PARTE-HARTZE ORDENANTZARREN AURKEZPEN BIDEOA. Lau

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2015ko api. 23a, 14:16

PARTE-HARTZE ORDENANTZARREN AURKEZPEN BIDEOA. Lau urteko legealdia amaitzear dago; orain inoiz baino argiago ikusten dugu herritarren parte-hartzea udal kudeaketan oinarrizkoa dela. 

1986tik dugun Udal funtzionamendu guztia arautzen duen araudi zaharkitua berriztu eta herritarren beharrizanetara egokitzeko saiakerak egin ditugu, baina mugak eta blokeoak baino ez ditugu jaso erantzun moduan. Araudi horrek herritarrei udal erabakietan izan beharko luketen kontrolerako eta erabakitzeko eskubidea mugatzen dio. Esaterako, herritarrek ezin dute parte hartu informazio-batzordeetan, erakunde autonomoetako zuzendaritza-batzordeetan, ezta entzule moduan ere (ez dira publikoak) edo osoko bilkuretako ezatabaidetan; herri-elkarteei ukatzen zaie osoko bilkuran proposamenak –mozioak- aurkezteko..., eta ez dute inolako aukerarik udal komunikabideetan albisterik edo artikulurik argitaratzeko. Horiek adibide batzuk baino ez dira. Horregatik, urte oso batean emandako prozesuan zehar, eta herritarrengandik jasotako ekarpenetatik abiatuta, partaidetza ahalbidetu eta babestuko duen ordenantza proposatzen dugu. “Herritarren parte-hartze” horren bidez herritarrak politikan eta udal administrazioaren gestioan integratu edo txertatu nahi ditugu, hau da, hauteskunde-garaitik kanpo eta ordezkaritza politikoen edo elkarteen/erakundeen mugak gaindituta, udalen politikan eta gestio publikoan aritzeko edo jarduteko aukera eman nahi diegu herritar guztiei, berariazko baliabideak eta aukerak emanda, eta horretan inplikatu nahi ditugu. Parte-hartzea, izan ere, ez dugu ulertzen zerbait puntual moduan, hau da, une edo gune jakin bati lotua, hasiera eta bukaera bat daukan zerbait balitz bezala; aitzitik, guretzat parte-hartzea zerbait orokorragoa da, integralagoa, zabalagoa eta iraunkorragoa, egituratua, eta parte hartzeko arkitektura edo sistema oso bat behar da herritarren benetako parte-hartzea ahalbidetzeko. Batzuetan bakarka eta beste batzuetan taldeetan antolatuta. Ordenantza hau bide, herritarren kontrola udal kudeaketan hainbat eskubideen onarpenaren bidez zehazten da; hala nola: parte hartzeko eskubidea, informazioa jasotzeko eskubidea, entzuna izateko eskubidea, eskariak egiteko eskubidea, herri ekimenerako eta kontsultarako eskubideak, osoko bilkuretan proposamenak aurkezteko eta horietan parte hartzeko eskubidea edota biltzeko eskubide. Eskubide horiek hurrengo bitarteko eta organoen bidez gauzatuko dira: partaidetza zinegotzigoa, herri-kontseilua, sektorekako kontseiluak, auzokako batzarrak eta herritarren parte-hartzerako bulegoa. Horietaz guztietaz gain, Getxok dituen mugimendu sozial, herri mugimendu eta elkartegintzari, herrigintzan duten garrantzia eta beharrezkotasuna aitortuta, zilegitasun osoa ematen zaie eta interlokutore/mintzaide gisa onartzen dira. Udala da herritarrengandik gertuen dagoen Administrazioko erakundea. Edozein zalantza, arazo, proposamen… duela ere, herritarrek, lehenengo udaletara jotzen dute, fisikoki gertuen daukatelako ez ezik, askotan (batez ere herri txikietan, baina gure tamainakoetan ere bai) udal-teknikariak eta hautetsiak ezagutzen dituztelako, horiengana iristea ez zaielako egiten zaila. Beraz, udalak herritarrengandik gertu egon beharko luke; are gehiago esango dugu: udalak herritarrenak dira, batzuetan ahaztu egiten zaigula dirudien arren. Gaur egun, laurogehi mila biztanle inguru dituen Getxo honetan, legez udal taldea da erabaki gune bakarra. Beraz, herritarrek izan beharko luketen erabaki ahalmen horren hutsune sakona betetzera dator ordenantza hau. Denok elkarrekin bakarrik eraikiko baitugu denok bizi nahi dugun Getxo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun