Iritzia 2017-10-12 19:00

Argentinan bakarrik gara Catalunya

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Mostajo Galduroz

Aste zirraragarriak bizi izan ditugu egunkari eta telebistako berrietan. Egoerak behartzen nau honi buruz idaztera: Catalunya. Hau idatzi eta argitaratuko den arte, ez dakit zer jazo daitekeen, baina horren inguruko interesak gora behera, ez dut katalanetan zentratu nahi, euskaldunongan baizik. Erronka handia daukagu aurretik: eta ez naiz independentziaz ari... edo bai.

Ni neu abertzalea naiz eta beraz, independentista, baina uste dut erronka handia daukagula aurretik: elkarbizitza eta elkarrekiko konfiantza. Hori gabe, ez dugu izango independentziarik. Hemen, Catalunyako afera politikoki harriak elkarri botatzeko erabili dugu orain arte, eta hor daukagu gakoa: Catalunyan hori egin beharrean, elkarrekin daude. Elkarrekin zeuden "estatut"-a PSCren Govern-pean atera zutenean eta bide horrek "huts" egin zuenean ("cepillado" ostean) elkarrekin jarraitu zuten bide berriak jorratu nahi zituztenek. Hala daude gaur egun. Hemen ez. Euskadin bizi garenon artean hausturak sortzera kondenatu gaituen terrorismoa sufritu izan dugu, eta zorionez egoera aldatu den arren, elkarrekiko konfiantza eta kultura demokratikoa sendotu beharrean gaude.

Kanpoaldean bakarrik gaude batera euskaldunak. Horra izenburuaren gakoa. Argentinako euskal komunitatean argi eta garbi jorratzen dute hemen jorratu beharko genukeen bidea. Euren Argentinako ika-mika politikoak euskal etxetik kanpo uzten dituzte, eta euskal etxe barruan alderdikeriak alde batera uzten dituzte, eurak herriarekiko maitasunak batzen baititu. Beraz, hemen, ez dezagun parlamentura eta Gobernura jo aurreratzen ez dugunean eta galde diezaiogun geure buruari norekin aurreratu behar dugun hura iraindu baino lehen: Visca Catalunya lliure eta gora euskal argentinarrak!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa