Iritzia 2016-03-18 23:39

Hezkuntza legearen premiaz

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Tellitu

Hautsi egin nahi dugu Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemek gurean txertatutako publiko/pribatu dikotomia zaharkitua; eztabaida hori behingoz gainditu, eta Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatuta marraztu nahi dugu etorkizuneko hezkuntza sistema. Lege bat behar dugu guretzako nahi dugun hezkuntza sistema definitu eta besteak beste gai hauek zehazteko: aukera berdintasuna eta ekitatea, euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitzaren aukera, konpetentzia digitalaren garapena, ikastetxeen ebaluazioa, edota benetako doakotasuna eta aukera berdintasuna ahalbidetzen duen finantzazio eredu ekitatiboago bat, esate baterako.

Gure hezkuntza sistemari eragiten dioten hainbat  gai hedabideetan izan dira azken asteotan. Kanpo eta barne ebaluazio probak direla, atzerriko jatorria duen ikasleriaren eskolatzea, eskola jazarpena, curriculum dekretuak, matrikulazio kanpaina, bereziki Nafarroakoa, baita eskoletako jangelak ere, gai guztiek leku nabarmena izan dute. Hitz egin da, baita ere, hezkuntza itunen eredua berrikusteaz, ikasleen onarpen irizpideen aldaketaz, matrikulazio bulego bakarra eratzeaz, ebaluazio sistema propio batez eta egungo hizkuntza-ereduen sistema aldatzeaz.  Azken asteotan bezala, aspaldian hezkuntza gaiak foku mediatikoaren erdigunean daude, eta, hezkuntza eragile garen aldetik, pozten gara, uste dugulako hezkuntza gaiak oso garrantzitsuak direla eta duten garrantziaren araberako lekua izan behar dutela hedabideetan.

Eta hezkuntza legeak. Zer esan hezkuntza legeez? Zenbat idatzi ote da LOMCEri buruz, edo Falloux Legearen ondorioei buruz? Eusko Jaurlaritzaren balizko hezkuntza lege baten egitasmoari buruz ere idatzi izan da… baina aspaldian ez dago haren berririk. Ez da hedabideetan ageri; ez dute erakunde, eragile, sindikatu, alderdi politikoetako ordezkariek aipatzen. Bat-batean ez dago interesik hura aipatzeko.

Eta harrigarria da, zerrendatu ditudan gai horiek eztabaidaren erdigunean egoteak ageriago egiten baitu euskaldunok geure hezkuntza sistema propioa garatzeko dugun beharra. Hezkuntza sistema propioa behar dugu, baina hori jauzi bakar batean lortuko ez dugunez, hara eramango gaituzten urratsak egin behar ditugu. Ikastolontzat, argi dago, une honetan helburu hartara eramango gaituen urrats esanguratsua da Eusko Jaurlaritzak Heziberri 2020 egitasmoan hirugarren faserako utzitako Hezkuntza Legearen onarpena.

Heziberri 2020 oraindik aipatzen baita, baina azken aldian hura bertan behera uzteko eskaerak baino ez dira entzuten. Osotasunaren lekuan zatia hartuz, Heziberri 2020 egitasmoa curriculum dekretuetara mugatzen dute. Horregatik, ez dute argi adierazten, edo nahita ez dute argi adierazi nahi, Heziberri 2020 bertan behera uzteko eskatzen ari direnean zer ari diren eskatzen: curriculum dekretuak bertan behera uzteko, edo Heziberri 2020 osotasunean bertan behera uzteko, alegia, dekretuekin batera, hezkuntza eragile guztien onespena jasotako marko pedagogikoa ere bai, eta baita oraindik abiatu gabeko hezkuntza lege baten egituratze prozesua ere.

Ikastolok, aitzitik, osotasunean baino ez dugu ulertzen Heziberri 2020. Eta osotasunean ematen diogu balioa, geure egin genuen marko pedagogikoarekin, curriculum dekretuekin eta hezkuntza legearekin. Eta bai, curriculum dekretuek, marko pedagogikoak ez bezala, kezka eragin digute, eta salatu genuen jendaurreko agerraldi batean. Zehazki, curriculum dekretuei hiru kritika nagusi egin genizkien: kritikatu egin genituen ikasleen irteera profilerako ez zutelako aintzat hartzen Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratua; kritikatu egin genituen euskal dimentsioaren trataera behar beste ez dutelako jasotzen; eta kritikatu egin genituen LOMCErekiko menpekotasun gehiegi azaltzen dutelako, harekiko erreferentzia gehiegi egiten dutelako.

Heziberri 2020an Eusko Jaurlaritzak planteatu zuen ibilbide orrialdean azkenerako utzi zuen hezkuntza lege baten onarpena, ohikoena lehenbizi hura garatzea zatekeenean, eta haren bitartez garatu alor desberdinetako araudiak (ebaluazioa, curriculuma, eskolatze egoera bereziko ikasleria…). Guk aspaldi esan genuen, azken faserako utzi beharrik ez zegoela, beste bi puntuak garatzen ari ziren bitartean paraleloan ireki zitekeela legerako lan ildoa, legegintzaldi hau amaitzerakoan legearen garapena oso fase aurreratuan utzi ahal izateko. Ez genuen lortu hala izan zedin. Baina, orain, faseari ekin behar zaionean, ez gaude prest aukera galtzen uzteko.

Lehenik eta behin hautsi egin nahi dugulako Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemek gurean txertatutako publiko/pribatu dikotomia zaharkitua; eztabaida hori behingoz gainditu, eta Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatuta marraztu nahi dugu etorkizuneko hezkuntza sistema. Lege bat behar dugulako guretzako nahi dugun hezkuntza sistema definitu eta besteak beste gai hauek zehazteko: aukera berdintasuna eta ekitatea, euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitzaren aukera, konpetentzia digitalaren garapena, ikastetxeen ebaluazioa, edota benetako doakotasuna eta aukera berdintasuna ahalbidetzen duen finantzazio eredu ekitatiboago bat, esate baterako.

Bai, badakigu zailtasunak egongo direla, bereziki gure sistemarentzat nahi dugun Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren eredua definitzeko orduan, baina ez gaude prest zailtasunen eta eztabaida partzialen aurrean amore eman eta atzerapen gehiago onartzeko. Aitzitik, gai hauek guztiak lehenbailehen eztabaidatu behar ditugu. Eta horretarako beharrezkoa dugu Eusko Jaurlaritzak determinazio gehiago izatea bereak diren proposamenak aurrera ateratzeko orduan.

Hori guztia aintzat hartuta eskatzen dugu Heziberri 2020 egitasmoaren garapen osoa, alegia, osotasunerako falta den hezkuntza legearen inguruko prozesua abian jartzea, atzerapen gehiago gabe, determinazio osoz.

Lege horrek eraman beharko gintuzke hain zuzen, hezkuntza sistema osoa arautzera eta barne biltzera, esan dugun bezala Hezkuntza Zerbitzu Publikoan oinarrituta, eta gaur egun ditugun arazo eta erronka horiei guztiei egoki erantzuteko moduan. Ez gaitezen despistatu, ordea, eta ez gaitezen galdu arazo partzialen gaineko eztabaidan. Ez dezagun gal hezkuntza sistemaren auto-erregulazioan urrats esanguratsuak egiteko aukera hau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa