Zorionak, Endika!

Erabiltzailearen aurpegia Ane Larrakoetxea 2016ko urt. 22a, 13:24

Imajinatzen dut egoera ikastolan: ea ba, txiki, egiozu marrazki bat aitatxori bere urtebetetzeagatik. Irudikatzen duzue marrazkia?

Beharbada ez, baina beharbada gela itxi batean irudikatuko du familia. Eta beharbada ez, baina beharbada barroteak ere marraztuko ditu ume txikiak. Eta ez litzateke harritzekoa izango, bere aita ikusten duen aldi oro ingurune hori bizi behar izaten duelako. Eta gelako ume bat hurbildu eta marrazkiagatik galdetuko balio, beharbada bai, baina seguruenik ez du jakingo azaltzen zergatik bere aita ziega batean dagoen sartuta, eta zergatik egin behar dituen hain bidai luzeak familia osoa elkarrekin egoteko. Eta ziur, galdetu duen umeak ez du ulertuko zergatik ume horrek bizi duen egoera hori.

Eta interesatu den ume hori etxera joango da, eta gurasoei azalduko die bere gelakideak egindako irudi hori. Zer esango diote gurasoek? Nola azalduko diote zergatik dagoen ezarria dispertsioa? Nola ulertaraziko diote ume horri badaudela pertsona asko, kilometro asko egin behar dituztenak maite dituzten senideak denbora labur batez ikusteko? Eta nola azalduko diote herri honetan, askatasuna amets izateagatik eta amets hori egi bihurtzeko lan egiteagatik ehunka eta ehunka pertsona giltzapetzen dituztela?

Seguruenik, ume txiki horrek ez ditu arrazoiak ulertuko, ez eta aita kartzelan daukan umeak ere. Baina ziur, marrazkiak egiten jarraituko duela, eta egiten dituen marrazkietan irribarreak nagusituko direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun