Pirataren adabakia

Erabiltzailearen aurpegia Josean Rive 2015ko aza. 3a, 09:45

Orain dela gutxi, joan den udan hain zuzen, haurren aldizkari batean irakurri nuen piratek zergatik jartzen zuten adabaki bat begi batean. Errealitateak ez du zer ikusirik legendazko borroketan gertaturiko begi-ebaketa odoltsuekin.

Azalpenak erabateko logika du: kontua da, Karibeko eguzkipean abordatze krudelak egitean, askotan borroka sotoetako iluntasunean jarraitzen zela, argitasun diferentzia izugarria izanik. Beraz, begiak ahalik eta lasterren moldatu behar ziren. Bestela, akabo.

Ez dakit zergatik, baina istorio honek erdarazko atsotitz hau burura ekarri zidan: “itsuen herrian, begibakarra errege”. Kontzeptu guztiz desberdinak dira, noski. Kaskarkeria orokorraren pixka bat gorago egoteak lasaikeriara eraman ahal zaitu. Egokitzapenak, haatik, etengabeko hobekuntzara.

Oso mundu aldakor batean bizi gara. Arazoek abordatzen gaituzte egunero. Egoera berriak, arazo berriak. Gauzak horrela, begibakarra izatea ez dago txarto. Pirata izatekotan, hobeto. Baina ameslariak dira mundua aldatzen dutenak, etorkizuna irudimenaren begiekin ikusten dutenak. Hau inbidia!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun