxaneko bulegora (Pelota kalea 5) eraman. Aurtengo eskolek 20 euroko salneurria dute. Argazkian, iItsasadarraren inguruan dena da industriala, baina oraindik kontraste polita egiten du Leioako nekazal inguruak, gero eta urrunago, txikiago... (Jabi Zabala) / Bilbao.Bi
  Jendartea 2008-01-18 17:03

Udaletxeko ezinduentzako arrapalaz eta Ertzaintzaren bulegoaz kexu da Plentziako EAE

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mugikortasun arazoak dituzten lagunak udaletxera sartu ahal izateko arrapalak herrian eragin duen eztabaidagatik zein "talde politiko moduan udal batzarretan partaidetza ukatua dugulako", bere ikuspuntua hedabideen bitartez zabaltzea beste aukerarik ez zaio geratu Plentziako Eusko Abertzale Ekintzari. "Aspaldi bukatua egon beharko lukeen sarrera hori eraikinaren aurrealdetik egin beharko litzateke eta ez beste tokiren batean. Hala ere, antzinako osasun etxetik izan beharko litzatekeela uste dugu, hau da, udal bulegoetara emanez", adierazi dute ekintzaileek. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonek udaletxerako sarrera atari nagusitik edukitzea "ezinbestekotzat" jotzen du EAEk, "aldi berean, ikus-inpaktu txikiagoa ere izango lukeelako". Horrenbestez, arrapalaren egungo kokapenaren "aurka" daude. Bestalde, bertan Ertzaintzaren bulegoari eman nahi omen dioten kokapen berriaz kexu dira ekintzaileak. Argazkian, Plentziako udaletxea eta Astillero plaza / Edonola.net.
  Jendartea 2008-01-18 16:11

Banatutako gurasoen seme-alabei laguntza ematea eskatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "Aita-amak liskartuta daudenean, familiarteko harremanei eusteko esparru egokia behar izaten dute seme-alabek", adierazi du Marisa Arrue (argazkian) Getxoko PPko bozeramaileak. Hain zuzen ere, hori da popularrek eskatutako "familia elkargunearen" xedea, "adinez txikien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko". Arrueren hitzetan, 100 metro koadro inguruko lokala beharko litzateke horretarako, zeinean psikologoak eta kabinete juridikoa ere izango liratekeen. Gastua 90.000 euro ingurukoa litzateke, zinegotziaren arabera. Gauzak horrela, "haurren babes eta arretarako 3/2005 legea finkatzen duen instituzioen arteko elkarlanari eutsiz" eskaera luzatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Getxoko PPk. Arrueren arabera, "Getxoko epaitegian egikaritu gabeko banaketa eta dibortzioen kopurua kontutan hartuta, urtean 200 adingabekok beharko lukete zerbitzu hori".
  Jendartea 2008-01-17 20:24

Bihar eztabaidatuko dute Lamiakoko araztegiaren aurka azaltzeko EAEk Aldundiari egindako proposamena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren erdialdean arauz besteko proposamena aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako Eusko Abertzale Ekintzak (EAE), Bizkaiko Foru Aldundiari Lamiakon aurreikusitako hondakin uren araztegiaren (HUA) proiektuaren aurka ager dadin eskatuz. Horrenbestez, ostiral honetan, urtarrilak 18, eztabaidatuko dute Nekazaritza eta Ingurumen Batzordeak Bilbon izango duen bilkuran. Alderdi ekintzailearen ustez, "guztiz neurrigabea eta desegokia" da proiektua. Hala ere, ur zikinen tratamenduen aurka ez dagoela argitu du EAEk; eta ondorioz, ez dagoela ur zikinen tratamendua ahalbidetuko lukeen araztegi baten aurka, baina bere tamaina eta esparrua nabarmen mugatuz. "Gure ustez, Araztegi txikiagoak eta eremu apalagokoak planteatzetik bideratu beharko litzateke auzia, hots, Lamiakon egin beharreko araztegia bere inguru hurbilari zerbitzua emango liokeena izan beharko litzateke, horiekin batera beste hainbat proiektatu beharko liratekeelarik (Txorierrin, Uribe Kostan eta Getxon gutxienik), egun sistema osoak dituen ahuleziak gaindituz eta ur zikinen tratamenduak bizilagunengan sortzen dituen kalteak banatuz", azaldu dute. Argazkian, pasa den azaroaren 25ean, metro geltoki ondoan, Lamiakoko auzokideen plataformak egindako sinadura bilketaren irudi bat / La depuradora.
  Jendartea 2008-01-17 19:50

Antenen gainean adostutakoa ez betetzea egotzi dio Udalari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Yoigo telefonia enpresak Areetako Paulino Mendivil kalean "legez kanpoko" antena jartzen jarraitzen duela zabaldu zuen atzo El Correo Español egunkariak. Hori oinarritzat hartuz, antena gehiago udalerrian ez kokatzeko luzamendua indarrean jarraitzen duela gogoratu dio EAJ buru duen udal gobernuari Getxoko PPk. "2007ko osoko bilkuran onartu egin zen aipatu luzamendua. Beraz, Udaren betekizuna da antena hori jartzen jarraitzen duten eta, horrela bada, lanak gelditzea", adierazi du Marisa Arrue popularren bozeramaileak. Albiste berean "lan horien berri ez" dutela aipatu zuen Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. "Hala ere, dagoneko udal arautegira egokitutako proiektua aurkeztu du enpresa horrek eta laster izan dezake jarduera baimena", gaineratu zuen tokiko agintariak. Aipatu hitzak "oso larritzat" jo ditu Arruek, "beste behin ere gobernu taldeak udalbatzaren gehiengoak hartutako erabakiari muzin" egiten diola adierazten dutelako. Dagoeneko, abendu erdialdean, antenak arautzeko lan taldearen osaketa gainean zela, Areetako Paulino Mendivil kalean antena jartzen ari zirela salatu zuen Antena Ez elkarteak eta, ordutik hona, horren jarraipena egin du. Argazkian, hilaren 4ean hartutako irudia Antena Ez elkartearen arabera.
  Jendartea 2008-01-17 18:44

Gazte bat atxilotu dute Areetan hainbat lapurreta egitea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaltzaingoak Bilboko 21 urteko gaztea atxilotu du aste honetan, lapurreta batzuen egilea izatea eta lapurtutako kredituzko txartel batzuk erabiltzea leporatuta. Atxiloketa astelehenean, urtarrilaren 14ean, izan zen Areetako Kale Nagusian lapurreta baten biktimak aurreko astean auzo horretan poltsa kendu zioten lagunetako bat ikusi eta udaltzain bati horren berri eman ostean, Getxoko Udalak zabaldutako bertsioaren arabera. Polizia zegoela ikusita, aipatutako gizonek alde egin zuten. Udaltzainak bat harrapatzea lortu zuen, baina besteak ihes egin zuen. Polizia-etxera eraman eta beharrezko azterketa burutu ondoren, atxilotua beste lapurreta baten egilea zela eta Algortako Olentzero ospakizunean lapurtutako kreditu txartel batzuk erabili ere egin zituela egiaztatu zuten. Orain laguntzaileak topatzeko behar diren ikerketak egiten ari da Udaltzaingoa. Atxilotua epailearen esku utzi zuten atzo eta ondoren aske gelditu zen.
  Jendartea 2008-01-16 23:10

Dagoeneko sahararrentzako jakiak batzen hasi dira Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du Gorlizko Udalak, "Piztu itxaropena" leloari helduz. Horrenbestez, elikagaiak (azukrea, atuna oliotan, dilistak eta arroza) eta higiene-gaiak (konpresak) batzen hasi dira jada. Horiek urtarrilaren 31ra arte eraman ahal izango dira kultur etxera (Ibarrena etxea, Krutzeta kalea 5), edo udaletxeko bulegoetara (beheko solairuko harrera gelan). Diruz lagundu nahi dutenek, berriz, ondoko Euskadiko Kutxaren kontu zenbakian egin dezakete: 3035-0080-94-0800054177. 2001eko martxoan Saharako Güera herriarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 30 urteetan, Aljeriako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkia: Saharar Errepublika Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 30. urteurrenarekin bat eginez, bandera sahararra jaso zuten ikurrinarekin batera Gorlizko udaletxean, 2006ko otsailaren 27an.
  Jendartea 2008-01-16 22:07

Otsailera aldatu dituzte "debekatutako hiriaren mapa" osatzeko jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Uribe Kostaren etorkizuna: berdintasun eta iraunkortasunerako lurraldea” lelopean Urdulizen azaroaren 9an eta 10ean antolatutako jardunaldien ostean, orain, mapan jaso nahi ditu errealitate guztiak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Baina urtarrilean izan beharrean, atzeratzea erabaki eta tailerrok otsailaren 15ean eta 22an, 17:00etatik 19:00etara egingo dira, Urdulizko kultur etxean, bertoko, Berangoko eta Sopelako emakumeentzat eta otsailaren 16an eta 23an, 10:00etatik 12:00etara, Mankomunitateak Plentzian duen eraikinean (Eleizako plaza 16), Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziakoentzat. Parte hartu nahi duten emakume guztiek ahalik eta lasterren adierazi beharko dute. Izena emateko, 946 762 674 telefonora deitu edo e-postara idatzi (agenda21[abildua]uribekosta.org edo berdintasuna[abildua]uribekosta.org) beharko dute andreek. Saio hauetan parte hartzeko, gainera, ez da beharrezkoa azarokoetan parte hartu izana. Bi deialdiak udalerrien ezaugarrien arabera finkatu dira, baina aukera badaukate emakumeek ez dagokien taldean parte hartzeko, bakoitzaren beharrizanak kontutan hartuta.
  Jendartea 2008-01-16 15:44

Helduentzako jolas tailerrak egingo dituzte Plentzia eta Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Adecabi, Erdialdeko Amerikako Herrien Garapenerako Elkarteak helduentzako jolas tailerrak prestatu ditu Mercedes Gonzalezek antolatu eta gidatuta, Latinoamerikako Jolas Sarearen izenean. Gizon-emakumeek jolas egiteko duten gaitasuna berreskuratzeko helburua du ekimenak, irudimena garatzeko guneak sortuz eta, berezkotasuna, besteekiko eta norberarekiko harreman afektiboak garatuz. “Dagoeneko heldu askok ez dute jolas egiten sistema produktiboak eta errentagarritasunarekin duten obsesioak bultzatuta, jolasa haurren kontua soilik dela uste baitute”, esan du Antonio Jimenez Adecabiko presidenteak. 2006an Plentziako Araldi emakume elkartearen egoitzan burutu zituzten jardunaldiok. Arrakasta ikusita aipatu udalerrian egingo dute emakumeei zuzendutako tailerra otsailaren 9an, eta gizon-emakumezkoentzako beste bat hurrengo egunean, biak 9:00etatik 14:30era. Barrikako Udalaren laguntzaz, berriz, tailerra otsailaren 17an, igandearekin egingo dute, 9:00tatik 14:30era, udaletxe barrikoztarreko liburutegi zaharrean. Gainera, 15:00etan bazkaria egingo dute Lemoizko El Padrino jatetxean (10 euro) eta 17:30ean Adecabik bere egitasmoen aurkezpena egingo du. Argazkian, Adecabiko hainbat kide.