Kirolak 2009-09-19 21:10

Kanadatik ere etorri dira biluzik lasterka egitera Sopelara

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egin diren hamar edizioetatik, nazioarteko kutsurik handiena izan du gaur Barinatxe hondartza sopeloztar-getxoztarrean egin den Patxi Ros Saria izeneko lasterketa nudistak. Helmuga zeharkatu duten 64 lagunen artean, Espainia, Frantzia, Ingalaterra eta Kanadatik etorritakoak ere bazeuden. Hain zuzen ere, azken herrialde horretako Kassie Betts gailendu zaie korrika egin duten beste gainontzeko hiru emakumeei. Idoia Llona bilbotarra eta Marian Arrese donostiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Gizonezkoen artean, egun Valladoliden (Espainia) bizi den Iñigo Gonzalez getxoztarra nagusitu da, lasterketa Fernando Suances bilbotarraren eta Asier Sada donostiarraren aurretik amaituz. Azkenik, Unai Lopez eta Mikel Sada dira helmugara heldu diren haur bakarrak. Argazkian, gaurko lasterketaren hasiera.
  Kirolak 2009-09-18 20:35

Gurean egingo dute bihar Getxo eta Angeluren arteko kirol topaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbat honetan, irailak 19, 400 lagun inguruk parte hartuko dute aurten gurean egingo den Getxo eta Angeluren (Lapurdi) arteko senidetze jardunaldian. Horietatik 300 kirolariak izango dira, udal iturriek zehatu dutenez. Ekimenak bere laugarren edizioa beteko du (bi egin dira toki bakoitzean) eta 2003an bi udalerriek sinatutako adiskidantza akordioaren testuinguruan kokatzen da. Bereziki, kirolaren bidez sustatu nahi dituzte mugaren alde bateko zein besteko herritarren arteko harremana eta elkar ezagutza; arduradun getxoztarren arabera, "ezaugarrien eta bokazio turistikoaren aldetik oso antzekoak" baitira biak. Gauzak horrela, igeriketa lehiaketa, pilota eta rugby partidak, surf erakustaldia eta estropadak izango dira. Jai egunari amaiera bikaina emateko, berriz, dantza erakustaldia, erromeria eta agur afaria antolatu dituzte. Argazkian, umeen arteko eskupilota partida, orain bi urte.
  Kirolak 2009-09-18 01:28

Laster hasiko dira eskupilota eta pala eskolak Gorlizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Denboraldi berria gainean, eskupilota eta pala eskoletan izena emateko epea zabaldu du Gorlizko Portalena Esku Pilota Kirol Elkarteak. Ikasle bakoitzak 20 euroko kuota ordaindu beharko du eta jasotzen den dirua pilotari gazteentzako materiala erosteko izango da, udal gorliztarreko iturriek adierazi dutenez. Horrenbestez, kirol taldeak Gorlizko kultur etxean daukan bulegoan, gpepke[abildua]gmail.com e-posta bidez edo 692 731 963 telefono zenbakira deituz apunta daitezke neska-mutilak. Eskupilota eskolak (benjaminak eta kimuak) astearte eta ostegunetan izango dira, 17:45etik 19:00etara. Palan jokatzen (benjaminak eta kimuak) ere astearte eta ostegunetan ikasi ahal izango da, 19:00etatik 20:15era. Argazkian, bi gazte palan jokatzen.
  Kirolak 2009-09-17 09:32

Artziniega "goitik" ezagutuko dute Matrako mendi taldekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joseba Sanchez "Matrako" oroitzen duen mendi taldeko lagunak Arabako Artziniega herrira joango dira irailaren 27an, igandearekin, inguruko bidexka eta mendiak (pdf) zeharkatzeko asmoz. Txangoa goizeko 9etan hasteko asmoa daukate. Horretarako, Plentziako metro geltokian jarri dute hitzordua. Ibilaldian parte hartzeko, Goñi Portal kultur etxean izena eman daiteke, hilaren 25a baino lehen. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara da, eta telefono zenbakia 946 775 541. Salneurriari dagokionez, 5 euro ordaindu beharko dituzte matrakokideek. Argazkian, Matrako Mendi Taldeko hainbat lagun Txindokin (Gipuzkoa).
  Kirolak 2009-09-15 21:02

Italiatik urrezko eta zilarrezko domina banarekin bueltatu da Javier Otxoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Javier Otxoa txirrindulari berangoztarrak bi domina, urrezko bat eta zilarrezko beste bat, irabazi ditu joan den astean Italiako Bogogno herrian jokatutako errepideko txirrindularitza egokitutako munduko txapelketan. CP3 kategoriako erlojuaren kontrako proban munduko txapeldun bilakatzeaz gain, errepideko proban bigarren heldu zen helmugara Otxoa, igandean egindako lasterketan. Bere aurretik Darren Kenny britainiarra heldu zen, urrezko domina irabaziz. Hain zuzen ere, Pekingo Paralinpiar Jokoetan Kennyri berari irabazi zion erlojupeko proba berangoztarrak. Orduan ere, urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi zituen Otxoak.
  Kirolak 2009-09-12 21:16

Hurrengo larunbatean izango da Sopelako lasterketa nudista

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Naturista Elkarteak (ENE) antolatuta, irailaren 19an, larunbatarekin, egingo da Patxi Ros Saria, Sopelako Lasterketa Nudistaren 11. edizioa. Ohikoa den legez, eguerdiko 12etan hasiko da proba, Barinatxe hondartzan. Hareatzeko alde sopeloztarretik abiatu ohi dira. Getxoko aldera ailegatzeko 5.000 metroko ibilbidea izango dute parte hartzaileek, hondar gogorretan, marea behean dagoela. Gaztetxoek, berriz, 2.500 metro egiten dituzte. Izena emateko epea ostegunean, hilak 17, amaituko da. Horretarako, ondoko bideak erabili beharko dira: e-mailez (carreranudista[abildua]ene-naturismo.org) edo lasterketako webgunean (http://ene-naturismo.org/carrera). Bestalde, lasterketaren egunean bertan ere izena eman daiteke, goizeko 11:30ak arte, Barinatxe hondartzan. Antolatzaileen arabera, nazioarteko kutsua izango du lasterketak, orain arte izena eman baitute hiru britainiar, frantses batek, italiar batek, irlandar batek eta alemaniar batek. Argazkian, lasterketa nudista Sopelan.
  Kirolak 2009-09-11 22:46

Urrezko domina eskuratu du Javier Otxoak Munduko Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Javier Otxoa txirrindulari berangoztarrak urrezko domina bat eskuratu du gaur Italian, errepideko txirrindularitza egokitutako munduko txapelketan. Otxoa CP3 kategoriako erlojuaren kontrako proban nagusitu da gaur goizean Bogogno herriko zirkuituan, 19,4 kilometroak 27 minutu eta 13 segundotan betez. Otxoa txirrindulari profesional ezaguna izandakoa da, baina 2001eko otsailaren 15ean, auto gidari batek bera eta bere anaia zapaldu zituen Malagako errepide batean. Javierri garun-paralisia eragin zion, Ricardo anaia hil zen bitartean. Auto gidariak 1.800 euroko isuna besterik ez zuen ordaindu behar izan, epaiketaren ostean. Baina tragedian ito gabe, Javier Otxoak eutsi zion txirrindularitzari eta istriputik ahal den neurrian osatu zenetik hona hainbat sari irabazi ditu, Paralinpiar Jokoetan urrezko dominak tartean. Udaberriro Punta Galea txirrindularitza taldeak Javier Otxoa Klasika antolatzen du. San Inazio egunean, berriz, ospatzen den Getxoko Zirkuitua Ricardo Otxoa zenari dedikatzen diote.
  Kirolak 2009-09-10 14:33

Astelehenean itxiko dituzte Fadurako estali gabeko igerilekuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igande honetan, irailak 13, amaituko da udako denboraldia Algortako Fadura kiroldegiko igerilekuetan, Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Hortaz, kanpo aldean dauden igeritokietan gozatzeko azken eguna izango da. Horretaz gain, egun horretatik aurrera, igerileku olinpikoa itxi egingo da erabiltzaileentzat, hilaren 28ra arte (astelehena), garbitu eta mantenu lanak egin ahal izateko. Berriro irekitakoan, igerileku olinpikoak bere neguko ohiko ordutegia edukiko du. Azkenik, Fadurako igerilekuak dauden eraikineko atondoa zaharberritzeko lanak egiten ari diren bitartean, bazkide eta erabiltzaileen arreta bulegoa eta megafonia zerbitzua kafetegi zaharrean izango dira. Argazkian, Fadurako kanpoko igerilekua / © Getxo.net.
  Kirolak 2009-09-09 21:31

Bost mila lagunentzako tokia dago Fadura eta Gobelako kirol ikastaroetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Kirolak udal erakundeak 2009/2010eko denboraldiko kirol ikastaroetarako izena emateko epea zabaldu du. Ikastaroak urrian hasiko dira eta guztira 18 kirol modalitatetan ia 5.000 toki izango dira Algortako Fadura eta Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegietan, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Aurreko urteotan bezala, bihar arte, irailak 10, zenbaki bat hartu ahal izango dute bazkideek, astelehen honetan Faduran izango den zozketan parte hartu ahal izateko. 10:00etan egingo dute. Zozketak izena emateko hurrenkera zehaztuko du. Izen-ematea bera irailaren 17an hasiko da. Ondoren, zozketan parte hartu ez duten pertsonek geratzen diren tokiak lortu ahal izango dituzte. Aurtengo berritasunei dagokienez, Getxo Kirolak erakundeak aquagym ikastaroa eskainiko du, Gobelan; eta emakume haurdunentzako yoga ikastaroa eta sorbaldako arazoak dituzten pertsonentzako pilates ikastaro berezitua, Faduran. Gainera, batean zein bestean, 5 eta 6 urteetako umeak tenis ikasten hasteko taldeak osatuko dira. Argazkian, Fadurako igerilekuetako eraikina zaharberritzen ari dira.
  Kirolak 2009-09-08 17:51

Tenis eta padel txapelketak antolatu dituzte Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Barrika Tenis Elkarteak hiru txapelketa desberdin egingo ditu irailaren 12tik 20ra bitartean. Lehenik eta behin, Barrikako Udala Tenis Irekia jokatuko da nagusien mailan. Dema gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan egongo da. Izena emateko epea bihar, hilak 9, amaituko da, 18:00etan. Bestalde, IV. Beterano Junior Tenis Txapelketa Soziala 35 urtetik gorako jokalariei zuzenduta dago. Gizonezkoen mailan jokatuko da soilik. Izena emateko epea bihar ere amaituko da, 18:00etan. Azkenik, Udazkeneko Padel Txapelketa Sozialaren hirugarren edizioa nagusien mailan jokatuko da, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan. Padeleko abonua duten pertsonek eta Barrika Tenis Elkarteko kideek hartu dezakete parte. Izena emateko epea bihar amaitzen da, beste bi txapelketetan bezala. Izena emateko bi modu daude, telefono bidez aurrena: 607 669 073 edo 655 709 693 zenbakietara deituz. Hala, posta elektroniko bidez, alvila[abildua]euskalnet.net e-posta helbidera idatziz. Argazkian, hainbat lagun jokoan Barrikako padel pistetan / © Barrika.net.
  Kirolak 2009-09-07 00:08

Igotzeko aukerak baditu oraindik Getxo Arraun Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxo Arraun Taldeak irabazi du gaur arratsaldean jokatutako Portugaleteko San Miguel-Segemar bandera, Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailara igotzeko erlojupeko bi estropadetatik bigarrena eta azkena, alegia. Trintxerpek, ordea, nahikoa izan du bigarren geratzea, hurrengo denboraldian KAE 1 ligan aritzeko txartela eskuratzeko. Atzo Lekeitioko bandera irabazi ostean, gipuzkoarrak lehenengo geratu dira play-offean, 7 punturekin. Getxoztarrak dira bigarrenak 6 punturekin, Ondarru hirugarren 5 punturekin eta Portugalete laugarren 2 punturekin. Igotzeko postu bakarra zegoen jokoan. Hala ere, Getxok oraindik ere baditu aukerak. Horretarako, Traineru Kluben Elkarteko (TKE) ligara igotzea lortu beharko dute Astillerok eta Koxtapek. Play-offeko estropadak irailaren 19an eta 20an izango dituzte horiek, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. TKEn azkenaurreko Samertolameu galiziarrekin lehiatuko dira. Arkoteko plentziarrak, berriz, zuzenean jaitsi dira KAE ligara, TKEn azkenak geratu ostean. Bukatzeko, Areetako Raspas arraun taldea azken geratu da KAE 2 ligan. Argazkian, "Goizeko Izarra" traineru getxoztarra gaurko estropadan.
  Kirolak 2009-09-05 17:42

Igoera oso zail jarri zaio Getxo Arraun Taldeari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lekeitioko urek Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailara igotzeko erlojupeko bi estropadetatik lehenengoa hartu dute gaur eguerdian. Trintxerpeko trainerua, KAE 2 ligan bigarren postuan amaitu duena, jaun eta jabe izan da eta lehen postuan bukatu du. Getxo Arraun Taldeak, berriz, estropada ona egin du, baina beti hirugarren postuan joan da. Itsasoko baldintzek ez diete mesederik egin arraunlari getxoztarrei eta azkenean hirugarren bukatu dute. Momentuz Trintxerpek abantaila hartu du 4 puntuz, bigarrena Ondarru da 3 puntuz, Getxo Arraun Taldeak 2 puntu dauzka eta Portugaletek bakarra. Gauzak horrela, igoera oso zail jarri zaie gure ordezkariei, baina ez da ezinezkoa. Play-offeko bigarren eta azken estropada bihar jokatuko da, 18:30etik aurrera, Portugaleten. Getxok garaipena lortu behar izango du eta Trintxerpe hirugarren postua geratu dadila itxaron. Hala ere, getxoztarrek 18 segundo baino gehiagoko aldea atera beharko liekete gipuzkoarrei. Argazkian, traineru getxoztarra / © Getxo.net.
  Kirolak 2009-09-04 19:45

Mozorro hegalariek hartuko dituzte bihar Larrabasterrako zeruak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aireko Inauteria Larrabasterrako Barinatxe hondartzako itsaslabarretara helduko da aurten ere Sopelako Airetik parapente taldearen eskutik. Larunbat honetan, irailak 5, 10:00etatik 12:15era bitartean hasiko da jarduera, eguraldiak ahalbidetzen badu. Bestela, igandean egingo dute. Ekitaldi horretan, parapente eta delta hegal zaleek mozorro dibertigarriak airean erakusteko aukera izaten dute. Aldi berean, egun osoan zehar, argazki lehiaketa egingo da, Aireko Inauteria gai nagusia izango dela. Gainera, ekitaldira aurkeztutako guztiek bazkaria izango dute eguerdian. Arratsaldean, lehiaketa amaitu ostean, sari banaketa egingo da: 300, 200 eta 150 euroko sariak banatuko dira, mozorroen artean; eta 100 eta 50 euro, argazki lehiaketan. Horretaz gain, arratsaldez, txitxiburruntziaz, queimadaz eta DJ Titok eskainitako dantzaldiaz gozatu ahal izango da. Argazkian, iaz Juanjoren "Hegalik gabeko dragoia"-k irabazi zuen mozorro lehiaketa / Airetik.
  Kirolak 2009-09-02 01:25

KAE 1 ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du Getxo Arraun Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Asteburu honetan, Kantauriko Arraun Elkarteen (KAE) Ligako lehenengo mailara igotzeko kanporaketan lehiatuko da Getxo Arraun Elkartea, azken orduko estutasunak kenduta, KAE 2 ligan denboraldi bikaina egin ondoren. Bi estropada jokatuko dituzte: bata, larunbatean, 11:00etatik aurrera, Lekeition; eta bestea, igandean, 18:30etik aurrera, Portugaleten. Algortar traineruaren ondoan Trintxerpe egongo da, unerik onenean ez dagoela diruen arren; baita KAE 1 ligan azken bi postuetan bukatu dutenak: Ondarru eta Portugalete, hurrenez hurren. Datorren urtean Kantauriko Arraun Elkarteen Ligako lehenengo mailan egoteko postu baten bila borrokatuko dute laurek. Joan den asteburuan, Deustuko traineruak lortu zuen KAE 1 ligara igotzea, KAE 2 ligan txapelduna geratu ondoren. Kanporaketa estropada biak erlojupekoak izango dira, Getxo Arraun Taldeari oso ondo datorkion modalitatea. Uztailan, hiru estropada irabazi zituen eta hirurak erlojupeko eran izan ziren. Bestelako erlojupekoetan hiru onenen artean geratu da. Esaterako, joan den asteburuan, igoera fasean egotea jokoan zegoenean, bigarren postua erdietsi zuten Erandion zein Santoñan (Kantabria, Espainia) algortarrek. Azkenean bi puntu atera zizkioten talde kantabriarrari sailkapen nagusian, hirugarren postuan bukatuz. Argazkian, Getxo Arraun Elkartea / © Getxo.net.
  Kirolak 2009-08-01 02:40

Koldo Fernandez de Larrea nagusitu da Getxoko Zirkuituan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Punta Galea txirrindularitza elkarteak antolatzen duen Getxoko Zirkuitua irabazi zuen esprintean atzo Euskaltel taldeko Koldo Fernandez de Larrea txirrindulariak. Lasterketaren 64. edizioan, Berangoko Ricardo Otxoa zenaren omenez egin den 9.an, Juan Pablo Forero kolonbiarra gelditu zen bigarren, Mikel Gaztañaga hirugarren tokian utziz. Ohikoa denez, hainbat ihesaldi saiakerak izan ziren probak iraun zuen lau bat ordutan. Nagusiena eta lehena hamabikote batek sortu zuen, tartean Iñaki Isasi Euskalteleko kidea zegoela. Baina helmuga gero eta gertuago zegoela tropelak irentsi egin zituen. Ondoren Jonathan Castroviejo Orbeako txirrindularia saiatu zen bakarrean baina 15 kilometro baino ez zirela falta neutralizatu zuten. Gustavo Dominguez eta David Belda ere azken kilometrotan egin zuten hamaika ahalegin zorte berbera eskuratuz. Azkenean, Euskaltel taldeak esprinta prestatu eta Koldo Fernandezek lana biribildu zuen helmugako pankartaren pean. Koldok pasa den ostegunean berritu zuen kontratua Euskaltelekin 2010erako. Bestalde, egunekoa ezustekoa Meitan talde japoniarraren maila altua izan zen.