Jendartea 2003-11-19 21:41

Zinegotzi eta herritarren arteko 'linea zuzena' zabalduko dute internet bidez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalerriko alderdi politikoekin harreman zuzena izateko aukera edukiko dute, bihartik aurrera, sopeloztar guztiek. Taldeei ez ezik, zinegotziei ere, galderak egin ahal izango dizkiete herritarrek, Sopelako Udalak daukan web orrialdean zabalduko duten komunikazio 'lerro zuzena'-ren bidez, www.sopelana.net helbidean alegia. Alderdi politikoak, gehien jota, aste baten buruan erantzuteko konpromizua hartu dute. Gainera, interesgarritzat jotzen dituzten galdera-erantzunak webgunean agertuko dira.
  Jendartea 2003-11-19 20:45

Erromoko ikastetxe publikoko jolastokia konpontzeko lanak eman ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udal Gobernu Batzordeak 93.252 eurotan esleitu ditu Erromoko ikastetxe publikoak dituen jolastokiak asfaltatzeko eta estolderia hobetzeko lanak. Iñaki Zarraoa alkateak gaur prentsaurrean jakinarazi duenez, "estolderia eta tuberietan hainbat arazo zituen Erromoko ikastetxe publikoak. Horretaz gain, jolastokiak ez zeuden oso egoera onean". Egin beharreko obrak "oso zailak" ez zirela kontuan hartuta, enkantearen bidez atera dira. Horrela, esleipena jaso duen enpresak bi hilabeteko epean amaitu beharko ditu.
  Jendartea 2003-11-18 21:35

'Quiero ser Beckham' filmea bihar 'Getxotik Mundura' jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 'Getxotik Mundura' jardunaldien barruan, 'Quiero ser Beckham' filmea eskainiko dute, bihar eta etzi, Algortako Getxo Antzokian eta Areetako Gran Cinema-n, hurrenez hurren. Arratsaldeko 20:00ak aldera hasiko dira, bi egunetan, emanaldiak eta 2,60 eurokoa da sarreraren salneurria.

Elkarrizketa, aniztasuna eta trukea sustatzeko asmoz, herritarren partaidetza eta adierazpenerako tresna izan nahi du 'Getxotik Mundura' jardunaldietako seigarren edizioak. Besteak beste, kultura aniztasuna, lankidetza, elkartasuna, garapen bideragarria, eta abar landuko dira, Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) eta Getxoko Udalaren elkarlanari esker.

Horretarako, bederatzi egunetan zehar, erakusketak, azokak, filme emanaldiak eta ikastaroak antolatu dituzte.
  Jendartea 2003-11-18 18:59

Kotxeak sar ez daitezen piboteak jarri dituzte oinezkoentzako guneetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Udalak piboteak jarri ditu udalerriaren erdigunean dauden oinezkoentzako eremuetan, bertan kotxeak sartzea eragozteko. Horretaz gain, zama-lanen ordutegia betearazi nahi dute udal arduradunek. Goizeko 9:00etatik 12:00ra dago ezarrita ordutegia.
  Jendartea 2003-11-18 18:45

Aisialdirako gunea jarriko dute Urko alboan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopeloztar guztiek euren aisialdirako eta gozamenerako erabil dezaten, Urko kirol gunearen alboan dauden lurrak egokituko ditu Sopelako Udalak. Horretaz gain, jai egunetan, barrakak jarri eta kontzertuak edota bestelako ekitaldiak egiteko erabili nahi dute.

Orain arte, baratzak zeuzkaten bertan hainbat lagunek. Udal arduradunek adierazi dutenez, "garai hauetan baratz horiek ez dira emankorrak. Horretaz baliatu eta lursaiolak eskuratu nahi ditugu". Izan ere, 2004 urtearen lehenengo hilabetetan eman nahi diete hasiera egokitzapen lanei.
  Jendartea 2003-11-17 23:07

'Osasunaren aldeko Hezkuntza' programako ekitaldiak esleitu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtez urte, Drogomenpekotasunaren Prebentziorako eta Osasunaren aldeko Hezkuntzarako Programaren barruan aurrera eramaten diren ekitaldien artean, bi esleitu ditu Getxoko Udal Gobernuak.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 'Irudi Biziak' egitasmoan parte hartu ahal izango dute, berriro, nahi duten institutoek. 4.033 euro jarri dituzte horretarako. 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta, drogomenpekotasunaren gaia lantzeko, Getxo Antzokian hainbat pelikula proiektatuko dira.

Era berean, Lehen Hezkuntzako 8 urteko ikasleei 'Baratzean nire lagunekin' lana eskainiko die Bihar antzerki taldeak. Ekimen honen bidez, osasunari lotutako gaiak landuko dira.
  Jendartea 2003-11-17 22:15

Urte betez luzatu dute txakur-zerbitxuaren iharduera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak beste urte betez luzatuko du udal txakur-zerbitzuaren iharduera, horretarako 73.964 euro jarriz. Zerbitzua 2000 urtean sartu zen indarrean, ordura arte udalerrian zeuden txakurtegiak desagertaraziz eta, aldi berean, txakur guztiek identifikazio-txipa eramatea bultzatuz. Kalean utzitako txakurrak eta beste animali batzuk ere jasotzeaz gain, aterpea daukate Sopelan.
  Jendartea 2003-11-14 21:08

Arrakalak direla eta, Santa Eugeniako kultur aretoa itxi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Santa Eugeniako eskola zaharraren eraikinean Getxoko Kultur Etxeak dituen aretoak eta bertan dagoen Hiritarrei Arreta egiteko Bulegoa (HAB) itxi egin dituzte aldi batez, alboan lurpeko aparkalekua egiteko lanen eraginez arrakalak agertu direlako. Azterketa egin ostean, eraikinaren egiturak ez duela arriskurik aipatu dute udal teknikariek. "Arrakalak txikiak dira, milimetroko bateko zabalera baino ez dute. Gainera, zimenduek ez dute kalterik izan", azaldu dute. Hala ere, bertan eskaintzen ziren zerbitzuak behar bezala emateko "ez dira egokiak" eta beste leku baten bila hasi dira. Datozen egunetan emango dute horren berri.
  Jendartea 2003-11-14 20:14

Lexarreta zubia egokitzeko lanak egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gobela Ibaia bideratzeko eta zabalago egiteko ekimenaren barruan, Lexarreta zubia egokitzeko proiektua onartu du gaur Getxoko Udalak. Makaletako etorbidea eta Larrañazubi kalearen artean dago aipatutako bidea eta, gaur egun, estua izateaz gain, oso egoera txarrean dago. Egitasmoa egiteko 476.295 euro inbertituko dituzte. Baina, aurrekontu berrietan horretarako diru kopurua noiz jasotzen den itxaron beharko da egitasmoa aurrera eramateko.
  Jendartea 2003-11-14 18:20

Gizon bat atxilotu zuten asteartean Areetan, ustez, droga saltzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, R.H.H. 42 urteko gizona atxilotu zuen joan den asteartean Udaltzaingoak, ustez, Areetako taberna batean bezero bati droga saltzen ari zitzaiola. Atxiloketa unean, kokaina 25 dosi atzeman zizkioten eta, ondoren, bere etxean egindako miaketan, beste kokaina 40 dosi eta hatxisa aurkitu zituzten. Baita osagai hauek pisatzeko balantza eta dirua ere. Jadanik epailearen aurrera eraman dute gizona.
  Jendartea 2003-11-13 21:04

Hirugarren Munduaren garapenerako 313 mila euro baino gehiago emango ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Elkartasun esparru ezberdinetan lanean diharduten 21 gobernuz kanpoko erakunderi 313.413 euro ematea erabaki du Getxoko Udalak, euren egitasmoak garatu ahal izateko. Horrela, Hirugarren Munduaren garapenari lagundu nahi dio udal gobernuak. Imanol Landa Presidentzia arloko ardura daukan zinegotziak adierazi duenez, proiektuen jarraikortasuna eta getxotarrek horietan zein neurritaraino parte hartzen duten izan dira, egitasmo bat edo besteari dirulaguntza emateko irizpideak. Izan ere, 51 eskaera aurkeztu dira, guztira, aurten. Iaz baino 12 gehiago.
  Jendartea 2003-11-12 22:10

Erromon bide-sarearen berrantolaketa egingo du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Udalerriko Irisgarritasun Planaren barruan, Erromoko hiru bidegurutzetan bide-sarearen berrantolaketa egitea aurrikusi du Getxoko Udalak. Guztira, 301.000 euro inbertituko ditu lan horretan. Besteak beste, Gorbea eta Kresaltxu kaleen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako hiru bide jarriko dituzte eta kotxeentzako zein oinezkoentzako galtzada ere bai. Horretaz gain, espaloiak handiagoak egingo dituzte.

Gorbea, Serantes eta Zubieta kaleen arteko bidegurutzean, berriz, kotxeentzako espazioa txikiagotuko dute, eta espaloiak beherago jarriko dituzte. Azkenik, Serantes eta Errekagane artean, oinezkoentzako bideak jarri eta espaloiak handiago egingo dituzte.
  Jendartea 2003-11-12 21:02

Barrikako ur-zikinak hartzeko saneamendu sarea egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak lehiaketa deitu du Barrikako oinarrizko saneamendu-sareko lanak emateko. Guztira, 2.330.387,83 euroko aurrekontua dauka egitasmo honek, eta urte baten buruan amaituta egon beharko da. Horrela, aurrerantzean ez dira itsasora joango Barrikako ur zikinak.
  Jendartea 2003-11-12 20:07

Dirulaguntzak jasoko dituzte Getxoko hainbat ikastetxek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udalak 13.821 euro banatuko ditu udalerriko hainbat ikastetxeren artean, eskolaz kanpoko ekintzetarako, liburutegiak egokitzeko, eskulanetarako eta kirol materiala erosteko. Besteak beste, Geroa eta Gobela ikastolak; San Inazio, Romo, Zubilleta, Larrañazubi, Andra Mari ikastetxeak, eta Helduen Hekuntza Iraurkorrerako Zentroa dira dirulaguntzak jasoko dituztenak.
  Jendartea 2003-11-11 18:23

Azaroaren 15 eta 23a bitartean ospatuko dira 'Getxotik Mundura' jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Azaroaren 15etik 23a arte udalerrian egingo den Getxotik Mundura ekimena aurkeztu zuten atzo Iñaki Zarraoa alkateak eta Imanol Landa Udal Presidentzia Arloko arduradunak. Besteak beste, Getxoko Udalak, Mugarik Gabek eta BBK-k antolatutako topaguneen seigarren edizio honetan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GGKE) eta herritarren arteko hartu emanak bultzatu nahi dituzte.

Partaidetza, elkarrizketa, aniztasuna eta trukea sustatzea helburua izanik, "herritarron sentsibilizatze maila areagotzea lortu nahi da", Imanol Landak ekimena aurkezterakoan adierazi zuenez.

Bederatzi egunetan zehar, erakusketak, azokak, pelikulak eta ikastaroak elkartasunarekin lotutako kontzientzia eta sentsibilitatea sustatzeko bitartekoa izango dira.