Kirolak 2005-08-25 23:48

Mundu mailako surf txapelketarako autobusa antolatu du Peña-Txuri Surf Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Peña-Txuri Surf Taldeak aurten ere mundu mailako surf txapelketarako txangoa antolatu du, autobusez. Lehiaketa etzi, abuztuak 27, izango da Estatu frantseseko Hossegor herrian. Izena eman nahi duenak Atxabiribilgo hondartzako txosnan egin dezake, bost euroen truke. Irudian, iaz joandakoen talde argazkia (Irudia Peña-Txuri Surf Taldearena da).
  Kirolak 2005-08-25 21:16

Uribe Kostako kirolariek ez daukate oporrik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larrabasterrako Joane Somarriba (argazkian), Berangoko Javier Otxoa eta Algortako Eneko Acerok lan gogorra egin dute azken asteotan. Baina lanak bere saria izan du. Somarribak Bizkaia-Panda-Durango taldearekin Frantziako Trophee d'Or irabazi zuen atzo, aurretik erloju kontrako etapan nagusitu egin zuela. Otxoak asteartean bukatu zuen txirrindularitza egokituaren Europako txapelketa, hamar egun ostean, eta bertan lau domina eskuratu zituen. Berangoztarra, Saiatu Fundazioarekin lehiatzen zela, errepideko erloju kontrakoan nagusitu zen, urrezko domina eskuratuz. Beste hirurak zilarrezko dominak izan dira.
  Kirolak 2005-07-08 12:13

Skate erakustaldia egongo da gaur arratsaldean Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Nazioarteko zein Berango bertoko skatezaleak parte hartuko dute gaur arratsaldean Axgane auzoko skate parkean antolatu duten ikuskizunean. Besteak beste, Marcos Lanprebendere argentinarrak, Eduardo Muñoz sevillarrak eta Armando Santos basauritarrak erakutsiko dute zer egiteko gai diren. Ekitaldia arratsaldeko seietan hasiko da.
  Kirolak 2005-07-01 22:17

Euskal Selekzioaren Egunean egongo da Ezker Batua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mikel Arana alderdi horretako Presidentzia bozeramailea buru dela, Ezker Batua-Berdeetako ordezkaritza parte hartuko du igandean Algortako Portu Zaharrean ospatuko den Euskal Selekzioaren Egunean. Horrela, "Estatu ikuspegi federal batetik, Euskadiko kirol selekzioen aldeko apustua" berretsi nahi du Ezker Batuak. Aipatutakoa euskal gizartean "gehiengoaren aldarrikapena" dela adierazi du Aranak. "Gales eta Eskoziarekin gertatzen den antzera, nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izango duten selekzioak nahi ditu euskal gizarteak", azpimarratu duenez.
  Kirolak 2005-07-01 21:57

Euskal Selekzioaren Eguna ospatuko da igandean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uztailaren 3rako Euskal Selekzioaren Eguna antolatu du, Algortako Portu Zaharrean, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT), zazpigarrena dagoeneko. "Euskal Herriko Federazio Nazionalak sortu, kirolariok ere bai" lelopean, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea izango du helburu jaiak. Txikienetatik hasita zaharrenetaraino, jarduerez beteriko jai giroa gozatu ahal izango dute igandean, 10:00etatik aurrera, bertara hurbiltzen direnek. Argazkian, Amaiur Alfaro (belaontzia), Iñaki Perurena (harrijasotzailea), Mikel Goñi II (pilotaria), Aitziber Juaristi "Tzibi"(Athletic-eko futbolaria) eta Iñigo Landaluzek (txirrindularia), getxoztarrak azken biak, aurtengo Euskal Selekzioaren Eguna ezagutzera emateko telebista eta irratientzat spota grabatu zuten egunean, Algortako Portu Zaharrean bertan.
  Kirolak 2005-06-30 12:31

Ereagan jokatuko da Hondartza Futbol Tourraren VII. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uztailaren 9an eta 10ean egingo da, Algortako Ereagako hondartzan, Sportmagic taldeak antolatzen duen Hondartza Futbol Tourraren VII. edizioa. Getxoko Udalak 11.570 euroko dirulaguntza eman du txapelketa aurrera eramateko. Hondartzan, bi futbol zelai jarriko dituzte, baita 300 bat lagun hartzeko harmailak ere. Izena emateko 20 euro ordaindu beharko du talde bakoitzak, eta bi eratan egin dezakete. Alde batetik, antolatzaileen web gunetik bertatik, www.futbolplaya.info. Bertan, txapelketaren gaineko xehetasun guztiak eta arauak daude eskura. Algortako Kantxa Kirol Moda dendan ere egin ahal izango da izen-ematea; uztailaren 8ra arte bietan ala bietan.
  Kirolak 2005-06-29 21:42

Arrigunagako La Kantera skate pista osoa erabil daiteke jada irristaketarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bere ezaugarriak kontutan hartuta, Europan bakarra den eta munduko irristatzeko 'pool' onenetarikoa duen Getxoko Arrigunaga hondartza alboko La Kantera skate pistan irristaketa egin daiteke jada eremu osoan, 1.300 metro koadroko azaleran. Pista zaharberritu eta urbanizatzeko egitasmoa Txus Dominguez sustatzaileak eta Javier Labad arkitektoak osatutako taldeak egin du. Lanak Getxoko Udalak ordaindu ditu eta 10.000 euroko aurrekontua izan dute. Kirol-azpiegitura osoaren eta bere inguruaren egokitze lanek 100.000 euroko kostua izan dute.
  Kirolak 2005-06-19 16:18

Realarekin hitzarmena sinatu egin du Arenas Futbol Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Uribe Kostako futbol talde historikoa Realarekin lotu zen pasa den urritik hilabete horretan sinatutako hitzarmenaren bidez, Athletic-ekin zeukan akordioari bukaera eman ostean. Albisteak harridura sortu du Bizkaiko futbolean eta baita ere Arenaseko hainbat bazkideren artean, orain arte 1909an sortutako taldea beti Athleticekin lotuta egon baita. Hitzarmena urrian egin zen, baina orain arte ez da jakinarazi akordioa zegoenik. Realarekin izandako hitzarmena ezkutuan egon da, jokalariak eta bazkideak ez baitzeuden jakinaren gainean. Argazkian, Arenaseko talde nagusia, Ligako 3. mailan.
  Kirolak 2005-06-17 09:15

Getxo eta Goiherri senidetzeko II. Igeriketa Txapelketa izango da larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bihar, larunbata, goizeko 10:00etatik aurrera, “Getxo eta Gipuzkoako Goiherriko Beasain, Ordizia eta Lazkaoren arteko senidetzea” lelopeko II. Igeriketa Txapelketa izango da Fadurako Udal Hiri Kiroldegiko igerilekuan, Fadurako Igeriketa Klubak antolatuta. Probetan 8 eta 24 urte arteko 110 kirolarik hartuko dute parte goiz osoan zehar. Parte hartzaileek Faduran bertan egingo dute senidetze-bazkaria. Arratsaldean, berriz, finalak eta sari banaketa egingo dituzte.
  Kirolak 2005-06-16 20:59

Yosemiteko hormarik garaienak igoko dituzte bi emakume getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Getxoko Udaleko Kultura eta Kirola eta Gazteria arloek 1.700 euroko dirulaguntza eman diete 27 urteko Larraitz Unzetabarrenetxea eta 25 urteko Miren Gurutze Marcos getxotarrei Ameriketako Estatu Batuetan dagoen Yosemite Parke Naturalean zailtasun handiko hiru igoera egiteko, uztailaren 5etik abuztuaren 28ra bitartean. Guztira 5.000 euroko aurrekontua du egitasmoak. Eskalatzaile gazte bi hauek ospe handiko hiru bide bukatzen dituen Bizkaiko lehenbiziko emakume-kordada izatea lortu nahi dute. Half Dome mendiko “Regular Northwest Face” (argazkian) eta Capitan gailurreko “The Nose” eta “Salathe” aldeak igotzen saiatuko dira.
  Kirolak 2005-06-15 23:54

Eneko eta Kepa Acero Brasilen ari dira WQS zirkuituaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzotik eta igandera arte Brasilgo Billabong Costa do Sauipe txapelketan parte hartzen ari dira Eneko eta Kepa Acero surflari algortarrak. Costa do Sauipen burutzen den proba WQS zirkuituko 14.a da eta bost izarretako maila dauka. Eneko Acero WQS rankinaren 6. postuan dago, Ameriketako Estatu Batuetan burutu zen 13. proban finalerdietara heldu ostean. Bestalde, Kepa Acerok (argazkian) besoan izandako istripua ondo gainditu duela ematen du.
  Kirolak 2005-06-10 23:10

Emakumeen Bira dela eta, trafiko aldaketa ugari egongo da larunbat honetan Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iurreta Txirrindulari Elkarteak antolatuta, XVIII. Emakumeen Biraren hirugarren etapa hartuko du Sopelak larunbat honetan. Lasterketa nazioarteko egitarauan onenetarikoa da, Euskal Herriko hainbat udalerrietatik igarotzen da. Baina Sopelan are garrantzi handiagoa edukiko du. Izan ere, Frantziako Tourra hirutan irabazi duen Joane Somarriba (argazkian) herriko semeak parte hartzen du biran. Irteera 16:30ean izango da, Sabino Arana kaletik; 18:55ak aldera toki berean amaitzeko. Sopela ez ezik, Urduliz, Gatika, Maruri, Lemoiz, Gorliz, Plentzia eta Barrika ere zeharkatuko ditu. Horretaz gain, lasterketa dela eta, hainbat neurri hartu ditu Sopelako Udalak. Besteak beste, goratutako oinezkoen pasabideak arindu, zaramontziak kendu eta trafiko aldaketa ugari izango dira udalerrian.
  Kirolak 2005-06-08 21:46

Larunbatean zabalduko dute Faduran, estali daitekeen EAEko igerilekurik handiena

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Guzman Aranaga Getxoko Udaleko Kultura eta Kirol zinegotziak aurreratu duenez, larunbatetik aurrera erabili ahal izango da Fadura Udal Kiroldegian, "estali daitekeen Euskadiko igerilekurik handiena". Urrutiko aginte baten bitartez ireki eta itxi egiten den estalkia dauka eguraldi txarra dagoenean ere bertan igeri egin ahal izateko, bost bat minutu irauten du operazio horrek. Anemometroa ere badauka, haizearen abiadura neurtzen duen aparailua alegia. Hain zuzen ere, haizeak 35 kilometro orduko abiadura gainditzen duenean estalkia berez ixten da bost orduz. Sistema honek, hortaz, neurri olinpikoak (50x21,5x1,40 metro) dituen igeritokia neguan zein udan erabiltzea ahalbidetuko du. Alboak ixteko, berriz, akordeoi erako ateak ditu. Eskuz ixten dira horiek. Gainera, 1.200 metro koadroko berdegunea dauka instalazioak, udaldian zehar bertara doazenek erabiltzeko. Getxo Kiroletako bazkideek datorren astelehenetik aurrera euroko 50 zentimo ordaindu beharko dute kanpoko igerilekua erabiltzeko. Estalkia ireki eta ixteko sistema ipintzeko lanek 600.000 euroko kostua izan dute. (Argazkian, estalkia jartzeko lanak egiten ari zirela).
  Kirolak 2005-06-01 22:38

Angel Viciosok irabazi du Sopelan Euskal Bizikletaren lehenengo etapa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Liberty taldeko Angel Viciosok gurutzatu du aurren Sopelako udaletxearen parean kokatutako Euskal Bizikletaren lehenengo etaparen helmuga. Vicioso azkarrena izan da hamar txirrindularien artean, Astarloa, Isasi, Bru, Latasa eta Martinez bezalakoen aurretik sartu dela. 26 segundutara tropel nagusia ailegatu da. Lasterketa gaur hasi da Eibarren eta, besteak beste, Barrika, Urduliz, Plentzia eta Lemoiz zeharkatu ostean Sopelan bukatu da. Viciosok etapa irabazteagatik, liderra izateagatik eta erregularitatean lehenengoa izateagatik sari bana jaso du. Argazkian, Vicioso garaipena ospatzen, soinean Euskal Bizikletako liderraren maillot urdina duela.
  Kirolak 2005-05-31 21:17

Ingurumenaren Egunean inauguratuko dituzte Sopelako frontoi eta eskalada-murru berriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Apirilaren 4an ospatuko den Ingurumenaren Egunean inauguratuko ditu Sopelako Udalak, Iturrieta parkean egindako estali gabeko frontoi eta eskala-murru berriak. Pilotalekuak 9 metro luzeerako frontisa, 30 metroko ezkerreko pareta eta 10 metroko altuera ditu. Eskalada-murrua, berriz, frontisaren bestaldean kokatuta dago eta 9 metroko zabalera eta 7 metroko alduera ditu. Besteak beste, 88 metro koadro 3D Real Rock panelez, korrosioaren aurkako inprimazioa daukan metalezko egituraz, 400 heldulekuz eta beste horrenbeste torlojuz osatuta dago. Egiturak hormara finkatzeko ainguralekuak, altzairu herdoilgaitzezko jaistekoak eta segurtasun txapak ere baditu; horientzako torlojuekin batera.