Kirolak 2009-11-03 20:12

Mendi bizikleta lasterketa gogorrenetako batean parte hartuko dute hiru getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mundu mailan, etapaz etapa egiten den mendi bizikleta lasterketa gogorrenetako batean parte hartuko dute hiru beterano getxoztarrek; Konkistatzaileen Ibilbidea delakoan, alegia. Juantxo Abasolok, Luis Uribeetxebarriak eta Amadeo Depritek, 60, 54 eta 52 urte dauzkate, hurrenez hurren. Laster, Costa Rica aldera joko dute azaroaren 11tik 14ra bitartean aurten 17. ekitaldia izango duen proba jokatzeko. Lasterketan, beste 450 bat txirrindularirekin batera lehiatuko dira getxoztarrak, Roberto Heras ziklista espainiar ospetsua eta Tinker Juarez mexikarra, mendiko bizikletako mito bizia, bertan direla. Getxoko Udalak ekimenari babesa eman nahi izan dio eta, hartara, 2.000 euroko diru-laguntza eman die hiruei, bidaiaren gastuei aurre egin ahal izateko. Abasolo, Uribeetxebarria eta Deprit aste honetan bertan abiatuko dira Costa Ricara, lasterketa hasi aurretik egun batzuetan bertako girora moldatu ahal izateko. Argazkian, hiru txirrindulariak Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziarekin, gaur goizean emandako prentsaurrekoan.
  Kirolak 2009-10-28 17:16

Proba baten faltan, bodyboard zirkuitu mundialean bigarrena da Eunate Agirre

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den asteburuan jokatu zen Margarita Irlako uretan, Venezuelan, Bodyboard Pro Festival txapelketa; Ibatour 2009 Bodyboard Munduko Zirkuituko azkenaurreko proba, alegia. Horretan, bosgarren postua eskuratu zuen Eunate Agirre sopeloztarrak, final laurdenetaraino iritsi zelarik. Jessica Becker brasildarra izan zen irabazlea, finalean Maylla Venturin gaindituz. Finaleko bi protagonistak brasildarrak dira, baita finalerdietara iritsi ziren beste biak ere. Txapelketa horren ostean, Eunate Agirre bigarrena da sailkapenean, bere lagun Neymara Carvalhotik 15 puntutara. Egungo txapelduna da brasildarra. Proba bakarra falta da munduko zirkuitua amaitzeko, Gran Canarian, El Confital olatuan egingo dena, abenduaren 1etik 6ra. Maila goreneko txapelketa da, "grand-slam" delakoa. Bertan erabakiko da munduko txapelduna nor den. Argazkian, Eunate Agirre sopeloztarra Neymara Carvalho brasildarrarekin Ibatour 2009 bodyboard mundialerako prestatzen.
  Kirolak 2009-10-23 20:11

Getxon hainbat kale moztuko dituzte bihar gauean Bilboko lasterketarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, urriak 24, Erandio, Leioa eta Getxo udalerrietatik ere igaroko da, gauean, Bilborun Atletismo Klubak antolatutako Bilbao Bizkaia Night Marathon lasterketaren lehenengo edizioa. Gauzak horrela, hainbat kale eta errepide zirkulaziorako itxi egingo dituzte, udal getxoztarreko arduradunek jakinarazi dutenez. Lasterketa 20:15ean irtengo da Bilboko Guggenheim museotik. Areeta ingurura 21:13ak aldera helduko omen da korrikalaririk azkarrena. Lamiakoko Vicrila enpresatik hurbil dagoen biribilgunetik eta Santa Ana etorbidetik sartuko da, ondoren Erribitarte, Eduardo Coste, Areetako Etorbidea, Zugatzarte, Cervantes zeharkatu, eta Asuatik Avantzadara doan errepidetik joateko. Bilborako buelta Zugatzarte, Areetako Etorbide eta Eduardo Coste kaleak igarota egingo dute, gauerdia baino lehen. Itsasadarreko errepidea Bilbotik egongo da itxita zirkulaziorako. Getxoko Udaltzaingoak beste bide batzuk erabiltzeko aukera emango du. Izan ere, Eduardo Coste, Areetako Etorbidea eta Zugatzarte ez erabiltzea gomendatzen dute. Udaltzain talde batzuk toki desberdinetan egongo dira zirkulazioaren arintasuna errazteko. Argazkian, Espainia aldean ere gauez egiten dute San Silvestre lasterketa Gabon Zaharrean, Madrilgo Vallecas auzoan / cc-by Almorca.
  Kirolak 2009-10-22 23:37

Bihar zortzi Baztanen egingo du asteburu pasa Matrako mendi taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joseba Sanchez "Matrako" oroitzen duen mendi taldeko lagunak Baztanera joango dira asteburu pasan bihar zortzi, urriaren 30etik aurrera, hiru egunez. Txangoa ostiralean arratsaldeko 5etan hasteko asmoa daukate. Horretarako, Plentziako metro geltokian jarri dute hitzordua. Ibilaldian parte hartzeko, Goñi Portal kultur etxean izena eman daiteke, tokiak amaitu arte. Ordutegia arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara da, eta telefono zenbakia 946 775 541. Dena den, 667 602 357 eta 629 736 006 telefonoetan ere argibide gehiago eska daiteke. Argazkian, Matrako Mendi Taldeko hainbat lagun Txindokin (Gipuzkoa).
  Kirolak 2009-10-20 20:34

Euskal Bodyboard zirkuituko txapela jantziko du Aritz Larrinagak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri El Diario Vasco Euskal Bodyboard zirkuituko laugarren eta azken proba jokatzeke dagoela, Aritz Larrinaga sopeloztarrak matematikoki lortu du txapelketa irabaztea. Euskal bodyboard zirkuituak hirugarren hitzordua bizi izan zuen asteburuan zehar Zumaiako Itzurun hondartzan. Maila nagusian, open A, Sopelakoa ere den Antonio Ortiz "Hanton" izan zen irabazlea. Bigarren sailkatu zen Larrinaga. Azken horrek emaitza bikainak lortu ditu jokatu diren hiru probetan: Donostian garaipena eskuratu zuen, eta Sopelan zein Zumaian bigarren sailkatu zen. Ondorioz, azken proba falta dela txapelduna da sopeloztarra. Hori Lemoizko zentral nuklearreko olatuan jokatuko da. Baldintza bereziak behar dituenez, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) hilabeteko itxarote epea jarri du, abenduan zehar egingo delarik lehiaketa ikusgarri hau. Bestalde, Barinatxe (Salvaje) hondartza getxoztar-sopeloztarrean egingo dute larunbat honetan, urriak 24, Getxoko Surf Txapelketa. Osteguna izango da izena emateko azken eguna, Getxo Surf Taldeak (espainolez) zehaztu duenez. Argazkian, Donostiako proban garaipena eskuratu zuen Aritz Larrinagak / © EHSF
  Kirolak 2009-10-19 20:32

Espainiako txapeldunordea da Sopelako San Inazio-Ander Deuna sofbol taldea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako San Inazio-Ander Deuna taldeko neska-mutilak txapeldunorde suertatu ziren pilotak jaurtitzeko makinarekin jokatutako haurren Espainiako sofbol txapelketan, joan den irailaren 27an, Rivas (Madril, Espainia) herrian. Bi multzotan banatuta, San Inazioko bederatzikoa haur mailako azken urteko umeez osatuta zegoen. Ander Deuna, berriz, 11 urteko neskez. San Inaziok Valentziako Antorcharen aurka jokatu zuen nagusien mailako finala, finalerdietan Bartzelonako Gava klubeko bederatzikoa kanporatu ostean. Sopelako taldeak 18-6 galdu zuen finalean. Bere aldetik, Ander Deunak ezin izan zuen garaipenik eskuratu. Halere, esperientzia aberasgarria izan zen bere jokalarientzat, tokiko iturrien arabera. Argazkian, Ander Deunako jokalariak / © San Inazio Beisbol-Sofbol.
  Kirolak 2009-10-15 16:20

Lehoi Bihotz saria jaso du Armando Ribeirok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larrabasterrako auzokidea den Armando Ribeiro Athleticeko atezainak Lehoi Bihotz saria jaso zuen atzo arratsaldean Zallan, Fernando Llorenterekin batera. Saria bertako Peña Zallak ematen du, Athleticeko baloreak hoberen ordezkatzen dituzten lehen taldeko jokalariak nabarmentzeko asmoz. Aurtengoa sariaren seigarren edizioa izan da. Ez da ohikoa saria bi jokalariri aldi berean ematea, baina Zallako jarraitzaileek saria emateko urtero egiten duten bozketan, Llorente eta Ribeiro berdinduta irten ziren eta hori dela eta biei Lehoi Bihotz saria ematea deliberatu zuten. Larrabasterrako atezainak erakutsi duen profesionaltasuna eta zelaian zein zelaitik kanpo, Athleticekin eta jendarte mailan agertu duen konpromisoa baloratu zituzten Zallakoek Armandori saria ematerakoan. Aurreko irabazleak Julen Guerrero, Carlos Gurpegi, Joseba Etxeberria, Ismael Urzaiz eta Fernando Amorebieta izan ziren. Argazkian, Armando Ribeiro partidaren batean / © Athletic Club.
  Kirolak 2009-10-15 00:05

Sopelako uretan irabazi du Billabong Pro Mundaka txapelketa Adriano da Souza brasildarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo jokatu zen Billabong Pro Mundaka txapelketaren hirugarren eta azken jardunaldia. Ezker olatua agertu ez eta, txanda bakarra egin ostean, Larrabasterrako Arrietara hondartzan jarraitu zuen lehiaketak, bukatu arte. Hala ere, Sopelako urek ez zuten aukera handiagorik eman. Metro bateko olatuekin, haize barik eta eguzki goxo baten azpian hasi dira faboritoak kanpoan geratzen. Lehendabizi Bobby Martinez, Mundakan bitan txapeldun izandakoa; bigarren Joel Parkinson "Parko"; eta gero Mick Fanning izan ziren kanporatuak. Finalerdietara helduta, CJ Hobgood iazko irabazlea eta bederatzi aldiz munduko txapeldun izandako Kelly Slater zeuzkaten finalera heltzera aukerarik handienak. Hala ere, guztien harridurarako, otuen artetik atera eta hondartzarako bidea hartu behar izan zuten bi estatubatuarrek. Chris Davidson australiarrak eta Adriano da Souza brasildarrak jokatu zuten txanda erabakigarria. Lehenengo momentutik menperatu zuen Souzak finala eta txapela jantzi zuen. Oraindik ez dago argi nor izango den munduko txapeldun, baina Fanning-ek rankineko lehenengo postura egin du salto. Argazkian, Adriano da Souza garaipena ospatzen / © Association of Surfing Professionals (ASP).
  Kirolak 2009-10-13 21:17

Arabako Arkamu mendilerrora txangoa egingo du Munarrik igandean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Munarrikolanda mendi taldeak irteera antolatu du igande honetarako, urriaren 18an. Oraingoan, Arabako Arkamu mendilerrotik ibilaldia egingo dute. Txangoa, baina, Subilla Morillas herrixkatik hasiko dute, Iruña-Veleiatik gertu. Bertatik Arkamu mendilerroa igo ostean, gain desberdinak bisitatuko ditzute, hala nola, Kruzeta, Repico (1.191 metro), Montemayor (1.172), Peña Colorada (1.131), Peñalta (1.127), eta abar, eskuinean Kuartango harana begi bistara izango dutela. Ibilbidea Santiago Mendian bukatuko da. Bertatik Ibaizabalen jauzi ospetsua ikus daiteke. Halaber, Sopelara bueltatzeko autobusa izango dute zain mendizaleek. Argazkian, Munarrikolandako mendizaleek Autzara (Nafarroa) egindako irteera.
  Kirolak 2009-10-13 20:53

Eguraldi txarrak ez du zapuztu Algortako Ibilaldi Neurtua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurreko egunetan euria egin eta gauean ere atertu gabe aritu zen arren, 935 lagunek parte hartu zuten atzo, urriak 12, Algortako XXVII. Ibilaldi Neurtuan. "Ez da iazko errekorra gainditu", Itxartu Taldeko kideek adierazi zutenez. Hala ere, pozik agertu ziren antolatzaileek, "horrelako eguraldia egon eta asteburu luzea izanik, horrenbeste jende inguratu delako". Lehendabiziko proban 173 umek eta 152 laguntzailek (batez ere umeen gurasoek) parte hartu zuten eta ibilaldi nagusian 610 gizon-emakumek. "Goizean zehar euria izan dugu, batez ere eguerdi partean, baina hala ere jendea oso animoso ibili da norbera bere zereginetan", azaldu zuten Itxartukoek. Ume guztiei garaikurra eman zitzaien, denentzako berdina. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak duten araudiaren arabera, halaxe jokatu behar da. Baina den-denak izan zuten sari banaketan oholtzara igo eta han garaikurra jasotzeko aukera. Nagusien artean, berriz, Gorka eta Gotzon izan ziren irabazleak. Biak Algortan bizi dira eta biak Biotz Alai abesbatzako kideak dira. Bigarren bikotea Iñaki eta Mari Carmenek osatutakoa izan zen, Mungiako Andui Mendi taldeko kideak biak. Eta hirugarrenak, Pedro eta Jose Ramon, Itxartuko kideak. Besteak beste, Imanol Landa Getxoko alkateak, Gotzon Muneta Algortako EAJko presidenteak eta Jose Antonio Romero Itxartu Mendigoizale Taldeko presidenteak banatu zituzten sariak. Argazkian, irabazleetako bat garaikurra altxatzen. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
  Kirolak 2009-10-11 22:48

Algortako ibilaldi neurtua izango da bihar goizean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Algortako Itxartu Taldea kultur elkarteak antolatuta, bihar, astelehena, urriak 12, ibilaldi neurtuaren XXVII. edizioa egingo da Algortan eta inguruko herrietan. Urtero ibilaldi horretan parte hartzaile kopuru handia biltzen da, 17 kilometroko ibilbidea egiteko. Helduak goizeko 8:00etatik aurrera hasiko dira ibiltzen Algortako batzokitik, Sustatxamendi eta Kukullaga-Goikotik igaro eta hamaiketakoa Martiartun hartuko dutelarik. Handik aurrera Karea, Aldaskobaso, Sustatxa, Iturgitxi Estarta eta Faduratik pasatuko dira, eta Algortako batzokira heltzean amaituko dute ibilaldia. Ibilbidea zailtasun gutxikoa da eta gutxi gorabehera hiru ordu eta erdi baino zerbait gehiagotan egin ahal izango da hamaiketakoa hartzeko geldiketa kontatuz. Hamar urte baino gazteagoentzat beste ibilbide bat prestatu dute, 7 kilometrokoa eta errazagoa. 9:30etan irtengo dira Algortako batzokitik, Portu Zaharrera jaitsi eta Ereaga hondartza, Arriluze, Bola hondartza, Avanzada, Bolue eta Fadura zeharkatu ondoren batzokiko helmugara iritsiko dira. Eguraldia lagun izanez gero, bihar 1.000 lagunek parte hartzea espero dute antolatzaileek. Iaz 1.127 partaide izan ziren, inoiz baino gehiago. Argazkian, bizikleta bana irabazi zuten iaz hamarna urteko Josebak eta Alexek, 16 urtetik beherako lehenengoak izateagatik.
  Kirolak 2009-10-08 20:36

Lehenengo partidan emakumeen euskal ligaren lidergoa eskuratu du Getxo Rugbyk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hainbat jokalari beterano eta Nerea Martinez entrenatzailea taldea utzi dutela, zenbait jokalari berriekin hasi du denboraldia Getxo Artea Rugby Taldeak. Baina, egoera "konplexua" izan arren, taldea koordinatu eta Euskal Ligan nagusitu ostean Espainiako Erreginaren Koparen finalera heltzeko anbizioa daukate, Isabel Rodriguez jokalaria eta behin-behineko entrenatzaileak talde aurkezpenean adierazi zuenez. Rodriguezek handicap bezala ikusten zuen orduan Durango, Gaztedirekin batera Euskal Ligan duten ganorazko arerio bakarra, Arrasateko taldearekin batu eta indartu izana. Baina, pasa den igandean, Faduran jokatutako lehenengo partidan 62 eta 5 emaitza sendoak getxoztarrak hasieratik ligako lidergora eraman zituen. Bitartean, Kakarraldo eta Mungiako rugby taldeek osatutako Uribealdeko emakumeek Donostian doi-doi galdu zuten 20 eta 19 Krafft taldearen aurka. Urriaren 18an, Uribe Kostako bi taldeen arteko derbya jokatuko da. Argazkian, Nerea Agirre Moragues, Eva Rincon Ortiz, Mirane Etxebarri eta Silvia Ruiz Getxoko jokalariak Durangoren aurka jokatutako partidan / © Angela Perez Goicoechea.
  Kirolak 2009-10-08 17:24

Asteartean irekiko dute berriro Fadurako kantxa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Fadurako kiroldegiko kantxa datorren asteartean, urriak 13, zabalduko da publikoarentzat, 2008ko ekaineko uholdeek eragindako kalteak izan eta hamabost hilabeteren ondoren. Dena den, Getxoko udal iturriek aipatu dutenez, lanak pasa den irailean abiatu ziren eta denbora horretan bi izan dira egindako lan nagusiak. Alde batetik, urak izorratutako parketa aldatzea eta, beste aldetik, egitura bera zaharberritzea. Lanen kostea 183.000 eurokoa izan da. Pista berriro zabaldu ondoren tokiz aldatu behar izan ziren ikastaroak aipatutako egun horretatik, asteartetik, aurrera bere ohiko tokian eskaini ahal izango dituzte berriro, Getxo Kiroleko iturriek baieztatu dutenez. Argazkian, Algortako Fadura kiroldegia.
  Kirolak 2009-10-05 16:23

Garaipen batez estreinatu da Getxo Rugby Ohorezko B mailan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Artea Rugby taldeko gizonezkoak estreinatu ziren atzo Ohorezko B mailako ligan, iaz kategorian jaitsi ostean. Igoera helburu, atzo lehenengo arri-koxkorra jarri zuten getxoztarrek, Barcelona Universitari Club taldeari 19 eta 18 irabazita. Fadurakoek azaldu dutenez, "garaipen garrantzitsua eta landua" izan zen igandekoa, "partidaren aurretik zeuden urduritasun eta zalantzak alde batera utzi dituelako" eta partida ia amaitu arte irabazlea nor izango ote zen asmatzea zaila egon baitzen. Bi minuturen faltan, Bartzelona aurretik zihoan bi puntu gehiago zituztela. Baina, azken uneetan Gorka Garatek pasatutako zigor-kolpe batek garaipena eman zien Bryce Bevin-en jokalariei. Gainera, hori izan zen partida osoan Getxo aurretik ibili zen une bakarra. izan ere, lehenengo zatian BUC osoago azaldu zen zelaian 8 eta 12ko emaitza eragiten. Bigarren zatian, berriz, getxoztarrek koordinazioa hobetu eta distantzia laburtu zuten azken garaipena eta ligako lehenengo lau puntuak eskuratu arte. Argazkian, pasa den asteazkenean aurkeztu zuten talde berria, Artean / © Getxo Rugby.
  Kirolak 2009-10-02 10:26

Eliteko lasterkaririk onenek jokatuko dute bihar Berangoko Milia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iraupen erdiko espezialista bikainak ariko dira larunbat honetan, urriak 3, Berangoko Nazioarteko Miliaren 22. edizioan. Besteak beste, 1.500 metrotan egungo Espainiako txapeldun Reyes Estevez, txapeldunorde izandako Juan Carlos Higuero, Arturo Casado eta Jose Luis Blanco izango dira Gobelaldeko zirkuituko irteera lerroan, 19:15ean. Horiek guztiak iaz Berangon txapela jantzi zuen Mekonnen Gebremedhin izango dute lagun. Emakumezkoak, berriz, 20 minutu lehenago abiatuko dira. Horien artean, 1.500 metrotan Holandako txapeldun Adrienne Herzo, Eva Arias eta Iris Fuentes-Pila; hiruak Berlingo mundialean parte-hartutakoak. Joan den larunbatean, Getxoko Milian lehenengo eta bigarren izandako Margarita -Berangon irabazi zuen iaz- eta Zulema Fuentes-Pilak ere korrituko dute proba. Bitartean, elite karrereten aurretik etorriko dira eskola eta herri lasterketak, 16:40ean hasita. Hain zuzen ere, gaur izango da horietan inskribatzeko azken eguna, 18:00etatik 20:00etara, Berangoetako kultur etxean. Faxez (946 680 955) edo telefonoz (946 682 143) ere izena eman ahal izango da. Orotara, 300 korrikalarik parte-hartzea espero du Berango Atletismo Taldeak, profesional, herritar eta eskola-umeen artean. Argazkian, Ana Landa alkateak ere parte hartu zuen Berangoko Miliaren aurkezpenean / Berangoko albisteak.