Jendartea 2008-01-16 22:07

Otsailera aldatu dituzte "debekatutako hiriaren mapa" osatzeko jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri “Uribe Kostaren etorkizuna: berdintasun eta iraunkortasunerako lurraldea” lelopean Urdulizen azaroaren 9an eta 10ean antolatutako jardunaldien ostean, orain, mapan jaso nahi ditu errealitate guztiak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Baina urtarrilean izan beharrean, atzeratzea erabaki eta tailerrok otsailaren 15ean eta 22an, 17:00etatik 19:00etara egingo dira, Urdulizko kultur etxean, bertoko, Berangoko eta Sopelako emakumeentzat eta otsailaren 16an eta 23an, 10:00etatik 12:00etara, Mankomunitateak Plentzian duen eraikinean (Eleizako plaza 16), Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziakoentzat. Parte hartu nahi duten emakume guztiek ahalik eta lasterren adierazi beharko dute. Izena emateko, 946 762 674 telefonora deitu edo e-postara idatzi (agenda21[abildua]uribekosta.org edo berdintasuna[abildua]uribekosta.org) beharko dute andreek. Saio hauetan parte hartzeko, gainera, ez da beharrezkoa azarokoetan parte hartu izana. Bi deialdiak udalerrien ezaugarrien arabera finkatu dira, baina aukera badaukate emakumeek ez dagokien taldean parte hartzeko, bakoitzaren beharrizanak kontutan hartuta.
  Jendartea 2008-01-16 15:44

Helduentzako jolas tailerrak egingo dituzte Plentzia eta Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Adecabi, Erdialdeko Amerikako Herrien Garapenerako Elkarteak helduentzako jolas tailerrak prestatu ditu Mercedes Gonzalezek antolatu eta gidatuta, Latinoamerikako Jolas Sarearen izenean. Gizon-emakumeek jolas egiteko duten gaitasuna berreskuratzeko helburua du ekimenak, irudimena garatzeko guneak sortuz eta, berezkotasuna, besteekiko eta norberarekiko harreman afektiboak garatuz. “Dagoeneko heldu askok ez dute jolas egiten sistema produktiboak eta errentagarritasunarekin duten obsesioak bultzatuta, jolasa haurren kontua soilik dela uste baitute”, esan du Antonio Jimenez Adecabiko presidenteak. 2006an Plentziako Araldi emakume elkartearen egoitzan burutu zituzten jardunaldiok. Arrakasta ikusita aipatu udalerrian egingo dute emakumeei zuzendutako tailerra otsailaren 9an, eta gizon-emakumezkoentzako beste bat hurrengo egunean, biak 9:00etatik 14:30era. Barrikako Udalaren laguntzaz, berriz, tailerra otsailaren 17an, igandearekin egingo dute, 9:00tatik 14:30era, udaletxe barrikoztarreko liburutegi zaharrean. Gainera, 15:00etan bazkaria egingo dute Lemoizko El Padrino jatetxean (10 euro) eta 17:30ean Adecabik bere egitasmoen aurkezpena egingo du. Argazkian, Adecabiko hainbat kide.
  Jendartea 2008-01-15 22:01

Aparkatzeko arazoez eta kaleen egoeraz kexu dira Erandioko PP eta PSE-EE

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hainbat kale oinezkoentzat jartzeko Erandioko Udalak abiatutako egitasmoak, batik bat, Astrabudua eta Altzagan areagotu ditu aparkatzeko arazoak Javier Ruiz PPren bozeramaileak adierazitakoaren arabera. Bere hitzetan, dagoeneko "oinazealdia" suertatzen da autoa non utzi aurkitzea; baina dohainiko hainbat parking kentzeko erabakiak "egoera larriagotu baino ez" du egingo, zinegotzi popularraren ustez. "Beharrezkoak badira aipatu lanak, udalerria hobetzen laguntzen dutelako. Kontua da gobernu taldeak ez dituela aparkalekuak kentzeak ekarri dituen kalteak neurtu; ezta horiei irtenbidea emateko modurik aurreikusi ere", dio Ruizek. Gauzak horrela, "ahalik eta lasterrek neurriak hartu eta aparkatzeko arazoari irtenbidea emango dion politika diseinatzea" eskatu dio udal erakundeari PPk. Bestalde, Astrabuduako lagunek Avanzadako errepideko Eroski merkataritza-gunera joateko erabiltzen duten bidea eta Leioarekin bat egiten duen Txakurzuloko aldapa "berehala" konpontzea eskatu dio Mikel Arieta-Araunabeña alkateari Erandioko PSE-EEk. Argazkian, auzotarren erabakiz oinezkoentzat jarriko duten Astrabuduako Juanene plaza.
  Jendartea 2008-01-15 20:40

Gizon bat atxilotu dute Leioan denda lapurtu duelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lapurreta egin eta berehala denda batetik irteten ari zela atxilotu du, gaur goizaldean, 31 urteko gizonezkoa Leioako Udaltzaingoak, tokiko iturriek jakinarazitakoaren arabera. Bertsio horren arabera, palankatxoa eta eskularruak zeramatzak ustezko lapurrak. Bigarren gizon batek ihes egin omen du poliziak ikusterakoan. Denda barruan sartzeko, pertsiana zati bat moztu eta, ondoren, sarrera atea palankaz zabaldu dute. Gertaera Leioako erdigunean jazo da. Udal agintarien arabera, indarrez egindako lapurreta ugari izan da inguru horretako saltokietan, azkenaldian, goizeko ordu txikietan. "Behin zaintza lanak areagotu ondoren, fruituak eman ditu gaur polizia operatiboak", adierazi dutenez. Atxilotutako gizona epailearen aurrera eraman dute jada.
  Jendartea 2008-01-15 19:05

Jonan Fernandezek itxiko ditu etzi bake kulturaren inguruko hitzaldiak Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 11an Algortan abian jarri ziren bakearen aldeko eta herritar partaidetzari buruzko topaketen barruan, "Bake kultura eta gatazken ebazpena herri mailan" izenburuko hitzaldia emango du ostegun honetan, urtarrilak 17, Jonan Fernandez (argazkian) Baketik zentroko zuzendariak. Hain zuzen ere, jardunaldien azken solasaldia izango da etzikoa. Horrenbestez, Villamonteko kultur aretoan izango da, 19:00etatik aurrera. Ekimena Bitartekotza Komunitarioaren eta Bake-Kulturaren Promozio Planaren barrukoa da. 2005ean, EHUko Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate-Zentroak (GEUZ) lagunduta, martxan jarri zen udal egitasmo horren helburua "gure udalerria bakearen aldeko bidean aurrera joatea da, pertsona, familia, herritar eta politika mailan".
  Jendartea 2008-01-15 18:45

"Ingurumenaren biografiak" erakusketa zabalduko dute bihar Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteazken honetan, urtarrilak 16, "Ingurumenaren biografiak" izenburuko erakusketa (argazkian, kartela) inauguratuko dute Leioa eta Erandioko campusean. EHUko Unesco Katedrak koordinatuta, Asiako hainbat herrialdeetako pertsonek bere hurbileko ingurumenean bizi izan dituzten aldaketei buruzko lekukotasunak jasotzen ditu, unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. "Ingurumenaren biografiak" irabazi asmorik gabeko proiektuaren egileak Andrew Rickard australiarra eta Eider Huertas donostiarra dira eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkada sustatzeko programan kokatzen da. Biharko ekitaldia 12:00etan izango da, Liburutegi Nagusian. Erakusketa, berriz, otsailaren 1era arte egongo da ikusgai areto berean, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 15:00etara.
  Jendartea 2008-01-15 18:13

Udal Arautegia berritu ezean epaitegira eramango dute alkatea Getxoko PPk eta PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko PPk eta PSE-EEk idatzia aurkeztu dute gaur goizean, udal erregistroan, tokiko erakundeari 2007ko azaroaren 8ko osoko bilkuran hartu zen erabakia bete dezala eskatuz. Udal batzar horretan, 1983tik indarrean dagoen Udal Arautegi Organikoa aldatzea onartu zen popularren eta sozialisten botoekin. Alabaina, udal idazkariaren txostenean oinarrituta, Imanol Landa alkateak behin baino gehiagotan adierazi du erabaki hori "gauzaezina" dela, "besteak beste, Espainiako Legedia urratzen dutelako" PPk eta PSE-EEk onetsitako idatziaren hainbat artikuluk. Marisa Arrue eta Luis Almansa oposizioko alderdietako bozeramaileen ustez, ordea, "hori egia bada, bi hilabeteko epea, hau da, urtarrilaren 8ra arte eduki du (Landak) administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko; eta ez du egin". Ondorioz, azaroko udal batzarrean hartutako erabakia "balioztatu" duelakoan daude biak. Udal Arautegi Organikoa berritu ezean epaitegira eramango dute alkatea Getxoko PPk eta PSE-EEk. Argazkian, Arrue popularra eta Almansa sozialista aurreko prentsaurreko batean.
  Jendartea 2008-01-15 11:34

Bi errotonda berri jarriko dituzte Erandio Landan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Erandioko Udalak hasiera eman dio Erandio Landako Andra Mari elizaren inguruan (argazkian) bide-sarea antolatzeko prozedurari. Herrigune horretako sarrera-irteerak arautzeko bi biribilgune egitea izango da arlo horretan egingo den jarduerarik garrantzitsuena. Errotondak eraikitzeko hautua egin du tokiko erakundeak "oinezkoen eta ibilgailuen komunikazio sarearen arazoei irtenbidea emateko". Elizaren inguruari hiri-bilbe itxura handiagoa emateko irizpidea izan da nagusi ekimen hau bideratzeko orduan, ibilgailuen nagusitasunari barik irisgarritasunari eta oinezkoen joan-etorriei lehentasuna eman nahian. Egitasmoa bideratzeko bidezko diren izapideak egiteko argi berdea eman du Erandioko Udalbatzak, besteak beste, lurzoruen jabeekin hitzarmenak egin eta beharrezko den lurra eskuratzeko, udal iturriek jakinazi dutenez. Bost hilabete iraungo dute egitasmo honetako obrek, lizitazio prozedura eta lehiaketa publikoa egin ondoren. Guztira milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo dute.
  Jendartea 2008-01-15 11:23

Hizkuntza ez-sexista erabiltzeko gida atera du Metro Bilbaok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Metro Bilbaok liburuxka bat atera du garraio enpresan hizkuntza ez-sexista erabiltzea sustatzeko. "Metro Bilbaon hizkuntza berdintasunez erabiltzeko gida" egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusiaren kabineteko Genero-Politiketarako Sailaren laguntza teknikoa eduki dute, eta Metro Bilbaok "emakumeen eta gizonen berdintasun-programak abiarazteko hartu dituen konpromisoen esparruan" sartuko litzateke egitasmoa. Gida egiteko ideia 2004an sortu zen, langile gehienei (sailetako buru, agintedun, arduradun tekniko, bezeroen arretako langile, geltokietako langile eta sindikatuetako ordezkariak) komunikazioari eta generoari buruz emandako ikastaroen harira. Argitalpena barrurako zein kanporako informazio oharrak idazten dituen jendearentzako tresna eraginkorra izan dadin pentsatuta dago, berdintasuna errespetatzen duen hizkuntza zelan erabiltzen den erakusteko, alegia. Argazkian, metroko langile bat beharrean, bezeroak trenera sartzen diren bitartean, artxibo irudi batean.
  Jendartea 2008-01-14 22:05

Haize bolada indartsuak iragarri dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohartarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait tokitan hego-mendebaldeko haizeak 120 kilometro orduko abiadura har dezakeela bihar. Litekeena da bihar 3,5 metroko olatuak izatea, eta iluntzean bost metrokoak ere izan litezke. Hori dela eta, hainbat larrialdi zerbitzu jakinaren gainean jarri dituzte, beharrezko neurriak har ditzaten. Haize bolada indartsuak izango direla eta, Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak gomendio batzuk helarazi nahi dizkie herritarrei. Horrela, pertsianak, leihoak eta leiho-ateak ixteko esan du; baita loreontziak, eskegitako gaiak, oholak eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak kentzeko ere. Ibilgailuak kontu handiz erabiltzeko eta kostaldeko bideak, zubiak eta haizeguneak saihesteko gomendatu du. Halaber, ontzirik ez erabiltzeko eta amarrak zaintzeko eskatu du. Ildo horretan, ur kirolik inolaz ere ez egiteko nabarmendu du. Azkenik, zuhaitzen, eraikitze lanetan dauden eraikinen edo kostaldeko pasealekuen ingurutik ez ibiltzeko, eta agintarien aholku eta aginduak betetzeko gomendatu du. Istripurik izatekotan, 112 SOS Deiak-era deitu behar da. Argazkian, olatu bat Algortako Portu Zaharreko murruaren kontra apurtzen.
  Jendartea 2008-01-14 20:02

Algortako istiluengatik auziperatutako gazteak metroa garbitzen zigortzea "gutxi" iruditzen zaie segurtasun zaindariei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Duela bi urteko San Inazio jaietan, Algortako metro geltokian izandako istiluetan parte hartu zutelakoan, bi asteburutan garbiketa eta bezeroenganako arreta lanak egitera zigortu dituzte bost adingabeko. Espainiako Segurtasun Zaindarien Elkarteak (AEVS), ordea, ez du begi onez ikusi aipatu neurria, Sare Antifaxistak zabaldu duenez. Zaindarien iritziz, "instalazio publiko bat txikitzea merke ateratzen dela argi uzten du zigor horrek". Horri erantzunez, "2006 eta 2007an 'inseguritate pribatuko' hainbat kide ultrek burututako ehun eraso baino gehiagoren aurrean isilik" egotea leporatu die talde antifaxistak. Gainera, metro geltokian izandako "kalteetatik askok" Ertzaintzari egotzi dizkiote. "Ehunaka lagun izan ziren horren lekuko", Sare Antifaxistaren hitzetan. Bitartean, oraindik ez diete zigorra betetzeko datarik jarri gazteei. Hala ere, baliteke hilabete honetan, larunbat eta igandetan, 6:00etatik 12:00etara izatea, hainbat iturrien arabera. Bestalde, kalteak diruz ere ordaindu beharko dituzte mutilen gurasoek. Hala ere, oraindik, ez dakite zenbat izango den, oraindik epaiketarako egunik ez baitute jarri. Guztira, Uribe Kostako 23 lagun daude auziperatuta. Argazkian, zaindaria txakurrarekin metro geltoki batean / Sare Antifaxista.
  Jendartea 2008-01-14 18:55

Basordas senaiaren etorkizunaz arituko dira hurrengo bi larunbatetan Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Talaia herri plataformak antolatuta, Lemoizko zentral nuklearra zeneko (argazkian) Basordas senaia eta inguruaren etorkizuna izango dute hizpide, urtarrilaren 19an eta 26an, 11:00etatik aurrera, Armintzako kultur etxean. Iberdrolak aspaldi iragarri zuen gune horretarako daukan asmoa, ziklo konbinatuko zentrala jartzea alegia. Egun, ordea, "Eusko Jaurlaritzaren mende dago Lemoizko orubeen etorkizuna", Talaiaren iritziz. Horrek "ongi pentsatu beharko luke, inolako erabakirik hartu aurretik. Lemoizko eraikinak herri borondatearen oniritzirik gabe eraiki ziren eta Frankismoak babestutako enpresa baten ezarpen eta larderiarekin. Ahal den neurrian, hasierako itxurara itzuli beharko lituzkete, Basordas senaia zenera, alegia", diote talde ekologistako kideek. Hain zuzen ere, bertan natur parkea egitea eskatzen du Talaiak, "hainbeste min eta hildako eragin zuen inposizio frankista hura gogorarazteko". Horren harira, gaur bete dira 30 urte, David Alvarez Peña ETAko kidea Guardia Zibilarekin izandako tiroketan jasotako zaurien ostean hil zela.
  Jendartea 2008-01-12 20:37

Irudi korporatibo berridun kamisetak jarri dituzte salgai Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorlizko Udalak artikulu berriak atera ditu salgai jartzeko: aterki urdinak udalerriko armarriarekin eta kamiseta berdeak erakundeko irudi korporatibo berriarekin, 12 eta 10 eurotan, hurrenez hurren. Bestalde, etxerik etxe egindako banaketaren ondoren, tokiko erakundeak argitaratutako egutegia eskuratu nahi duten guztiek, udaletxean eta kultur etxean jaso ahal izango dute. Udalbatzak azaroaren 15eko bilkuran onetsi zuen erakunde‑irudi berria, Gorlizko "nortasuna islatu asmoz, gaur egungo ikonografia erakargarria erabiliz". Orduan, Emma Calzada alkateak azaldutakoaren arabera, "Udalak eta bere barruko sailek erabiliko duten marka Gorlizko logotipoa izango da, eta erakunde komunikazioaren euskarrietan aplikatuko da. Horrek ez du esan nahi, hala ere, udal armarria erabiltzeari utziko zaionik, behar den guztietan erabiliko da eta". Argazkian, Gorlizko udaletxearen irudia logotipo berria ezkerrean duela.
  Jendartea 2008-01-12 13:25

Hilaren 21ra arte dute barrikoztarrek haurrentzako masaje ikastaroan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Haurrentzako masaje ikastaroa eskainiko dute Barrikan, otsailean zehar, 2 eta 12 hilabete arteko umetxoak dituzten gurasoei zuzendua. Guztira, bost saio izango dira, seguruenik larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Barrikako udal iturriek jakinarazi dutenez, bi zatitan banatuko da tailerra: batean, masajeei buruzko teoria eta praktika emango dute; eta bestean, hitzaldiak izango dira funtsa, negarra, logalea edota ukipenaren garrantzia aztertuz. Ikastaroaren helburua "gurasoen eskuetan tresna bat jartzea da, seme-alaben beharrei erantzuteko, komunikazioan oinarritutako harremana sortu asmoz", tokiko iturrien arabera. Sei eta hamar haur artean joatea beharrezkoa izango da ikastaroa egin ahal izateko. Interesatuek Barrikako kultur etxean eska dezakete informazioa, 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara, baita 946 775 163 telefono zenbakira deituz edota liburutegia[abildua]barrika.net posta elektronikoan ere. Urtarrilaren 21era arte egongo da zabalik izena emateko epea.
  Jendartea 2008-01-12 13:12

Psikiatren esku utziko dute alaba hil zuen enpresaburu algortarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Londresko auzitegi batek absolbitu egin du Alberto Izaga (argazkian) bi urteko alaba, Janire, kolpeka hil zuen algortar enpresaburua, hainbat hedabidek zabaldu dutenez. Iazko ekainaren 3an jazo zen dena. Neskatoa, baina, handik eta bi egunera hil zen, ospitalean. Adituen ustez, Izagak burua galdu zuen eta horren ondorioz hil zuen alaba. Fiskalak eta defentsak aske uzteko eskatu zuten, beraz. Richard Hone epaileak algortarra psikiatren esku uzteko agindu du. Auzia "apartekoa" izan da bere ustez. Gizonak Swuss Re aseguru-etxe suitzarrean lan egiten zuen, prentsa britainiarrak azaldu duenez, eta gertaeraz geroztik lanik eta soldatarik gabe utzi dute. Izaga baldintzapeko askatasunean izan da orain arte eta atzo bertan epaitu zuten Londresen.