Jendartea 2007-09-20 17:08

Iluntzean ospatuko dute Leioan Txileko kontsulatuaren zabalpena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Txilek kontsulatu berria zabaldu du gaur Leioako Ibarrabarri enpresa gunean, Bilboko egoitza utzi ostean. Hori ospatzeko, eta Txilek independentzia eskuratu zueneko 197. urteurreneko mundu egitarauen barruan, ekitaldi bat egingo dute iluntzeko 20:00etan Errekalde plazan, Kultur Leioaren ondoan. Bertan, ikurrinaren ondoan "izar bakartia", Txileko bandera, altxatuko dute, Andeetako folklore erakustaldia izango da ikusgai eta Kultur Leioan urriaren 20ra arte egongo den Mariana Caneparen eskulturen erakusketa inauguratuko dute. Ekitaldian, besteak beste, Juan Carlos Perez de Unzueta kontsula, Patricio Walker (argazkian) Txileko Diputatuen Ganbarako presidentea, eta bertako diputatuak diren Gonzalo Uriarte (Union Democrata) eta Alfonso de Urresti (Partido Socialista) izango dira, Leioako eta euskal politikako zein gizarteko hainbat ordezkarirekin batera. Kontsulatuak Hego Euskal Herria eta Errioxako txiletarrak hartuko ditu bere gain.
  Jendartea 2007-09-20 15:17

Pertsona bat atxilotu dute Algortako taberna batean lapurtzen saiatu delakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 32 urteko gizonezko bat atxilotu du gaurko ordu txikietan Algortan, taberna batera ezkutuan sartu eta indarra erabiliz lapurreta delitua egitera zihoalakoan. Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, gaur goizaldeko laurak jo baino apur bat lehenago herritar batek Ertzaintzara deitu du pertsona susmagarri bat Basagoiti etorbideko taberna batera sartu dela esanez. Hara joan den patruila-autoko ertzainek lokaleko ateburuak kalteak zituela eta beira bat hautsita zegoela ikusi dute. Barruan begiratuta, gizonezko bat ikusi dute, barraren atzean ezkutatzen. Berehala, poliziek irteteko eskatu diote, eta gizonak, kontra egin barik, horrela egin du eta eskuan zeramatzan jaka eta poltsa eman dizkie. Hartu dituen ertzainak jakak pisu handiegia zeukala igarri duenez, poltsikoetan begiratu du eta horietako batean euro bateko txanponez betetako bi poltsa aurkitu ditu, antza lapurretan lortutakoak.
  Jendartea 2007-09-20 13:03

Pertsona bat zauritu da Erandion izandako auto istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pertsona batek hainbat zauri pairatu du gaur goizean Erandion izandako auto-istripuaren eraginez. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, bi turismok talka egin dute N-637 errepidean goizeko 7:05ak aldera. Istripua Erletxerako norabidean jazo da oraindik ezagunak ez diren kausak direla medio. Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, zauritu bakarra izan da eta bere osasun egoera ez da larria. Istripuaren ondorioz, errail bat trafikorako moztu behar izan dute eta horren eraginez, auto-ilarak sortu dira. Dena den, dagoeneko trafikoa normaltasunez igarotzen da bertatik. Argazkian, auto-istripu baten ohiko irudi bat.
  Jendartea 2007-09-20 12:43

Getxoko EBk testuliburuetarako PPk proposatutako laguntzen aurka egingo du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Ezker Batuak Getxo Gorria bitakoraren bidez iragarri berri du PPk testuliburuak erosteko proposatutako laguntzen aurka egingo duela datorren Udalbatzan. Izan ere, Ezker Batuko kideek azaldu dutenez, "laguntzak diru-sarreren araberakoak izan behar dira, ezin dira bereizi gabekoak izan". Horrela "ezkerreko politika baten ikuspegitik" ez dute bidezkoa ikusten "hileko 4.000 euro kobratzen duen auzokidearentzat zein 900 kobratzen duenarentzat" diru laguntza "bera" izatea. Aldiz, "PPk, eskumako alderdi ona denez, ez du ezberdintasunik jartzen". Gainera, popularrei leporatu diete iaz aurkeztu eta atzera bota zen proiektua berriro ere aurkeztea: "ez dakigu PPren estrategia politiko guztia aurreko legealdian lortu ez zuena honetan onartzea den". Argazkian, Iñaki Urkiza EBko zinegotzia / Getxo Gorria.
  Jendartea 2007-09-19 21:42

Etxebizitzetan igogailua jartzeko laguntzak oraindik ere airean daudela gogoratu dio Udalari Erandioko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Javier Ruiz Erandioko PPko bozeramaileak (argazkian) azaldutakoaren arabera, aurreko legealdian eskatu zioten Udalari, mozio bidez, etxebizitzetan igogailua jartzeko diru-laguntzak emateko arautegia egitea. "Ogasun batzordeak berak 2006ko uda hasieran onartu zuen aho batez proposamena. Hala ere, oraindik ere ez dute egiten hasi", salatu du popularrak. Hori dela eta, "ahalik eta azkarren" hastea eskatu dio tokiko erakundeari Ruizek. Popularren aburuz, "Erandoko bizilagunentzat guztiz positiboa" da aipatu ekimena: batetik, "irisgarritasun baldintzak hobetuko lituzkeelako"; eta bestetik, poltsikoei begiratuta, "igogailu bat jartzea dakarren gastua arintzen lagunduko bailuke, Eusko Jaurlaritzak ematen duen diruarekin batera". Ruizen arabera, 60.000 euro baino gehiagoko kostua du horrelako azpiegitura ipintzeak.
  Jendartea 2007-09-19 19:58

Berangoko lokal komertzialetan etxebizitzak egitea onartu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza eta Udal Harremanen Sailak Berangoko arau subsidiarioak aldatzeko onarpena eman du, ekainaren 28ko 880/2007 Foru Aginduaren bitartez, hiri lurzoruan, beheko solairuetako lokal komertzialen erabilera aldatzeko jarduketei dagokienean, udal iturriek jakinarazi dutenez. Lokal komertzialen erabilera aldatu eta etxebizitza bezala erabiltzeko proiektuak udal bulegoetan aurkez daitezke, beharrezkoa izango den obra-lizentzia jaso ahal izateko. Informazio gehiago eta testu arauemailea Udal Bulegoetan, Udalaren web orriko "Berriak” atalean eta 2007ko abuztuaren 14ko 159 zenbakiko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) eskuratu ahal izango dira. Argazkian, etxebizitza bihurtutako lonja.
  Jendartea 2007-09-19 17:41

Urritik aurrera topaketak izango dituzte Getxo udalerriko emakume etorkinek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko Inmigrazio eta Berdintasun arloek, beste urte batez, udalerriko emakume etorkinei zuzendutako topaketak antolatu dituzte, urriaren 13tik ekainera bitartean. Gai anitz jorratuko dituzte, tartean estresari aurre egiteko estrategiak, kultur girora egokitzeko ahalmenak, arrisku harremanak prebenitzeko neurriak, jatorrizko eta gure herrietako hezkuntza ereduen bateragarritasuna, lana topatzeko bideak, astialdia eta sexualitatea. Jardunaldiak jendarte harremanak zabaldu eta norberaren ahalmenak hobetu nahi eta harrera-herrialdera egokitzeko zailtasunak dituzten emakumeei daude zuzenduta. Saioak bi larunbatetan behin izango dira, 10:30etik 13:00etara, Udal Gizarte Zerbitzuek Itzubaltzeta / Romoko Gobelaurre parkean duten egoitzan. Parte hartu nahi duten edo informazio gehiago jaso nahi duten emakumeak topaketak dinamizatzeaz arduratuko den Egintza elkartearekin jar daitezke harremanetan 650 017 949 (Silvia Peñas) telefono zenbakiaren bitartez.
  Jendartea 2007-09-19 17:14

Getxoztar bat atxilotu dute haurdun dagoen bikotekidea erasotzea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaltzaingoak O.A.A.M. 36 urteko gizonezkoa atxilotu zuen atzo, 23:00etan, genero indarkeria delitua egotzita, ustez haurdun dagoen bikotekidea eraso baitzuen polizia iturrien arabera. Emakumeak udaltzainei jakinarazitakoaren arabera, 13:00ak aldera, gizon eta emakumearen arteko liskar handia izan zen azken horrek Algortan duen etxebizitzan. Ondoren gizonak “maletak egin zituen” eta emakumeak etxeko eta kotxeko giltzak eskatu zizkion. Ustezko erasotzaileak lepotik hartu omen zuen emakumea eta biktima lurrera erori zen, konortea galduz. Bere onera itzuli zenean ondoan beste pisu kide bat zeukan udaltzainei deitzeko asmoz. Une horretan gizonak etxebizitzatik alde egin zuen. Argazkian, emakumeen aurkako erasoak salatzeko, Getxoko Bilgune Feministak Algortan egindako kontzentrazioetako bat.
  Jendartea 2007-09-19 12:55

Neguriko ertzain-etxea handituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak Negurin duen polizia-etxea eraikinaren azalera 300 bat metro koadrotan, %20,90, handituko du Herrizaingo Sailak, 1.385,48 metro koadrotik 1.675era jauzia eginez. Era berean, egungo parkingaren ordez, parking estalia egingo dute. Horrela jakinarazi zuen (pdf) Javier Balza Herrizaingo sailburuak pasa den irailaren 11n, Carlos Urquijo legebiltzarkide popularrak eginiko idatzizko galdera (pdf)ri erantzutean. Balzak argitu duenaren arabera, ertzain-etxean egingo dituzten herri lanak "ez dira instalazioen azalera" handitzeko, "Ertzaintzak egiten dituen jarduerak irisgarritasuna, segurtasuna eta izaera tekniko aldetik egun indarrean dauden arau-baldintzetara egokitzeko baizik". Gainera, sailburuaren iritziz Neguriko ertzain-etxearen instalazio batzuk "herri lanetarako etxoletan daude" eta eraikina "etengabeko konponketa egoeran dago" eta "pitzadurak" eta "ur filtrazioak" daude bertan. Argazkian, Javier Balza / Oier Gorosabel.
  Jendartea 2007-09-18 23:51

Plentzian itsaski-bilketa debekatu du Eusko Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak Plentziako uretan itsaskiak biltzea edo hazkuntzan jardutea debekatu du. Sailak urtero Araba eta Bizkaiko arrantzako guneetako uretan egiten dituen analisiek erakutsi duten kalitate eskasagatik eta horrek itsaskiengan eta kontsumitzaileengan izan ditzakeen eraginagatik hartu du neurri hori. Erabaki bera hartu dute Mundaka eta Hondarribirako ere. Dena den, debekuak salbuespen batzuk izango ditu eta molusku mota batzuk arrantzatzea edo hazkuntzan ibiltzea izango da. Esate baterako, ostrak, datil okerrak, berberetxoak eta txirlak debekutik kanpo egongo dira bi baldintza betez gero: harrapaketaren ostean garbiketa prozesu berezi batean sartzea eta Plentziako estuarioko barnealdetik kanpo arrantzatzea, hots, inolaz ere ez Arrainolatik gora.
  Jendartea 2007-09-18 22:53

Santa Anako 72 babeseko etxebizitzak jabeen artean banatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak Areetako Santa Ana auzoan egin dituen babes ofizialeko 72 etxebizitzak bere jabeen artean banatzeko zozketa egin zuen pasa den ostegunean. Etxeen eraikitzea amaituta dago eta behar diren baimenen zain, Udalak 2008 urtearen hasieran giltzak eman ahal izatea espero du. Iazko abenduan zozketatu eta aurtengo abendurako agindu ziren etxebizitzek garajea eta trastelekua dituzte eta banatzeko irizpidea “familia bakoitzeko kide kopurua kontuan hartzea izan da”, zozketan Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak azaldu zuenez. “Udalak udalerrian dituen lurzoruen ezaugarriak aztertu ondoren, ezaugarri hauetako ekimenak martxan jartzeko asmoa dauka bizilagun getxotarrek etxebizitza edukitzeko dituzten arazoak konpontzen laguntzeko” gaineratu zuen Hirigintzako zinegotziak. Argazkian, BOEen eraikuntza lanen irudi bat.
  Jendartea 2007-09-18 21:07

Mugak badira ere udalbatzarretan zinegotziei galdetzeko aukera izango dute gorliztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalbatzako kideren bati gaderaren bat egin nahi dioten gorliztar guztiek inprimakia (pdf) bete eta, osoko bilkura egin aurreko hilaren 30a baino lehen, udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztuz egin ahal izango dute. Halabaina, mugak izango ditu herritarren eta udalbatzaren arteko komunikazio bide berriak: kontsulta egin zaion udalkideak erantzun gabe utzi ahal izango du galdera, udal iturriek jakinarazi dutenez. Horretaz gain, itauna egin duen herritarrak ez du zinegotziari erreplika egiteko aukerarik izango. Kontsulta kopuruari dagokionez, bilkura bakoitzean gehienez bost galderei erantzungo diote eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi kontsulta egin ahal izango ditu. Gorlizko Udalak argi utzi du "herrirako interesa duten galderak baino ez" dituztela erantzungo; ohiko osoko bilkuretan bakarrik gainera. Argazkian, Gorlizko udaletxea.
  Jendartea 2007-09-18 20:43

Testuliburuak erosteko laguntzak eskatuko ditu Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Alderdi Popularrak testuliburuak erosi behar izan dituzten familientzako 50 eta 90 euro bitarteko laguntzak ematea eskatuko dio Getxoko Udalari. Horretarako mozioa irailaren 28an burutuko den Getxoko Udal Batzarrean eztabaidatuko da. Marisa Arrue PPko bozeramaileak nabarmendu duenez "badakigu ez dugula familia askoren arazoa konponduko baina urrats batzuk ematen hasiko gara". Izan ere, iaz uztailean zein irailean aurkeztu zuen Getxoko PPk testuliburuei buruzko mozioak, baina kasu bietan doakoak izan zitezen. Batean zein bestean Udalbatzak kontrako erabakia hartu zuen. Horregatik, oraingo honetan "botere publikoek testuliburuen doakotasuna bermatzea lortu bitartean", eskolan umerik daukaten familientzako dirulaguntzak proposatu du PPk: 50 euro umeko haurrak haur edo lehen hezkuntzan badaude eta 90 euro DBH ikasten badute.
  Jendartea 2007-09-18 20:40

Gorlizko itsasargia mundu osotik "ibiliko" da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Correosek Gorlizko Itsasargia irudi duen zigilua argitaratu du berriki, Espainiar estatu mailako itsasargiei buruzko oroipen bilduma baten barruan. Bilduma horretan beste bost zigilu daude, guztira milioi erdi ale argitaratuz. "Herria promozionatzeko modu ona izanik, mundu osoko filatelia zaleek Gorliz ezagutzeko aukera izango dute", adierazi dute tokiko agintariek. Gorlizko zigilua, grabatua eta bertikala da, 28,8 x 40,9 milimetrokoa, eta bildumako garestiena: 2,43 eurotan salgai egongo baita. Correosek itsasargiei buruzko zigilu sorta egitea erabaki du horrelako eraikuntzek mendeetan izan duten garrantziagatik. Argazkian, horrelako itxura du Gorlizko zigiluak.
  Jendartea 2007-09-18 18:43

Autorik gabeko egun "sinbolikoa" egingo dute larunbatean Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizikleta ibilaldi baten bitartez eman zioten hasiera herenegun, Berangon, Europako Mugikortasun Asteko ekitaldiei. Izan ere, "Guztiontzako kaleak" lelopean, aste honetan egiten ari den ekimenarekin bat egin du tokiko udal erakundeak. Ana Landa alkatearen hitzetan, "herritarrek, batetik bestera joateko, egitan ibilgailu partikularra behar duten hausnar dezaten da jardunaldien helburua; bide batez, garraio publikoak erabiltzen saia daitezen, autoa non aparkatzeaz kezkatu behar izan gabe". Horrenbestez, larunbat honetan, irailak 22, autorik gabeko eguna (modu sinbolikoan bada ere, ez baitute kale mozketarik zehaztu) egingo dute 16:30etik aurrera, Berangoko eskoletan. Besteak beste, txirrindularitza simulagailua eta "kaleffiti" tailerra izango dute txikiek. Argazkian, Algorta eta Areetan ere bizikleta ibilaldia egin zuten igandean.