Kirolak 2010-10-29 21:07

Herri kirol ikuskizuna izango da bihar Algortako batzokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, larunbata, Herri Kirolen Eguna egingo dute Algortako batzokiko jolasgunean. Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak antolatu du ekimena, Itxartu Taldearen laguntzarekin. Hitzordua eguerdiko 12etan jarri dute eta, egun osoan zehar, lurralde mailako hiru lehiaketa jokatuko dituzte bertan, hirurak bikoteka: gizonezkoen aizkolari txapelketa eta trontzalarien lehia, emakumezko zein gizonezkoen artean, hurrenez hurren. Horiekin batera, beste hainbat ikuskizun ere izango dira: Mallabiko Herri Kirol Eskolaren ekitaldia, Asturiaseko “Los 6 Conseyos” herri kirolarien erakustaldia eta, azkenik, Otxandioko 13 urteko Urdax 145 kiloko harri laukizuzena altxatzen saiatuko da. Argazkian, trontzalari bat.
  Kirolak 2010-10-18 22:32

Multikirolak egitasmoaren denboraldi berriari hasiera eman diote Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lehen Hezkuntzako 80 ikasle inguruk parte hartu zuten pasa den larunbatean, hilaren 16an, Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian Artaromo klubak antolatutako areto-futbol topaketan. Ekimen horrekin, Multikirolak egitasmoaren 2010-2011 denboraldiari hasiera eman zioten. Getxo Kirolak erakundeak sustatutako Multikirolak ekimenaren helburua eskola-komunitatea osatzen dutenen artean kirola eta aisialdiko aukera osasungarriak bultzatzea da, tokiko arduradunek adierazi dutenez. Eskola-kirol programa horren laugarren edizioa da aurtengoa eta udalerriko ikastetxe (13 zentro) eta kirol elkarteei (20tik gora) zuzenduta dago. Aurten, berritasun bezala, areto-futbola egongo da aukeran, beisbola, arku-tiroa eta dantza modernoarekin batera. Argazkian, larunbatean egindako areto-futbol topaketa / © Getxo.net.
  Kirolak 2010-10-18 19:14

Etxean da jada Pakea Bizkaia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bi hilabeteko bidaiaren ostean, Bizkaiko Zubira heldu zen atzo, igandea, eguerdiko 12ak aldera, Unai Basurko marinel portugaletetarrak gidatzen duen Pakea Bizkaia itsasontzia. Irlanda eta Eskoziako mendebaldeko kostaldean hainbat portu bisitatu ditu, Laponiako Ipar lurmuturrerainoko bidean. Areeta eta Portugaleten bildutako herritarrak agurtu ostean, Algortako Kirol Portura abiatu ziren marinelak. Bertan zain zituzten ehun bat senide, lagun, babeste, hedabide eta zale. 12:20ean porturatu zen Pakea Bizkaia. Zortzi nabigatzaileek moilara salto egin bezain laster, txalo zaparrada beroaz hartu zituzten bildutakoek. Portuko sirena ere piztu zuten ongi etorria emateko. "Hunkigarria izan da", aitortu zutenez. Dagoeneko senide eta lagunekin egoteko gogoa zeukaten marinelek, abuztuaren 7an abiatu zirenetik ez baitzuten elkar ikusten. Horren adibide izan ziren besarkadak eta musuak, abesbatza batek emanaldia eskaintzen zuen bitartean. Ohiko argazkia aterata, brindisa egin zuten tripulazioko kideek, “Gora Pakea Bizkaia, gora Euskadi” oihukatuz, bidaia arrakastatsua izan dela ospatzeko. Argazkian, Pakea Bizkaia atzo Bizkaiko Zubira heltzen / © Pakea Bizkaia.
  Kirolak 2010-10-14 21:33

Laponiatik bueltan Pakea Bizkaia igandean helduko da Getxo udalerrira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Unai Basurko marinel portugaletetarrak gidatzen duen Pakea Bizkaia itsasontzia etzidamu, igandean, helduko da Areetara, bi hilabeteko bidaiaren ostean. Pakea Bizkaiko lehorreko tripulazioak azaldu duenez, igandean eguerdian espero dituzte Basurko eta beste marinel guztiak, Bizkaiko Zubian. Ordu erdi beranduago, harrera egingo diote Algortako Kirol Portuan eta bertaratzeko gonbitea egin diete jarraitzaile guztiei. Espedizioak Irlanda eta Eskoziako mendebaldeko kostaldean hainbat portu bisitatu zituen, Laponiako Ipar lurmuturrerainoko bidean. Ondoren buelta egin zuen Europako kostalde atlantikoko kaietan geldituz. Espedizioaren helburu nagusiak ingurumen-heziketa, elkartasuna eta talde-lana bezalako baloreak sustatzea eta belaren praktika ezagutaraztea izan dira. Argazkian, Pakea Bizkaiko marinelak Ipar lurmuturrari begira / © Pakea Bizkaia.
  Kirolak 2010-10-14 04:50

Ikasturtea bete lan dator Itxas Argia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ikasturtea abiatu berria dugula, dagoeneko makina bat jarduera iragarri du Getxoko Itxas Argia elkarteak. Getxoztarrek jada dantza taldearen entseguak hasi, lehenengo mendi txangoa burutu, Arrangoitzen Mutxiko Eguna ospatu eta webgunea berritu egin dute. Dena den, datozen egun eta asteetarako ere kirol eta kultur eskaintza zabala egin diete auzotarrei. Horrela, bihar, ostirala, datorren hilea eta martxoa bitartean egingo duten mus txapelketarako izen-ematea zabalduko dute, epemuga azaroaren 11 izango dela. Halere, Itxas Argiak ohikoa duen beste kirola, mendi txangoena, igande honetan, hilaren 17an, jarraituko dute. Egun horretan, Kantabriako Porracolina mendira igoko dira. 1.414 metrotako gainera hurbiltzeko Calseca eta Lunada mendietatik igaroko dira. Azkenik, urriaren 23an, larunbatean, bazkaria egingo dute Paelletan lagundu zuten lagunekin. Aurretik, baina, elkartetik pasatu beharko da izena emateko. Argazkian, iazko mus txapelketako irabazleak / © Itxas Argia.
  Kirolak 2010-10-13 18:20

Partaide kopuruari eutsi dio Itxarturen ibilaldi neurtuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehen goiz eta arratsaldean izandako euri jasa gogorrek partaide batzuk atzera bota zituen arren, Algortako 28. ibilaldi neurtuak duela bi urte ezarritako errekorra berdindu zuen atzo, asteartea; 1.120 pertsonek esku hartu baitzuten proban, Itxartu Taldeak adierazi duenez. Bi ibilaldi egin ziren: bata, luzea, (18,2 kilometro) jende nagusientzat; eta bestea, laburragoa (6,4 kilometro), 10 urte bitarteko umeentzat eta horien laguntzaileentzat. Ibilaldi nagusia 268 bikotek bukatu zuten. Irabazleak Imanol Arretxe algortarra eta Lucinio Melgar barakaldarra izan ziren; bigarrenak Algortako Manu Urretxua eta Loreto Perez; eta hirugarrenak Santurtziko Barri eta Patxi. 16 urte baino gutxiagokoen mailan, berriz, Algortako Jokin Ramos eta Borja Uriarte izan ziren garaile; eta bigarrenak Maruri-Jatabeko Peio Bilbao eta Gamiz-Fikako Aritz Agirre. Bestalde, 78 urteko Marcelino Pedrosa balmasedarrak jaso zuen ibilaldia bukatutako gizonezko zaharrenarentzako saria. Emakumeei dagokienez, 70 urte dituen Mari Carmen Arrate Sopelanako Urko mendi taldeko kideak eskuratu zuen hori. Hala ere, partaide guztiek izan zuten opari-oroigarri bana, ibilaldi luzeko lehen 52 postuetan sailkatutako bikoteek jasotako sariez aparte. Ibilaldi laburrean, aldiz, parte hartu duten gaztetxo guztiek eraman zuten bere kopa etxera. Argazkian, Landa alkatea sari banaketan / © Itxartu Taldea.
  Kirolak 2010-10-11 18:06

Ibilaldi neurtuan arituko dira ehunaka lagun bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Itxartu Taldea kultur elkarteak XXVIII. ibilaldi neurtua antolatu du biharko, asteartea, urriak 12. Urtero ibilaldi horretan parte hartzaile kopuru handia biltzen da, Algortan eta inguruko herrietatik 18,2 kilometroko ibilbidea egiteko. Helduak goizeko 8etatik aurrera hasiko dira ibiltzen Algortako batzokitik, Fadura, Iturgitxi estarta eta Sustatxamenditik igaro eta Sustatxa baserritik Muinarrekolandara igoko dira. Ondoren, Urko tontorraren inguruan igaro eta Berango, Kurtzes, Azkorri, Galea, Aixerrota, Arrigunaga, Usategi eta Portu Zaharra zeharkatu ostean, Algortako batzokira bueltatuko dira berriro. Ibilbidea zailtasun gutxikoa da eta gutxi gorabehera hiru ordu eta erdi baino zerbait gehiagotan egin ahal izango da hamaiketakoa hartzeko geldiketa kontatuz. Umeek, ordea, errazago izango dute. Eguraldia lagun izanez gero, duela bi urteko partaidetza marka berdindu dutelakoan daude antolatzaileak. 1.127 lagun batu zituzten 2008an. Ibilaldiaz gain, Pilota Txapelketa ere egingo dute bihar. Argazkian, iazko edizioaren irabazleetako bat.
  Kirolak 2010-10-09 15:52

Mus lehiaketak aste batez atzeratu ditu Brankak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mus arineko lehiaketak gaur hastekoa zen Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkartea. Baina, euskal kirol nazionalaren txapelketetan izena ematea nahi dutenek datorren larunbatera arte itxaron beharko dute. Branka elkarteko kideek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, propaganda zabaltzerakoan izandako arazoek eraman dute enbido eta hordagoen festa atzeratzera, "lehiaketek bere maila manten dezaten". Gauzak horrela, gaur zortzitik aurrera, hilaren 16tik landa, larunbatero izango da karta-tapetearen inguruan biltzeko aukera, auzokideek enbidoa onartuz gero. Horretarako, 16:30etik 16:55era izena emateko aukera izango dute bikoteek, bikotea osatu ez dutenek hori izango dutela bikotekide topatzeko tartea. Talde bakoitzak 12 euro ordainduta, kristoren sariak irabazteko aukera izango dute. Esate baterako, lehenengo bikoteak 4 txuleta, 2 legatz, 2 buia, gazta bat eta 4 kriantza botila eramango ditu etxera. Argazkian, mus zaletasuna handia da Itzubaltzetan, jaietako Pintxo Egunean egindako txapelketa adibide bat baino ez dela.
  Kirolak 2010-10-04 22:12

Herzog eta España nagusitu dira Berangoko Milian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bigarren urtez jarraian, Adrienne Stefanie Herzog herbeheretarrak irabazi zuen larunbatean jokatutako Berangoko Nazioarteko Milia. Gizonezkoei dagokienez, Jesus España espainiarrak eskuratu zuen lehenengo posizioa. Herzogek lehenengo unetik kontrolatu zuen lasterketa, Marta Tigabea etiopiarra eta Herrialde Katalanetako Khadija Rahmouni atzean zituela, gertu. Helmugatik bi bueltara, erasoa bota zuen holandarrak eta katalana atzean utzi zuen. Tigabeari, ordea, esprintean nagusitu zitzaion. Argazkian, Herzog / © Adrienne Stefanie Herzog.
  Kirolak 2010-10-01 16:19

Irteera antolatu du biharko Biker berbalagun taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lehia asmorik gabeko taldea da Biker, euskaraz egiteko, jendea ezagutzeko eta kirol apur bat egiteko Getxo inguruan. Egizu Getxo Euskaldun! elkartearen Berbalagun egitasmoaren talde berria da, euskara praktikatzeko. Eta arrakasta izan du, dagoeneko 36 lagunek osatzen dute taldea, baina badaukate tokia gehiagorentzat ere. Beraz, bizikletan ibiltzea maite dutenek, orain badaukate aukera zaletasuna eta euskara, biak batzeko. Izena emateko 685 732 963 telefono zenbakira dei daiteke, edota egizugetxo[abildua]gmail.com helbidera mezua bidali. Ibilbideak ez dira ez oso luzeak ez oso zailak izango. Hilean behin elkartuko dira eta lehen hitzordua daukate zapatu honetan, urriaren 2an, "UK" aldizkariak Uk Agenda buletin digitalaren bitarteaz jakinarazi duenez. Algortako Telletxe kaleko aparkalekuan lotu dira, 9:00etan. Kaskoa buruan bertan lotu dira. Argazkian, bizikleta asteburua Plazaolan / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!
  Kirolak 2010-10-01 13:49

Egungo Espainiako txapeldun Mayte Martinezek ezingo du Berangoko Milian parte hartu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, urriak 2, jokatuko da Berangoko Nazioarteko Miliaren 23. edizioa. Lasterketan, Bartzelonako Europako txapelketan egondako iraupen erdiko espezialista bikainak arituko dira. Hala ere, Mayte Martinez 400 metrotan egungo Espainiako txapeldunak ezin izango du proban parte hartu, lesionatu egin delako. Gauzak horrela, puntako korrikalari horren ordezkoen bila dabil Berango Atletismo Taldea. Bi dira buruan dituzte hautagaiak: Nuria Fernandez eta Natalia Rodriguez. Biak ekartzea saila izango dela adierazi dute antolatzaileek. Argazkia: mayte-martinez
© Mayte Martinez.
  Kirolak 2010-09-29 13:39

Eliteko lasterkaririk onenak izango dira larunbateko Berangoko Milian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bartzelonan jokatutako Europako txapelketan egondako iraupen erdiko espezialista bikainak arituko dira larunbat honetan, urriak 2, Berangoko Nazioarteko Miliaren 23. edizioan. Berango Atletismo Taldeak antolatuta, besteak beste, 1.500 metrotan egungo Europako txapeldun Arturo Casado, proba berean brontzezko domina lortu zuen Manolo Olmedo, 5.000 metrotan txapeldunorde Jesus España eta oztopo-lasterketan brontzea eskuratu zuen Jose Luis Blanco izango dira irteera lerroan, 19:25ean; baita 3.000 metrotan Munduko pista estaliko txapeldunorde Sergio Sanchez ere. Emakumezkoak, berriz, 20 minutu lehenago abiatuko dira. Horien artean, Fuentes Pila ahizpak dira zerrendan lehenak; Jacqueline Martin, Isabel Macias eta joan den asteburuko Getxoko Milia irabazitako Jhadija Rhamouni etiopiarrarekin batera. Horretaz gain, Natalia Rodriguezek, Nuria Fernandezek eta Mayte Martinezek ere parte hartzea espero dute. Argazkian, Berangoko Nazioarteko Miliaren aurreko edizio bat / © Berangoko Albisteak.
  Kirolak 2010-09-26 23:52

Yahaira Aguirrek brontzezko domina lortu du Munduko Kopan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Yahaira Agirre kirolariak brontzezko domina lortu du asteburuan Tashkenten (Uzbekistan) izan den Munduko Judo Kopan. Algortarra 63 kiloko mailan lehiatzen da eta txapelketa ona burutu du. Ugiloy Nuralieva uzbekistandarra eta Da-Woon Joung korearra garaitu ondoren galdu egin du Ikumi Tanimotoren aurka. Japoniarra da munduko txapeldun berria. Bigarren aukeran, Yahairak Isabel Puche espainiarra gainditu du eta ondorioz hirugarren postua eskuratu. Argazkian, Yahaira Agirre iaz egindako “Getxo Sasoi-Sasoian” Kirol Sarien Galan / cc-by-sa Palazio.
  Kirolak 2010-09-26 19:29

Zacariae Mazzouzi marokoarrak eta Jhadija Rahmouni etiopiarrak irabazi dute Getxoko Milia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguraldi euritsupean, atzo, larunbata, jokatu zen Algortako Telletxe plaza inguruko zirkuituan Getxoko Miliaren laugarren edizioa, Getxo Atletismo eta Itxartu taldeek antolatuta. Lasterketetan 170 korrikalarik baino gehiagok esku hartu zuten maila guztietan, txikietatik elite mailako helduetara. Hain zuzen, azken proba horretan Zacariae Mazzouzi marokoarra izan zen nagusi, 4 minutu eta 20 segundoko denbora eginez. Atzetik heldu zen Frike Wornueh eritrearrak (4 minutu eta 27 segundo). Hirugarren postua, berriz, Ivan Fernandez gasteiztarrak (4 minutu eta 31 segundo), helmugara iritsitako lehenengo euskaldunak, erdietsi zuen. Emakumezkoen artean, bi korrikalari etiopiarrek heldu ziren lehenengo eta bigarren: Jhadija Rahmouni (5 minutu eta 18 segundo) eta Marta Tegabea (5 minutu eta 20 segundo), hurrenez hurren. Santanderko (Espainia) Pilar Alonsok lortu zuen hirugarren postua, 5 minutu eta 22 segundoko denbora eginez. Argazkian, Getxoko IV. Miliaren aurkezpena irailaren 20an / © Getxoko Udala.
  Kirolak 2010-09-25 01:19

Olatu berean surflari gehien batzearen Guinness marka apurtzen saiatuko dira bihar Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Plentziako Cabo Billano surf dendak antolatuta, Surf Eguna egingo dute bihar, larunbatarekin, ehunaka surflarik eta zaleek hiribilduko hondartzan. Gainera, erronka berezia jarri diote egunari, olatu berean surflari gehien batzearen Guinness marka gainditzea, alegia. Egun, Hegoafrikako surflariek daukate aipatu errekorra, 103 surflariekin. Izan ere, 2009ko urriaren 3an kendu zioten marka Brasili. Horretarako, 400 surflari baino gehiagoren parte hartzeak behar izan zuten, bost segundoz 100 pertsonek baino gehiagok olatu bera zamalkatzea helburu. Baina, Plentzian 104 edo gehiago batuz gero, ez da segurua marka apurtzea, bihar bertan ere Hegoafrikan berriro saiatuko batira. Dena den, Aketza Sanchez koordinatzaileak aitortu duenez, "lortu ezean barre batzuk" egingo dituzte, gutxienez. Surf Eguna goizeko 9etan hasiko da eta Guinness errekorra bi ordu beranduago apurtzen saiatuko dira. Igandean ere ekimen batzuk izango dira. Argazkian, surflari pare bat uretara sartzeko prestatzen.