Historiaren idazleak

Erabiltzailearen aurpegia Josean Rive 2015ko aza. 10a, 11:44

Aitortu behar dut irakurtzea ez zaidala gustatzen. Ez nuke esango gorrotatzen dudanik, noski, baina ez naiz batere irakurzalea. Maristak ondo arduratu ziren, liburu erraldoiak irakur eragiten, maitasunik gabe, modu neketsuak eta astunak erabiliz.

Halere, beste bide desberdinak erabili ditut nire kultura zabaltzeko, besteak beste, musika, pintura eta, batez ere, filmak.

Nire filmik gustukoenetariko bat Mel Gibsonen “Braveheart” da. Film hori esaldi honekin hasten da: “William Wallace-ri buruz hitz egingo dizuet. Ingelesek gezurtia naizela esango dute, baina heroiak urkatzen dituztenak dira Historia idazten dutenak”.

“300” filmean, bestaldetik, beste esaldi xelebre bat aurkitzen dugu. Jerjes-ek Leonidas konbentzitu nahi du borroka saihesteko, baina Espartako erregeak eskaintza errefusatzen du. Orduan persiarrak, irmo, erantzuten dio: “emankorra naiz, baina errukigabea ere. Espartako oroipena ere Historiatik ezabatuko dut. Zuen sakrifizioan ez da loriarik izango. Inork ez du jakingo”.

Aste honetan, Oroimenaren Eguna ospatzen ari garenez, esaldi hauek nire burura datozkit. Hainbat herritan hitzaldi batzuk antolatu egin dira gure nagusien istorioak entzuteko, guda eta diktadura sufritu duten istorioak. Haiek ez dute Historia idatzi, baina beren hitzetan ez dut gorrotoaren arrastorik ikusi ere. Beren mezua ez da nortzuk diren onak edo gaiztoak salatzea. Haratago doaz. Inportanteena, beren hitzetan, iraganeko akatsak berriro ez egitea eta orain dugun bizi-kalitatea merezi duen neurrian baloratzea da. Mezu xumea baina oso baliagarria, nik uste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun