Kirolak 2009-10-01 20:50

Munduko surflaririk onenak izango dira astelehenetik aurrera Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aurten ere nazioarteko 45 surflaririk onenak izango dira Sopelan. Izan ere, Mundakan ez ezik, Larrabasterrako Arrietara hondartzan ere jokatuko dute bigarren urtez jarraian Billabong Pro Mundaka txapelketa, udal iturriek zehaztu dutenez. Besteak beste, ondoko hauek ariko dira olatu artean: Joel Parkinson, Taj Burrow, Tiago Pires, Kelly Slater, Mick Fanning eta abar. Urriaren 5etik 17ra bitartean egingo dute lehiaketa: Arrietarak hartuko du lehen itzulia eta gainerako saioak Mundakan izango dira. Gainera, azken horretan baldintza egokiak ematen ez badira Sopelara joko dute antolatzaileek. Munduko 45 surflari onenekin batera hiru gonbidatu ariko dira: batetik, Hodei Collazo eta Marcos San Segundo zarauztarrak; eta bestetik, Australiako Dean Bowen. ASP Munduko Surf Txapelketako hamar proben artean zortzigarrena da Billabong Pro. Hain zuzen ere, Europan jokatzen diren hiruetako bat da Sopela eta Mundakakoa. Txapelketa zuzenean jarraitu nahi dutenek www.billabongpro.com webgunean edukiko dute horretarako aukera. Hala ere, ez du euskaraz informaziorik ematen. Argazkian, surflari pare bat uretara sartzeko prestatzen.
  Kirolak 2009-09-30 21:23

Itxinatik ibilaldia egingo du urrian Matrako mendi taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joseba Sanchez "Matrako" oroitzen duen mendi taldeko lagunak Gorbeiako natura parkearen barruan dagoen Itxina goi-lautadara, Orozkon, joango dira urriaren 11n, igandearekin. Txangoa goizeko 9etan hasteko asmoa daukate. Horretarako, Plentziako metro geltokian jarri dute hitzordua. Ibilaldian parte hartzeko, Goñi Portal kultur etxean izena eman daiteke, urriaren 9a baino lehen. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara da, eta telefono zenbakia 946 775 541. Salneurriari dagokionez, 5 euro ordaindu beharko dituzte matrakokideek. Argazkian, Matrako Mendi Taldeko hainbat lagun Txindokin (Gipuzkoa).
  Kirolak 2009-09-30 20:54

Field Target txapelketa egingo dute igandean Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, urriak 4, Barrikako Field Target Txapelketaren bigarren edizioa jokatuko dute Zabaletxe zelaian, Meñakoz hondartza ondoan. Hain zuzen, Bizkaiko zein Euskal Herriko lehiaketetarako puntuagarria da proba. Ehizan egongo balira bezala, aire konprimituko karabinekin diana batzuei tiro egitean datza modalitate hori eta, aste bukaerako saioa, Barrikako Udalarekin elkarlanean antolatu du Euskadiko Field Target Elkarteak. Gauzak horrela, goizeko 10etan hasiko dira tiratzaileak armak doitzen eta beroketak egiten. Eta ordu erdi beranduago hasiko da lehiaketa. 30 lagun inguruk parte hartuko dute, udal iturrien arabera. Sari banaketa, berriz, 13:30ean egingo dute. Eta ondoren, tiro erakusketa egingo dute, zeinean nahi duen guztiak parte hartu ahal izango duen. Argazkian, Field Target txapelketa Zumarragan / Otamotz, Urretxu eta Zumarragako Atari Digitala.
  Kirolak 2009-09-28 20:33

Getxoko Milian 170 korrikalarik baino gehiagok parte hartu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguraldi ederra lagun herenegun, larunbatarekin, egin zuten Algorta erdigunean Getxoko Miliaren hirugarren edizioa. Itxartu eta Getxo Atletismo taldeek antolatuta, lasterketetan 170 korrikalarik baino gehiagok parte hartu zuten kategoria ezberdinetako lasterketetan, txikietatik hasi eta elite mailako helduetara arte. Azken lasterketa horietan, hots, eliteko lasterketetan, Manuel Pena lortu zuen garaipena gizonezkoen artean, 353 metroko zirkuituari lau buelta eta erdi emanez, 4 minutu eta 31 segundotan. Francisco España eta Sergio Sanchez segundo bat beranduago heldu ziren helmugara. Emakumezkoen artean, berriz, Margarita Fuentes izan zen lehenengoa, 5 minutu eta 13 segundoko denbora eginez. Aurrekoaren ahizpa Zulema izan zen bigarren, segundo batera; eta Elena Moreno 3 segundotara. Bitartean, Ivan Fernandez (4 min. 39 seg.) izan zen lasterketa amaitu zuen lehenengo euskalduna. Emakumezkoen artean, Leyre Medina (5 min. 21 seg.) egin zuen beste horrenbeste. Sailkapen guztiak Itxartu Taldearen webgunean daude ikusgai. Argazkian, Getxo Atletismorekin batera, herri krosa ere antolatu ohi du Itxartuk. Urriaren 12an, berriz, ibilaldi neurtua egiten dute.
  Kirolak 2009-09-25 20:45

Maila handiko korrikalariak izango dira bihar Getxoko Milian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, irailak 26, Getxoko Miliaren hirugarren edizioa jokatuko da Algortan, 11:45etik aurrera, Itxartu eta Getxo Atletismo taldeek antolatuta. Lasterketa gizonezko zein emakumezkoen maila guztietan korrituko da, umeekin hasi eta junior, senior eta elite kategorietaraino, eta nazioarteko izaera du. Elite kategoriako karreretan iraupen-erdiko euskal korrikalari onenek Espainia zein beste herrialde batzuetako maila handiko kirolariak izango dituzte aurkari. Horiek guztiak gonbidatuta parte hartzen dute. Ildo horretatik, Dimas Ramos Getxo Atletismoko buruak ziurtatutakoaren arabera, besteak beste, Sergio Sanchez, Manuel Penas, Francisco España, Zulema Fuentes, Paula Gonzalez eta Sonia Saizena izango dira biharko proban. Argazkian, iaz Iris Fuentes Pila kanpabriarrak irabazi zuen emakumezkoetan, Frehiwot Gosho (Etiopia) eta Suzanne Elise Hasler (Britainia Handia) lagun izan zituela.
  Kirolak 2009-09-22 21:21

Bizkaia Bilbao Basketen autobusa Leioan eta Erandion izango da bihar eta etzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaia Bilbao Basket taldeak lurralde historikoan abonatuak lortzeko martxan jarri duen autobus ibiltaria Leioara eta Erandiora iritsiko da bihar, asteazkena, eta etzi, hurrenez hurren. Taldeak bere webgune erdaldunean iragarri duenez, "Orain... basket" kanpainaren barneko Leioako hitzordua Sabino Arana etorbideko 77. zenbakian izango da, Sakoneta polikiroldegiko autobus geralekuan. Leioaztarrek 2009-2010 denboraldiko partidentzako bonoa eskuratu ahal izango dute bertan. Horretarako, goizeko 11etatik arratsaldeko 3ak arte eta 5etatik 9etara izango dituzte saskibaloi taldeko kideak haien zain. Erandiotik, berriz, ostegunean igaroko dira, taldeko ibilgailua udaletxearen aurrean paratuko dutela, eguerdiko 1etatik gaueko 9ak arte. Oraindik datarik aurreratu ez badute ere, Getxo eta Sopela udalerrietara zein Leioa eta Erandioko campusera ere autobusa bidaliko dutela aurreratu du klubak. Bonoak 80 eta 504 euro artekoak izan daitezke, EHUko ikasleei edo akziodunei egindako eskaintzak merkeenak direla. Argazkian, Erandioko Bilbao Basketen zaleen elkartea.
  Kirolak 2009-09-22 14:43

Sanchez eta Canales surflariek garaipen bana eskuratu dute Euskal Herriko Surf Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Garazi Sanchez algortarra eta Letizia Canales sopeloztarra asteburu honetan jokatu den Euskal Herriko Euskaltel Surf Txapelketan proba banatan nagusitu ziren. Txapelketaren hemeretzigarren edizioa Donostiako Zurriola hondartzako uretan burutu zen, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko 168 kirolarik parte hartu zutela. Emakumeen atal irekian, 17 urteko Garazi Sanchez Getxo Surf Taldeko kideak garaitu zuen, atzean Letizia Canales Peña Txuri taldeko sopeloztarra sailkatu zela. Aldiz, Peña Txurikoa nagusitu zen bere kategorian, 14 urte azpiko nesken artean, atzean Loiola Canales ahizpa izan zuela. Uribe Kostako surflari gizonezkoei dagokienez, domina txikiagoekin konformatu behar izan ziren. Horrela, Petxa Txuriko Natxo Gonzalezek brontzea lortu zuen 14 urte azpiko mutilen artean, talde bereko Kosme Fernandezek 18 urte azpikoen artean edo Getxoko Borja del Sanzek Senior kategorian bezala. Argazkian, Garazi Sanchez Getxoko Udalak udalerriko kirolaririk onenei 2009ko urtarrilaren 13an emandako sarietan / cc-by-sa Palazio.
  Kirolak 2009-09-20 23:52

Athleticekin lehenengo mailan egin du debuta gaur Aketxe getxoztarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arenas eta Athletic futbol taldeek indarrean daukaten hitzarmenari esker, denboraldi hasieran heldu zen Lezamara Isaac Aketxe Barrutia jokalari getxoztarra, Bilbao Athleticekin Espainiako Futbol Ligaren 2. B mailan jokatzeko. Bada, kategoria horretan bi partida egin ostean, gaur egin du debuta lehenengo mailan Aketxek. Vila-real taldearen aurka San Mamesen jokatutako norgehiagokan, gandor iliakoan kolpea hartu duen Fernando Llorenteren ordez sartu da futbol zelaian 20 urteko jokalaria, 79. minutuan. Minutu gutxi eman badizkiote ere bere joko ona erakutsi du aurrelari getxoztarrak. Esaterako, 90. minutuan Gaizka Toquerori eman dio azken pasea Aketxek, talde osoak harilkatutako jokaldi bati amaiera emateko asmoz. Hala ere, balio Vila-realeko ateko zutoinetik urrun joan da. Luzapenaren hirugarren minutuan, berriz, falta egitez gelditu behar izan du Aketxe Angel Lopezek. Horregatik, txartel horia atera diote atzelari vila-realdarrari. Azkenean, Athleticek 3-2 irabazi dio Vila-reali. Argazkian, Aketxe Lezaman entrenatzen (eskuineko azkena), Bilbao Athleticen aurkezpenean / © Athletic Club
  Kirolak 2009-09-20 20:27

KAE 1 ligan izango da Getxo Arraun Taldea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ametsa egia bihurtu da azkenean: Getxo Arraun Taldea Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailan izango da datorren denboraldian. Gaur jokatu da Portugaleten, itsasadarreko uretan, Traineru Kluben Elkarteko (TKE) ligako play-offen bigarren eta azken estropada. Estutasunak igaroz, azkenean Koxtapek eta Astiilerok lortu dute TKEra igotzea. Atzo lortutako errenta oso garrantzitsu suertatu da pasaitarrentzat. Gaurko estropada Astillerok irabazi du, atzo bigarrena izan zen, 19:23.21 denbora eginez. Bigarrena, Meira izan da. Galiziarrek egundoko estropada egin dute eta Astillerori bi segundoko aldea atera diote. Hirugarrena Koxtape izan da, atzoko garailea, Astillerori 15 segundo eta Meirari 13 segundo ateraz. Bermeon izandako atzoko estropadan, Koxtapek 19 segundotako atera atera zion Meirari. Bi jardunaldiko denborak kontutan hartuta zazpi segundotako tartea izan da azkenean gipuzkoarren alde. Bestalde, Astillerok irabazita, galiziarrek ez daukate inolako aukerarik TKE ligan mantentzeko eta mendebaldeko ligara jaitsi dira. Ondorioz, Getxo Arraun Taldea KAE ligako lehenengo mailan izango da datorren denboraldian, Zierbena, Isuntza, Santurtzi, Busturialdea, Deustu, Arkote, Trintxerpe, Camargo, Hondarribia B, Orio B eta Donostiarra traineruekin batera. Argazkian, "Goizeko Izarra" traineru getxoztarra.
  Kirolak 2009-09-19 21:10

Kanadatik ere etorri dira biluzik lasterka egitera Sopelara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egin diren hamar edizioetatik, nazioarteko kutsurik handiena izan du gaur Barinatxe hondartza sopeloztar-getxoztarrean egin den Patxi Ros Saria izeneko lasterketa nudistak. Helmuga zeharkatu duten 64 lagunen artean, Espainia, Frantzia, Ingalaterra eta Kanadatik etorritakoak ere bazeuden. Hain zuzen ere, azken herrialde horretako Kassie Betts gailendu zaie korrika egin duten beste gainontzeko hiru emakumeei. Idoia Llona bilbotarra eta Marian Arrese donostiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Gizonezkoen artean, egun Valladoliden (Espainia) bizi den Iñigo Gonzalez getxoztarra nagusitu da, lasterketa Fernando Suances bilbotarraren eta Asier Sada donostiarraren aurretik amaituz. Azkenik, Unai Lopez eta Mikel Sada dira helmugara heldu diren haur bakarrak. Argazkian, gaurko lasterketaren hasiera.
  Kirolak 2009-09-18 20:35

Gurean egingo dute bihar Getxo eta Angeluren arteko kirol topaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, irailak 19, 400 lagun inguruk parte hartuko dute aurten gurean egingo den Getxo eta Angeluren (Lapurdi) arteko senidetze jardunaldian. Horietatik 300 kirolariak izango dira, udal iturriek zehatu dutenez. Ekimenak bere laugarren edizioa beteko du (bi egin dira toki bakoitzean) eta 2003an bi udalerriek sinatutako adiskidantza akordioaren testuinguruan kokatzen da. Bereziki, kirolaren bidez sustatu nahi dituzte mugaren alde bateko zein besteko herritarren arteko harremana eta elkar ezagutza; arduradun getxoztarren arabera, "ezaugarrien eta bokazio turistikoaren aldetik oso antzekoak" baitira biak. Gauzak horrela, igeriketa lehiaketa, pilota eta rugby partidak, surf erakustaldia eta estropadak izango dira. Jai egunari amaiera bikaina emateko, berriz, dantza erakustaldia, erromeria eta agur afaria antolatu dituzte. Argazkian, umeen arteko eskupilota partida, orain bi urte.
  Kirolak 2009-09-18 01:28

Laster hasiko dira eskupilota eta pala eskolak Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Denboraldi berria gainean, eskupilota eta pala eskoletan izena emateko epea zabaldu du Gorlizko Portalena Esku Pilota Kirol Elkarteak. Ikasle bakoitzak 20 euroko kuota ordaindu beharko du eta jasotzen den dirua pilotari gazteentzako materiala erosteko izango da, udal gorliztarreko iturriek adierazi dutenez. Horrenbestez, kirol taldeak Gorlizko kultur etxean daukan bulegoan, gpepke[abildua]gmail.com e-posta bidez edo 692 731 963 telefono zenbakira deituz apunta daitezke neska-mutilak. Eskupilota eskolak (benjaminak eta kimuak) astearte eta ostegunetan izango dira, 17:45etik 19:00etara. Palan jokatzen (benjaminak eta kimuak) ere astearte eta ostegunetan ikasi ahal izango da, 19:00etatik 20:15era. Argazkian, bi gazte palan jokatzen.
  Kirolak 2009-09-17 09:32

Artziniega "goitik" ezagutuko dute Matrako mendi taldekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joseba Sanchez "Matrako" oroitzen duen mendi taldeko lagunak Arabako Artziniega herrira joango dira irailaren 27an, igandearekin, inguruko bidexka eta mendiak (pdf) zeharkatzeko asmoz. Txangoa goizeko 9etan hasteko asmoa daukate. Horretarako, Plentziako metro geltokian jarri dute hitzordua. Ibilaldian parte hartzeko, Goñi Portal kultur etxean izena eman daiteke, hilaren 25a baino lehen. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara da, eta telefono zenbakia 946 775 541. Salneurriari dagokionez, 5 euro ordaindu beharko dituzte matrakokideek. Argazkian, Matrako Mendi Taldeko hainbat lagun Txindokin (Gipuzkoa).
  Kirolak 2009-09-15 21:02

Italiatik urrezko eta zilarrezko domina banarekin bueltatu da Javier Otxoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Javier Otxoa txirrindulari berangoztarrak bi domina, urrezko bat eta zilarrezko beste bat, irabazi ditu joan den astean Italiako Bogogno herrian jokatutako errepideko txirrindularitza egokitutako munduko txapelketan. CP3 kategoriako erlojuaren kontrako proban munduko txapeldun bilakatzeaz gain, errepideko proban bigarren heldu zen helmugara Otxoa, igandean egindako lasterketan. Bere aurretik Darren Kenny britainiarra heldu zen, urrezko domina irabaziz. Hain zuzen ere, Pekingo Paralinpiar Jokoetan Kennyri berari irabazi zion erlojupeko proba berangoztarrak. Orduan ere, urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi zituen Otxoak.
  Kirolak 2009-09-12 21:16

Hurrengo larunbatean izango da Sopelako lasterketa nudista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Naturista Elkarteak (ENE) antolatuta, irailaren 19an, larunbatarekin, egingo da Patxi Ros Saria, Sopelako Lasterketa Nudistaren 11. edizioa. Ohikoa den legez, eguerdiko 12etan hasiko da proba, Barinatxe hondartzan. Hareatzeko alde sopeloztarretik abiatu ohi dira. Getxoko aldera ailegatzeko 5.000 metroko ibilbidea izango dute parte hartzaileek, hondar gogorretan, marea behean dagoela. Gaztetxoek, berriz, 2.500 metro egiten dituzte. Izena emateko epea ostegunean, hilak 17, amaituko da. Horretarako, ondoko bideak erabili beharko dira: e-mailez (carreranudista[abildua]ene-naturismo.org) edo lasterketako webgunean (http://ene-naturismo.org/carrera). Bestalde, lasterketaren egunean bertan ere izena eman daiteke, goizeko 11:30ak arte, Barinatxe hondartzan. Antolatzaileen arabera, nazioarteko kutsua izango du lasterketak, orain arte izena eman baitute hiru britainiar, frantses batek, italiar batek, irlandar batek eta alemaniar batek. Argazkian, lasterketa nudista Sopelan.