Algortatik Hankaren oharra

Erabiltzailearen aurpegia Algortatik Hanka 2015ko abe. 15a, 16:08

Ia urtebete igaro da Algortatik Hanka Mugimenduaren jaiotzatik; eta denbora honetan zehar indar polizialen presentzia eta jardun errepresiboa salatu eta gizarteratzea helburu izanik egindako lana ez da makala izan. Horren adibide dira ekainaren 20ko Herri Galdeketa eta urriaren 10eko Alde Hemendik Eguna. Oso positiboki baloratzen dugu orain arte egindako lana; izandako akats eta gabeziez jakitun eta hauetatik ikasiz. Urtebeteko jardunaren ostean, beharrezko ikusi dugu mugimenduaren norabidea finkatzea; printzipioak zehaztuz eta lan ildoak identifikatuz.

Algortatik Hankaren irakurketa:

Algortatik Hankaren aldetik irakurketa hau egitera behartu gara, alde batetik zer garen eta nora goazen adierazteko; eta bestetik, Euskal Herrian eta Algortan bizi dugun egoera azaleratzeko.

Bizi dugun garai honetan ezin da ukatu Euskal Herria zapaldua izaten ari dela hainbat eremuetatik. Frantzia eta Espainiako estatu inperialistek, haien hegemonia mantendu nahian eta gure nortasuna zapaltzeko, edozein mekanismo jartzen dituzte martxan. Isildu, beldurtu, kikildu, nahi gaituzte ordena sozial baten baitan mantendu ahal izateko, haiek inposatutako errealitatea “de facto” datorren errealitatea bezala azalduz, estatu poliziala inposatuz.

Tresna horien artean poliziaren erabilpena aurkitzen dugu. Bai Frantziak (Gendarmeekin) zein Espainiak (Guardia Zibilarekin, Polizia Nazionalarekin, Polizia Foralarekin eta Ertzaintzarekin) biolentziaren hegemoniaren menpe, instituzio hauek gure lurraldean jarri dituzte, politika kriminala garatuz, Euskal Herria agente politiko bezala ikus ez dadin.

Botere hegemoniko zein gizartearen hierarkian bizi direnen zaintzarako; inposizioak, atxiloketak, mehatxuak, jazarpenak zein kolpeak izan dira indar hauen jarduna. Ezin da ukatu indar polizial guzti hauek Madriletik zein Parisetik gidatuak direla, zentralismo horren pean agindutako lanak betetzen dituztelarik.

Hori dela eta, indar errepresiboen gaitzespena lantzen duen mugimendua izatetik, indar okupatzaileen aurkako mugimendua izatera pasa gara. Bai Ertzaintzak, Polizia Foralak, zein Guardia Zibilak, Estatu Espainolaren estatusa mantentzeko jaioak izan baitira. Hau da, Madrilen kokatuta dauden botere legegilea zein juridikoa zaintzeko, botere betearazle hauen betebeharrak, konstituzioa, estatua "una, grande y libre" mantentzeko lan egin dute.

Euskal Herriak bizi duen testuinguruan ez dugu onartzen estatu poliziala, ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko herri honen eta herritarren kontrako jarrerarik, (atxiloketak, sarekadak, kontrolak..) eta horretarako argi eduki behar dugu etsaia ez datorrela bakarrik kanpotik, etxean badugula ere Ertzaintza edo Polizia Forala kasu.

Baita argi dugu, indar okupatzaileek ez dutela bakarrik Euskal Herriaren kontrako jarrera, baizik eta espainiar eta euskal burgesiaren morroiak izanik, edozein herritar xumeren kontrako jarrera lantzen dutela (desjabetzetan, atzerritarren kontrako sarekadetan, kazetari zein herritarrak kriminalizatuz..).

Algortan, herritarren partetik bi jarrera aurki ditzakegu: alde batetik, nabaria da atzerriko poliziaren kontrako jarrera, haien jarduna erasotzailetzat ikusten dutelarik. Beste aldetik, ikusten dugu nola Ertzaintzaren kasuan kontzientzia hau ez dagoenik, hau da, herritarren kontrako jarrerarik ez dutela mantentzen, okupatzaile bezala ez dituztenak identifikatzen; azken finean Ertzaintzaren izaera errespetatzen duten herritarrak. Horregatik argi eta garbi adierazi nahi dugu Ertzaintzak Espainiatik inposatutako indar okupatzaileen jarrerak erabiltzen dituela, herri honen seme-alabak jipoituz, Madriletik datozen aginduak betez, desjabetzeak aurrera eramanez, herritarrak isilaraziz... Horregatik beharrezkoa ikusten dugu ildo honetan lanean jarraitzea.

Bide honi jarraipena emateko hautua egiten dugu, indar okupatzaileen kontrako jarrerak bisualizatuz beharrezkoa izango den heinean, ahaztu gabe PNV-k gidatutako Ertzaintzaren izaera indar okupatzaile hauen barruan kokatuta dagoela ( Hau izanik Algortan landu beharreko puntu garrantzitsua). Baita ezin dugu ahaztu Algortan Guardia Zibilaren kuartel handi bat daukagula eta horren kontra hasitako dinamikak ez ditugula alde batera utziko baizik eta indartuko ditugula.

Azkenik aipagarri bezain beharrezko ikusten dugu herri aktibazioa, indar okupatzaileak salatuz eta haien kontrako dinamikak indartuz. Horretarako gure aldetik, Algortatik Hanka Indar Okupatzaileen Kontrako Mugimendua lan egingo dugu herri mugimendu handi eta indartsu bat bilakatu arte, beharrezko izango diren herritar zein kolektiboekin lan eginez.

Guzti honekin herritar bakoitzak bere barne eztabaida abiaraztea dugu helburu.

GERRA EGITERA ETORRI ZIRENEK ALDE EGIN BEHARKO DUTE.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun