Igor Goikoetxearen Dabaiberen misterio beltza

Erabiltzailearen aurpegia

Joan Mari Irigoien, Bernarno Atxaga, Anjel Lertxundi, Xabier Mendiguren Elizegi… Idazle askoren lanen aurkezpenera joateko pribilegioa izan nuen garai batean. Benetan pribilegiatu sentitzen nintzen miresten nituen idazleen uztaren berri eman ahal nuelako idatziz. Halakoak nolabaiteko zirrara eragiten zidan, uste bainuen, gaur egun legez, norbera hobea izan daitekeela liburu bat eskuan hartu eta irakurtzeko ohitura izanez gero.

Martxoan liburu baten aurkezpen batera joateko gonbidapena jaso nuen, jardun profesionaletik harago zihoana. Tximeletak tripan dantzan zebilzkidan, ospe handiko idazle baten aurkezpena ez zelako, lagun on batena baizik: Igor Goikoetxea (Gernika, 1969). 20 urtez baino gehiagotan kazetaritzan fin jardun ostean, literatura munduan murgiltzeko lehen urratsak egin zituen poliki-poliki zenbait lehiaketatan, berauetan fikzioan ere hizkiak lotzeko aparteko abilidadea duela frogatuz.
Horrela, arrakastek animatuta, "La sombra de Dabaibe" liburuaren istorioa gorpuztuz joan zen, amets literario hau errealitate bihurtu arte. Aurkezpenean Igorri hitzeman nion ahalik eta lasterren irakurriko nuela, eta, irakurle, aitortzera natorkizu Neguriko jauregi batean hilketa bortitz batekin hasi eta Atlantikoz bestaldera jauzi egiten duen istorioaren korapiloaren amaiera nekez asma daitekeela azken orrialdeetaraino. Itzela! Tartean ez zaizkio falta ohiko eleberri beltzaren beste osagaiak: intriga, emozioa eta amodioa. Guztiak Dabaiberen gerizpean.
Orain, irakurle, ez duzu zertan fidatu nitaz, baina kasualitateak, jakin-minak edo dena delakoak "La sombra de Dabaibe" eskura jartzen badizu, ez egin muzin tentazioari. Ireki lehen orrialdea!